203. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE ARAKIL

Udal ordenantza, Eremu publikoan terrazak eta beladoreak paratzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Uharte Arakilgo Udalak, 2020ko ekainaren 15ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eremu publikoan terrazak eta beladoreak paratzea arautzen duen udal ordenantza.

Ordenantza hori 30 egunean egon zen jendaurrean, iragarkia paratu ondoan 2020ko 139. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 24an, eta Udalaren iragarki-taulan.

Jendaurreko epea inork alegaziorik egin gabe iragan denez, behin betiko onetsirik gelditu da eta osorik emanen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Uharte Arakilen, 2020ko abuztuaren 6an.–Alkatea, Jose Domingo Huarte Baleztena.

UDALAREN ORDENANTZA, TERRAZAK ETA BELADOREAK EREMU PUBLIKOAN PARATZEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Aplikatu beharreko araudia.

Honako hauetan esleitutako ahalmenak baliatuz eman da ordenantza hau: Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 7. atalean, Nafarroako Foru Administrazioaren 6/1990 Foru Legearen 262. artikuluan eta Toki-korporazioen Zerbitzuei buruzko 1955eko Erregelamenduaren 1.etik 17.era bitarteko artikuluetan.

2. artikulua. Xedea.

Ordenantzaren xedea da araubide tekniko nahiz juridiko bat finkatzea eremu publikoan para daitezen terrazak eta mahaitxoak eta batzuen zein besteen instalazio osagarriak (esate baterako, eguzkitakoak, euskarriak, eguzki-oihalak, alboko babesak, argiak eta abar).

3. artikulua. Definizioa.

Aitzineko artikuluan adierazitakoaren ondorioetarako, terraza eta mahaitxotzat hartzen dira jarduera nagusia gauzatzeko Udalaren baimena duen ostalaritzako jarduera baten aldi baterako osagarri gisa erabiltzen diren mahaien, aulkien eta behin-behineko instalazioen multzoa.

4. artikulua. Aldez aurretik lizentzia eskuratu beharra.

Eremu publikoaren gaineko instalazioek erabilera komun bereziaren kategoria juridikoa dute, eta baliatu ahal izateko Udalaren lizentzia lortu behar da lehenik. Eskuratzeko, ordenantza honetan aurreikusitakoa beharko da bete.

5. artikulua. Lizentzia aitzinetik eskuratu beharrik ez.

Instalazioek ez dute ordenantza honetan araututako lizentzia eskuratu beharrik izanen, 3. artikuluan emandako definizioan sartuta egon arren, kasu hauetako batean badaude:

a) Udalaren administrazio kontzesio baten babesean egindako jardueren osagarri direnean, jabari publikoko edo ondareko ondasunetan kokatuta egoteagatik.

b) Herriko jaietako ekitaldiak direla eta, aldi baterako jarduerak direnean, Udalaren organo eskudunak ezarritako egutegiaren eta moduaren barrenean.

6. artikulua. Nolako tokitan kokatzen ahal den instalazioa.

Terraza eta beladoreak jabari publikoko ondasunak edo erabilera publikoko ondasun pribatuak diren tokietan jartzeko lizentzia ematen ahal da.

7. artikulua. Lizentzia ukatzeko arrazoiak.

Udalak mahaitxoak, terrazak eta elementu osagarriak ez baimentzeko aukera izanen du baldin eta interes publikoak, ibilbideak, kokapenak, bidearen segurtasunak, herri lanek edo bertzelako inguruabarrek hala eskatzen badute.

8. artikulua. Instalazioak ibilgailuen zirkulazioa duten kaleetako espaloietan.

Instalazioa ez da jarduera nagusiak hartzen duen establezimenduaren fatxada baino luzeago izanen, non ez duten haren ondokoek baimen idatzia ematen; betiere, ondoko etxebizitza eta lokaletan sartzeko bidea bermatu beharko da.

9. artikulua. Instalazioak oinezkoendako kaleetan.

Ibilgailuen zein oinezkoen joan-etorrietarako beharrak hartuko dira kontuan lizentziak emateko orduan.

10. artikulua. Instalazioak plazetan eta eremu libreetan.

Beladore eta terrazak plaza eta eremu libreetan jartzeko eskaerak kasu bakoitzeko ezaugarrien arabera ebatziko dira:

a) Instalazioak ezin du baldintzatu bere neurriengatik plazaren edo bide publikoaren erabilera. Ezin du plazaren edo eremu publikoaren laurden bat gainditu.

b) Udalak baimendu eta zehaztuko du goian aipatutako instalazioen kokalekua.

c) Etxebizitzetan eta lokaletan sartzeko bidea bermatu beharko da.

11. artikulua. Metroen eta elementuen kopurua.

1.–Gehienez 7 elementu paratzen ahalko dira (mahai edo kupel bat elementutzat hartuko dira), bakoitzak bere aulkiak dituela (mahai batek 4 aulki).

2.–Gehienez 50 m² emanen dira terraza paratu ahal izateko, barnean dagoela 1 m² atearen alde bakoitzean, behar izanez gero.

12. artikulua. Lizentzia eskaera.

1.–Interesdunak Erregistro Orokorrean beharko du eskaera aurkeztu, alkateari zuzenduta eta artikulu honetan aipatutako dokumentuak erantsita. Honako hauek adieraziko dira:

a) Eskatzailearen izen-deiturak.

b) Eskatzailearen datuak: helbidea, telefonoa eta NANa.

c) Jardueraren izena eta kokalekua.

d) Jarduerari buruzko datuak (Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga, IFK, etab.)

Eskabidearekin batean interesdunak dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Jardueran aritzeko Udalaren lizentzia (instalatzeko edo irekitzeko lizentzia) izatearen gaineko frogagiria.

b) Aldameneko lokalek emandako baimenaren egiaztagirak, halakorik behar denean.

c) Kokalekuaren planoa, 1:100 eskalan gutxienez ere, eta muntadurak hartzen duen azalera ongi erakusten duena.

13. artikulua. Ebazpena.

1.–Eskabidea ordenantza honetan zehaztu bezala aurkeztu ondotik, eta txosten teknikoa nahiz juridikoa egin ondoan, Udaleko organo eskudunak legez ezarritako epeetan emanen du ebazpena.

2.–Lizentziaren agirian instalazioaren eta elementu osagarrien baldintzak zehaztuko dira, hala nola, okupatu beharreko azalera, mahai eta aulkien kopurua, kontzesioaren indarraldia eta beharrezkotzat jotzen diren gainerako alderdiak.

3.–Lizentzia ukatzen ahalko zaio eskatzaileak ez badu ordaintzen jabari publikoa okupatzeagatik dagokion prezio publikoa edo ordenantza honen arabera ezarritako isunak.

14. artikulua. Lizentziaren baldintzak.

1.–Lizentziak beti ematen dira jabetza eskubiderik gabe eta hirugarrenik kaltetu gabe, eta ezin da haietara jo onuradunak bere jardueretan aritzean izan dezakeen erantzukizun zibila edo penala baztertu edo apaltzeko.

2.–Udal lizentzia beti izanen da behin-behinekoa eta dagokion udal organoak instalazioa eremu publikotik kentzeko agintzen ahal du trafikoko, urbanizazioko edo interes orokorreko beste edozein inguruabarrek hartara eramanez gero. Baimendutako instalazioen titularraren kontura izanen dira gastuak, kalte-ordainetarako eskubiderik ez duela.

15. artikulua. Prezio publikoa eta fidantza.

Lizentziaren titularrak prezio publikoa ordainduko dio Udalari, hala badagokio, ordenantza fiskalean ezarritako zenbatekoan eta moduan. Prezio hori 15 eguneko epean ordaindu beharko da, lizentzia eman dela jakinarazten denetik hasita; lizentziaren titularrak ezin izanen du instalazioa gauzatu prezioa ordaindu arte. Borondatez ordaintzeko epea ordainketa egin gabe iraganez gero, baimena iraungi eginen da; hala gertatuz gero, interesdunak beste lizentzia bat eskatu beharko du instalazioa egin nahi badu.

16. artikulua. Instalazioaren baldintzak.

Lizentzia eskuraturik, titularra harremanetan jarriko da Udaleko zerbitzu teknikoekin, tokian berean gehienez baimendutako azalera muga dezaten.

17. artikulua. Denboraldia.

1.–Urte osoan paratzen ahal dira terrazak eta beladoreak. Denboraldia bi zatitan bananduko da, bata apirilaren 1etik urriaren 31ra arte, eta bestea azaroaren 1etik martxoaren 31ra arte.

2.–Lizentzia aurreko zenbakian ezarritako denboraldi osorako eman daiteke, edo denboraldiaren aldi baterako.

18. artikulua. Ordutegia.

1.–Jarduera nagusiak baimendua duen ordutegia gorabehera, mahaitxoak eta terrazak erabiltzeko ordutegia 9:30etik 24:00etara artekoa izanen da. Larunbat, igande eta jai bezperetan beste ordubetez luzatzen ahalko da ordutegi hori.

2.–Udal organo eskudunak, salbuespenez, ordutegi malguagoa baimentzen ahal du instalazioa biltzeko, udalerri osorako edo halako eremu jakin baterako baimendu ere, herriko bestetan eta garrantzi bereziko bertzelako egunetan.

19. artikulua. Instalazioa kentzea.

1.–Aurreko artikuluan ezarri ordutegia bukatutakoan, instalazioaren titularrak baimenduriko material guztia bilduko du, 20 minutu beranduago ez baita inola ere eremu publikoan egonen.

2.–Material baimendua bildutakoan, lizentziaren titularraren ardura izanen da eremu okupatua behar bezain garbi uztea.

20. artikulua. Instalazioaren titularraren betebeharrak.

1.–Betebehar orokorrak eta ordenantza honen aplikazioaren ondoriozkoez landa, lizentziaren titularra behartua dago baimentzen den okupazioaren xedeko zorua, instalazioa bera eta bere elementu osagarriak egoera ezin hobean edukitzera, garbitasunaren, segurtasunaren eta apainduraren aldetik, horretarako behar diren bitartekoak erabilita, hala nola, paperontziak, hautsontziak etab.

2.–Debeku da kanpoan barra paratzea, baita salmenta makinak, bozgorailuak edo musika makinak ere.

3.–Instalazioaren titularraren ardura izanen da gainerako bizilagunen lasaitasunerako eskubidea begiratzea; hortaz, ez du eskandalu, borroka eta/edo oro har asotsik onartuko instalazioan, batez ere 23:00etatik aitzinera.

21. artikulua. Arau-hausteak.

1.–Arau-hauste arinak dira:

a) Bizilagunak gogaitzea.

b) Terrazak edo beladoreak hartzen duen eremua behar bezain garbi ez edukitzea.

c) Terrazak edo mahai hankabakarrak hartzen duen eremua behar bezain garbi ez uztea muntadura eremu publikotik kendu ondotik.

d) Lizentzian baimendu tokia ez, bertze bat okupatzea.

e) Lizentzian zehaztu gabeko mahai-aulki kopurua edo bertzelako zerak paratzea.

f) Musika aparatuak edo bozgorailuak paratzea.

g) Ordenantza honetako ordutegia ez betetzea.

h) Lizentziaren bestelako baldintzak edo ordenantza honetan bildutako bestelako aginduak ez betetzea.

2.–Denboraldian bi arau-hauste arin egitea arau-hauste astuntzat joko da.

22. artikulua. Zehapenak.

1.–Arau-hauste arinak 30,05 euro bitarteko isunekin zehatzen ahal dira, arau-haustearen larritasunaren arabera.

2.–Arau-hauste astunen zehapen gisa, lizentzia baliogabetu ahalko da. Hala eginez gero, instalazioa berehala kendu beharko da.

3.–Aurreko atalean aurreikusitako moduan lizentzia baliogabetzen bada, establezimenduak ezin izanen du ordenantza honetan araututako baimenik eskuratu bi urte iragan arte, gehienez ere.

23. artikulua. Udal lizentziarik gabeko instalazioak.

1.–Udaleko organo eskudunak, interesdunari entzunaldia eman ondoren, berehala kentzen ahalko ditu ordenantza honen 6. artikuluan aipatzen diren guneetan lizentziarik gabe ezarritako terrazak eta mahaitxoak eta haiek Udalaren biltegietara eraman, erregelamenduzko zehapenak ezartzeko aukera baztertu gabe.

2.–Zehapen espedientea tramitatu ondoren, instalazio guztia kentzeaz gain, zehapen hauek jar daitezke:

a) Hirigintza Diziplinaren Erregelamenduan aurreikusitako isuna.

b) Establezimendua desgaitzea ordenantza honetan araututako baimenak eskuratzeko, 2 urterako gehienez ere.

24. artikulua. Betearazte subsidiarioa. IT.

Instalazioaren erantzuleak kasu egiten ez badio eremu publikoan ezarritako elementuak kentzeko udal aginduari, ordenantza honetan ezarritako kasuetan, Udalak kenduko ditu, eta bere biltegietara eramanen. Bertatik ateratzen ahal ditu jabeak, behar diren tasak ordaindu ondoren.

LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza honek indarra hartu baino hilabete lehenago aurkezturiko eskaerak ordenantza honetan xedatutakoaren arabera ebatziko dira.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ondorioak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun baliodun iragan ondoren.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.–Lurzoruaren erabilera edo aprobetxamendu bereziak.

I.1.–Mahaiak, aulkiak, mahaitxoak, metro karratu edo zatiki bakoitzeko, urtean:

–Apiriletik urrira: 2,00 euro, baimendutako metro koadro bakoitzeko, gehienez 50 metro koadro arte.

–Azarotik martxora: 1,00 euro, baimendutako metro koadro bakoitzeko, gehienez 50 metro koadro arte.

Urtero berraztertuko dira lizentzia eta tarifa horiek.

Iragarkiaren kodea: L2008881