20. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXARRI ARANATZ

2020tik 2022ra bitarteko Zergen Kontrolerako Plana

Etxarri Aranazko Udalak 2020ko urtarrilaren 15ean burututako osoko bilkuran, zerga kontrolerako 2020tik 2022ra bitarteko ekitaldietarako udal plana onetsi zuen, Tributuei buruzko 13/2000. Foru Lege Orokorrean eta 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan zehaztutako norainokoa eta edukia izanik.

Argitara ematen da aipatutako planaren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan, bat etorriz Nafarroako Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluarekin.

Etxarri Aranatzen, 2020ko urtarrilaren 17an.–Alkatea, Silvia Marañon Chasco.

ETXARRI ARANAZKO UDALAREN ZERGA KONTROLERAKO UDAL PLANA, 2020TIK 2022RA BITARTEKO EKITALDIETARAKO

Sarrera

Lehena.

Etxarri Aranazko Udaleko zerga kudeatzeko eta ikuskatzeko zerbitzuentzat beharrezkoa da zerga kontrolerako Udal Plana egitea 2020tik 2022ra bitarteko ekitaldietarako.

Zerga kontrolerako Udal Plana funtsezko tresna izanen da Udal Administrazioak urtero egin behar dituen egiaztapen eta ikerketa jarduketak planifikatzeko. Planak zehazten du zenbat eta nolakoak izanen diren kontrol jarduketak, ekitaldian ezarritako helburuak lortzea ahalbidetuko dutenak.

Bigarrena.

Zerga kontrolerako Udal Planak, funtsean, bi helburu nagusi izan behar ditu. Batetik, zerga justizia bermatzea Konstituzioak agintzen duen bezala, 31.1 artikuluak hauxe baitio hitzez hitz: “Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera; horretarako, zerga-sistema zuzena ezarriko da, berdintasun- eta progresibitate- printzipioetan oinarriturik; sistema hori ez da inoiz konfiskagarri izango.” Eta bestetik, Konstituzioaren 142. artikuluan azaltzen den helburua, toki entitateen nahikotasun ekonomikoaren printzipioan oinarritua: “Kasuan kasuko erakundeei legearen arabera dagozkien eginkizunak betetzeko, toki ogasunek behar besteko baliabideak izango dituzte; eta horien hornidura nagusiak izango dira udal zergak, eta estatuko eta autonomia-erkidegoetako diru-sarreretan parte hartzea.” Zerga betebeharrak kontrolatzeko eta balioak egiaztatzeko eginkizunak betetzen dituzten organoen jarduna, beraz, modu koordinatuan planifikatu behar da, eta ikuskaritza unitateen ahaleginak bideratu behar dira zerga iruzurrak atzeman eta eraginkortasunez erregularizatzera.

Hirugarrena.

Udal zerga guztietan iruzurrak atzematea izanen da Planaren helburua, baina arreta eta ardura bereziz zainduko dira jarduera ekonomikoen gaineko zerga, hiri-lurren balio igoeraren gaineko zerga, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta jabari publikoaren erabilera pribatiboaren tasa. Nolanahi ere, kontua ez da hemen zehatz- mehatz azaltzea zerga kontrolerako planaren indarraldian egin beharreko jarduketak. Aitzitik, zerga kontrolerako plan horretan, aurreikusten diren jarduketa ildo nagusiak dira aipagai, baita zergak kudeatu eta ikuskatzeko udal zerbitzuen ekintza nagusiak zein arlotan finkatuko diren, batere ukatu gabe jarduera ekonomikoen gaineko zergaren arloan Ekonomia eta Ogasun kontseilariak delegatzen ahal dituen eskumenak. Aplikatzekoa den araudiak, udalerriaren errealitate fiskalak eta udalerriak erabilgarri dituen baliabideek zehaztuko dute jarduera horiek zein diren.

Finean, kudeaketa eta ikuskapen prozeduraren bitartez aztertu eta ikertuko da zergapekoek ongi betetzen ote dituzten Tokiko Ogasun Publikoarekiko betebeharrak.

Bestalde, jarduketen irismena partziala edo orokorra izan daiteke. Jarduketa orokorrak eginen dira zergapekoaren zerga egoera bere osoan egiaztatzeko, Toki Ogasunaren edozein baliabideri dagokionez; eta jarduketa partzialetan, berriz, zerga bakar bat edo zergetako batzuk aztertuko dira.

Kudeaketaren arloan, egiaztapeneko eta ikerketako zerga-kudeaketako lanak egingo dira; egiaztapen mugatuko prozedurak edo balioen egiaztapenekoak perito-tasazio kontrajarriko prozesuen bidez, hala badagokio.

Zergak kudeatu eta ikuskatzeko departamentuek, beren jarduketetan, ikertu beharko dute zehatzak eta egiazkoak diren adierazitako egitateak eta inguruabarrak zergapekoen tributu bakoitzerako eskatzen diren aitorpenetan nahiz jakinarazpenetan. Halaber, ikertuko du Administrazioak osorik edo partez ezagutzen ez duen egitatezko elementuren bat edota zerga arloan garrantzitsua izan daitekeen beste aurrekariren bat ba ote den. Azkenik, aztertuko du zergapekoek egindako zerga likidazioko eragiketak zehatzak ote diren eta, era berean, ezarriko du haien zerga egoeran bidezko iruditzen zaion erregularizazioa.

Informazioa lortzeko jarduketak eginen dira, pertsona edo erakunde baten esku dauden datu edo aurrekariak ezagutzeko, baldin eta informazio hori zerga arloan garrantzitsua bada beste pertsona edo erakunde batzuei dagokienez, eta informazio hori, oro har, ez bada Zerga Administrazioari aitorpen bidez jakinarazi beharrekoa.

Administrazioko beste organo batzuen eskumenak deusetan ukatu gabe, argibide eta aholkuak emanen dira, hala eskatuz gero, ekonomia eta finantza gaiez, gai juridikoez edo gai teknikoez.

Aplikatu beharreko legeria

Udalaren zergak kudeatu eta ikuskatzeko departamentuei dagokie subjektu pasiboen eta gainerako tributudunen zerga egoera aztertzeko eginkizuna, Udalarekiko zerga betebeharrak eta eginbeharrak zehazki betetzen dituzten jakiteko, eta, hala balegokio, beharrezko erregularizazioa egiteko.

Udaleko zerga ikuskaritzak egin beharreko jardueren norainokoa eta edukia honako legeetan daude zehaztuta: Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan.

Organo eskudunak onetsitako zerga kontroleko planetara egokituko dira Udalaren zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko eginkizunak.

Zerga kontrolerako plan bakoitzean zehaztu behar dira kontuan hartuko diren irizpideak subjektu pasiboak hautatzeko eta bertan sartzeko.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira zerga kontrolerako planaren gaineko irizpide orokorrak, gisa horretara beterik Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan ezarritako betebeharra eta Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarritakoa.

Zergak ikuskatzeko planaren funtsa eta indarraldia

Espainiako Konstituzioak, 31. artikuluan, inplizituki adierazten du zerga kontrolerako plana beharrezkoa dela Konstituzioaren beraren agindua gauzatu ahal izateko: “Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia- ahalbidearen arabera”.

Zerga arloko ez-betetzeak kontrolatu eta iruzurrari kontra egitea, horra hor Udaleko zerga administrazioaren oinarrizko jarduketa lerroetako bat, ezarri dioten eginkizuna betetzeko, alegia, Espainiako zerga sistema eraginkortasunez aplikatzeko bere eskumeneko lurraldean.

Funtsezko xedea da egiaztapen eta ikerketa jarduera sustatu eta areagotzea, tributua orokortze aldera, eta, horrenbestez, zergen kudeaketa eraginkorrago bihurtzea. Horrela herritarrek zerga kontuetan beren arteko justizia eta berdintasuna bermatuak izanen dituzte, eta likidatu eta biltzen diren eskubideak ahal den neurrian gehituko dira.

Plana 2020tik 2022ra bitarte egonen da indarrean.

Isilpekotasuna

Kudeaketa eta ikuskapen jarduketak garatu behar dituzten planak isilpekoak dira eta ez dira aditzera emanen.

Zerga kontrolerako plana baimen orokor bat da, epe jakin batean ekin ahal izateko zergapekoen gaineko egiaztapen eta ikerketa jarduketei edota informazioa lortzekoei. Zergapekoak aukeratzeko erabiliko diren irizpideak biltzen ditu, sektorearen eta lurraldearen araberakoak, kuantitatiboak nahiz konparatiboak, baita horien iraupena ere.

Jarduketak baimentzeari nahiz antolatzeari begira, zerga kontrolerako planetan ahalik eta hobekien kudeatzen dira zerga ikuskaritzak dituen material eta giza baliabide mugatuak, zergen karga behar bezala banatuko dela bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez. Hori dela eta, ikuskatuko diren zergapeko egintzak hautatu beharra dago. Ikuskatzeko planak, beraz, lana arrazionalizatzen du, departamentuaren ahalegina ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara bideratuz.

Ikertu beharreko zergadunak hautatu ondoren, ikuskatzaileek edo kudeatzaileek, departamentuko gainerako langileek bezalaxe, beren eginbeharra bete beharko dute, eta horretarako lan-kargak finkatzen dira: estrategia jakin bati dagozkion espedienteak esleitzen zaizkio aktuario edo ikuskapen-unitate bakoitzari, epe jakin batean instruitzeko. Lana ezin da orduka edo emaitzen arabera neurtu, ikuskatzailearen ahaleginari eta gogoari erreparatuta baizik, eta horiek batzuetan espedienteetan gelditzen dira.

Plan hau egitean alderdi hauek landu behar izan dira:

–Ausazko alderdia:

  • Iruzurra eragotziko da, baldin eta egiaztapenetako batzuk itxuraz nabarmenak ez diren zergadunei egiten bazaizkie.

–Barne alderdi diskriminatzailea:

  • Zergadunen aitorpenek, datuak erkatzean, iruzurra egin dela susmatzeko moduko aldeak ager daitezke.

–Sektorekako adierazle ekonomikoen alderdia:

  • Azterketa sektorialetan oinarrituta, sektore bakoitzeko ohiko ratioak ezartzen dira, eta desbideratzeak zerga iruzurraren seinale izan litezke.

–Zerbait oker dagoela erakusten duten datuak direneko alderdia:

  • Kasu honetan gauza jakina da jardueran ari direla, baina ez hargatik zerga aitorpenik aurkezten.

Zerga Kontrolerako Plana betetzeko behar diren baliabideak

–Baliabide materialak:

  • Behar den laguntza teknikoa emanen dute honako udal alor hauek; Hirigintza, Ogasuna eta Ondareak.
  • Funtzionarioei zerga kudeaketako datu-baseak erabiltzen utziko zaie, behar-beharrezkoa baitute zergapekoen egoera aitortua ezagutzea, jakiteko bai zergapekoa tributuen aldetik nolako egoeran dagoen ikuskapena hasi aurretik, bai zergapekoaren tributu-egoera erregularizatzeko orduan, bidezkoa balitz. Izan ere, erregularizazio-proposamenetan kontuan hartu beharko da zergapekoak zer aitortu duen.
  • Funtzionarioen eskura jarriko dira katastroko informazioa, jarduera kaltegarrien espedienteak, jarduerak irekitzeko eta obrak egiteko lizentzien espedienteak, eta, halaber, jarduerei buruzko askotariko datuak, besteak beste, zenbait lehiaketatan aurkeztu izanari buruzkoak.
  • Obra handiak eta txikiak egiteko lizentzien espedienteak, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, eta ondasun higiezinen gaineko zergarako izena ematen dutenen kontrola; horrelako informazioak, besteak beste, funtsezkoak dira jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaindu behar duten zenbait jarduera kontrolatzeko, batez ere higiezinen eraikuntza eta sustapena, sektore horiek garrantzi ekonomiko handia baitute Udalaren diru kutxetarako.
  • Baliabide guztiak emanen zaizkie udalerrian barrena mugitzeko. Halaber, beren xedeak betetzeko behar dituzten bitarteko guztiak izanen dituzte.
  • Alkate udalburuak txartela edo lanerako beste identifikazio- agiriren bat emanen die ikuskatzaileei.

–Giza baliabideak:

  • Zerga Administrazioko funtzionario eta gainerako langileek eginen dituzte ikuskapen jarduketak. Funtzionario eta langile horiek zerga kudeaketa eta ikuskapenaren arloko eginkizunak dituzten organoetako lanpostuetan ariko dira. Era berean, prestakizunak egiteko eta zerga arloan garrantzia duten egitate edo inguruabarrak egiaztatu edo frogatzeko jarduketen ardura funtzionario ez diren langileei eman ahalko zaie, zerga administrazioaren zerbitzuan ari badira.

–Ikuskaritza:

  • Ikuskaritzako buruaren kargua Silvia Marañon Chasco Etxarri Aranazko Alkate udalburuak beteko du, eta ikuskatzaile aktuarioarena, berriz, Lorena Almandoz Mutuberria, Etxarri Aranazko Udal Kontu-hartzaileak, edo legearen arabera hura ordezten duenak.
  • Ikuskapenaren berezko eginkizunak betetzeko, lankidetza eta laguntza izango dira.
  • Kudeaketa arloan, egiaztapen eta ikerketa egintzetarako arduraduna Lorena Almandoz Mutuberria izango da, Udaleko Kontu-hartzailea, edo legearen arabera hura ordezten duena.
  • Alkateak edo hura ordezkatzen duenak, errekurtsoen ebazpenen gaineko eskumenak izanen ditu.
  • Zerga kontrolerako plan hau ongi betearazteko ezinbestekoa da Udaleko departamentuen arteko lankidetza estua. Berariaz aipatu behar dira Zerga Kudeaketaren arloa eta Hirigintza arloa.

–Prestakuntza:

  • Erakunde publiko edo pribatuek antolatzen dituzten zerga arloko ikastaro eta mintegietara joateko baimena emanen da.

Helburu orokorrak

1. Egiaztatze- eta ikertze-jarduketa orokorra. Talde honetan programa multzo hauek sartzen dira:

A.–Orokorrak. Gaikakoak, sektorekakoak edo ikuskaritza bulegoek proposaturikoak izan daitezke, jarduketaren eremu geografikoak dituen berezitasun ekonomikoen arabera.

B.–Zergapekoen gaineko jarduketa programa, udal tributu jakin baten arloan.

2. Bestelako egiaztapen jarduketak. Talde honetan jarduketa partzialak eta laburtuak sartu dira, Kudeaketa Alorrean hasitako espedienteetan abiaburua dutenak, funtsean.

3. Jarduketa osagarriak. Argibide eta aholkularitza jarduketak.

Zerga Ikuskapeneko 2020tik 2022ra bitarteko ekitaldietako Plan Orokorrerako sektore edo jarduera berariazkoak.

Jarduera motetan oinarritutako estrategia

Zerga ikuskatzaileen jarduera kasu bakoitzean hautatutako sektoreetara egokituko da, deusetan ukatu gabe aktuarioen ekimena, eraginkortasun eta egokitasun irizpideei jarraituz.

Sektore edo jarduerak

–Eraikuntzak, instalazioak edo obrak haien salmenta eta/edo alokairurako sustatu dituzten enpresak.

–Merkataritzako jarduerak, 100 metro karratutik gorako lokaletan.

–Fabrikazio-jarduerak.

–Azalera handietako merkataritza misto edo integratuko jarduerak.

–Energia elektrikoaren ekoizpen, garraio eta banaketa jarduerak.

–Energia eta gasaren merkaturatze jarduerak.

–Ondasun higiezinen alokairuan aritzen diren enpresak.

–Eraikinak edo igeltserotzakoak osorik eraikitzeko, konpontzeko eta kontserbatzeko lanak eta, oro har, eraikuntza-lan txikiak egiten dituzten enpresak.

–Finantza erakundeak eta aseguru entitateak, udalerrian jendearendako irekiak dauden bulegoak badituzte.

Azken urteotan higiezinen sektoreak izan duen hazkundea dela eta, jarduera horri buruzko zerga-kontrola beharrezkoa da jarduera ekonomikoen gaineko zergaren esparruan.

Gainera, jarduera horrek, aipatu zergarako, kuota bat du finkoa eta beste kuota bat aldakorra, metro eraikien araberakoa. Zati aldakor horretan egiten dira iruzurrik handienak. Izan ere, subjektu pasiboak aitortu behar du aldatu ote diren aurre-aurreko urtean besterendu diren metro koadro eraikiak edo eraikitzekoak, urbanizatuak edo urbanizatzekoak. Horretarako, aitorpena aurkeztu behar dio zerga administrazio eskudunari, urte natural bakoitzeko lehen hilabetean. Zergapekoak aurkezten ez dituenean besterendutako metroen aitorpen horiek, Udala gelditzen ari da bere dirusarreren zati handi bat eskuratu gabe.

Halaber, gaur egungo eraikuntza-tipologia baten ondorioz (familia bakarreko etxebizitza), horrelako eraikuntzen salmentan aritzen diren erakunde sustatzaile batzuek ez dute aitortzen lurretan higiezinak sustatzeko jarduera, alegia, metro eraikiak bai, baina ez dituzte aitortzen etxebizitza horiei lotutako lurzatietako metro karratu eraiki gabeak.

Egiaztapenak egiteko, funtsean, hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergarako aurkeztutako aitorpenak, notarioen eta Jabetza Erregistroaren jakinarazpenak, obra proiektuak eta higiezinak lehen aldiz okupatzeko lizentziak erabiliko dira. Horrez gain, sustatzaileei errekerimenduak eginen zaizkie. Egiten ari diren obrak ikuskatuko dira, eta jarraipena eginen da, Alkateak emandako lizentziak kontuan hartuz; berehala egiaztatuko da lizentziaren titularrak izena eman duela higiezinen eraikuntzaren eta sustapenaren epigrafeetan.

Ikuskatu beharreko sektoreetako bat 100 metro karratutik gorako lokaletan egiten den merkataritza jarduera izanen da, lokal horietan handizkako merkataritza jarduerak kokatu ohi direlako. Jarduera horiek kuota handiagoa dute jarduera ekonomikoen gaineko zergan, eta egiaztatu egin beharko da behar bezala aitortzen dutela beren lokalaren azalera.

Fabrikazio jardueren artean, kilowatt kopuruaren araberako zerga kuota duten jarduerak jarriko dira jomugan, eta bereziki hamar kilowatt-etik goitikoak, jarduera horien iruzurrak bi esparrutan antzematen baitira. Alde batetik, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren esparruan egiten dira iruzurrak, kuota handieneko elementuetako bat aitortu gabe utziz, eta bestetik, establezimenduak irekitzeko lizentziaren tasaren esparruan, zeren eta, jarduerak hasiera batean lizentzia jasotzeko baldintzak betetzen baditu ere, jarduerarako makinerian aldaketak egiten direnean, enpresen bilakabidean ohikoa denez, ez zaio Udalari aitortzen potentzia instalatua handitu dela eta enpresak jarduera irekitzeko lizentzia zabalagoa behar duela.

Fabrikazio-jarduera horien benetako egoera jakiteko, proiektu tekniko ikus-onetsi eta egiaztatuak erabiliko dira, Industriako espedienteetan egoten direnak, irekitzeko lizentzia eskaeren ondorioz.

Udalen diru-sarreren artean, jarduera ekonomikoen gaineko zerga kontrolatzea garrantzitsua da. Izan ere, zerga horretan edozein erregulazio egiten denean, unean uneko diru-sarrerak ez ezik etorkizuneko ekitaldi ekonomikoetarako diru-sarrera arruntak ere handitzen dira. Horregatik, aukeratzen diren sektoreak aukeratzen direla ere, eta kudeatzaileen ekimena ezertan eragotzi gabe, udalerri osoan egiaztapena egin behar zaie betebeharpeko zergapekoei.

Lurraldean oinarritutako estrategia

Udalerriko kale, sektore edo esparru hauetan egiten jardueren irekitzeko lizentziaren tasa egiaztatuko da:

–Industria sektoreak.

–Sektore sakabanatuetan kokatutako jarduerak.

Bistan da estrategia horren arrazoia: eremu horietan daude kokatuta udalerriko industria eta merkataritza jarduera gehienak.

Irekitzeko lizentziarik ez duten jarduerak atzeman beharra dago, industria eta merkataritza establezimenduek segurtasun, osasun eta osasungarritasun baldintzak eta eskatzen diren beste baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzeko eta haien zerga egoera erregularizatzeko edo, hala behar denean, departamentu eskudunak jarduera itxiarazteko.

Zerga oinarrian oinarritutako estrategia

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta hirigintzako lizentziaren tasa egiaztatuko zaizkie tributu horien zerga-egitateak egiten dituzten zergapekoei, baldin eta egintza horiek obra handitzat kalifikaturik badaude hirigintza-lizentzien eta jardueretarako lizentzien tramitazioari buruz indarrean den ordenantzan edo haren ordezkoan.

Zerga ikuskaritzak dituen langileria eta baliabide urriak ahalik eta hobekien kudeatu nahi dira, emaitza egokiak bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez, eta zerga egintza aukeratuak ikuskatu beharko dira. Beraz, lana arrazionalizatu nahi da, departamentuaren ahalegina ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara bideratuz; kasu honetan, hirigintza gehien garatzen ari den udalerriko eremu geografikora, hortxe gerta daitezkeelako arau-hausterik larrienak. Arau-hauste horien artean, Zerga Ikuskaritzaren ahaleginen xede izanen dira munta handienekoak, eraginkortasun eta ekonomia irizpideen arabera zehaztu beharreko zenbatekoa gainditzen dutenak, hain zuzen ere.

Iragarkiaren kodea: L2000825