204. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ELTZABURU

Kontzejuaren eraikin eta lokalen erabilera arautu eta kontzeptu horren ondoriozko prezio publikoak ezartzen dituen ordenantzaren behin betiko onespena

Eltzaburuko Kontzejuko Batzarrak, 2017ko irailaren 19an egin bilkura berezian, erabaki zuen hasiera batean onestea Kontzejuaren eraikin eta lokalen erabilera arautu eta kontzeptu horri dagozkion prezio publikoak ezartzen dituen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2017ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 7an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, Kontzejuaren eraikin eta lokalen erabilera arautu eta kontzeptu horren ondoriozko prezio publikoak ezartzen dituen ordenantza behin betiko onetsi eta argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

ERAIKIN ETA LOKALEN ERABILERA ARAUTU ETA KONTZEPTU HORREN ONDORIOZKO PREZIO PUBLIKOAK EZARTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Eraikin eta lokalen erabilera arautu eta kontzeptu horren ondoriozko prezio publikoak ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. artikulua. Oinarria.–Ordenantza hau Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 262. artikuluan xedatutakoaren babesean onetsi da, baita Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ere. Prezio publikoa, berriz, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean.

3. artikulua. Ordenantza honen esparrua.–Ordenantza honetako arauak aplikagarriak izanen dira Kontzejuaren eraikin, lokal eta instalazio guztietan eta Kontzejuaren zerbitzu eta ondasun higigarri batzuetan, partikularrek horiek erabiltzen ahal badituzte eta arautzeko ordenantza berariazkorik ez badute.

LEHEN KAPITULUA

Kontzejuaren eraikinak, lokalak, instalazioak eta gainerako ondasunak erabiltzeko arauak

4. artikulua. Aipatutako erabilera hori egiteko interesa dutenek Kontzejuaren baimena eskuratu beharko dute aldez aurretik.

5. artikulua. Eskatutako kontzesioak lortzen dituztenek horien izaera eta xedea kontuan hartuz erabili beharko dituzte, inolako kalterik ez sortzeko, zertarako eskatu zen, helburu horrekin egindako erabilera ohikoa, egokia eta arrazoizkoa dela eta gerta daitekeen higadura izan badaiteke ere.

6. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusitako Kontzejuaren eraikin, lokal, instalazio eta ondasunak, eta zerbitzu bereziak, ezin izanen dira inoiz erabili baimendutako helburuaz bestelako helburuetarako.

7. artikulua. Kontzejuaren eraikin, lokal eta instalazioen erabiltzaileek haien garbitasuna eta antolamendua zainduko dituzte, eta egun bateko erabilaldiaren ondotik garbitu eta altzariak eta barneko elementuak ordenatuko dituzte, beste eskatzaile batzuek berehala erabiltzeko moduan utziz.

8. artikulua. Eraikina edo lokala erabiltzeko giltza behar denean, erabilera eskatu duenak izanen du giltza bueltatzeko ardura. Ez du horren kopiarik eginen, horretarako Alkatetzaren baimena jaso ezean; kopiak ateraz gero, eraikin eta lokalen erabilaldia bukatutakoan denak itzuliko zaizkio Kontzejuari.

9. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren Kontzejuaren eraikinak, lokalak, instalazioak edo zerbitzu bereziak erabili nahi dituzten pertsonek edo entitateek idatziz eskatu beharko diote Eltzaburuko Kontzejuari, beren identifikazio datuak, beharrak, erabileraren denbora, okupatzaileen kopurua eta erabileraren helburua adieraziz.

Eltzaburuko Kontzejuak eskatutakoaz ebazteko egoki irizten dion dokumentazio edo informazio osagarri guztia eskatzen ahalko du.

Eskatzaileak bat baino gehiago badira, erabilera dela eta izaten diren harremanetan, horrexetarako izendatzen den lagunarekin arituko da Kontzejua, edo, halakorik egon ezean, eskatzaileetan lehenbizikoarekin.

10. artikulua. Kontzejuko Batzarrak edo, hala badagokio, Alkatetzak kasu bakoitzean egokitzat jotzen duenaren arabera ebatziko du, kontuan izanik eraikinaren, instalazioaren edo zerbitzu bereziaren erabilgarritasuna, eskaeraren ezaugarriak, pertsona kopurua, helburua eta iraupena.

11. artikulua. Kontzejuak edo, hala badagokio, Alkatetzak fidantza jar dadin eska dezake, legez onartzen diren moduetako edozeinen bidez. Fidantza horrek eraikin, lokal edo ondasunak ongi erabiltzeko betebeharra bermatuko du eta, halaber, haietan kalte-galerarik gertatzen bada, erabiltzaileek ordaindu beharko dituzten kalte-ordainen berme izanen da.

Fidantzaren zenbatekoa izanen da eraikin, lokal, instalazio edo ondasunak eta makineria erabilitako denbora guztiarengatik likidatutako prezio publikoaren erditik osora bitartekoa.

12. artikulua. Erabilera bukatutakoan, erabiltzaileek horren berri emanen diote Kontzejuari, eta horrek bidezkoak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu, erabiltzaileek ordenantza honetan ezarritakoa betetzen duten ikusteko.

Frogatzen bada erabiltzaileek bete dituztela ordenantza honetan ezarritako beharkizunak, ez dela kalte-galerarik izan eta ez dela zehapenik paratu behar, Kontzejuak edo, hala badagokio, Alkatetzak fidantza itzuliko du, horrelakorik eratzea eskatu baldin badu. Kontrakoa gertatuz gero, bidezkoak diren erantzukizunak eskatuko dira eta eragindako kalte-galeretatik eta bidezko diren zehapenetatik etor daitezkeen diru erantzukizunak ordaintzeko izanen da fidantza.

BIGARREN KAPITULUA

Erantzukizunak, arau-hausteak eta zehapenak.

13. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren Kontzejuaren eraikin, lokal eta instalazioen eta zerbitzu berezien erabiltzaileek erantzun beharko dute, maltzurkeria edo utzikeria direla medio bertan eragindako kalte eta galerengatik.

14. artikulua. Okupatzaile edo erabiltzaileak bat baino gehiago badira, denek elkarrekin eta solidarioki ordainduko dituzte bai prezio publikoak, bai higiezinetan, eraikinetan, ondasunetan edo makinerian egiten diren kalte-galeren ordaina, bai ezartzen zaizkien zehapenak.

15. artikulua. Honako hauek joko dira arau-haustetzat:

a) Eraikin, lokal edo instalazioak okupatzea, ekipoak, makineria eta gainerako ondasun higigarriak hartzea, Udalaren baimenik izan gabe.

b) Baimena izanik okupaturiko lokal eta aretoen eguneko garbiketa ez egitea ordenantza honetan agindutako eran.

c) Eraikinetan, lokaletan kalteak eragitea.

d) Alkatetzaren baimenik gabe, erabilitako eraikin eta lokaletan sartzeko giltzen kopiak egitea.

e) Erabili diren eraikin eta lokaletatik behin betikoz alde egiten denean giltzak berehala ez itzultzea.

f) Ordenantza honetan aipatzen diren lokalak, makineria, ondasunak eta zerbitzu bereziak oker erabiltzeagatik kalteak, galerak edo hondaketa sortzea.

16. artikulua. Aipatu arau-hausteak eginez gero, honako zehapen hauek ezarriko dira:

a) Aurreko artikuluko a), b), d) eta e) ataletakoei, 60 euroko isuna ezarriko zaie.

b) Aurreko c) eta f) ataletakoei, egindako kaltearen edo galeraren zenbatekoaren adinako isuna ezarriko zaie.

17. artikulua. Aurreko artikuluetan xedatutakoaren ondoriozko zehapenak kalte-galerengatik bidezkoak diren kalte-ordainetatik aparte ezarriko dira.

Aurreko artikuluetan aipatutako erantzukizun eta zehapenak betearazpen bidetik izapidetu eta betearaziko dira.

HIRUGARREN KAPITULUA

Eraikinak eta lokalak erabiltzeko prezio publikoa

18. artikulua. Zerga-egitatea: Zerga-egitatea da pertsona fisiko nahiz juridikoek, baita, nortasun juridikoa izan ala ez, erakunde edo entitateek ere, Kontzejuaren lizentzia eskuratu ondotik ordenantza honetan aipatutako eraikinak eta lokalak erabiltzeagatik ordaindu behar den tasa.

19. artikulua. Subjektu pasiboa: Aldez aurretik Eltzaburuko Kontzejuaren edo Alkatetzaren baimena izanik, haren eraikinak, lokalak, instalazioak, makineria, ondasun higigarriak edo zerbitzu bereziak egiazki erabiltzen dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoak, elkarteak, kirol eta aisialdi elkarteak oro har, eta erakundeak, nortasun juridikoa izan ala ez, horra prezio publiko hauen subjektu pasiboak.

20. artikulua. Zerga-oinarria: Kargaren oinarria Kontzejuaren eraikin, lokal edo instalazioetako gelak erabiltzeko ordu kopurua izanen da, Ordenantza honetan aurreikusitako zerbitzu bereziren bat erabiltzeari dagokion kasuan.

21. artikulua. Tarifak: Behean azaltzen dira 2020. urterako tarifak; urtero igo eginen dira Nafarroako aurreko urteko KPIaren arabera.

1. Kontzeju Etxea, beheko solairua.

Arburu Elkarteari alokatuta 2007-08-02tik 2027-08-01era arte.

2. Kontzeju Etxea, 1. eta 2. solairuak:

Irabazi asmorik gabeko jarduerak badira: Kuotarik ez.

Irabazteko asmoa duten jarduerak badira: 4,10 euro/h + BEZa, ekainetik irailera, eta 8,20 euro/h + BEZa, urritik maiatzera.

22. artikulua. Salbuespenak eta hobariak: ordenantza honetan aurreikusitako prezio publikoen gainean lege edo administrazio izaera duten arauetan espresuki onartzen diren salbuespen eta hobariak baizik ez dira onartuko.

23. artikulua. Sortzapena: Prezio publikoen sortzapena gertatuko da Kontzejuaren eraikin eta lokalak erabiltzeko eskaera egiten den unean, eta horiek erabili aurretik eginen da ordainarazpena.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako betekizunak betetzen direnean, eta gehigarri gisa aplikatzekoa izanen da Ordenantza Fiskal Orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 3/95 Foru Legean ezarritakoa.

Eltzaburun, 2020ko abuztuaren 5ean.–Kontzejuko burua, Lourdes Aranguren Barbería.

Iragarkiaren kodea: L2008975