20. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UNTZITI

Ordenantza, Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Untzitiko Udalak, 2019ko martxoaren 14an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantza.

Onespenaren erabakia 2019ko 91. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 13an, argitaratu ondoren, jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Beraz, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzea xedatu da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, aintzat hartuz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoa (maiatzaren 31ko 15/2002 Legeak aldatua)

Untzitin, 2020ko urtarrilaren 13an.–Alkatea, Antonio San Miguel Jiménez.

UDAL ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea Untzitiko udalerrian desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea, horrela jarraikiz Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an eman 98/376/CE Gomendioari eta abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuari, (azken horren bidez arautzen dira desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak emateko eta haiek erabiltzeko baldintzak). Helburua da testu arauemaile honen bigarren artikuluan jasotako baldintzak betetzen dituztenek automobila sarbide edo helmugatik ahalik eta hurbilen aparkatu ahal izatea, joan-etorri luzeak saihesteko.

2. artikulua. Betekizunak.

1. Untzitiko Udalak emandako aparkatzeko txartela eskuratzen ahalko dute desgaitasuna ofizialki aitortua duten pertsona fisikoek, bat etorriz Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bateginaren 4.2 artikuluan ezarritakoarekin (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), baldin eta eskabidea egiteko unean baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Udalerri honetan erroldaturik egotea.

b) Minusbaliotasun bat izatea; desgaitasun mota hauetako bat gutxienez frogatu beharko da:

–Lokomozio aparatuko desgaitasunen baten ondorioz mugikortasuna murriztua izatea eta honako alderdi hauek frogatzea:

Minusbaliotasun maila %33koa edo handiagoa izatea frogatzen duen ziurtagiria, agertuko duena zenbat puntu eskuratu diren garraio publiko kolektiboak erabiltzea eragozteko moduko mugikortasun arazoak direla erabakitzeko baremoan (abenduaren 23ko 1971/4999 Errege Dekretuaren eranskinean jasotako baremoa); hau da, garraio publiko kolektiboa erabiltzea eragozten duten mugikortasun arazoak direla erabakitzeko baremoan A, B edo C atalean egotea, edo 7 punturekin edo gehiagorekin egotea D, E, F, G eta H ataletan.

–Desgaitasuna ikusmenekoa bada, honako hau frogatu beharko da:

Desgaitasuna %33koa edo handiagoa dela dioen ziurtagiria.

Egoera honen gaineko ziurtagiria:

  • Begirik hoberenean begi-zolitasuna 0,1 (1/10 Wecker eskalan) edo gutxiago izatea leiar zuzentzaileekin, edo ikuseremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.

Bi egoera horiek, bai mugikortasun murriztuak bai ikusmeneko desgaitasunak, desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalen irizpena jaso beharko dute. Talde horiek egonen dira egoki diren organo tekniko eskudunen barnean, zeinak dagozkien organoen mende egonen baitira desgaitasun eta minusbaliotasun maila kalifikatzeko eginkizunak eskualdatuak dituzten autonomia erkidegoetan, abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuan ezarritako xedapenekin bat (minusbaliotasunaren aitorpena, deklarazioa eta haren mailaren kalifikazioa egiteko prozedurari buruzko errege-dekretua). Hartara, talde multiprofesional horiek irizpena emanen dute, aginduzkoa eta Udalarendako lotestea izanen dena, txartela eman dezan.

Artikulu honetan eskatzen diren baldintzak betez gero, aparkatzeko txartela emanen da.

2. Halaber, aparkatzeko txartelaren titularrak izaten ahalko dira desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko soilik diren ibilgailuen titularrak, bai pertsona fisikoak bai pertsona juridikoak direnak, baldin abenduaren 14ko 39/2006 Legean aipatzen diren gizarte zerbitzuak ematen badituzte (Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko Legea), autonomia pertsonala sustatzeko eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzekoak, edo, orobat, ematen badituzte Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginean aipatzen diren gizarte zerbitzuak (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia).

3. Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak emanen zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta irizpen ofizialik izan ez, larritasun handiko gaixotasun edo patologiaren bat badute, eta horrek bizi-itxaropena, haien adinaren arabera eta gainerako egoera pertsonalen arabera naturaltzat jotzen dena, nabarmen jaisten badu, eta, beraz, aparkatzeko txartela ohiko bidetik izapidetzeko denborarik ez dagoenean. Kasu horretan, osasun arloko zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek emaniko ziurtagiria beharko da. Aparkatzeko behin-behineko txartelak urtebeterako emanen dira gehienez ere, eta epe bererako luzatzen ahalko dira, emateko eskatutako hasierako baldintzak mantentzen baldin badira. Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egiten ahalko ditu, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzearren.

3. artikulua. Eskatzeko prozesua.

Interesdunak eskabidea egin ondoren emanen da txartela.

Txartela Udaleko erregistro orokorrean eskatuko da, ordenantza honen eranskinean jasotzen den ereduari jarraikiz.

Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskatzailearen izen-deiturak.

–Karneterako argazki bat.

–NANa.

–Herrian erroldaturik egotearen ziurtagiria.

–Iraungitako txartela, txartela berritu nahi denean.

–Eskabidea desgaitasuna duen pertsona fisikoak egiten badu, desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean leiar zuzentzaileekin 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluan jasotako baldintzetan. Desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalek emaniko agiriak izanen dira nahitaez.

Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkoa dela uste badu, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari txosten bat eskatzen ahalko dio, eskatzaileak txartela eskuratzeko baldintzak biltzen dituela dioena, edo argibideak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.

–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek emandako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuan eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak balioztatua.

–Ordenantza honen 1. artikuluko 2. apartatuan aipatu bezala, pertsona fisiko edo juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela.

Eskatzen diren baldintzak betez gero, aparkatzeko txartela emanen da.

4. artikulua. Aparkatzeko txartelaren ezaugarriak eta hura erabiltzeko baldintzak.

Aparkatzeko txartela erabiltzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

–Txartela pertsonala eta besterenezina izanen da erabat; hura erabiltzeko, titularra eraman beharko da ibilgailuan edo desgaitasuna duen titularrak berak gidatu beharko du. Txartela erabiltzen bada desgaitasuna duen pertsona ez dagoenean, besterik gabe kenduko zaio eta ezinezkoa izanen du etorkizunean txartelik erdiestea. Desgaitasuna duen pertsona bakoitzeko txartel bakarra emanen da. 2.2 artikuluan jasotzen den kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori mugikortasuna murrizturik duten pertsonen garraio kolektiborako soilik erabiliko da. Txartela baliozkoa izanen da, soilik, ibilgailuan halako pertsonak eramaten direnean egiazki.

–Txartela jasotzen dutenek, txartel hori lortzeko baldintzetan edo betekizunetan aldaketaren bat izaten bada, horren berri eman behar diote Udalari. Aldaketen berri ez ematea txartela besterik gabe kentzeko arrazoi izanen da. Udalak ahalmena izanen du bidezkoak iruditzen zaizkion errekerimenduak egiteko, ordenantza hau betetzeko.

–Txartela aurrealdeko haizetakoan paratu beharko da, haren aurrealdea ibilgailuaren kanpotik irakurtzeko moduan dela. Agintaritza eskudunak edo haren agenteek eskatuz gero, azter dezaten utziko zaie.

Aparkatzeko txartelaren titularrek, txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago, honako eskubide hauek edukiko dituzte Estatu osoan:

a) Aparkatzeko tokia erreserbatzea etxetik edo lantokitik hurbil, kasuan kasuko administrazioari eskaera egin eta beharra justifikatu ondoren, autonomia erkidegoko edo tokiko administrazioek ezartzen dituzten baldintzen arabera. Irisgarritasunaren nazioarteko sinboloarekin seinalatu beharko da toki hori.

b) Desgaitasuna duten pertsonendako gaitutako lekuetan aparkatzea.

c) Beharrezkoa den denboran aparkatzea aparkatzeko denbora mugatua dagoen eremuetan, eragozpena izan gabe hirugarren xedapen iragankorrean ezarritakorako.

d) Zamalanetarako erreserbatutako eremuetan gelditu edo aparkatzea, tokiko administrazioak ezarritako baldintzetan, oinezkoei edo trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie.

e) Bideko edozein lekutan gelditzea, justifikaturik badago eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez, eta oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta betiere agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

f) Bertako bizilagunendako zirkulazioa mugaturik duten bide, eremu nahiz guneetan sartzea, baldin eta aipatutako eremu horren barnean dagoen toki batera badoaz.

2. Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inoiz baimenik emanen honako hauetan aparkatzeko: oinezkoendako eremuetan, oinezkoendako pasabideetan, gelditzeko debekua duten lekuetan eta kasuetan, pasabideak nahiz larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten lekuetan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan eta zirkulazio erreiak txikiagotzen dituzten eremuetan.

5. artikulua. Balio-epea eta berritzea.

Aparkatzeko txartelen balio-epea honako hau izanen da: bost urte.

Epe hori bukatu aurretik, txartela berritzeko eskabidea egin beharko da. Txartela berritzeko, ezinbestekoa izanen da titularrak bete ditzan txartela jasotzeko eskatzen zitzaizkion baldintzak.

Txartela berritzeko eskabidea aurkeztearekin batera, aurretiaz emandako txartelaren balio epea luzatuko da prozedura ebatzi arte.

Eskabidea aurkezten bada azken txartelaren indarraldia bukatu eta ondoko laurogeita hamar egun naturalen barnean, indarrean jarraituko du aurreko txartel horrek berritzeko prozedura ebatzi arte.

Gerta liteke txartela jasotzeko eskubidea ematen duen desgaitasun mailaren balorazioa berrikusi behar izatea artikulu honetan aipatutako balio-epea bete baino lehen. Horrelakoetan, desgaitasun maila berrikusteko egunera arte balio izanen du txartelak.

Salbuespena: desgaitasuna aldi batekoa denean, kasuan kasuko erakundeak emandako ziurtagiriaren arabera, txartelaren balio-epea ziurtagirian agertzen dena izanen da.

Berritzea eskatzen denean, hirugarren artikuluan aipatu agiriak aurkeztu beharko dira, salbu eta txartela eskuratzeko baldintzak aldatu ez badira; orduan, karneterako argazki berria, kolorezkoa, besterik ez baita aurkeztu beharko. Txartel berriak zaharraren zenbaki bera izanen du.

Gaur egun indarra duten txartelak baliozkoak izanen dira, txartela emateko jatorrizko agirian ezarritako epea bete arte, baina berritzen direnean txartelak eskuratzeko hemen onartu diren baldintzak bete beharko dituzte.

6. artikulua. Titularren betebeharrak.

1.–Aparkatzeko txartelaren titularraren betebeharrak hauek dira:

a) Txartela behar bezala erabiltzea, aurreko artikuluan jasotako baldintzen arabera.

b) Aparkatzeko txartela ibilgailuaren aurreko panelean jartzea, edo aurreko haizetakoan, barnetik itsatsita. Kasu guztietan, agiria jatorrizkoa izanen da eta kanpotik argi eta garbi ikusi eta irakurri ahal izateko moduan egonen da.

c) Bere burua identifikatzea, agintaritzaren agente batek hala eskatzen badio.

d) Agintaritzaren agenteei laguntzea, ahal den neurrian saiheste aldera sor daitezkeen trafiko arazoak, aparkatzeko txartela erabiltzeak berekin dakartzan eskubideak erabiltzean.

e) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea, txartela berritzeko unean edo indarraldia bukatzen denean.

2.–Betebehar horiek ez betetzeak ekar dezake aparkatzeko txartela deuseztatzea edo aldi baterako kentzea. Horrez gain, ekar dezake legezko eta erregelamenduzko xedapenetan ezarritako zigorrak jartzea.

Txartela deuseztatzea ekar dezake, halaber, pertsona fisikoek nahiz juridikoek aparkatzeko txartelarekin iruzur egiteak.

Txartela deusezta nahiz aldi baterako ken daiteke interesdunei entzunaldia emateko espedientea izapidetu aurretik ere.

7. artikulua. Txartelaren lurralde eremua.

Txartelak Espainiako lurralde osorako balioko du, eta Europar Batasuneko estatuetan erabiltzen ahalko da, tokian eskumena duten organoek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2000608