210. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

150/2020 FORU AGINDUA, abuztuaren 31koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren urriaren 20ko 98/2015 Foru Agindua, erregulatzen dituena laguntza batzuk emateko arauak, hots, Nafarroako azienda hazleen elkarteei sostengua emanez abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzekoak.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren urriaren 20ko 98/2015 Foru Aginduaren bidez, arau batzuk onetsi ziren Nafarroako azienda hazleen elkarteei sostengu emanez abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko laguntzak emateko, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020ko Programaren esparruan.

Europako Batzordearen 2015eko azaroaren 18ko azken 8143 C(2015) Betearazpen Erabakiaren bitartez, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programa onetsi zen.

Foru agindu horren 14. artikuluak, dirulaguntzaren bateragarritasunari buruzkoak, hau xedatzen du: “foru agindu honetan ezarritako laguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek ekintza beretarako emandako beste laguntza batzuekin. Dena dela, emandako laguntzen zenbateko osoa eta jardueraren berezko baliabideak baturik ezin izanen da gainditu jardueraren kostua. Hortaz, laguntza gehiago jasoz gero, foru agindu honen bidez araututako dirulaguntza murriztuko da, muga horretara iritsi arte”.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduak xedapen komunak ezarri zituen Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, bai eta xedapen orokorrak ere Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, Kontseiluaren 1083/2006 (EB) Erregelamendua indarrik gabe utzita. 65.8 artikuluan xedatzen duenez, “Europako egitura- eta inbertsio-funtsen kargura kofinantzatu beharreko eragiketaren gastu diruz lagungarriei kenduko zaizkie eragiketa onestean kontuan hartu gabeko diru-sarrera garbiak, bakarrik eragiketa betetzean zuzenean sortu direnak; kenketa hori onuradunak aurkezten duen behin betiko ordainketa eskaeran eginen da beranduenez. Kostu guztiak ezin badira kofinantzaketan sartu, diru-sarrera garbiak hainbanatuta esleituko zaizkie zati diruz lagungarriei eta ez lagungarriei”.

Erregelamendu horren 65. artikuluko 8. apartatuko i) letran xedatzen denez, apartatu hori ez zaie aplikatuko, ordea, kostu diruz lagungarri osoa 50.000 eurotik beherakoa duten eragiketei. Europar Batasunaren erregelamendu horren irismen orokorra eta zuzeneko eraginkortasuna ukatu gabe, neurriaren kudeaketa egokia lortzeko asmoz, foru arauaren 14. artikulua aldatu beharra dago dirulaguntzaren bateragarritasunari dagokionez.

Nafarroako 2014-2020 LGParen kudeaketa agintaritzak txostena eman du, proposatutako foru aginduaren aldekoa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio foru agindu honi.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren urriaren 20ko 98/2015 Foru Agindua, erregulatzen dituena laguntza batzuk emateko arauak, hots, Nafarroako azienda hazleen elkarteei sostengua emanez abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzekoak.

1. Aldatzen da urriaren 20ko 98/2015 Foru Aginduaren 14. artikulua, dirulaguntzaren bateragarritasunari buruzkoa, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

“Foru agindu honetan ezarritako laguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek ekintza beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

Emandako laguntzen zenbateko osoa eta jardueraren berezko baliabideak baturik ezin izanen da gainditu jardueraren kostua. Hortaz, laguntza gehiago jasoz gero, foru agindu honen bidez araututako dirulaguntza murriztuko da, muga horretara iritsi arte. Edonola ere, apartatu hori ez zaie aplikatuko kostu diruz lagungarri osoa 50.000 eurotik beherakoa duten eragiketei”.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 31n.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2010125