203. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

106E/2020 EBAZPENA, abuztuaren 18koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: “Zuntz optikoaren linea kanalizatzeko eta ezartzeko proiektua, Jaurrietako telekomunikazio zentroan”, Jaurrietako udal-mugartean. Sustatzailea Nasertic da.

2020ko apirilaren 16an, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena emateko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartzen direnetakoa da (“Komunikaziorako instalazioak”). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuko jarduketaren xedea da NA-140 errepidean dagoen DF kutxatila Jaurrietako telekomunikazio zentroarekin interkonektatzea, telekomunikazio zentrora doan bidearen trazaduran barna, 450 metroko tartean. Horretarako, 8x40 neurriko mikrozanga bat eginen da, hodi hirukoitzarekin, hormigoiz betea, eta bertan 64 zuntzeko ADSS motako zuntz optikoko kable bat ezarriko da.

Proiektuko lanak ez du ukipen nabarmenik izanen ingurumenean, kanalizazioaren trazadura egun dauden bide eta errepideetako zoruan barna doalako, lur naturalari eragin gabe.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren aldeko txostena dago. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: “Zuntz optikoaren linea kanalizatzeko eta ezartzeko proiektua, Jaurrietako telekomunikazio zentroan”, Jaurrietako udal-mugartean. Sustatzailea NASERTIC da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Kanalizazioa eraikitzearen ondorioz sortzen diren hondakinak edo soberako materialak egoki kudeatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.

–Materialak biltzeko tokiak eta makinen mugimenduak landaredi naturalik ez dagoen eremuetan jarri eta eginen dira.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

Hirigintza arlokoak:

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Trazadurak errepide sarea ukitzen duenez, lanei ekin aurretik sustatzaileak beharrezko baimena eskuratu beharko du Herri Lanen Zuzendaritza Nagusian.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Jaurrietako Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Aezkoa-Kintoko barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 18an.–Ingurumen Eraginaren Ataleko burua, Jesús Fernández Alonso, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria ez baitago, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 16ko 291E/2019 Ebazpenaren arabera.

Iragarkiaren kodea: F2009579