203. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

104E/2020 EBAZPENA, abuztuaren 4koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: “Orabidean (Baztan), Iriartea errekaren adar batetik ura eramatea etxeko erabilerarako”. Sustatzailea Mikel Alberdi Inza da.

2020ko apirilaren 2an, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena emateko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hodiak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektatutako jarduketaren helburua da Iriartea errekaren adar batetik ura hartzea (UTM koordenatuak: ETRS 89 30N eremua: X 621239, Y 4787520) eta Lastiriko Bordara eramatea, Baztango 31. poligonoko 12. lurzatian.

Ura hartu nahi da etxeko erabilerarako, bakar-bakarrik. Hartu beharreko emaria 0,007 litrokoa izanen da segundoko, eta, horretarako, mortero hidrofugozko kutxatila bat eginen da (60x60x60 cm), oinarri iragazgaitza izanen duena. Aurrealdean, 1”-ko polietilenozko irteera bat izanen du, eta 12,5 cm-ko gainezkabidea, eta goialdean, burdinurtuzko estalki bat, 40x40 cm-koa.

Ura dentsitate handiko polietilenozko hodien bidez eramanen da (32 x 10 ATM PE-40), lurpetik. Trazaduraren 50 metro bide batetik joanen dira, eta 857 metro bidearen ondotik, bordaren barruan dagoen 2000 litroko biltegiraino.

Espedientean jaso dira Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren txostena, Baztango Udalarena, Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoarena eta Herri-lurren Atalarena. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: “Orabidean (Baztan), Iriartea errekaren adar batetik ura eramatea etxeko erabilerarako”, Baztango udal mugartean. Sustatzailea Mikel Alberdi Inza da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.

–Ura hartzeko lanak eta kanalizazioa egitean sortzen diren material soberakinak edo hondakinak modu egokian kudeatu behar dira, bakoitzaren izaeraren arabera, indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz.

–Sustatzaileak kendu beharko ditu ura hartzeko lehengo instalaziotik abandonatuak dauden elementuak, eta behar den bezala kudeatu.

–Obrak hasi baino 48 ordu lehenago, Bidaso aldeko Ingurumena Zaintzeko Taldeari abisatu beharko zaio (tel: 608 245812, email: gmabidasoa@navarra.es), lan-kalearen zuinketa eta sarbideak baliozkotzeko, era horretan berezko landarediari ahalik eta ukipen txikiena eragiteko.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

Hirigintza arlokoak:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioko edo azpiegiturako elementu irtenek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk sarera konektatzea edo handik lotura-hodirik ateratzea.

–Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Herri-lurren Atalak 2020ko ekainaren 16an emandako txostenean ezarritakoa beteko da: Urak hartzeko kutxatila eta hoditeriaren zati bat herri-lurretan izanen direnez eta horrek herri-lur horien erabilera pribatiboa ekartzen duenez, Baztango Batzar Nagusiak okupazio espediente bat tramitatu beharko du, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 215. artikuluan ezartzen denaren arabera (foru dekretu horrek Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onetsi zuen). Espedienteak jendaurreko informazioaren tramitea behar du, gutxienez 15 egunez, eta Foru Komunitateko Administrazioak onartzea. Herri-lur bat okupatzeko espediente bat tramitatzeko behar den dokumentazioa honako esteka honetan dago jasota: http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/16758/Ocupacion-de-bienescomunales

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 500 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Baztango Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Bidasoko barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 4an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2009608