20. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Iruñerriko baterako zerbitzurako eremuko taxi gidari profesionalaren baimena lortzeko probak egiteko oinarriak

2020ko urtarrilaren 22an, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak 49/2020 Ebazpena eman zuen. Hona hemen ebazpen horren testu osoa:

“Uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 21. artikuluak ezartzen du baterako zerbitzurako eremu batean eskuduna den erakundeak, bere ordenantzetan hala ezarrita badago, egokia den taxi baimen profesionala eskuratzeko agindu ahal izango diela lizentzien titularrei edo kontratatutako pertsonei.

Iruñerriko baterako taxi zerbitzurako eremuko taxi zerbitzua arautzen duen ordenantzaren 18. artikuluak taxi baimen profesionala arautzen du, eta taxi zerbitzua emateko taxi baimen profesionala edukitzea beharrezkoa dela ezartzen. Bestalde, ordenantza horren 7.2 artikuluak dio beharrezkoa dela baimen hori izatea lizentzia baten titularra izateko.

Ondorengo artikulu hauekin bat, eskumen hori Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariari dagokio: IMren estatutuen 20.20 artikulua, IMren Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Erregelamenduaren 28.20 artikulua, eta Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 21.1 s) artikulua, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 8.2 artikuluari jarraikiz aplikatu beharrekoa.

Aurreko guztia aintzat hartuta,

EBATZI DUT

1. Iruñerriko baterako zerbitzurako eremuko taxi baimen profesionala lortzeko probak egiteko deialdia eta oinarriak onestea.

2. Aipatutako deialdia eta oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea agintzea.

3. Ondokoa adieraztea: Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/85 Legearen 52.2 artikuluan ezarrita dagoenarekin bat, ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen 333. artikuluan xedatutakoarekin bat, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Nafarroako Administrazioarekiko Auzitegiari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bi hilabeteko epean. Aldez aurretik berraztertzeko errekurtsoa aurkezteko aukera dago, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariari zuzendua, edo gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, bietan hilabeteko epean.”

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 22an.–Lehendakaria, David Campión Ventura.

IRUÑERRIKO BATERAKO ZERBITZURAKO EREMUKO TAXI BAIMEN PROFESIONALA LORTZEKO PROBAK EGITEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Iruñerriko baterako zerbitzurako eremuko taxi baimen profesionala lortzeko probak egitea.

Bigarrena.–Betebeharrak.

Probetan parte hartu ahal izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako:

1. Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europako Batasuneko herrialde batekoa, edo Espainiak sinaturiko nazioarteko akordio, itun eta hitzarmenen ondorioz halako baldintzarik eskatu behar ez zaion atzerriko beste herrialde batekoa; edo bestela, norberaren edo besteren kontura garraioan aritzeko lan baimen egokia izatea, Espainian dauden atzerritarren eskubide eta askatasunei buruzko legeetan xedatutakoaren arabera.

2. Behar den gidabaimena edukitzea, zirkulazio eta bide segurtasun arloko organo eskudunak jaulkitakoa.

Hirugarrena.–Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.

Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Iruñerriko Mankomunitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira: Chinchilla Jeneralaren kalea, 7, Iruñea. Edo, gainerakoan, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16. artikuluan aurreikusten duen beste edozein bideren arabera. Deialdi hau argitara eman eta hurrengo hilabeteko epean egin beharko da.

Eskabide horiek deialdi honetan argitaratutako ereduaren arabera aurkeztu behar dira (I. eranskina).

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonek probak egokitzeko eskaera aurkeztu ahal izango dute.

Eskabideaz gain, izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Iruñerriko Mankomunitateari 25,20 euro ordaindu izanaren ziurtagiria, taxi baimen profesionala lortzeko probetan parte hartzeko. Zehazki, ordaindu ahal izango da, edo transferentzia eginda Iruñerriko Mankomunitatearen ES 67 2100 9161 46 2200124523 kontu zenbakira edo ES 57 3008 0001 122448603924 kontu zenbakira, edo Navas de Tolosa kalearen 29.eko behealdean dauden bulegoetako kutxan ordainduta.

–Aukerakoa: Probak egokitzeko eskatu bada, desgaitasunaren zergatiak eta eskatu diren egokitzapenak zehazten dituen agiria eta adierazitako desgaitasun hori egiaztatzen duten dokumentuak.

Laugarrena.–Onartuen eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda emango da argitara, bai Iruñerriko Mankomunitatearen iragarki oholean (Chinchilla Jeneralaren kalea, 7, Iruñea), bai eta egoitza elektronikoko iragarki oholean ere (https://sedeelectronica.mcp.es/), 5 egun balioduneko epean.

Izangai baztertuek ondorengo 5 egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak egiteko eta egindako akatsak zuzentzeko, halakorik bada.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda modu berean emango da argitara, erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta 5 egun baliodunetara. Bazterturik ez bada, behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtuko da eta hala adieraziko da zerrendan.

Bosgarrena.–Epaimahaia.

Hauek izango dira probetan buru egingo duen epaimahaiko kideak:

–Mahaiburua: David Campión Ventura jauna. Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria.

–Ordezkoa: Maite Esporrín Las Heras andrea. Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariordea.

–Mahaikideak:

  • Pedro Luis Rezusta Zudaire jauna. Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietateko garraio-teknikaria.
  • Raquel Ripa Azanza andrea. Iruñerriko Mankomunitateko Administrazio Orokorreko teknikaria.
  • Aitor Borobia Barrio jauna. Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietateko garraio-teknikaria.

–Ordezkoak:

  • Jesús Velasco Pérez jauna. Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietateko Garraio Saileko zuzendaria.
  • Maite Donázar Pascal andrea. Iruñerriko Mankomunitateko idazkari nagusia.
  • María Paz Alvero Jiménez andrea. Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietateko garraio-teknikaria.

–Idazkaria: Fernando Chueca Inchusta jauna. Iruñerriko Mankomunitateko aholkulari juridikoa.

–Ordezkoa: M.ª Ángeles Agúndez Caminos andrea. Iruñerriko Mankomunitateko aholkulari juridikoa.

Epaimahaia ezin izango da eratu, ezta aritu ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketa baliozkoa izateko, ezinbestekoa izango da mahaiburua eta idazkaria bertan egotea, edo haien ordezkoak, eta kideen erdiak, gutxienez.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen bada, epaimahaiko kideek ezin izango dute epaimahaian parte hartu eta organo deitzaileari jakinarazi beharko diote.

Era berean, izangaiek mahaikideak errefusatu ahal izango dituzte, arrazoi horietako bat gertatzen bada.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

Seigarrena.–Proben edukia.

Hauek izango dira Iruñerriko baterako zerbitzurako eremuko taxi baimen profesionala lortzeko probak:

–Programa ofizialaren edukiari buruzko test erako azterketa. Oinarri hauen II. eranskinean dago.

–Programa ofizialaren edukiari buruzko test erako azterketa. Oinarri hauen III. eranskinean dago.

Zazpigarrena.–Ariketen egitura.

Lehenbiziko proba izango da “test” erako 25 galderari erantzutea, eta bakoitzak lau erantzun izango ditu aukeran, betiere oinarri hauetako II. eranskinean dauden gaiei buruz. Proba hau egiteko ez da inongo testurik erabili ahal izango.

Bigarren proba izango da “test” erako 25 galderari erantzutea, eta bakoitzak lau erantzun izango ditu aukeran, betiere oinarri hauetako III. eranskinean dauden gaiei buruz. Proba hau egiteko ez da inongo testurik erabili ahal izango.

Epaimahaiak proba bakoitza egiten den unean erabakiko du gehienez zer iraupen izango duen.

Probak egiten diren bitartean, desgaitasunen bat duten eta eskaera egin duten pertsonentzat, denboren eta probak egiteko bitartekoen egokitzapenak ezarriko dira.

Zortzigarrena.–Ariketen kalifikazioa.

Lehen probaren balorazioa 0 puntutik 25era bitartekoa izango da eta, gainditzeko, gutxienez 13 puntu lortu beharko dira. Erantzun okerrak ez dira zigortuko. Kanporatzeko proba izango da, baztertzailea: 13 puntu edo gehiago ez badituzte lortzen izangaiek, kanpoan geldituko dira.

Galderetakoren bat baliogabetzen bada eta galdera kopurua bakoitia bada, proba gainditzeko, beharrezkoa izango da gelditzen diren galderen erdia baino handiagoa den puntu kopurua lortzea. Gelditzen den galdera kopurua bikoitia bada, proba gainditzeko, beharrezkoa izango da gelditzen diren galderen erdia baino handiagoa edo berdina den puntu kopurua lortzea.

Bigarren probaren balorazioa 0 puntutik 25era bitartekoa izango da eta, gainditzeko, gutxienez 13 puntu lortu beharko dira. Erantzun okerrak ez dira zigortuko. Kanporatzeko proba izango da, baztertzailea: 13 puntu edo gehiago ez badituzte lortzen izangaiek, kanpoan geldituko dira.

Galderetakoren bat baliogabetzen bada eta galdera kopurua bakoitia bada, proba gainditzeko, beharrezkoa izango da gelditzen diren galderen erdia baino handiagoa den puntu kopurua lortzea. Gelditzen den galdera kopurua bikoitia bada, proba gainditzeko, beharrezkoa izango da gelditzen diren galderen erdia baino handiagoa edo berdina den puntu kopurua lortzea.

Bederatzigarrena.–Probak egiteko eguna eta tokia.

Probak egiteko tokia, eguna eta ordutegia onartuen behin betiko zerrendarekin batera emango dira argitara, Iruñerriko Mankomunitatearen iragarki oholean (Chinchilla Jeneralaren kalea, 7, Iruñea) eta bai egoitza elektronikoko iragarki oholean ere (https://sedeelectronica.mcp.es/). Bi probak egun berean egingo dira.

Probak egitera doazen izangaiek indarrean dagoen Nortasun Agiri Nazionala edo baliokidea eraman beharko dute.

Probak egitera joaten ez diren izangaiak baztertu egingo dira, ezinbesteak bultzatutako eta behar bezala justifikatutako arrazoia izan ezean.

Hamargarrena.–Probak gainditu dituztenen zerrenda.

Ariketen kalifikazioa bukatuta, probak gainditu dituztenen zerrenda emango du argitara epaimahaiak, Iruñerriko Mankomunitatearen iragarki oholean (Chinchilla Jeneralaren kalea, 7, Iruñea) eta bai egoitza elektronikoko iragarki oholean ere (https://sedeelectronica.mcp.es/). Zerrenda hori aurkeztu diren izangaien NANaren zenbakiekin egingo da.

Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak ebazpen bidez onetsiko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, eta ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak ebazpen bidez onetsiko du probak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda, eta ebazpen hori interesdunei jakinaraziko zaie pertsonalki.

Ebazpen horiek amaiera emango diote administrazio bideari, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen 333. artikuluan xedatutakoarekin bat, administrazioarekiko auzi-helegitea aurkeztu ahal izango da Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bi hilabeteko epean. Aldez aurretik berraztertzeko helegitea aurkezteko aukera izango da, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariari zuzendua, edota gora jotzeko helegitea, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, bietan hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Lehen probako gaiak

–9/2005 Foru Legea, 2005eko uztailaren 6koa (2005eko uztailaren 15eko NAO, 84. zenbakikoa, 2013ko uztailaren 12ko NAO, 133. zenbakikoa, eta 2018ko azaroaren 8ko NAO, 216. zenbakikoa).

–Baterako taxi zerbitzurako iruñerriko eremuko taxi zerbitzua arautzen duen ordenantza (2018ko abenduaren 28ko NAO, 249. zenbakikoa).

–Baterako taxi zerbitzurako iruñerriko eremuko taxi zerbitzuaren tarifak (2019ko abenduaren 10eko NAO, 241. zenbakikoa).

–Baterako taxi zerbitzurako iruñerriko eremuko taxien gaineko tasak arautzeko zerga ordenantza (2008ko abenduaren 22ko NAO, 155. zenbakikoa, eta 2014ko abuztuaren 28ko NAO, 168. zenbakikoa).

–Kontabilitate eta zerga arloko oinarrizko ezagutzak.

1.–Langile autonomoen zerga betebeharrak. Jarduera hasteko. Aldian behingo zerga betebeharrak.

2.–Langile autonomoek kontabilitate eta erregistro arloan dituzten betebeharrak. PFEZaren erregistro liburuak. BEZaren liburuak.

3.–Fakturen betebehar formalak.

III. ERANSKINA

Bigarren probako gaiak

–Baterako taxi zerbitzurako iruñerriko eremuko taxi zerbitzuaren inguruko ordenantza teknikoa (2018ko apirilaren 16ko NAO, 72. zenbakikoa).

–Geografiaren arloko ezagutzak.

1.–Iruñerriko baterako zerbitzurako eremuaren ezagutza geografikoa (udalerriak, kontzejuak...). Egun, Iruñerrian taxi-zerbitzua batera emateko lurralde-eremua udalerri hauek eratzen dute: Antsoain, Aranguren, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Oltza Zendea, Zizur, Esteribar, Etxauri, Ezkabarte, Galar, Uharte, Legarda, Elo, Muruzabal, Noain-Elortzibar, Odieta, Orkoien, Iruña, Tiebas-Muru Artederreta, Ultzama, Uterga, Eguesibar, Atarrabia, Zizur Nagusia.

2.–Iruñerriko baterako zerbitzurako eremuko udalerri nagusietako kaleen ezagutza.

3.–Taxi zerbitzurako leku interesgarrien ezagupena (interes turistikoa duten lekuak, bulego publikoak, ospitaleak, zentro ofizialak, hotelak, industrialdeak, merkataritza eta aisia zentroak...).

4.–Zerbitzua emateko egungo ibilbide zuzenenak.

Iragarkiaren kodea: L2001088