204. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

59E/2020 FORU AGINDUA, uztailaren 16koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana; honen bidez onetsi da “Unibertsitate titulazioa duten pertsonek Nafarroako Gobernuak Bruselan duen bulegoan 2020. eta 2021. urteetan prestakuntza praktikoa jasotzeko beka”. DDBN identifikazioa: 517761.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezarri zuen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 30eko 53/2020 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen prestakuntza beken zuzkidura ekonomikoa eguneratu da; hala, ezarri da kopurua ezinen dela izan 9.000 eurotik beherakoa ezta 18.000 eurotik gorakoa urtean.

Deialdi honen helburua beka bat ematea da, gazteen prestakuntza sustatzeko kanpo ekintzaren eremuan; urteko kopuru gordina 17.400 eurokoa izanen da, 1.450 euroko 12 ordainketetan banatuta.

Deialdia onestea Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari dagokio; helburutzat du Nafarroako Gobernuak Bruselan duen bulegoan Europa esparruko ezagutzak eta izaera praktikoko ezagutza hobetzea, Europar Batasuneko ekintzen, politiken eta erakundeen funtzionamenduaren ezagutza hobetzea, Bruselako bulegoko ohiko jardunean parte hartu eta betebehar teknikoetan kolaboratzea: informazioa bilatu eta materiala eta dokumentazioa prestatzea, Europar Batasuneko erakundeetako eta organoetako bilera edo biltzarretan bertaratzea eta txostenak, buletinak eta bestelakoak egiten kolaboratzea, eta Nafarroa Europar Batasunekoa izateak eragiten duen ezagutza praktiko zabala finkatzea.

Azaldutakoarekin bat etorriz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 31ko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Unibertsitate titulazioa duten pertsonek Nafarroako Gobernuak Bruselan duen bulegoan 2020. eta 2021. urteetan prestakuntza praktikoa jasotzeko bekaren deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B50000-B5110-4809-145100: EB aurrean Nafarroako Gobernuaren Bulegoa (Brusela) beka

2020

4.350,00

B50000-B5110-4809-145100: EB aurrean Nafarroako Gobernuaren Bulegoa (Brusela) beka

2021

17.400,00

4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera igortzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzenduta; horretarako, hilabeteko epea izanen da, argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Iruñean, 2020ko uztailaren 16an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Unibertsitate titulazioa duten pertsonek Nafarroako Gobernuak Bruselan duen bulegoan 2020. eta 2021. urteetan prestakuntza praktikoa jasotzeko beka emateko deialdia arautzen duten oinarriak

1. Helburuak.

–Gazteen prestakuntza sustatzea Kanpo Ekintzaren eremuan.

–Europa esparruko ezagutzak eta izaera praktikoko ezagutza hobetzea Nafarroako Gobernuak Bruselan duen bulegoan.

–Europar Batasuneko ekintzen, politiken eta erakundeen funtzionamenduaren ezagutza hobetzea

–Bruselako bulegoko ohiko jardunean parte hartu eta betebehar teknikoetan kolaboratzea: informazioa bilatu eta materiala eta dokumentazioa prestatzea, Europar Batasuneko erakundeetako eta organoetako bilera edo biltzarretan bertaratzea eta txostenak, buletinak eta bestelakoak egiten kolaboratzea, etab.

–Nafarroa Europar Batasunekoa izateak eragiten duenaren gainean ezagutza praktiko zabala finkatzea.

2. Zuzkidura.

Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiak konpromisoa hartzen du beka jasotzen duen pertsonari urteko 17.400 euro gordin emateko bekak irauten duen bitartean (1.450 euro gordin hilean).

Kopuru horiei kasuan kasuko atxikipenak egin beharko zaizkie, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokionez.

3. Onuradun izateko betekizunak:

–Adin nagusikoa izatea.

–Titulazio akademikoa izatea (unibertsitate gradua edo lizentziatura), edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea. Atzerrian emandako titulazioen kasuan, Hezkuntza alorrean eskuduna den ministerioaren homologazioa aurkeztu behar da.

–Eskatutako titulua deialdi honen aurreko hiru urtean eskuratu izana.

–B2 mailako ingeles edo frantses ezagutza egiaztatzea, titulu ofizial batekin, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (HEEEB).

–Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko kide den beste edozein estatutakoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

–30 urtetik beherakoa izatea.

–Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

–Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

–Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

4. Osasun laguntza.

Bekadunak aseguru bat sinatu beharko du, bere kontura, eta gutxienez barne hartu beharko ditu osasun laguntzako, istripuen eta aberriratzeko estaldurak, baita erantzukizun zibilarena ere.

5. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

6. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

–Indarreko pasaporte edo NANaren fotokopia.

–Beka jasotzeko hautaketa prozeduran parte hartzeko eskaera inprimakia (II. Eranskina).

–Curriculuma, EUROPASS formatuan.

–Graduaren edo lizentziaturaren egiaztagiria (jatorrizkoa eta kopia edo kopia konpultsatua).

–Titulazioari dagokion espediente akademikoa.

–Azaldutako betekizun eta merezimenduak egiaztatuko dituzten ziurtagiri edo tituluen egiaztagiria (jatorrizkoak eta kopia edo kopia konpultsatuak).

7. Dokumentazioa aurkezteko epea eta modua.

Eskaerak (Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Kanpo Ekintzaren Zuzendaritza Nagusira zuzenduta) Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren izapideen katalogoko fitxa erabiliz aurkeztuko dira, ahal dela:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/8572/Beca-para-la-formacion-practica-de-personas-con-titulacion-universitaria-en-la-oficina-del-Gobierno-de-Navarra-en-Bruselas-para-los-anos-2020-y-2021

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Tramitatzeko, ziurtagiri digitala, NANa+PINa, edo cl@ve baliatu daiteke.

Hala egiterik ez badago, eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietatik edozeinetan aurkezten ahalko dira.

Aurkeztutako merezimendu edo betekizunak ez dira kontuan hartu edo ebaluatuko eskaerak aurkezteko epea bukatzean hautagaiek ez badituzte, ezta modu argi eta egokian agiri bidez egiaztatu ez direnak ere. Eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren ez da merezimenduei buruzko inolako agiririk onartuko.

Epearen barrenean aurkeztutako eskaerak aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio gehienez hamar egun naturaleko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, eta hori jakinaraziko zaiola.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

8. Merezimenduak: balorazio irizpideak

Hautagaitzak aztertu eginen dira betiere hautagaien betekizun guztiak bete eta egiaztatu badira eta merezimenduak puntuazio hauen arabera hartuko dira kontuan:

–Bigarren lizentziatura edo graduko ikasketa, 2,0.

–Nazioarteko harremanei edo Europako gaiei buruzko doktoretza 2,5.

–Nazioarteko harremanei edo Europako gaiei buruzko masterra (gutxienez 60 ETCS kreditu) 2,0

–Nazioarteko harremanei edo Europako gaiei graduondokoa 1,5.

–Ingelesa C1 maila (HEEEB) edo maila handiagoa 2,0.

–Frantsesa C1 maila (HEEEB) edo maila handiagoa 2,0.

–Alemana C1 maila (HEEEB) edo maila handiagoa 1,5.

–Betekizun gisa eskatutako ez beste hizkuntza batzuetako B2 maila (HEEEB) 1,0

–Beste hizkuntza batzuetako B1 maila (HEEEB) 0,5.

Espediente akademikoan batezbesteko onena duen hautagaiari 2 puntu emanen zaizkio, eta gainerakoei proportzio zuzenez dagokien puntuazioa emanen zaie.

9. Hautagaiak aukeratzeko prozesua.

Balorazio Batzordeak eskaerak aztertu eta ebaluatuko ditu oinarri hauetako zortzigarren artikuluan ezarritakoaren arabera, eta emaitzei buruzko txostena emanen du, honako hau azalduz:

a) Eskatutako betekizunak ez betetzeagatik baztertutako eskatzaileen zerrenda, bete ez dituzten betekizunak adieraziz.

b) Gainerako eskaeren zerrenda ordenatua, oinarri arautzaile hauetan jasotako baremazio irizpideen arabera ordenatuta.

Ebaluazio Batzordea honako hauek osatuko dute:

–Kanpo Ekintzako zuzendari nagusiak presidente funtzioak beteko ditu (ordezkoa Europako Ekintzaren, Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuko zuzendaria izanen da).

–Europako Gaiak Koordinatzeko eta Bultzatzeko Ataleko burua (ordezkoa Eskualdeen Arteko eta Mugaz Gaindiko Lankidetzaren Ataleko teknikari bat izanen da).

–Eskualdeen Arteko eta Mugaz Gaindiko Lankidetzaren Ataleko buruak idazkari funtzioak beteko ditu (ordezkoa Europar Erakundeekiko Prozeduretarako Laguntza Teknikoaren Ataleko burua izanen da).

Berdinketak ebaztea: Bekaren hautagaien merezimendu guztien baturan berdinketa suertatuz gero, Europa mailako prestakuntza hartuko da kontuan. Horrela ebazten ez bada, berdinketa hizkuntzen puntuazioaren arabera argitu beharko da. Azkenik, berdinketak jarraitzen badu, epaimahaiak zozketa bidez ebatziko du.

Aurrez aukeratutako hautagaien zerrenda webgunean argitaratuko da eta pertsona horiei posta elektronikoz jakinaraziko zaie.

10. Beken iraupena

Bekak gehienez etenik gabeko 24 hilabeteko iraupena izanen du, bekaduna Nafarroako Gobernuak Bruselan duen bulegoan lanean hasten den unetik zenbatuta. Beka bi zatitan artikulatu da: 2020ko abenduaren 31n bukatuko den lehen zatian ondoren 12 hilabetez luzatzen ahalko den bigarren zatian, 2021eko abenduaren 31ra arte.

11. Baldintzak.

Eskolarik gabeko aldia 22 lanegunekoa izanen da, Kanpo Ekintzaren Zuzendaritza Nagusiak aldez aurretik baimena emanez. Jaiegunak Europako Batzordeak ezarriko ditu Europar Batasuneko erakundeetarako 2020. eta 2021. urteetako jaiegunei buruzko erabakian.

Bekadunak, horrez gain, norberak hartzeko 6 egun jasotzeko eskubidea ere izanen du bekaren 12 hilabeteko iraupenean zehar, Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiaren aldez aurretiko baimenarekin.

Beka jasotzekoak ez du eraginen erakundearekiko administrazio edo lan zerbitzuen prestazio harremanik, eta ez du inolako konpromiso profesionalik sorraraziko beka bukatu ondoren.

Praktika aldian prestakuntza programaren ikasketa errendimendua baxua bada, Kanpo Ekintzako Zuzendari Nagusiak beka kentzen ahalko du.

Beka aldia bukatu aurretik bekari uko eginez gero, pertsona onuradunak 15 egun balioduneko aurrerapenez jakinarazi beharko dio Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiari. Aurrerapenez jakinarazteko egun kopurua errespetatzen ez bada, egun horiek hileko dirulaguntzatik edo egokitzen ahal zaion beste edozein eskubidetik kendu beharko dira.

Bruselako bulegoan bekadunen artean edozein leku huts geratuz gero, ordezkoek hartzen ahalko dute, dagokien ordenan. Kasu horretan, deialdian adierazitako baldintza berberetan integratu beharko dira, harik eta hasieran aurreikusitako prestakuntza aldia bukatu arte.

Pertsona bekadunak ezinen du inolaz ere ez Nafarroako Gobernuaren izen ona arriskuan jarri.

Bekadunak bekaren baldintzak onartzeko dokumentu bat sinatu beharko du; horrela, Nafarroako Gobernuak Bruselan duen bulegoko bekadun izaera formalizatu eginen da.

12. Beka bukatzea

Beka bukatu ondoren, bekaren aprobetxamendu mailari buruzko txostena eman beharko da, egindako lanen garapen eta lortutako emaitzei dagokienez.

13. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan esanbidez ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

II. ERANSKINA

Eskabide inprimakia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2009382