208. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko irailaren 2an hartua, “NA-2131 errepidean eskola ibilbidea eraikitzea, Erronkarin” izeneko proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.

Lurralde Kohesiorako kontseilariaren uztailaren 29ko 43/2020 Foru Aginduaren bidez (2020ko 177. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 11koa), “NA-2131 errepidean eskola ibilbidea eraikitzea, Erronkarin” izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak desjabetzeko prozedura hasi zen, eta proiektua jendaurrean jarri zen.

Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak adierazi du proiektu horretan zehazten direla NA-2131 errepidean eskola ibilbidea ezartzeko beharrezkoak diren obrak, ikasleak segurtasunez joan daitezen herrigunetik ikastetxe berriraino. Hortaz, gomendagarria da obrak lehenbailehen hastea, eta, beraz, behar diren lurrak eskuratzeko tramiteak azkartzearren, beharrezkoa da presako deklaratzea ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa; hori guztia Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren babesean.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presako deklaratzea, nahitaez desjabetzeko, “NA-2131 errepidean eskola ibilbidea eraikitzea, Erronkarin” izeneko proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.

2. Ukitutako ondasun eta eskubide horiek eskuratzeko, 3.724 euroko gastua kalkulatu da, zeina 2020ko gastu-aurrekontuko “Lurrak desjabetzea azpiegituretarako” izeneko 220001 22350 6001 453200 partidaren kargura ordainduko baita.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak. Aditzera ematen da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Erabaki hau igortzea Azterlan eta Proiektuen Zerbitzura, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta departamentu horretako Kontu-hartzailetza delegatura.

Iruñean, 2020ko irailaren 2an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2010107