210. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

211E/2020 EBAZPENA, irailaren 3koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Lodosako udal-mugartean ongarriak fabrikatzeko dagoen instalazioaren ingurumen baimen integratua berrikusten duena. Instalazioaren titularra Timac Agro España SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak urtarrilaren 14ko 31/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 11ko 252E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu eta Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 2ko 234E/2016 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginak, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, 26. artikuluan ezartzen du ezen baimenaren baldintzak berrikusi egin behar direla teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean. Instalazio honetan egiten den jardueraren sektore industrialari dagokionez, aipatu ondorioak Batzordearen maiatzaren 30eko 2016/902 Betearazpen Erabakiaren bidez eman ziren argitara; erabaki horretan, kimikaren sektorean hondar-gasen eta uren tratamendu eta kudeaketa sistema erkideetarako dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren Europako Parlamenturen eta Kontseiluak industria isuriei buruz emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, 2019ko apirilaren 15ean eskatu zitzaion TIMAC Agro España SAri aurkez zezala ingurumen baimen integratua berrikusteko prozedura tramitatzeko beharrezkoa zen dokumentazio teknikoa, horrela, instalazioa Batzordearen 2016/902 Betearazpen Erabakian, maiatzaren 30ekoan, eskatzen diren baldintzetara egokitzeko. Titularrak 2019ko azaroaren 22an aurkeztu zuen dokumentazioa.

Titularrak aurreikusitako egokitzapen-neurrietan dago jasorik Hypred SA enpresak jarduna bertan behera utzi ondoren libre geratu diren espazioak erabiltzea, eta horiek bideratzea ongarri likidoak eta ongarri hidrodisolbagarriak fabrikatzeko lerroak hobetzera. Zehazki, ongarri likidoa ekoiztean sorturiko gasen arazketa bereiziko da, eta horrela isuri-foku berria sortuko da, bakarrik lerro horretarako izanen dena. Ongarri hidrodisolbagarrien prozesuan sorturiko isuri atmosferikoen kanalizazioari eutsiko zaio, baina orain modu esklusiboan, 11 zenbakiko fokuaren bitartez.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legea garatzen duen Industria isurien Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori urriaren 16ko 815/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Berrikustea Lodosako udal-mugartean, TIMAC Agro SAren titulartasunpean, ongarriak fabrikatzeko dagoen instalazioaren ingurumen baimen integratua, instalazioa Batzordearen maiatzaren 30eko 2016/902 Betearazpen Erabakiak eskatutakora egokitzeko proiektua gauzatzeko. Izan ere, erabaki horren bidez kimikaren sektorean hondar-gasen eta uren tratamendu eta kudeaketa sistema erkideetarako dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta aurretik tramitatutako espediente administratiboetan bildutako dokumentazio teknikoan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintzak.

Bigarrena.–Titularrak 2020ko urriaren 31 baino lehen gauzatu beharko du instalazioa egokitzeko proiektua, halako moduz non gasak iragazi eta arazteko sistema esklusiboa jarri beharko baitu ongarri likidoen ekoizpen-lerroan, ongarri hidrodisolbagarrien lerroko gas-garbiketako sistematik bereizita, azken hori 11 zenbakiko fokutik isurtzen jarraituko baita.

Hirugarrena.–Titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik hasiko dira aplikatzen ebazpen honetan ezarritako baldintzak, eta, zeinahi kasutan, egokitzapena abian jartzen den unetik. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau TIMAC Agro España SAri eta Lodosako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko irailaren 3an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua), eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2010222