201. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

133/2020 EBAZPENA, abuztuaren 26koa, Garraioko zuzendari nagusiak emana, bizikleten konponketa eta mantentze-lanak egiteko 2020ko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 521651.

Mugikortasun seguru eta jasangarriaren estrategiak funtsezkoak dira Nafarroako jarduera ekonomiko eta sozialaren funtzionamendurako; zer esanik ez koronabirusak sortu duen gaurkoa bezalako zalantzazko egoera batean. Beraz, administrazio publikoek jarduketak garatu behar dituzte herritarrek joan-etorriak era seguruan eta jasangarrian egin ditzaten, batez ere nahitaez egin beharrekoak direnean.

Bizikleta garraiobide ezin hobea da hirian zehar ibiltzeko –batzuetan hirien artean ibiltzeko ere bai–, sortzen dituen kutsadura eta zarata minimoak direlako eta espazio publiko txikia okupatzen duelako; gainera, onuragarria da ariketa fisikoaren eta ingurumenaren aldetik; azkenik, pertsonen artean gorde behar den tartea gordeko dela ziurtatzen du.

Hori horrela, jarduketak egiten ari dira garraio publikoaren erabileraren eta sarbidearen segurtasunari dagokionez, eta Nafarroako hainbat herritan bizikleta erabili ahal izateko azpiegiturak eta espazioak prestatzen ari dira.

Horregatik guztiagatik, komenigarria da bizikleta ohiko garraiobide izan dadin sustatzeko jarduketak garatzea, Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Gidariaren zirriborroan biltzen den bezala. Jarduketek bi norabide edukiko dituzte: alde batetik, azpiegitura espezifikoak eta seguruak garatzea (ahal den guztietan gainerako ibilgailuen trafikotik berezita), eta beste alde batetik bizikleta erabiltzearen kultura bultzatzea. Bigarren norabide horretan sartzen da bizikleten konponketa eta mantentze-lanak egiteko laguntza; izan ere, baldintza txarretan egoteagatik erabiltzen ez diren bizikleten erabilera bultzatu nahi da. Bizikletaren aldeko Hirien Sareak, zeinean sartuta baita Iruñeko Udala, 2019an egin zuen barometroan jakinarazi zuen Espainiako etxeen %71,3an badagoela bizikleta bat, eta etxe bakoitzean, batez beste, 1,9 bizikleta dagoela.

Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak adierazi du, bizikleta erabiltzaileen elkarteekin eta lantegi espezializatuekin zenbait kontsulta egin eta gero, egokitzat jo dela konponketak eta mantentze-lanak egiteko laguntza deialdi bat egitea, bizikletaren erabilera sustatzeko ohiko garraiobide izan dadin. Onuradun bakoitzeko eta bizikleta bakoitzeko 50 euro jasoko dira, gehienez.

Nafarroan bizi den edozein pertsona izan daiteke laguntzen onuraduna. Hori norbera identifikatzeko dokumentuaren bidez edo erroldatze-ziurtagiri baten bidez frogatuko da. Asmoa da laguntzak ahalik eta jende gehienetara iristea. Asmo hori eta onuradun eta bizikleta bakoitzeko emanen den gehieneko dirulaguntza kontuan hartuta, eskaera-espedienteak erregistratu ahala tramitatu eta ebatziko dira, horretarako aurrekontua dagoen artean. Dirulaguntza emateko prozedura banakako ebaluazioa izanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan jasotako moduan.

Aipatu artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak 2020ko abuztuaren 19an hartutako erabakiaren bidez, Garraioko zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion bizikleten konponketarako eta mantentze-lanetarako dirulaguntza banakako ebaluazioaren bidez emateko.

Dirulaguntza prestatu denean, salbuespen batzuk ezarri dira, dirulaguntza jasotzen ahal duen bizikleta motari dagokionez, asmoa baita bizikleta eguneroko garraiobidea izatea. Hori horrela, ia erabat kirol jardueretarako erabiltzen diren bizikletak salbuetsi eginen dira, beren ezaugarri teknikoak eta eskuratze-kostuak kontuan hartuta.

Onuradunentzako laguntzak tramitatzea errazagoa izan dadin, komenigarritzat jo da oinarri arautzaileetan atxikipen prozedura bat ezartzea bizikleten konponketak eta mantentze-lanak egiten dituzten lantegientzako, entitate laguntzaileak izan daitezen eta dirulaguntza kudeatzen lagun dezaten, diru-funtsak aldez aurretik eman eta zabaldu behar izan gabe. Oinarri arautzaileek ezartzen dute atxikipen prozedura hori.

Aukeratu den prozedurak ezartzen du, onuradunek aldez aurretik joan beharko dutela atxiki diren entitateetara, dirulaguntzak eta eskaerak kudeatzeko.

Deialdi honen helburuek guztiz bat egiten dute 2030erako Nafarroako Energia Planaren helburuekin, honek pizgarriak ematen baititu energiaren kontsumoa arrazionalizatzeko eta petrolioaren morrontza murrizteko pertsonen mugikortasunean, baita klima aldaketaren aurkako borrokaren ibilbide-orria bultzatzeko ere, berotegi efektua sortzen duten gas aireratzeak murrizteko neurri gisa.

Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren 48.e) artikuluan emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak egindako proposamenari jarraituz,

EBATZI DUT:

1. Bizikleten konponketa eta mantentze-lanak egiteko 2020ko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onestea. Oinarriak ebazpen honen eranskinean daude.

2. 50.000 euroko gastua baimentzea deialditik sortutako konpromisoetarako, 2020ko gastuen aurrekontuko 230001-23210-4809-441100 partidaren kargura (“Bizikleten konponketa eta mantentze-lanak egiteko dirulaguntzak”).

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuko Dirulaguntzen Datu-basean erregistratzea.

4. Ebazpen hau Mugikortasun, Logistika era Garraio Atalari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa) eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari jakinaraztea.

5. Ebazpen honek ez du bide administratiboa amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 26an.–Garraioetako zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da dirulaguntzen deialdi baten oinarri arautzaileak ezartzea. Dirulaguntzen deialdia Nafarroan entitate laguntzaile moduan atxiki den lantegi batean egiten diren bizikleten konponketa eta mantentze-lanak egiteko da.

1.2. Dirulaguntzen onura publikoa mugikortasun jasangarria sustatzea da, kutsadura eta zarata gutxiagotzeko eta espazio publikoaren erabilerarako dituen onurak baliatzeko; halaber, ariketa fisikoaren eta ingurumenaren aldetik ere onurak ditu, eta pertsonen artean gorde behar den tartea gordeko dela ziurtatzen du.

1.3. Dirulaguntzen xede diren konponketak eta mantentze-lanak lantegia entitate laguntzaile gisa atxiki den egunaren ondoren eginda izanen dira, eta dirulaguntza Garraio Zuzendaritza Nagusiak duen prestasun ekonomikoaren mendekoa izanen da. Konponketa edo lanak noiz egin diren ebazteko, faktura zer egunetan egin den begiratuko da.

2.–Dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak eta laguntzaren zenbatekoa.

2.1. Diruz lagungarriak izanen dira konponketetarako, mantentze-lanetarako eta osagarriak jartzeko piezen kostua eta eskulana, ondoren adierazten den bezala:

a) Konponketa.

Elementu hauen konponketa eta ordezkapena sartuta daude:

–Balazta-palankak.

–Balazta-diskoak.

–Zapatak, balazta-pastillak.

–Balazta-pintzak.

–Aurreko urkila.

–Errodamenduak.

–Katea.

–Piñoiak.

–Platerak.

–Atzeko aldagailua.

–Aurreko desbideragailua.

–Aldagailuaren edo/eta desbideragailuaren eragintza-sistema.

b) Mantentze-lanak.

–Garbiketa eta koipeztaketa.

–Gurpilak zentratzea eta erradioak doitzea edo ordezkatzea.

–Balazta-doitzea: zapatak aldatzea eta palankak doitzea, balazta-pastillak aldatzea eta balaztak purgatzea.

–Aldagailua doitzea: aurrekoa (desbideragailua) eta atzekoa.

–Torlojuteria doitzea: zela, potentzia eta direkzioa. Gurpilaren itxiturak aztertzea.

–Pneumatikoak eta ganberak.

–Transmisioa: lubrifikazioa eta garbiketa. Behar diren elementuak ordezkatzea: katea, piñoiak, gurpilak eta/edo platerak.

–Zirgak eta zorroak: aldatzea, burugabetuak, hondatuak edo gaizki doituak daudenean.

c) Ekipamendu eta osagarriak jartzea:

–Argiak eta txirrina jartzea.

–Lohi-babesak jartzea.

2.2. Laguntza ez da izanen piezen eta lan eskuaren kostua (BEZa kanpo) baino handiagoa.

2.3. Laguntza, gehienez, 50 eurokoa izanen da, onuraduneko eta bizikletako.

3.–Onuradunak.

3.1. Onuradun izateko, eskatzaileek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) 14 urte baino gehiagoko pertsona fisikoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea. NANean edo AIZean Nafarroako helbidea agertzen ez bada, errolda agiria aurkeztu beharko dute, non azalduko baita eskatzailea Nafarroan bizi dela jarduketa egin baino lehenagotik.

b) Kontu bat edukitzea banku batean. 14 eta 18 urteren arteko adingabekoen kasuan, betebehar hau betetzeko aski izanen da aitaren, amaren edo legezko tutorearen bankuko kontua aurkeztea.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak. Baldintza hauek betetzen direla frogatzeko, eskaera-orrian jasotzen den erantzukizunpeko adierazpena eginen da, 2. eranskinean ezarritako ereduaren arabera.

3.2. Onuradun bakoitzak laguntza bat baizik ezin izanen du jaso.

4.–Bizikleten erabilera.

4.1. Onuraduna bizikletaren erabileraren jarraipena errazteko behartuta egonen da, bi urteko epe batez, jarduketa egiten den egunetik kontatuta.

4.2. Onuradunak ezin izanen du dirulaguntza jasotzen duen bizikleta inori saldu, bi urteko epe batez, jarduketa egiten den egunetik kontatuta.

4.3. Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari dagokio ezarritako bi urteetako epean erabileraren eta titulartasunaren jarraipena egitea. Horretarako, onuradunei beharrezkoa den informazio guztia eskatzen ahal diete.

5.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honetarako bideratu den zuzkidura ekonomikoa 50.000 eurokoa da eta 2020ko Nafarroako gastuen aurrekontuko “Bizikleten konponketa eta mantentze-lanak egiteko dirulaguntzak” izeneko 230001-23210-4809-441100 partidaren kargura ordainduko da.

6.–Entitate laguntzaileak.

6.1. Eskaeren kudeaketaren efizientzia hobetzeko asmoz, entitate laguntzaileek eginen dute kudeaketa hori, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 10. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

6.2. Bere jardueren artean bizikleten konponketak eta mantentze-lanak egiten dituen edozein entitatek, egoitza soziala edo lantokia Nafarroan edukiz gero, eska dezake atxikitzea entitate laguntzaile bezala.

6.3. Garraio Zuzendaritza Nagusiak eta entitate laguntzaileak izenpetu behar dute aipatu Foru Legearen 11. artikuluan ezarritako lankidetza-hitzarmena. Bertan entitate laguntzaileak bere egiten dituen baldintzak eta betebeharrak arautuko dira, eta ulertuko da formalizatu dela entitateak aurkezten duenean atxikipen-eskaera. Eskaera horrek berekin dakar oinarri hauetan ezartzen diren betebehar guztiak onartzea, eta Garraio Zuzendaritza Nagusiak eman behar du aldeko ebazpena. Lankidetzak deialdi honek irauten duen beste iraunen du.

6.4. Deialdi honi atxiki nahi zaion entitatea atxikitzeko eskaera-orria aurkeztu beharko du, 1. eranskinean dagoen ereduaren arabera. Eskaerak honako hauek edukiko ditu:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko alta emanda dagoela jarduera ekonomikoen erregistroan, bizikleten salmenta, konponketa eta mantentze-lana biltzen dituen epigrafean.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoera debekatu batean ere ez dagoela dioena.

Atxikipen eskaerarekin batera, hala badagokio, ordezkapena frogatzen duen dokumentua aurkeztuko da.

Horretarako, atxikipen dokumentua inprimatu beharko da, eta behin izenpetu eta gero, aurkeztu beharko da, hala badagokio, ordezkapena frogatzen duen agiriarekin, telematikoki, Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1).Menu zabalgarrian, hartzaile bezala hau aukeratuko da: “Lurralde Kohesiorako Departamentua”, eta xede-unitatea zehaztuko da: “Garraio Zuzendaritza Nagusia”.

6.5. Eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.6. Entitateek atxikitzeko eskaerak aurkezteko daukaten epea amaitu eta gero, aurkeztutako dokumentazioa eta ezarritako betebeharrak betetzen ote diren baieztatuko da. Ondoren, Garraioko zuzendari nagusiak, ebazpenaren bidez, entitate laguntzaileen zerrenda onetsiko du. Zerrenda hau http://www.navarra.es/home_eu/ web-orrian argitaratuko da. Entitateei jakinaraziko zaie zerrendan sartuta daudela.

Atxikitzeko eskaeraren bat osorik ez bada, entitateari eskatuko zaio osatzeko. Eskaera-orria osatzeko epea 10 egun baliodunekoa izanen da. Epea amaitzen bada, eta ez bada osatu, bertan behera geldituko da.

6.7. Entitate batek atxikipen eskaera aurkezteak berekin dakar oinarri hauek onartu eta bertan ezartzen dena betetzeko konpromisoa.

6.8. Entitate laguntzaileek konpromisoa hartzen dute beren izena eta kokapena erabiliak izan daitezen onartzeko, Garraio Zuzendaritza Nagusiak deialdi hau sustatzeko egiten dituen informazio eta komunikazio kanpainetan.

6.9. Garraio Zuzendaritza Nagusiak hala eskatzen badu, entitate laguntzaileek ekintza identifikatzen duen logoa jarriko dute lantegian, erraz ikusteko moduan.

6.10. Ez da izanen entitate laguntzaileen aldeko ordain ekonomikorik.

6.11. Entitate laguntzaileek posta elektronikoko helbide bat emanen dute, hala badagokio, prozesuan leudekeen gorabeherak komunikatzeko. Entitate laguntzaile bakoitzaren erantzukizuna izanen da emandako posta elektronikoari kasu egitea eta ongi funtzionatzen duela ziurtatzea.

6.12. Entitate laguntzaileek konpromisoa hartzen dute dirulaguntzaren onuradunek eskaera-orrian eman dituzten datuak eta informazioa inori ez emateko, oinarri hauetan aurreikusten ez den edozein erabileratarako. Bereziki, ez diote inori emanen dokumentuen edo datuen kopiarik. Debekatuta dago dokumentuen eta datuen erreprodukziorik egitea, eta osorik edo partez edozein pertsona fisikori edo juridikori ematea. Entitate laguntzaileek eta onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

7.–Bizikleta diruz lagungarriak.

7.1. Bizikleta diruz lagungarriek bete beharko dute maiatzaren 9ko 339/2014 Errege Dekretuak ezartzen duena (dekretu horrek bizikletak eta beste ziklo batzuk, eta beren zatiak eta piezak merkaturatzeko eta zerbitzuan jartzeko betebeharrak ezartzen ditu).

7.2. Bizikleta mota hauek laguntzetatik kanpo daude:

a) Errepidekoak, MTB (Mountain Bike) edo hibridoak, honako elementu hauetako bat badaukate:

–Karbonozko koadroa.

–Aldagailu elektronikoa.

–Gama altuko plater bakarreko taldea.

b) BMX (Bike Moto Cross): denak.

8.–Dirulaguntza eskatzea.

8.1. Dirulaguntza bi fasetan eskatuko da:

–Laguntzaren erreserba eskatzea, lantegi atxikien bidez.

–Dirulaguntza eskatzea, laguntzaren xedea den jarduketa egin eta gero. Laguntzaren erreserba egin eta gero, hilabeteko epea dago dirulaguntzaren eskaera-orria aurkezteko. Ezin da gainditu 8.7 apartatuan ezartzen den laguntza-programa ixteko data.

8.2. Eskatzaileek ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso konponketa edo mantentze-lana egiten bada entitate laguntzaile izendatu ez den entitate baten bidez, edo entitateak atxikipena egin baino lehen egiten bada.

8.3. Eskatzaileek entitate laguntzaileetan tramitatuko dituzte erreserba eta dirulaguntza eskaerak. Erreserba eskaerak aurkezten ahal dira entitate laguntzaileen zerrenda Nafarroako Gobernuaren atarian (http://www.navarra.es/home_eu/) argitaratzen denetik aurrera.

8.4. Erreserba eskaerak aurkezteko epea irekita egonen da jasotako eskaerek aurrekontu kreditua agortzen duten arte.

8.5. Entitate laguntzaile batek eginen du erreserba eskaera modu telematikoan Nafarroako Gobernuak horretarako berariaz garatuko duen web aplikazioaren bidez. Entitate laguntzaileak baieztatu beharko du onuraduna Nafarroan bizi dela, NANean edo AIZean dagoen helbidearen bidez, edo erroldatze-ziurtagiri baten bidez. Halaber, baieztatu beharko du bankuko kontu bat daukala.

8.6. Eskatzaileak erreserba eskaera kitatzen ahalko du, aurretik tramitatu duen entitate laguntzailearen bidez.

8.7. Dirulaguntza jasotzeko eskaera-orriak aurkezteko epea irekita egonen da 2020ko azaroaren 15era arte, egun horretan itxiko baita laguntza programa. Epe hau amaitu eta gero ez da eskaera-orri gehiago onartuko.

8.8. Aurrekontu erabilgarria agortzen bada, entitate laguntzaileei jakinaraziko zaie eta horren berri emanen da Nafarroako Gobernuak interneten daukan atariaren bidez (http://www.navarra.es/home_eu/).

8.9. Dirulaguntza eskaera-orria ebazpen honen II. eranskinean ageri den ereduaren araberakoa izanen da. Entitate laguntzaileak eskaera aurkeztuko dio Garraio Zuzendaritza Nagusiari lehen aipatu den aplikazio informatiko espezifikoaren bidez, horretarako garatu dena.

8.10 Dirulaguntza eskaerak erantzukizunpeko adierazpena edukiko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoera debekatu batean ere ez dagoela dioena. Horrez gain, beste dokumentazio hau ere aurkeztuko da:

a) Eskaera-orria, onuradunak beteta eta izenpetua, 2. eranskinean dagoen ereduaren arabera. Onuraduna adingabea bada, haren aitak, amak edo legezko tutoreak eginen du eskaera-orria haren ordez.

b) Norbera identifikatzeko dokumentua (NANa edo AIZ). Aipatu dokumentu horretan ez bada jasotzen eskatzailea Nafarroako Foru Komunitatean bizi dela, eskatzaileak errolda-ziurtagiria aurkeztu beharko du, gehienez hiru hilabete lehenago ateratakoa. Hor baieztatuko da betebehar hori betetzen dela. Onuraduna adingabea bada, aitaren, amaren edo legezko tutorearen NANa edo AIZ aurkeztu beharko da.

c) Faktura, non agertuko baitira eskatzailearen datuak eta egindako jarduketak. Dirulaguntza honen xede diren fakturak baizik ez dira onartuko, oinarri hauen 2.1 apartatuan ezartzen denaren arabera.

d) Egindako ordainketaren frogagiria.

e) Bizikletaren argazkia.

Entitate laguntzaileek formatu digitalean aurkeztuko dute (pdf edo jpg) lehen esandako dokumentazio guztia. Lantegiek jatorrizko eskaera-orriak gordeko dituzte paperean, besterik ez. Deialdia amaitu eta gero, eskaera-orri horiek Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzura bidaliko dituzte.

8.11. Garraio Zuzendaritza Nagusiak mugikortasunari buruzko galde-sorta bat proposatzen ahalko du bizikletaren erabilerari buruz, onuradunek betetzeko eskaera-orria aurkeztean, edo geroago. Galde-sorta betetzea anonimoa eta borondatezkoa izanen da.

8.12. Entitate laguntzaileari edo onuradunari informazio osagarria eskatzen ahalko zaie, entitate laguntzailearen bidez. 5 egun balioduneko epea egonen da informazio eskaerari erantzuteko, komunikatzen denetik. Eskatutako horri ez bazaio emandako epean erantzuten, eskaera bertan behera gelditu dela ulertuko da.

8.13. Dirulaguntza eskaerak Erregistro Orokor Elektronikora zer ordenatan iritsi diren, ordena horren arabera ebatziko dira.

9.–Dirulaguntza ematea eta ordaintzea.

9.1. Laguntzak banakako ebaluazioaren bidez emanen dira. Hortaz, eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera ebatziko dira beti, funtsak agortu arte.

9.2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak, eskaerak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari emateko eta ordaintzeko ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

9.3. Garraioko zuzendari nagusiak izanen du dirulaguntza emateari buruz ebazteko eskumena. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da, dirulaguntza eskaera aurkezten den egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertu ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluarekin bat, dirulaguntza emateari buruzko ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da, gutxienez, eta eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsiak. Jakinarazpena egiteko, ebazpena Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da (http://www.navarra.es/home_eu/), deialdiaren laburpenean.

9.4. Dirulaguntza ordainduko da onuradunak dirulaguntzaren eskaera-orrian eman duen bankuko kontuan.

10.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

10.1. Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basearen bitartez, honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

10.2. Halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian (http://www.navarra.es/home_eu/), deialdiaren laburpenean, honako hauek zehaztuta: laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

11.–Onuradunen betebeharrak.

11.1. Dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea aurreko oinarrietan ezarritako moduan.

b) Industriaren, Garraio Zuzendaritza Nagusiak, laguntzen xedea ikuskatzeko eginkizunak betetzeko, eskatzen dioten informazio guztia ematea.

c) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

11.2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

12.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria izanen da beste administrazio batzuek ematen dituzten beste dirulaguntza batzuekin. Hala ere, emandako diru kopuruak, bakarrik edo beste ,dirulaguntza batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko egin beharreko jardueraren kostua.

13.–Publizitatea.

Entitate laguntzaileek, deialdi honi buruz egiten duten edozein adierazpenetan, Garraio Zuzendaritza Nagusia aipatu behar dute.

14.–Aplikatu beharreko arauak.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

15.–Errekurtsoak.

Deialdi hau edo bere oinarri arautzaileak aplikatuz emandako egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

1. ERANSKINA

Atxikipen eskaeraren eredua (PDFa).

2. ERANSKINA

Dirulaguntza eskaeraren eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2009802