20. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

240/2019 FORU AGINDUA, abenduaren 31koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana. Horren bidez, abeltzaintza-ustiategietako ordezkapen-zerbitzuetarako laguntzen arauak erregulatzen dira eta 2020rako deialdia onesten da. DDBN identifikazioa: 492174.

Lehen sektoreko bizi- eta lan-baldintzak gainerako sektorekoekin parekatzeko, eta nekazaritzako jarduerak gainerako jarduerek dauzkaten lan-baldintza berberak izan ditzala bermatzeko, Nafarroako Foru Komunitateak nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan titularrak ordezkatzeko zerbitzuak sortzeko laguntzak ezartzen ditu.

Eman beharreko laguntzen xedea dira oporrak, gaixotasuna edo istripua eta amatasuna edo aitatasuna izanez gero ordezkapen-zerbitzuak ezartzea, pertsonen lan-baldintzak eta bizi- kalitatea hobetzeko. Ordezkapen-zerbitzua soilik emanen da ustiategietako langileak bertako ohiko zereginetan lanean ez daudenean. Ustiategian lanak metatzea edo/eta lan osagarrietan laguntzea ez dira laguntza honen xede izanen.

Ordezkapen-zerbitzuetarako, kontuan hartuko dira gehieneko tamaina eta lan-zama justifikatzen duen gutxieneko ganadu-errolda duten ustiategiak, ulertzen baita ustiategi horiek nahikoa langile dutela lana antolatzeko. Ordezkapen-zerbitzu horietatik kanpo geratzen dira hegaztien eta txerrien abeltzaintza intentsiboko ustiategiak eta gizendegiak, ustiategiaren maneiuan saneamendu-hutsaldiko egunak dituztelako, ustiategiaren titularrari bere lana antolatzea ahalbidetzen diotenak.

Nekazaritza-ustiategietarako ordezkapen-zerbitzuetarako laguntzak Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 23. artikuluan xedatutakoaren araberakoak dira; izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Arau hau onetsi aurretik, Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak adierazi zuen Espainiako agintariek (Nafarroako Foru Komunitateak) igorritako informazio laburtuaren idazkia jaso zuela, eta goian aipatutako arau proiektua erregistratu zuen, SA. 54751 (XA/2019) laguntza zenbakiarekin.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Horrenbestez, bidezkoa da laguntza hauen oinarri arautzaileak ezartzea eta 2020rako deialdia onestea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatuko zaio foru agindu honi.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Arauen onespena.

1. Nekazaritza-ustiategietako ordezkapen-zerbitzuetarako laguntzak erregulatzen dituzten arauak onesten dira, foru agindu honen I. eranskinean jasotzen den moduan.

2. Laguntzetarako araubide honek 2019ko abenduaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra arte iraunen du.

2. artikulua. Gardentasuna aitortzeko betebeharra.

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenerako eredua onestea, helbide honetan eskuratu daitekeena:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf.

Lehen xedapen gehigarria.–2020ko laguntzen deialdia eta eskaerak aurkezteko epea.

1. Nekazaritza-ustiategietako ordezkapen-zerbitzuetarako laguntzen 2020ko deialdia onesten da.

2. Bi hilabeteko epea egonen da 2020an laguntza-eskaerak aurkezteko, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Bigarren xedapen gehigarria.–Aurrekontuko kredituak.

Foru agindu honetatik heldu diren gastu-konpromisoak betetzeko, 75.000 euroko gastua baimentzen da, 2019ko gastu-aurrekontuetako “Abeltzaintzako ustiategietako ordezkapen-zerbitzuetarako laguntzak” izeneko 710004-71310-4700-412212 partidaren kargura edo 2020ko aurrekontuetan horretarako gaitzen den partida baliokidearen kargura; horretarako baldintza izanen da, betiere, kreditu egokia eta behar adinakoa egotea.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Laugarren xedapen gehigarria.–Dirulaguntzen deialdiaren erregistroa.

Arau erregulatzaile hauek eta dirulaguntzen deialdia Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB) erregistra daitezen agintzen da.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Baldintzakotasuna.

Foru agindu honetan arautzen diren laguntzak emateko, salbuespen-eskaera argitaratu beharko da Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren webgunean, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 9.1 artikuluarekin bat.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko abenduaren 31n.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

I. ERANSKINA

Nekazaritza-ustiategietan ordezkapen-zerbitzuak edukitzeagatik ustiategiei dirulaguntzak emateko arau erregulatzaileak

1. artikulua. Xedea eta helburua.

1. Foru-agindu honen xedea da nekazaritzako ekoizpen primarioan diharduten enpresa txiki eta ertainetako langileak ordezkatzeko zerbitzuak ematen dituzten ekoizle-talde eta -erakundeei, kooperatibei, abere-hazleen elkarteei eta osasun-defentsako taldeei laguntzak emateko arauak ezartzea; halakoek zerbitzu horiek eman dituzte abeltzaintza-ustiategietako titularra gaixotasunagatik, oporrengatik, amatasuneko baimenagatik eta aitatasuneko baimenagatik lanean ez dagoen bitartean. Horrekin, izan ere, abeltzaintzako ustiategietako titularren lan-baldintzak hobetu eta haien bizi-kalitatea handitu nahi dira.

2. Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 23. artikuluan jasotako aplikazio eremuan, salbuespen baldintzetan eta laguntza kategorietan kokatzen da laguntza araubide hau; erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

3. Laguntza hauek Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren aplikazio eremutik baztertuta daude kasu hauetan:

a) Batzordeak laguntza bat legez kanpoko eta barne merkatuarekin bateraezin deklaratzeko erabakia hartu ondoren, berreskuratze agindu baten zain dauden enpresentzako banakako laguntzak ordaintzen diren kasuan.

b) Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluan definitzen diren moduan krisiak jota dauden enpresentzako laguntzak direnean.

4. Laguntzetarako araubide hau 2019ko abenduaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra arte egonen da indarrean.

2. artikulua. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta laguntzaren intentsitatea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintzako ustiategietarako ordezkapen-zerbitzu bat ematera mugatu beharko da laguntza.

2. Laguntzaren zenbatekoa 60 eurokoa izanen da ordezkapen-egun bakoitzeko, honako kasu hauetan: oporrak, gaixotasunagatiko laneko bajak, amatasunagatiko baja eta guraso-baimena, eta heriotza.

3. Moduluaren eguneko zenbatekoa berbera izanen da pertsona fisikoen ustiategien kasuan eta pertsona juridikoen kasuan.

4. Ordezkapen-zerbitzua diruz lagundu ahal izanen da eskaera egin den urteko urtarrilaren 1ean honako tamaina hauek dituzten ustiategietan:

–Haragitarako ardi-azienda: ugaltzeko diren 400 eta 1000 ardi bitarte.

–Esnetarako ardi-azienda: ugaltzeko diren 150 eta 500 ardi bitarte.

–Haragitarako behi-azienda: 24 hilabetetik gorako 80 eta 200 behi bitarte.

–Esnetarako behi-azienda: 24 hilabetetik gorako 25 eta 60 behi bitarte.

–Untxiak: ugaltzeko diren 500 eta 2000 untxi eme bitarte.

5. Laguntzaren intentsitatea benetako kostuen %100era mugatuko da, eta laguntza ezin izanen zaie zuzenean ordaindu onuradunei. Nolanahi ere, ordainduko den dirulaguntzak ezin izanen du gainditu ordezkapen-zerbitzua ematearen kostuaren eta ordezkapen-zerbitzuak jasotzen dituzten nekazaritza-ustiategiek ordaindutako kuoten arteko aldea”.

6. Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) ez da diruz lagunduko, salbu eta onuradunak ezin badu berreskuratu.

3. artikulua. Eskatzailea eta laguntza jasotzeko betebeharrak.

1. Laguntza horiek eskatu ahal izanen dituzte ekoizle-talde eta -erakundeek, kooperatibek, abere-hazleen elkarteek eta osasun-defentsako taldeek, baldin eta abeltzaintza-ustiategiei ordezkapen-zerbitzuak ematen badizkiete eta Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera ETEak badira, Nafarroako Foru Komunitatean helbidea eta jarduketa-eremua dutenak, eta, gainera, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nortasun juridikoa izatea eta zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

b) Ekoizle-talde eta -erakundeek eman ahal izanen dute ordezkapen-zerbitzua, haien tamaina edozein dela ere. Kasu horretan, ekoizle-talde eta -erakunde horietan afiliatzea ez da baldintza bat izanen zerbitzua jaso ahal izateko.

c) Ordezkapen-zerbitzua emateko jarduketa-plan bat edukitzea.

d) Egin beharreko jardueren eta ordezkapenak egiteko dauzkaten langileen zerrenda, haien gaitasuna eta prestasuna adierazita.

e) Laguntzaren eskatzaileak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko ditu.

2. Laguntzen azken onuradunak nekazaritzako ekoizpen primarioan diharduten ustiategi txiki eta ertainak izanen dira, baldin eta beren ustiategian ordezkapen-zerbitzuak zeharka eta gauzaz jasotzen badituzte, diruz lagundutako ordezkapen-zerbitzu baten bitartez.

4. artikulua. Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea 9, Iruña), Abeltzaintza Zerbitzuari zuzenduak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

2. Eskaerarekin batera ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Ekoizle-talde edo -erakundearen, kooperatibaren, abere-hazleen elkartearen edo/eta osasun-defentsarako taldearen estatutuen kopia konpultsatua.

b) Diruz lagun daitezkeen kasu hauetan jarraitu beharreko jarraibideak jasotzen dituen jarduketa-plana:

–Aurreikusitako jarduketa-egutegia honako kasu hauetan:

  • Oporrak: ustiategiaren zenbakia, egunak eta gutxi gorabeherako data adierazita.
  • Gaixotasunagatiko edo istripuagatiko baja, seme-alabena barne: bazkide guztien %10eko bajak aurreikusi ahal izanen dira gehienez.
  • Amatasuna edo aitatasuna: ustiategiaren zenbakia, egunak eta gutxi gorabeherako data zehaztuta.
  • Heriotza.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekurik urratzen ez dela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

d) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: “Nik, xxx, nire izenean/xxx ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, abeltzaintza-ustiategietako ordezkapen-zerbitzuetarako laguntzak tramitatzeko prozeduran, nik/ordezten dudan entitateak zergen ordainketak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak ditudala/dituela egiaztatzeko”.

e) Lehenagoko d) atalarekin ados ez badago, entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharren eta Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.

f) Zerbitzuen hartzaile diren ustiategiek nekazaritza-ekoizpen primarioan aritzen diren ustiategi txiki eta ertain gisa hartu ahal izateko eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatze aldera, ordezkapen-zerbitzua ematen duten entitateek adierazpen sinatua aurkeztu beharko dute, ordezkapen-zerbitzua ematen dieten ustiategi guztiak nekazaritza-ekoizpen primarioan aritzen diren ustiategi txiki eta ertaintzat hartzeari buruzkoa”.

3. Horietako agiriren bat Foru Komunitateko Administrazioak baldin badu, interesdunak eskaeran hala azaldu beharko du, adieraziz zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datuak aztertzeko baimena eman beharko dio.

5. artikulua. Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak:

1. Laguntzak honako hauek ordezkatzearen kostu errealak estaliko ditu: nekazaritzan edo abeltzaintzan aritzen den pertsona bat, ustiategiko familia-unitateko kidea den pertsona fisiko bat edo gaixotasun baten ondorioz (seme-alaben gaixotasuna barne), oporrengatik, amatasuneko eta aitatasuneko baimenarengatik edo heriotzaren ondorioz lanean ari ez den nekazaritzako langile bat.

2. Ordezkapenaren iraupen osoa hiru hilabetekoa izanen da urte eta onuradun bakoitzeko, amatasunagatiko eta aitatasunagatiko baimenen ordezkapena izan ezik, zeina kasu bakoitzean sei hilabetekoa izanen baita.

3. Ustiategitik kanpoko pertsonek egin beharko dituzte ordezkapenak, aldi hauetan:

a) Oporrengatiko ordezkapen-zerbitzua: diruz lagun daitekeen gehieneko oporraldia 15 egun naturalekoa izanen da urte eta ustiategi bakoitzeko.

b) Gaixotasunagatiko edo istripuagatiko (seme-alabena barne) ordezkapen-zerbitzua: ordezkapen-aldia gehienez 20 egun naturalekoa izanen da ustiategi eta urte bakoitzeko. Kasu horretan, ustiategi bakoitzeko gertatutako baja adina eskaera aurkeztu ahal izanen dira, artikulu honetako 2. puntuan aipatutako gehienekoa errespetatuz.

c) Amatasunagatiko edo aitatasunagatiko ordezkapen-zerbitzua: ustiategi eta urte bakoitzeko gehieneko ordezkapen-aldia amatasunagatiko 30 egun naturalera eta aitatasunagatiko bajetarako 20 egunera mugatuko da.

d) Heriotzagatiko ordezkapen-zerbitzua: ordezkapen-aldia gehienez 20 egun naturalekoa izanen da ustiategi eta urte bakoitzeko.

4. Diruz lagun daitezkeen gastuak langileen zuzeneko gastuak izanen dira, eta honako hauek izan daitezke:

–Soldata-kostuaren eta Gizarte Segurantzaren kontzeptuak, zerbitzua ematen duen entitatearen kontura.

–Ustiategian ordezkapen-zerbitzua egiten duen langile autonomoak entitate emaileari igorritako fakturak.

6. artikulua. Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Honako hauek izanen dira laguntza emateko lehentasun irizpideak:

1. Honako espezie hauen ekoizle-talde eta -erakundeak, kooperatibak, abere-hazleen elkarteak eta osasun-defentsarako taldeak, lehentasun-hurrenkera honen arabera:

a) Jardueraren xedearen edo izaeraren arabera:

1.1. Esnetarako ardi-azienda.

1.2. Untxi-hazkuntza.

1.3. Haragitarako ardi-azienda.

1.4. Haragitarako behi-azienda.

1.5. Esnetarako behi-azienda.

b) Laguntza-eskaera aurkezten den urtean ordezkapen-zerbitzua emateko asmoa duten nekazaritza-ustiategien kopuruaren arabera.

2. Aurrekontua lehentasunezko talderen baten eskaerak finantzatzeko aski ez bada, talde horren barrenean kobratu beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.

7. artikulua. Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak.

8. artikulua. Eskatzailearen betebeharrak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, eskatzaileak honako betebehar hauek ere bete beharko ditu:

a) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eskura jartzea haren eginkizunak egiteko behar dituen argibide guztiak.

b) Eman eta hartutako dirulaguntzak direla eta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egiten dituen egiaztapen ekintzak oro onartzea.

c) Helburu bereko beste edozein dirulaguntza publiko batzuk eskatu izanaren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

d) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari idatziz komunikatzea, horren berri jakin bezain pronto, jarduketa planean gertatutako edozein gorabehera, baldintza hauen ez betetzea badakar.

9. artikulua. Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, eskatzaileak onuradun izateko I. eranskineko 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da. 4. artikuluan eskatutako agiri guztiak aurkezten ez baditu, interesdunari eskatuko zaio 10 eguneko gehieneko epean ekar ditzala, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta halaxe jakinaraziko zaiola.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egin ahal izanen dira.

3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen-proposamena aurkeztuko du, foru agindu honen 2. artikuluan ezarritako zenbatekoak eta laguntza-eskaeran aurkeztutako jarduketa plana kontuan hartuta.

4. Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, diruz lagun daitezkeen kontzeptuak hartuko dira kontuan; hain zuzen, 5. artikuluaren 3. eta 4. puntuetan adierazitakoak.

5. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzei buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

6. Ebazpena emateko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi egin dela ulertuko da.

10. artikulua. Ordainketa egiteko modua eta epeak.

1. Lehenik eta behin, egiaztatuko da abeltzaintzako ustiategiak ordezteko zerbitzuak ematen dituen ekoizle-talde edo -erakunde, kooperatiba, abere-hazleen elkarte edo/eta osasun-defentsako talde bakoitzari laguntza emateko baldintzak –laguntza ordaindu aurretiko baldintzak, hain zuzen– betetzen direla.

2. Laguntza ordainketa bakar baten bidez ordainduko da, foru agindu honen 2. artikuluaren 4. puntuan zehaztutako ustiategi motetan ordezkapena egin dela justifikatu ondoren, eta organo kudeatzaileak egiaztatu ondoren bai dirulaguntzaren xedeak bete direla, bai laguntzaren onuradunaren gardentasunari buruzko informazioa emateko betebeharra bete dela.

3. Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak eta aldiak foru agindu honen 5. artikuluan zehaztutakoak izanen dira, ordezkapen-zerbitzua laguntza-eskaera aurkeztu ondoren ematen denean.

4. Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa jasotzeko, ekoizle-talde edo -erakundeek, kooperatibek, abere-hazleen elkarteek edo/eta osasun-defentsako talde onuradunek dirulaguntza ordaintzeko eskaera aurkeztu beharko dute urte bakoitzeko azaroaren 10a baino lehen. Eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Langile autonomoak erreferentzia-aldian sinatutako lan-kontratuak edo egindako gastuen faktura, bai eta ustiategiari zerbitzua ematen dion pertsonari ordaindu zaiola egiaztatzen duen agiria ere.

–Erantzukizunpeko adierazpen bat, ustiategiaren titularrak eta ordezkapena egiteko arduradunak sinatua, II. eranskinaren arabera.

–Gaixotasunagatiko edo istripuagatiko ordezkapenaren kasuan, ustiategiko titularraren baja justifikatuko da dagokion baja-agiriaren bidez, hau da, diruz lagundu beharreko aldia estaltzen duten berrespen-parteen bidez; bajaren amaiera, berriz, dagokion alta-partearen bidez justifikatuko da.

–Amatasunagatiko edo aitatasunagatiko ordezkapenaren kasuan, kasuko jaiotza egiaztatzen duen agiria aurkeztuko da.

–Heriotza gertatuz gero, titularraren heriotza egiaztatzen duen agiria aurkeztuko da.

–Nolanahi ere, zerbitzua ematen duen entitateak aurkeztuko ditu ordezkapen-jarduerak sortutako diru-sarreren justifikazioa eta azken onuradunek honako betebehar hauek betetzen dituztela egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena:

  • Helburua betetzea edo dirulaguntza emateko oinarri den jokaera gauzatzea.
  • Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak onartzea, baita kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapenak eta finantza kontrolak ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.
  • Lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
  • Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
  • Eskatzekoak baldin bazaizkio, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, merkataritza legeria sektorialetan agindutako moduan, bai eta eskatzen zaizkion kontabilitateko egoera-orri eta berariazko erregistroak ere, egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz.

5. Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, 5. artikuluaren 3. puntuan aipatutako adierazleak hartuko dira kontuan, baina ordainketa ordezkapen-egun errealen arabera eginen da soilik.

11. artikulua. Interes publikoak bermatzeko neurriak.

Dirulaguntzaren hartzaile diren ekoizle-talde edo -erakundeek, kooperatibek, abere-hazleen taldeek edo/eta defentsa sanitarioko taldeek beren elkartearen edo abeltzainak ordezteko zerbitzuak ematen dituen entitatearen jardueran jarraitu beharko dute eskaera egiten den urtean zehar.

12. artikulua. Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1. Laguntza hauek honako hauekin metatu ahal izanen dira: Estatuko beste edozein laguntza, kostu diruz lagungarri berberetarako, izan partez edo izan osoki gainjarrietarako, soil-soilik baldin metaketa horrek berekin ez badakar gehieneko laguntza intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea, kontuan izanik erregelamendu honen arabera aplikatu beharrekoa.

2. Ebazpen honetan araututako laguntzak ez dira metatuko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 81. artikuluaren 2. apartatuan eta 82. artikuluan jasotako ordainketekin, diruz lagun daitezkeen kostu berei dagozkienak, baldin eta metaketa horrek Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako laguntzaren intentsitatea edo zenbatekoa gainditzen badu.

3. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak ez zaizkio metatuko kostu berberei dagokien “de minimis” motako beste laguntza bati baldin horrek berekin badakar Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduan ezarritako laguntzaren intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.

13. artikulua. Betebeharrak bete ezean.

1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz eginen dira diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

14. artikulua. Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Kasua bada, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitateek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatua, eta urteko kontuak, hauek jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da eskuragarri, Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatu ahal izanen du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu behar dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

15. artikulua. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Deialdi honetan ezarritako laguntzei dagokien ekoizle-talde edo -erakundeen, kooperatiben, abere-hazleen elkarteen edo/eta osasun-defentsako taldeen zerrenda argitara emanen da Nafarroako Gobernuaren webguneko zerbitzuen katalogoko fitxa garatzen duen araudian ezartzen denaren arabera.

2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB), Estatuko laguntzei dagokienean, argitaratuko du Europako Batzordearen 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren 2. paragrafoan jasotako informazioa, laguntza ematen den egunetik hasita sei hilabeteko epean. Informazio hori gutxienez hamar urtez egonen da eskuragarri, laguntza ematen den egunetik hasita.

II. ERANSKINA

Ustiategiaren titularraren erantzukizunpeko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2000773