204. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTAXOA

Bide publikoan terrazak eta mahaitxoak instalatzea arautzen
duen udal ordenantzaren behin betiko onespena

Artaxoako Udalak 2020ko abuztuaren 14an egindako osoko bilkuran erabaki zuen Bide publikoan terrazak eta mahaitxoak instalatzea arautzen duen udal ordenantza behin betiko onestea, aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Argitara ematen da, interesdunak jakinaren gainean egon daitezen.

Artaxoan, 2020ko abuztuaren 14an.–Alkatea, Juan Ramón Elorz Domezain.

BIDE PUBLIKOAN TERRAZAK ETA MAHAITXOAK INSTALATZEA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantzaren xedea da araubide tekniko nahiz juridiko bat finkatzea bide publikoan terrazak eta mahaitxoak instalatzeko, baita haiendako behar diren instalazio osagarriak ere.

2. artikulua. Definizioa.

Aitzineko artikuluan adierazitakoaren ondorioetarako, terraza eta mahaitxotzat hartzen dira jarduera nagusia gauzatzeko Udalaren baimena duen ostalaritzako jarduera baten aldi baterako osagarri gisa erabiltzen diren mahaien, aulkien eta behin-behineko instalazioen multzoa.

3. artikulua. Kokalekuaren baldintzak.

Kokalekua aldeak eskatutakoaren arabera emanen da. Baldintzak kasu zehatz bakoitzean aztertuko dira; nolanahi ere, oinezkoen pasabidea errespetatuko da, indarrean dagoen irisgarritasun araudiarekin bat etorriz.

Salbuespen gisa eta toki aldaketa justifikatu ondoren, betiere udal zerbitzuek erabakita, beste toki batean jarri ahalko da, kokapenaren baldintzak egokiak ez direla egiaztatzean.

4. artikulua. Aldez aurretik lizentzia eskuratu beharra.

Eremu publikoaren gaineko instalazioek erabilera komun bereziaren kategoria juridikoa dute, eta baliatu ahal izateko Udalaren lizentzia lortu behar da lehenik. Eskuratzeko, ordenantza honetan aurreikusitakoa beharko da bete.

5. artikulua. Lizentzia aitzinetik eskuratu beharrik ez.

Instalazioek ez dute ordenantza honetan araututako lizentzia eskuratu beharrik izanen, 3. artikuluan emandako definizioan sartuta egon arren, kasu hauetako batean badaude:

a) Udalaren administrazio kontzesio baten babesean egindako jardueren osagarri direnean, jabari publikoko edo ondareko ondasunetan kokatuta egoteagatik.

b) Herriko jaietako ekitaldiak direla eta, aldi baterako jarduerak direnean, Udalaren organo eskudunak ezarritako egutegiaren eta moduaren barrenean.

6. artikulua. Nolako tokietan kokatzen ahal den instalazioa.

Terraza eta mahaitxoak jabari publikoko ondasunak edo erabilera publikoko ondasun pribatuak diren tokietan jartzeko lizentzia ematen ahal da.

7. artikulua. Lizentzia ukatzeko arrazoiak.

Udalak mahaitxoak, terrazak eta elementu osagarriak ez baimentzeko aukera izanen du baldin eta interes publikoak, ibilbideak, kokapenak, bidearen segurtasunak, herri lanek edo bertzelako inguruabarrek hala eskatzen badute.

8. artikulua. Lizentzia eskatzea.

1. Interesdunak Erregistro Orokorrean beharko du eskaera aurkeztu, alkateari zuzenduta eta artikulu honetan aipatutako dokumentuak erantsita. Honako hauek adieraziko dira:

1.–Eskatzailearen izen-deiturak.

2.–Eskatzailearen datuak: helbidea, telefonoa eta NANa.

3.–Jardueraren izena eta kokalekua.

4.–Jarduerari buruzko datuak (jarduera ekonomikoen gaineko zerga, IFK eta abar).

2. Eskaerarekin batera interesdunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

1.–Jardueran aritzeko Udalaren lizentzia (instalatzeko edo/eta irekitzeko lizentzia) izatearen gaineko frogagiria.

2.–Aldameneko lokalek emandako baimenaren egiaztagiriak, halakorik behar denean.

3.–Kokalekuaren planoa, 1:100 eskalan gutxienez ere, eta instalazioak hartzen duen azalera ongi erakusten duena.

9. artikulua. Ebazpena.

1. Eskabidea ordenantza honetan zehaztu bezala aurkeztu ondotik, eta txosten teknikoa nahiz juridikoa egin ondoren, legez ezarritako epeetan emanen du ebazpena Alkatetzak.

2. Lizentziaren agirian instalazioaren eta elementu osagarrien baldintzak zehaztuko dira, hala nola, okupatu beharreko azalera, mahai eta aulkien kopurua, kontzesioaren indarraldia eta beharrezkotzat jotzen diren gainerako alderdiak Halaber, etxebizitzetan eta lokaletan sartzeko bidea bermatu beharko da.

3. Eskatzaileak ez badu ordaintzen jabari publikoa okupatzeagatik dagokion prezio publikoa edo ordenantza honen arabera ezarritako isunak, lizentzia ukatu egiten ahal da.

10. artikulua. Lizentziaren baldintzak.

1. Lizentziak eman direla ulertuko da beti, jabetza eskubidea salbu eta hirugarrenen kalterik gabe. Onuradunak, bai lokalean bai terraza eta mahaitxoek okupatutako eremu publikoaren zatian jardueran arituz, erantzukizun zibil nahiz penalen bat hartuko balu, ezin izanen luke lizentzia erabili hura gainetik kentzeko edo txikiagotzeko.

2. Udal lizentzia beti izanen da behin-behinekoa eta dagokion udal organoak instalazioa eremu publikotik kentzeko agintzen ahal du trafikoko, urbanizazioko edo interes orokorreko beste edozein inguruabarrek hartara eramanez gero. Baimendutako instalazioen titularraren kontura izanen dira gastuak, kalte-ordainetarako eskubiderik ez duela.

3. Eskatzailea establezimendua irekitzeko lizentziaren titularra izanen da, edo, bestela, ziurtagiria izanen du frogatzeko Udalak baduela jarduera hasi zelako komunikazioaren berri edo, instalazioa zer establezimendutarako eskatzen den, horren lizentziaren eskualdaketaren berri.

4. Lizentzia eskuraturik, titularra harremanetan jarriko da Udaleko zerbitzu teknikoekin, tokian berean gehienez baimendutako azalera muga dezaten.

5. Emandako baimenean egiten den edozein aldaketatarako, eskaera egin beharko da hilabete bat lehenago.

11. artikulua. Indarraldia.

1. Terraza eta mahaitxoetarako kontzesioaren indarraldia lau urtekoa izanen da, salbu eta eskatzaileak berariaz uko egiten badio edo Udalak ezeztatzeko arrazoi sendoak baditu.

2. Kontzesioaren indarraldiaren azken bi hilabeteak baino lehen titularrak baimen berria eskatu beharko du, baimena berritzeko.

12. artikulua. Instalazioaren baldintzak.

1. Oro har, terraza eta mahaitxoetan debekaturik dago honako hau jartzea:

1.–Ur hornidurako, saneamenduko eta/edo elektrizitateko harguneak, baita ateratzeko eta girotzeko edozein instalazio finko ere mahaitxoan.

2.–Salmenta-makinak, salgaia zeinahi delarik, eta edariak edo jakiak prestatzeko instalazio osagarriak.

3.–Musika eta/edo soinu erreproduzigailuak instalatzea, modu finkoan.

4.–Josteta makinak instalatzea.

2. Terrazako eremua berotzeko, berogailuak instalatzen ahalko dira, Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunak homologatuta egon beharko dutenak. Kontsumo apaleko gailuak beharko dute izan, eta kontuan hartuko da ingurumenaren jasangarritasuna ardura handiz zaindu beharra dagoela.

3. Ostalaritzako jarduerak egiteko erabiltzen diren behin-behineko instalazioek, instalazio eramangarriek edo desmuntagarriek udal baimena izan beharko dute aldez aurretik, eta bat eginen dute horretan eta aplikatu beharreko araudian ezarritakoarekin. Paratzea baimentzen duen ebazpenean zehaztuko da instalazio mota horretarako baimenaren indarraldia.

13. artikulua. Prezio publikoa.

Lizentziaren titularrak dagokion prezio publikoa ordainduko dio Udalari, Bide publikoko eta herri lurretako lurzoru, lurgain eta lurpearen aprobetxamendu bereziaren prezio publikoak arautzen dituen ordenantzan ezarritako zenbatekoan eta moduan. Prezio hori 15 eguneko epean ordaindu beharko da, lizentzia eman dela jakinarazten denetik hasita; lizentziaren titularrak ezin izanen du instalazioa gauzatu prezioa ordaindu arte. Borondatez ordaintzeko epea ordainketa egin gabe iraganez gero, baimena iraungi eginen da; hala gertatuz gero, interesdunak beste lizentzia bat eskatu beharko du instalazioa egin nahi badu.

14. artikulua. Ordutegia.

1. Jarduera nagusiak baimendua duen ordutegia gorabehera, mahaitxoak eta terrazak erabiltzeko ordutegia 09:30etik 24:00etara artekoa izanen da. Ostiral, larunbat eta jai bezperetan beste ordubetez luzatzen ahalko da ordutegi hori.

2. Udal organo eskudunak, eskaera egin ondoren, salbuespenez, ordutegi malguagoa baimentzen ahal du, udalerri osorako edo halako eremu jakin baterako baimendu ere, herriko jaietan eta garrantzi bereziko bestelako egunetan.

15. artikulua. Instalazioa kentzea.

1. Aurreko artikuluan ezarritako ordutegia bukatutakoan, instalazioaren titularrak baimenduriko material guztia bilduko du, 20 minutu beranduago ez baita inola ere eremu publikoan egonen.

2. Baimenduriko materiala bildutakoan, lizentziaren titularraren ardura izanen da okupaturiko eremua behar bezain garbi uztea.

16. artikulua. Instalazioaren titularraren betebeharrak.

1. Betebehar orokorrak eta ordenantza honen aplikazioaren ondoriozkoak ukatu gabe, instalazioaren titularra behartuta dago baimendutako okupazioaren xedeko lurzorua, instalazioa bera eta elementu osagarriak egoera ezin hobean izatera, garbiketa, segurtasun eta apaindura aldetik, horretarako behar diren bitartekoak erabilita, hala nola, paperontziak, hautsontziak etab.

2. Debekatuta dago kanpoan barra jartzea, baita bozgorailuak edo musika makinak ere.

3. Gainerako auzoen lasaitasunerako eskubidea errespeta dadin zainduko du instalazioaren titularrak; hortaz, ez du eskandalu, borroka eta/edo zaratarik onartuko instalazioan, batez ere 22:00etatik aurrera.

17. artikulua. Arau-hausteak.

1. Arau hauste arinak hauek izanen dira:

a) Bizilagunak gogaitzea.

b) Terrazak edo mahaitxoak hartzen duen eremua behar bezain garbi ez edukitzea.

c) Terrazak edo mahaitxoak hartzen duen eremua behar bezain garbi ez uztea hura eremu publikotik kendu ondotik.

d) Lizentzian baimendu tokia ez, beste bat okupatzea.

e) Lizentzian zehaztu gabeko mahai-aulki kopurua edo bestelako zerak paratzea.

f) Musika aparatuak edo bozgorailuak paratzea.

g) Ordenantza honetako ordutegia ez betetzea.

h) Lizentziaren bestelako baldintzak edo ordenantza honetan bildutako bestelako aginduak ez betetzea, baita lege araudi aplikagarriari dagokionez ere.

2. Denboraldian bi arau-hauste arin egitea arau-hauste astuntzat joko da.

18. artikulua. Zehapenak.

1. Arau-hauste arinek 50 euroko isuna izanen dute zehapen.

2. Arau-hauste astunen zehapen gisa, 100 euroko isuna ezarri eta lizentzia baliogabetzen ahalko da. Hala eginez gero, instalazioa berehala kendu beharko da.

3. Aurreko atalean aurreikusitako moduan lizentzia baliogabetzen bada, establezimenduak ezin izanen du ordenantza honetan araututako baimenik eskuratu bi urte iragan arte, gehienez ere.

19. artikulua. Udal lizentziarik gabeko instalazioak.

1. Udaleko organo eskudunak, interesdunari entzunaldia eman ondoren, agintzen ahalko du berehala kentzeko ordenantza honen 6. artikuluan aipatzen diren guneetan lizentziarik gabe ezarritako terrazak eta mahaitxoak, erregelamenduzko zehapenak ezartzeko aukera baztertu gabe.

2. Zehapen espedientea izapidetu ondoren, instalazio guztia kentzea gorabehera, establezimendua desgaitzeko zehapena ezartzen ahalko da etorkizunean ordenantza honetan araututako baimenak lortzeko gaitasunik izan ez dezan, gehienez bi urteko eperako.

20. artikulua. Betearazte subsidiarioa.

Instalazioaren erantzuleak kasu egiten ez badio eremu publikoan ezarritako elementuak kentzeko udal aginduari, ordenantza honetan ezarritako kasuetan, Udalak kenduko ditu eta bere biltegietara eramanen. Bertatik ateratzen ahal ditu jabeak, behar diren tasak ordaindu ondoren.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Gaur egungo terrazen lizentziak behin-behinean emanak direla kontuan hartuz, lizentzia horiek baliogabetu eginen dira ordenantza hau argitaratu eta bi hilabetera.

Baliogabetze horretan kontuan hartuko da horren ondorioz gaur egungo kontzesiodunen alde sor daitekeen erregulazio ekonomikoa.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

TARIFEN ERANSKINA

I.1.–Mahaiak, aulkiak eta mahaitxoak: 20 euro/m² urtean.

Iragarkiaren kodea: L2009309