201. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARBIZU

Ordenantza, Herritarren parte-hartzea arautzen duena.
Behin betiko onespena

Arbizuko Udalak, 2020ko maiatzaren 28ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Herritarren parte-hartzea arautzen duen udal ordenantza.

Ordenantza hori 2020ko 125. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 10ean, baita Udalaren ediktu oholean argitaratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurreko epean ez da erreklamaziorik aurkeztu eta, beraz, aipatu osoko bilkuraren akordioaren 8b. puntuari jarraikiz, hasierako onespen erabakia behin betikoa izatera iragan da eta ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori, behin betiko testuarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da.

Arbizun, 2020ko abuztuaren 5ean.–Alkatea, Francisco Javier Razquin Flores.

ORDENANTZA, HERRITARREN PARTE-HARTZEA
ARAUTZEN DUENA

Aspalditik izan dugu Arbizuko herritarrok herriari dagozkion erabaki potoloak hartzeko tresna: Batzarra.

Egia da, tresna hau aspaldian, bere horretan behintzat, ez dela erabili. Tresna hori erabiltzen hasi zenetik, aldaketa asko eman dira bizitzeko eran, biztanle kopuruan, ohituretan, komunitatea ulertzeko eran,...

Tresna hau egokitzea dagokigula deritzogu, betetzen zuen funtzioa mantenduz, hau da, herritarrok herriari dagozkion gai esanguratsuen inguruan erabakitzeko ahalmena izatea eta beharrezkoa dugun informazioa jasotzeko baliabideak ematea. Horretarako aurkezten eta onartzen dugu araudi hau. Gure eskubide eta betebeharrak, baldintzak eta bermeak bilduko dituen araudia.

Arauek ez dute berez parte hartzea eragiten baina uste sendoa dugu arautegiak parte hartze hori bideratzen eta errazten lagun dezakeela. Arautegi honetatik kanpo, Arbizuko herritar eta eragileen esku dago parte hartzea benetakoa eta eraginkorra izatea.

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea eta ezarpen eremua.

Arautegi honen xedea, Udalbatzaren borondatearen adierazpen den aldetik, herritarrek parte har dezatela sustatzea eta hori garatzea da, bertako demokraziaren gardentasuna eta kalitatea bermatuz.

Arautegi honen ezarpen eremua Arbizuko udalerria da, herritarrak, auzokideak, erakundeak, elkarteak eta taldeak, gizarte, politika eta ekonomia eragileak barne.

2. artikulua. Arautegiaren xedeak.

Arautegi hau aplikatuz, ondorengo helburuak lortu nahi dira:

–Herritarren partaidetza ahalbidetuko duten bide eta organismo desberdinak zein diren zehaztu eta arautzea.

–Herritarrek, banaka nahiz taldeka, herritarren interes orokorrak kudeatzen eta babesten parte har dezatela ahalbidetzea, aukera berdinekin emakumeen parte hartzea ahalbidetzen duten neurri zehatzak ezarriz.

–Kudeaketan gardentasuna sustatzea, informazio argia eta benetakoan oinarrituz, kontsulta- sistema eraginkorrak bultzatuz, eta herritarrekin elkartzeko eta eztabaidatzeko guneak sortuz, horiek udal bizitzaren kudeaketan parte har dezatela ahalbidetzeko.

–Pedagogia politikoa abiapuntutzat harturik, Udalaren egituran eta, oro har baita herritarren artean ere, parte hartzeko kultura sustatzea.

–Elkartasunaren, gainerakoekiko errespetuaren, erantzukizun partekatuaren eta gizarte.

kohesioaren gizarte balioak zabaltzea.

–Administrazio prozedurak, udal izapideak, herritarrei eskainitako arreta eta Udalaren antolamendua bera hobetzea, aurreko hori egin ahal izateko.

3. artikulua. Arbizuko herritarrak.

–Biztanleen udal erroldan inskribatuta dagoen pertsona oro da Arbizuko herritarra.

–Horrez gain, araudi honen ondorioetarako, bertan araututako zenbait eskubide eta betebehar 16 urte baino gehiago dutenei zabalduko zaizkie.

4. artikulua. Parte hartzeko eskubidea.

–Pertsona orok du tokiko gai publikoen kudeaketan parte hartzeko eskubidea, dela zuzenean edo dela herritarren elkarte baten bitartez.

–Araudi honen arabera, parte hartzeko eskubideak, udal honen gai edo jardueren inguruko interes legitimoa duen pertsona orok balia dezake.

–Herri kontsultarako eskubidea soilik Arbizuko hautesle erroldan inskribatuta dauden eta botoa emateko eskubidea ukatua ez duten pertsonek erabili ahal izango dute. 16 urtetik gorako herritarrek ere edukiko dute eskubide hau.

5. artikulua. Informazioa jasotzeko eskubidea.

–Pertsona orok, dela pertsona fisikoa dela juridikoa, indibidualki edo kolektiboki, eskubidea du udal jarduera eta zerbitzuen informazioa zabal eta objetiboa jasotzeko, indarrean dagoen legerian araututakoaren arabera udal artxibo publikoetarako sarbidea izateko eta Udalak ezarritako informazio orokorreko bitarteko guztiak erabiltzeko.

–Interes publikoko gaiak direnean edo Udalak antolaturiko bilerak direnean, etxe guztietara buzoneatuko da deialdia. Honetaz gain, bandoa aterako da ohiko tokietan zintzilikatuz.

–Herritarrei ahalik eta informazioa gehien emateko, Udalak hartutako garrantzizko erabakien laburpena Udalaren webgunean ere argitaratuko du.

–Arbizuko Udalak helbide elektronikoen zerrenda bat sortuko du, hala eskatzen duten herritarrei atal honetan adierazitako informazioa igortzeko. Herritarrek posta elektronikoen zerrenda horretan egoteko eskaera egiteko eskubidea izango dute. Posta elektronikoen zerrenda horren erabilera datu pertsonalen babeserako legea betez egingo da.

–Beste edozein informazio idatziz eskatu beharko da. Eskaeran, eskatzailearen datuak (izena, abizenak, nortasun agiri edo pasaportearen zenbakia, jakinarazpenetarako helbidea eta modua), bere izenean edo norbaiten ordezkaritzan egiten duen eta zer nolako informazioa kontsultatu nahi duen adieraziko ditu.

Dokumentu idatzi, grafiko edo euskarri informatikoetan bildutako informazioa bada, kopia eskatu ahal izango da. Halaber, pertsona fisiko edo juridiko orok du udal organo erabakitzaileek hartutako erabaki guztien ziurtagiriak lortzeko eskubidea. Eskaturiko dokumentazioa, 30 eguneko epean helaraziko zaio eskatzaileari. Hala ere, epe hori atzeratzeko arrazoiak baleude, entzuteko epea 15 egun gehiagoz luzatu ahal izango da.

–Informazioa jasotzeko eskubidea erabiltzeak ez du eragotziko izaera pertsonaleko datuei buruzko legeria betetzea eta pertsonen intimitatea errespetatzea.

–Herritarrek eskubidea dute Arbizuko Udalaren Osoko Bilkuretara joateko. Bilera horien gai zerrenda, udalaren webgunean egonen da eta posta elektronikoz ere igorriko zaie hala eskatu duten pertsona edo Udal erregistroan inskribatutako taldeei.

6. artikulua. Entzuna izateko eskubidea.

–Herritarrek eskubidea dute alkateak edo Alkatetzaren eskuordetzea duen zinegotziak har ditzan, hitzordua eskatzeko prestatutako prozeduran ezarritako ordutegian, eskaera egiten denetik 30 eguneko gehieneko epean; bidezko arrazoiren bat bada tarteko, 15 egunez luzatu ahal izango da epea. Lehentasuna izango dute interes legitimo eta zuzena duten prozeduren edo udal jardueren izapidetze prozesurako entzunaldia eskatzen dutenek.

–Udalerriko biztanleek edonori zabaldutako bilera publikoetan, Batzarretan, parte hartzeko eskubidea dute, udal eskumeneko gaien inguruko informazioa jaso eta iritzia emateko. Alkateak deituko ditu bilera horiek, bere ekimenez edo udalerriko bizilagunen %5 baino gehiagoren sinadurekin egindako eskaeren bidez ere egingo da deialdia.

7. artikulua. Eskariak egiteko eskubidea.

–Pertsona orok, indibidualki edo kolektiboki, du eskubidea udal gobernuari bere eskumenekoak diren gaiei buruzko eskaera egin edo udalaren jarduerei buruzko azalpenak eskatzeko. Eskubide hori zuzenbidean baliozkoa den eta eskatzailearen nortasuna eta eskaeraren xedea era frogagarrian jasota uzten dituen edozein bitartekoren bidez erabili daiteke.

–Eskaera horien artean, kexak, iradokizunak edo proposamenak egon daitezke eta eskaerak Udal Erregistroan aurkeztuko dira. Udalak ezarritako bitarteko elektroniko edo telematikoak (webgunea, e- posta...) erabili ahal izango dira. Eskaera guztiek eskatzailearen nortasuna egiaztatzeko bidea eman behar dute.

–Udalak hiru hilabeteko gehieneko epean erantzun beharko dio eskatzaileari, adieraziz zer neurri hartu diren edo zer jarduera burutzea aurreikusten den. Eskaeran akatsen bat bada, jakinarazi eta 10 eguneko epea emango da zuzentzeko, bestela prozeduran atzera egin dela ulertuko da.

8. artikulua. Osoko Bilkuretan proposamenak aurkeztea.

–Herritarrei, elkarte eta taldeei aitortzen zaie Osoko Bilkuraren gai zerrendarako gaiak proposatzeko eskubidea.

–Proposamena Osoko Bilkuraren gai zerrendan sartzeko eskaera Udal Erregistroan egin beharko da gutxienez Osoko Bilkura baino 15 egun lehenago, betiere gaia ez bada azken sei hilabeteetan baldintza beretan jorratu.

9. artikulua. Udalaren Osoko Bilkuretan parte hartzea.

–Herritarren elkarte, talde edo norbanako orok du Osoko Bilkuretan parte hartzeko eskubidea.

–Alkatea edo bilkuraren buru denari dagokio hitza hartzeko txanda irekia moderatzea.

–Baten batek punturen bat proposatzen badu aurkezpena egiteko 10 minutuko epea izango du. Ondoren galderak eta eztabaida eta azkenik hala badagokio bozketa.

–Udaleko Osoko Bilkura guztietan, gai zerrendaren amaieran, galdera-eskaerentzako txanda irekiko da, bertaratutako norbanakoek zein eragileen ordezkariek egoki deritzaten adierazpena edo galderak egin ditzaten. Alkateari dagokio hitz egiteko txanda hori neurtzea.

–Erantzuna edo argipena momentuan eman ezin bada ekarpena bileraren aktan jasoko da eta hurrengoan erantzuteko konpromisoa hartuko da.

–Udaleko ohiko Osoko Bilkurak herritarren parte hartzea erraztuko duen egun eta ordutegian egingo dira; lan egunetan eta arratsaldez.

10. artikulua. Biltzeko eskubidea.

Pertsona, elkarte edo talde orok izango du udal lokalen batean biltzeko eskubidea. Tokia hartu duen bezala uzteko konpromisoa dute talde denek eta garbiketa eta materialez hornitzea beraien ardura izango da.

Tokia aurrez eskatu beharko da udaleko web gunean zintzilikatuta dagoen inprimakia erabiliz edo horretarako bideratua egonen den helbidera email bat bidaliz.

HERRITARREN PARTE HARTZERAKO PROZESUAK,
ORGANOAK ETA BITARTEKOAK

Parte hartzeko prozesuaren definizioa

1.–Araudi honen ondorioetarako, parte hartzeko prozesua izango da honako aldi hauek guztiak biltzen dituena:

a) Informazio aldia: horren bitartez, eragindako herritar orori helarazten zaio parte hartzea izatea nahi den gai edo proiektuari buruzko informazioa, egoki diren teknika metodologikoak erabilita.

b) Eztabaida aldia: horren bitartez, egoki diren metodologiak erabilita, herritarren diagnostikoa, eztabaida eta proposamenak sustatzen dira.

c) Erabakitze aldia: horren bitartez, parte hartzen dutenekin erabakia hartuko da, ahal den adostasun maila handienarekin.

d) Burutzeko aldia: horrez bitartez hartzen dira herritarrek erabakitakoa burutzeko beharrezko erabakiak.

e) Prozesua berrikusteko aldia: prozesuan zehar egingo den etengabeko berrikuspenak balio ahal izango du prozesuaren beraren diseinuan egokitzapenak egiteko.

f) Ebaluazio aldia: horren bitartez, herritarrek erabakitakoa eta benetan burututakoa zenbateraino bat datozen ebaluatzen da.

HERRI GALDEKETA

Oinarriak

1.–16 urtetik gorako herritarrek eta Biztanleen Udal Erroldan inskribatuta dagoen herritar orok du eskubidea bere interesekoak diren gaien inguruko kontsulta jasotzeko eta herri galdeketa sustatzeko. Herritar bakoitzak boto bakar bat eman ahal izango du herri galdeketan eta ez da onartuko inork beste inoren ordezkaritzan botoa ematerik.

2.–Herri galdeketa udal eskumeneko eta tokiko izaerako esparruei buruzkoa izango da eta ez toki ogasunaren inguruko gaiei buruzkoa. Galdeketako galdegaiekin ezingo zaio bide eman oinarrizko giza-eskubideen urraketari eta zalantzazko kasuetan Arbizuko Udalak iritzia eskatuko die giza eskubideen inguruko Euskal Herri mailako behatoki eta adituei.

3.–Galdeketa egitea erabakitzeko, Osoko Bilkuraren gehiengo osoa beharko da eta galdeketa horrek erreferendum izaera baldin badu, Estatuko organo eskudunari eskatu beharko zaio baimena.

4.–Herri galdeketak Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu, gehiengo osoz. Galdeketa proposamenaren ekimena honako hauei dagokie:

a) Biztanleen Udal Erroldan inskribatuta dauden bizilagunen %20ek sinatutako eskaera.

b) Eskatzaile interesdunak herri galdeketa eskatzeko sinadura bilketa egin nahi badu, horretarako Udalak propio prestatuta duen eskaera agiria bete eta sarrera eman beharko dio. Behin sarrera emanda, 15 eguneko epean, bilera deituko du alkateak, sinadura bilketari noiz eta nola ekin adosteko. Sinadurak Udalak horretarako propio prestatutako orrietan bilduko dira. Orri horiek eskatzailearen esku jarriko dira; bere ardura izango da sinadurak biltzea eta Udaletxean ere sinatzeko aukera emango da ohiko harrera ordutegian. Bilketa hasi eta hilabeteko epean goian aipatutako sinadura kopurua lortu eta udaletxean sarrera ematen bazaie, eta zerrendak egiaztatu ondoren, Udalak herri galdeketa egingo du sei hilabeteko epean. Udalaren ardura izango da galdeketa antolatzea. Alkateak Osoko Bilkurara eraman beharko du ekimena, organo horrek izapidetu dezan herri galdeketa. Galdeketa egiteko erabakiak berak zehaztuko du galdeketa bera zein baldintzatan egingo den.

c) Alkateak herri galdeketaren mende jarri ahal izango ditu udal eskumenekoak diren eta garrantzi berezikotzat jotzen dituen gaiak, aurrez Osoko Bilkuraren gehiengo osoz hartuta erabakia.

5.–Osoko bilkurak galdeketa egiteko herritarren eskaera ezesten badu, ebazpenaren arrazoiak adierazi beharko ditu.

6.–Udalari dagokio galdeketa egiteko izapide guztiak egitea.

7.–Gai bakoitzari buruz galdeketa bakarra egin ahal izango da legealdi bakoitzean. Tartean urgentziazko kasurik ez badago, urtean galdeketa bakar bat egin ahal izango da baina galdeketa bakoitzean galdera bat baino gehiago egin ahal izango dira (gehienez 4 galdera).

8.–Galdeketaren emaitza Udalarentzako loteslea izango da, betiere galdeketarako onartutako hautesle erroldaren %50 baino gehiagok hartzen badu parte eta erantzun garaileak boto guztien %50 baino gehiago jaso badu. Baldintza horiek betetzen ez badira, galdegaiari buruzko erabakia Osoko Bilkuraren esku geratuko da.

9.–Herri galdeketaren deialdiak eragiten du Udalak egindako galderaren inguruko informazio kanpaina eta herritar orori aukera guztiak ezagutzea bermatzea.

GALDEKETAK BURUTZEKO PROZEDURA ETA BALDINTZAK

Herri galdeketarako deialdia etxe guztietara buzoneatu eta Bando bitartez ikusgai jarriko da.

1.–Herri galdeketa burutzeko prozedurak honako izapide eta baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Hautesle errolda jendaurrean jartzea, gutxienez astebetez.

b) Hautesleen erroldaren inguruan egindako erreklamazioak ebaztea.

c) Bozkatzeko lekuen onartzea.

d) Hauteskunde mahaietako kideak hautatzeko zozketa egitea.

e) Bozketa.

f) Hautesleek bozketaren egunean egindako erreklamazioei kasu egin eta kudeatu.

g) Behin behineko zenbaketa. Zenbaketaren aurkako erreklamazioak.

h) Behin betiko zenbaketa eta kontsultaren emaitzak argitaratzea.

2.–Kontsulta, Osoko Bilkurak onartu ondorengo 3-6 hilabete artean egin beharko da.

HERRI KONTSULTAK ARGITARATZEA

Herri kontsulta bat egiten denean, Udalak atera diren emaitzak argitaratu egin beharko ditu, hura identifikatuko duen datu tekniko guztiak zehaztuaz. Emaitzak etxe guztietara buzoneatuko dira, Bandoa jarriko da eta web orrian ere zintzilikatuko da, gutxienez.

BESTELAKO PARTE HARTZE BIDEAK

Arau honek aipatutakoez gain, Arbizuko Udalak erabaki dezake parte hartzeko beste mekanismo batzuk martxan jartzea, betiere araudi honekin bat badatoz edo erreformarik eginarazten ez badute. Horien adibide izan daitezke hauek: inkestak edo herri galdeketa partzialak, Batzarrak, bestelako parte hartze kanal fisiko edo digitalak...

Arbizun 2020ko uztailaren 29an egindako osoko bilkuran onartua.

Iragarkiaren kodea: L2008956