20. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEZAUN

Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Lezaungo Kudeaketa Batzordeak, 2019ko urriaren 21ean egin bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2019ko 221. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 8an, baita Lezaungo Udalaren ediktuen oholean paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduak betez, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Lezaunen, 2020ko urtarrilaren 13an.–Alkatea, Mikel Etxebeste López.

DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA, LEZAUNGO UDALARENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, aplikatzekoa den araudia betez, desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzea. Horretarako beteko dira Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7.b) artikuluan ezarritako betebeharrak (legea martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen), eta jasoko da abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuan ezarritakoa (haren bidez desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak emateko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautu ziren).

2. artikulua. Titularrak.

Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelaren titularrak izan daitezke:

1.–Desgaitasuna duten eta honako egoera hauetakoren batean dauden pertsona fisikoak:

a) Mugikortasun murriztua izatea, Desgaitasun maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotakoaren arabera.

Aipatutako eranskinean jasotako baremoaren arabera, nahitaezkoa da A, B edo C apartatuetan deskribatutako egoeraren batean egotea, edo gutxienez 7 puntuko puntuazioa lortzea gainerako apartatuetan (D, E, F, G eta H) lortutako puntuen baturan.

b) Begirik onenean ikusmen-zolitasuna 0,1 edo gutxiago izatea leiar zuzentzaileekin, edo ikuseremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua. Bi egoera horiek desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalen irizpena jaso behar dute.

2.–Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak jasotzen duenaren arabera, desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzera soilik bideratutako ibilgailuak dituzten pertsona fisikoak eta juridikoak, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta egiteko gizarte zerbitzuak ematen dituztenean. Halaber, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei eta horien Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginak (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onartua) aipatzen dituen gizarte zerbitzuak.

3. artikulua. Erabiltzeko baldintzak.

Aparkatzeko txartela titularraren alde eta soilik berak erabiltzeko emanen da, txartelaren titularrak joan-etorrietarako ibilgailuetan erabil dezan. Pertsonala eta besterenezina da, eta erabiliko da, bakar-bakarrik, baldin eta titularrak ibilgailua gidatzen badu, edo titularra ibilgailuan badaramate.

Aurreko artikuluko 2. apartatuan jasotzen den kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori mugikortasuna murrizturik duten pertsona taldeak garraiatzeko baizik ez da erabiliko. Txartela baliozkoa izanen da, soilik, ibilgailuan halako pertsonak garraiatzen direnean egiazki.

Aparkatzeko txartela erabili ahal izateko, titularrak txartel hori jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak mantendu beharko ditu.

4. artikulua. Balio epea.

Aparkatzeko txartelen balio epea honako hau izanen da: 5 urte.

Epe hori bukatu aurretik, txartela berritzeko eskaera egin beharko da. Txartela berritzeko, ezinbestekoa izanen da titularrak txartela jasotzeko eskatzen zitzaizkion baldintzak betetzea.

Txartela berritzeko eskabidea aurkeztearekin batera, aurretiaz emandako txartelaren balio epea luzatuko da prozedura ebatzi arte.

Eskabidea aurkezten bada azken txartelaren indarraldia bukatu eta ondoko laurogeita hamar egun naturalen barnean, ulertuko da indarrean jarraitzen duela berritzeko prozedura ebatzi arte.

Gerta liteke txartela jasotzeko eskubidea ematen duen desgaitasun mailaren balorazioa berrikusi behar izatea artikulu honetan aipatutako balio epea bete baino lehen. Horrelakoetan, desgaitasun maila berrikusteko egunera arte balio izanen du txartelak.

5. artikulua. Aparkatzeko txartela, behin-behinekoa.

Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak eman ahalko zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta aipatutako mugikortasun murriztu hori ofizialki emana izan ez, larritasun handiko gaixotasunagatik edo muturreko patologiagatik, horrek haien adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako normaltzat jotzen den bizi-itxaropena argi eta garbi nabarmen murriztea dakarrenean eta, orobat, aparkatzeko txartela ohiko bidetik tramitatzeko denborarik ez dutenean.

Osasun zerbitzu publikoek emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko dira halako egoerak. Ziurtagiria eskatzailearen bizilekuko osasun zerbitzu eskudunen ikuskaritzak balioztatu beharko du.

Txartel hori urtebeterako emanen da gehienez ere, eta epe bererako luzatu ahalko da, mantentzen baldin badira hura emateko hasiera batean eskatzen ziren baldintzak.

Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egin ahalko ditu, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

6. artikulua. Txartela emateko prozedura.

Interesdunak eskaera egin ondoren emanen da txartela.

Txartela Udaleko erregistro orokorrean eskatuko da, ordenantza honen I. eranskinean jasotzen den ereduari jarraikiz.

Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskatzailearen izen-deiturak.

–Bi argazki, nortasun agirirako tamainakoak.

–NANa.

–Udal erroldaren ziurtagiria.

–Iraungitako txartela, txartela berritu nahi denean.

–Eskaera desgaitasuna duen pertsona fisikoak egiten badu, desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean eta leiar zuzentzaileekin 0,1eko edo gutxiagoko begi-zorroztasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikusmen eremua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. apartatuan jasotako baldintzetan. Dokumentazioa desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalek bete beharko dute.

Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkoa dela uste badu, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari eskatu ahalko dio eskatzaileak txartela eskuratzeko baldintzak biltzen dituela dioen txostena, edo argibideak eskatu ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.

–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek emandako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuan eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak balioztatua.

–Ordenantza honen 1. artikuluko 2. atalean aipatu bezala, pertsona fisiko edo juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela.

Eskatzen diren baldintzak betez gero, aparkatzeko txartela emanen da.

7. artikulua. Txartelaren lurralde eremua.

Txartelak Espainiako lurralde osorako balioko du, eta Europar Batasuneko estatuetan erabili ahalko da, tokian eskumena duten organoek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.

8. artikulua. Titularren eskubideak eta erabilera mugak.

1.–Txartelaren titularrek ondoren aipatzen diren eskubideak edukiko dituzte Estatu osoan, txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago.

a) Bizilekutik edo lanpostutik hurbil aparkatzeko erreserba, aldez aurretik eskatzen bada, eta premia justifikatuz gero.

b) Desgaitasuna duten pertsonendako gaitutako lekuetan aparkatzeko eskubidea.

c) Denbora mugatuan aparkatzeko eremuetan beharrezkoa duen denboran aparkatzeko eskubidea.

d) Zamalanetarako gordetako eremuetan gelditzeko eta aparkatzeko eskubidea; oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

e) Bideko edozein lekutan gelditzea, justifikaturik badago eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez, eta oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta betiere agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

f) Zirkulazioa bertako bizilagunendako mugaturik duten bideetan, eremuetan nahiz guneetan sartzeko eskubidea, baldin eta aipatutako eremu horren barnean dagoen toki batera badoaz.

2.–Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inoiz baimenik emanen honako hauetan aparkatzeko: oinezkoendako eremuetan, oinezkoendako pasabideetan, gelditzeko debekua duten lekuetan eta balizkoetan, pasabideak nahiz larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten lekuetan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan, eta zirkulazio erreiak txikiagotzen dituzten eremuetan.

9. artikulua. Titularren betebeharrak.

1.–Aparkatzeko txartelaren titularraren betebeharrak hauek dira:

a) Txartela behar bezala erabiltzea, aurreko artikuluan jasotako baldintzen arabera.

b) Aparkatzeko txartela ibilgailuaren aginte-mahaian jartzea, edo aurreko haizetakoan, barnetik itsatsita. Kasu guztietan, agiria jatorrizkoa izanen da eta kanpotik argi eta garbi ikusi eta irakurri ahal izateko moduan egonen da.

c) Bere burua identifikatzea, agintaritzaren agente batek hala eskatzen badio.

d) Agintaritzaren agenteei laguntzea, ahal den neurrian saiheste aldera sor daitezkeen trafiko arazoak, aparkatzeko txartela erabiltzeak berekin dakartzan eskubideak erabiltzean.

e) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea, txartela berritzeko unean edo indarraldia bukatzen denean.

2.–Betebehar horiek ez betetzeak aparkatzeko txartela bertan behera geratzea edo aldi baterako kentzea ekar dezake. Horiez gain, legezko eta araubidezko xedapenetan ezarritako zigorrak ekar ditzake.

Txartela deuseztatzea ekar dezake, halaber, pertsona fisikoek nahiz juridikoek aparkatzeko txartelarekin iruzur egiteak.

Txartela deuseztatu edo aldi baterako ken daiteke aldez aurretik espedientea tramitatuta, eta bertan interesdunei entzutea emanda.

Lehen xedapen iragankorra.–Ordenantza hau onartu aurretik emandako aparkatzeko txartelak baliozkoak izanen dira txartela emateko jatorrizko agirian jasotzen den muga-egunera arte.

Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan, eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L2000342