203. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ELTZABURU

Aldaketa, Herri-ondasunen aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Eltzaburuko Kontzejuko Batzarrak, 2020ko otsailaren 22an egin bilkura berezian, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Herri-ondasunen aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan.

Hasierako onespenaren erabakia 2020ko 48. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 10ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza horretako aldaketa behin betiko onesten da; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Eltzaburun, 2020ko abuztuaren 5ean.–Kontzejuko burua, Lourdes Aranguren Barbería.

PROTOKOLOA, 8 URTERAKO ADJUDIKATUTAKO HERRI-LURRAK (LURZATIAK ETA BARATZEAK) LIBRE GERATZEN BADIRA, HORIEK BESTE NORBAITI NOLA ADJUDIKATU ZEHAZTEN DUENA

“Herri-ondasunen aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza”n arautzen da nola erabili behar dituzten herritarrek Eltzaburuko Kontzejuko herri-ondasunak. Ordenantza hori 1998ko 125. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 19an.

Ordenantza horretako 20. artikuluan zehaztuta dago herri-lurrak 8 urtez aprobetxatzen ahalko direla.

Hala, protokolo honen xedea da ezartzea zer prozedurari jarraituko zaion baldin eta adjudikaziodun batek herri-lur bat erabiltzeari utzi nahiko balio 8 urteko epe hori amaitu baino lehen.

Kasu horretan, hauek izanen dira egin beharreko urratsak:

1. Uko egitearen eskabidea aurkeztea, idatziz, Kontzejuari (kontzejuko kideren baten bidez ere egin daiteke). Idazkian sinadura eta data agertu beharko dira.

2. Kontzejuak herritarrei jakinaraziko die lurzati edo baratze bat libre geratu dela. Horretarako, 15 egun izanen ditu, uko egitearen eskabidea jasotzen duenetik hasita. Komunikazioa iragarki-taulan paratuko da, ostatuko fatxadan.

3. Herritarrek 15 egun izanen dituzte eskaerak aurkezteko, ordenantzako 37. artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Ordenantzan ezarritako baldintzak betetzen dituen herritar orok aurkezten ahalko du eskabidea. Hauek dira baldintzok:

“16. artikulua. Oro har, Eltzaburuko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adin nagusikoa izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Ultzamako Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribaturik egotea 3 urteko antzinatasunez.

c) Kontzejuan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.

d) Kontzeju honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

17. artikulua. Familia-unitateko kideak izanen dira etxe berean bizi diren guztiak.”

5. Libre geratu diren lurzatiak adjudikatzeko irizpideak:

a) Lehentasuna izanen dute herri-lurzatirik adjudikatuta ez dutenek eta lurzatiren bati uko egin ez diotenek azken bi urteetan.

Baldintza horiek betetzen dituen herritar bat baino gehiago egongo balitz, zozketa bidez egingo litzateke adjudikazioa.

b) Adjudikatutako lurzatirik ez dutenen eskaerarik egongo ez balitz, eta eskaera guztiak izango balira beste lurzatiren bat adjudikatuta dutenenak:

I.–Ha gutxien adjudikatuta dituenak izango du lehentasuna.

II.–Berdinketa izanez gero, lurzati berrien Ha gehien dituenak izango du lehentasuna.

III.–Berdinketak jarraitzen badu, zozketa bidez egingo da adjudikazioa.

6. Libre geratu diren baratzeak adjudikatzeko irizpideak:

a) Lehentasuna izanen dute baratzerik adjudikatuta ez dutenek. Baldintza horiek betetzen dituen herritar bat baino gehiago egongo balitz, zozketa bidez egingo litzateke adjudikazioa.

b) Aurreko apartatuko eskaerei erantzun eta gero baratzeren bat geratuko balitz libre, beste baratze bat adjudikatzen ahalko litzateke urtebeterako (urtarriletik abendura arte), eta adjudikazioa urtero luzatuko litzateke. Horretarako, dena den, ezin izango da egon baldintzak bete baina baratzerik adjudikatuta ez duen norbaiten eskaerarik.

c) Hala ere, baratzeren bat geratuko balitz libre, Eltzaburukoa ez den norbaiti adjudikatzen ahalko litzaioke urtebeterako (urtarriletik abendura arte), eta adjudikazioa urtero luzatuko litzateke, betiere baldintzak betetzen dituen norbaiten eskaerarik ez balego. Edonola ere, Eltzaburun bizi ez badira ere bertan ondasunak dauzkatenek izango dute lehentasuna.

7. Behin-behineko adjudikazioa.

Kontzejuak, eskabideak aztertu eta gorago adierazitako irizpideak aplikatu eta gero, behin-behinean adjudikatuko ditu libre dauden herri-ondasunak.

Adjudikazioa eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie, eta iragarki-taulan ere paratuko da.

8. Alegazioak.

Eskatzaileek 15 egun izanen dituzte alegazioak aurkezteko.

Idatziz aurkeztu beharko zaizkio Kontzejuari (kontzejuko kideren baten bidez ere egin daiteke). Idazkian sinadura eta data agertu beharko dira.

9. Behin betiko adjudikazioa.

Alegazioak ebatzita, Kontzejuko Batzarrak hartutako erabaki bidez adjudikatuko dira libre dauden herri-ondasunak.

Iragarkiaren kodea: L2008976