204. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTIKA

Artikako pilotalekuaren tasak eta erabilera arautzen dituen kontzejuaren ordenantza fiskalaren behin betiko onespena

Artikako Kontzejuak, 2020ko ekainaren 10ean egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Artikako pilotalekuaren tasak eta erabilera arautzen dituen kontzejuaren ordenantza fiskala (erabakia 2020ko 139. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 24an).

Maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez aldatutako Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluaren arabera, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Artikan, 2020ko abuztuaren 6an.–Kontzejuko burua, Cristina Recalde Vallejo.

ARTIKAKO PILOTALEKUAREN TASAK ETA ERABILERA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA 2020

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza hau oro har aplikatu beharko da Artikako Kontzejuko pilotalekuko kirol instalazioan.

2. artikulua. Kirol instalazioa zerbitzu publikoa da, batez ere kirol, kultura eta gizarte arloetako helburuak dituena. Horrez gain, bestelako ospakizunak edo jarduerak daudenean ere, Artikako Kontzejuak instalazioen erabilera esklusiborako eskubidea izanen du, komenigarri iruditzen bazaio.

3. artikulua. Ordenantza honen xedea da arau multzo bat eta erabilera tasak ematea, kirol, kultura, gizarte eta aisia jardueren plangintza egiteko helburu izanik, onura hauek lortzearren:

–Instalazioak modu egoki eta antolatuan baliatzea, herritar guztiek haietara sartzeko aukera berak izan ditzaten.

–Jardueren koordinazioa eta horien kontrola.

II. KAPITULUA

Tasen ordainketa

4. artikulua. Pilotalekua erabiltzeko tasak aurretik ordaindu beharko dira, erabiltzaileak instalazioaren erreserba egiten duenean Artikako Kontzejuak horretarako prestatutako modu eta prozeduran, ikastaro edo jardueraren baldintzen arabera kasu bakoitzean ezartzen den moduan eta tokian.

5. artikulua. Pilotalekua erabiltzen dutenek ordaindu beharko dituzte tasa horiek. Hala ere, tasen ordainketak prozedura berezia izan dezake, hitzarmen bidez, honako erabiltzaile hauen kasuan:

a) Kirol eta aisialdi elkarteak.

b) Ikastetxeak.

c) Profesionalak ez diren kirol klubak.

d) Kirol federazioak.

e) Irabazi asmorik gabeko onura publikoko elkarteak.

Hitzarmenak sinatzeko orduan kontuan hartuko diren irizpideak izanen dira:

–Artikako kontzejuan kirol eskolak sustatzea, bultzatzea edo sortzea.

–Instalazioak erabiltzea liga edo txapelketetan, instalazio hori klub horiek etxeko jokalekutzat erabiltzen badute, barne izanik lagunarteko partidak eta astean zehar entrenamenduetarako erabiltzen diren orduak.

–Lotura izatea Artikako Kontzejuarekin eta/edo Berriobeitiko Udalarekin.

–Egoitza soziala Berriobeitiko udalerrian izatea.

–Interes orokorrekotzat jotzen diren bestelakoak.

Jarduera edonolakoa dela ere, Artikako Kontzejuak betiere esku-hartze administratiboa, kontrola eta zainketa eginen ditu, baita agintaritzari dagozkion eginkizun guztiak ere, baldin eta haren eskumenekoak badira.

5.1. 5. artikuluan aipatutako hitzarmena izateko nahitaezkoa izanen da eskatzen den instalazioaren erabilerak bat egitea eskatzailearen estatutuetan jasotako xede sozialarekin; horrez gain, espazioak lagatzeko eskaera aurkeztu beharko da Kontzejuan.

5.2. Berriobeitiko Udalak antolatutako jarduerek edo Kontzejuaren kolaborazioa dutenek (esaterako Zendeako jaiak, hiri kanpalekuak eta abar) ez dute tasarik ordaindu beharko.

Orobat, Berriobeiti Zendeako kontzejuak tasak ordaintzetik salbuetsiak egon daitezke, betiere interes orokorreko jarduerak egiteko, eskaera idatziz eta arrazoiturik egin bada aldez aurretik, eta baldin eta Artikako Kontzejua ados badago.

6. artikulua. Pilotalekua erabiltzeko tasak.

Erroldaturiko pertsonen tasak, orduko: 6 euro.

Erroldaturik ez dauden pertsonen tasak, orduko: 14 euro.

Pilotalekuko argiaren tasa, orduko: 4 euro.

6.1. Erreserba egin ondoren, instalazioa ez bada erabili, horrek ez du tarifaren kopurua itzultzeko eskubiderik eraginen.

III. KAPITULUA

Araudi orokorra

7 artikulua. Instalazioetako ondasun higigarri eta higiezin guztiak errespetatzeko konpromisoa hartzen dute erabiltzaileek. Ondasun horietan egin kalteak egileak berak edo haren ordezkari legalak ordainduko ditu.

Erabiltzaileek erabiliko duten materiala jarri eta kendu egin beharko dute, eta pilotalekuko biltegian gordez gero, ordenatuta utzi beharko da.

IV. KAPITULUA

Instalazioen erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak

8. artikulua. Erabiltzaileek instalazioak erabiltzen ahal dituzte, haien izaera, baimendutako jarduerak eta erabilera arautzen duen ordenantza honetako arauak kontuan izanik. Modalitate hauetan ari daiteke: paleta gomaz, paleta larruz, frontenisa, esku pilota eta pilotalekuetan ohi diren gainerakoak. Nolanahi ere, pilotalekuak beste erabilera batzuk ere baimen ditzake, baldin ez badakar instalazioak kaltetzea edo aldatzea.

9. artikulua. Debeku da eraikinean animaliak sartzea.

10. artikulua. Debeku dute instalazioetara sartzea 18 urte bitarteko adingabeek, non ez diren haien zaintza dutenekin batera sartzen; gainera, zaintzaile horiek lagundu beharko diete beti. Gurasoek edo tutoreek edukiko dute adingabeen jokabidearen eta instalazioaren erabileraren ardura, baita pilotalekuan dauden bitartean egindako arau-hausteena ere.

11. artikulua. Erabiltzaile orok eskubidea du egoki iruditzen zaizkion erreklamazio eta iradokizunak egiteko idatziz, Artikako Kontzejuaren aurrean.

12. artikulua. Erreserbatutako ordu jakin bat edo jarduera zehatz baterako erabiltzeko aurreikusi eta baimendutako epea iraganda, erabiltzaileek pista tenorez utzi beharko dute.

V. KAPITULUA

Instalazioak mantendu eta zaintzea

13. artikulua. Instalazioek segurtasunari, osasungarritasunari eta apaindura publikoari lotutako baldintzak beharko dituzte bete.

14. artikulua. Jardueretan era normalean arituta kalteren bat edo anomaliaren bat egiten bada edo ikusten bada, Artikako Kontzejuari jakinaraziko zaio lehenbailehen, lehen 24 orduetan, gertatutakoren balorazioa egin eta dagokion gisan konpontzeko.

15. artikulua. Artikako Kontzejuak ez du inoiz ere erantzukizunik izanen aldagelen barrenean utzitako gauzen gainean.

16. artikulua. Barruan edo sarrerako ateetan ez da publizitate euskarriak jartzea baimenduko, Artikako Kontzejuaren baimenarekin salbu.

VI. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

17. artikulua. Iruzurtzat hartuko da pilotalekua erabiltzea baimenik gabe, eta 100 euroko isuna jarriko da.

18. artikulua. Inork bere jokaeraz Kontzejuak emandako arauak urratzen baditu edo jarraibideak errespetatzen ez baditu, Artikako Kontzejuak kantxa erabiltzeko baimena ukatzen ahalko dio.

19. artikulua. Instalazioetan kalte egiten dutenak izanen dira horien erantzule. Kalteak ordaindu beharko dituzte eta ukatzen ahalko zaie barnean sartzeko baimena halako epe batez.

Testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero hartuko du indarra eta sortuko ditu erabateko ondorio juridikoak ordenantza honek, eta ondorioz aurrekoa baliorik gabe geldituko da.

Iragarkiaren kodea: L2008929