199. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 3a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

41/2020 FORU AGINDUA, irailaren 2koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez prebentzio neurriak hartzen baitira Leitzako udalerrian (Nafarroa) COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

2020ko ekainaren 20an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuaren erabaki bat, 2020ko ekainaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratzen zuena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen zituena, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren. Gobernuak 2020ko abuztuaren 26an hartutako beste erabaki batek aldatu du erabaki hura.

Erabaki horren xedea zen prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzea COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta, orobat, gerta daitezkeen agerraldiei aurrea hartzeko, behin Nafarroako Foru Komunitatean 3. fasea gaindituta eta alarma egoerak indarra galdu ondoren.

Aipatutako erabakiaren 5. puntuan xedatzen denez, bertan ezarritako prebentzio neurrien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginen da, unean uneko epidemiologia eta osasun egoerarako egokiak direla bermatzeko.

Erabaki horrek ezartzen du, halaber, Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabakia aplikatzeko beharrezko neurriak hartzen ahalko dituela eta, aplikatzekoa den araudiaren arabera, eta bilakaera epidemiologikoa ikusirik, erabaki horretan ezarritakoen neurri gehigarri, osagarri edo murriztaileak ezartzen ahalko dituela, beharrezkoak badira.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak Nafarroako egoera epidemiologikoaz egin duen txostenaren arabera, Leitzako (Nafarroa) egoera epidemiologikoa ikusirik, komeni da bertan hartzea berariazko neurri batzuk, foru agindu honetan zehazten direnak, kutsatze gehiago ekiditeko, Nafarroako herritarren osasun publikoa arriskuan jar dezaketelako.

Txosten horren arabera, metatutako intzidentzia tasak gora egin du Leitzan azken aste honetan, 33 kasu baieztatu baitira. Horrek esan nahi du azken zazpi egunetan metatutako intzidentzia tasa Nafarroako batez besteko baino askoz handiagoa dela. Kutsatutakoen batez besteko adina 54 urte da, eta kasuen %61 sintomatikoak dira. Azkenik, txostenean adierazi da Leitzan izan diren agerraldi gehienak arlo sozialean eta familiarrean gertatu direla. Beraz, bidezkoa da zenbait prebentzio neurri ezartzea arlo sozial horietan, orain arte izan diren kutsatzeak saihesteko eta prebenitzeko.

Foru agindu honetan adierazitako neurriak Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, lehen artikuluan xedatzen baitu osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, lege horretan aurreikusitako neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan adierazten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta ezertan ukatu gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa ukatu gabe; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Azkenik, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.6 artikuluaren bigarren paragrafoan ezartzen da administrazioarekiko auzien epaitegiei dagokiela judizialki baimentzea edo berrestea osasun agintariek osasun publikoari begira presakotzat eta beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak, neurri horiek askatasuna edo oinarrizko beste eskubide batzuk kentzen edo mugatzen dituzten kasuetan.

Edonola ere, hemen ezartzen diren neurriak ebaluatu eginen dira aurrerago, gehienez ere hamabost egun naturaleko epean foru agindu hau argitaratzen denetik.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz, udal agintari eskudunei kontsulta egin ondoren,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Leitzako udalerrirako (Nafarroa) prebentzio neurri hauek hartzea, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaera dela eta:

1) Aldatzen da Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren 3. puntua (abuztuaren 26ko Erabakiak aldatu zuen erabaki hori), “Edukierak eta berariazko prebentzio neurriak sektoreen arabera”, lurralde eremu horretan, eta neurriak hauek izanen dira aurrerantzean:

1.1. Ostalaritzako establezimenduak eta jatetxeak:

a) Ostalaritzako establezimenduetan eta jatetxeetan ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamarra, lokalaren barnean kontsumitzeko.

b) Lokalaren barnean bakarrik kontsumitzen ahalko da mahai batean eserita, edo mahai multzo batean. Dena den, bermatu beharko da pertsonen arteko segurtasun-tartea gordetzen dela mahaietan edo mahai multzoetan dauden bezeroen edo bezero taldeen artean.

c) Establezimendu horietako aire zabaleko terrazak ehuneko hirurogeita hamabostean okupatzen ahalko dira, udal lizentzian baimendutako mahaien edukiera oinarri hartuta.

d) Mahaietan edo mahai multzoetan sei laguneko taldeak egonen dira, gehienez, eta pertsonen arteko segurtasun-tartea gordeko da.

2) Elkarte gastronomikoak eta peñak.

Leitzako udalerriko elkarte gastronomikoen eta peñen jarduera guztiak bertan behera utziko dira. Elkarte gastronomikoek eta peñek itxita egon beharko dute.

3) Haur parkeak eta erabilera publikoko eremuak.

Leitzako udalerriko haur parkeetan eta erabilera publikoko eremuetan ez dira sei laguneko talderik baino talde handiagorik elkartuko, elkarrekin bizi direnen taldeen salbuespenarekin, eta osasun agintaritzak COVID-19a prebenitzeko asmoz ezarritako segurtasun eta higiene neurriak bete beharko dira.

4) Bilera sozialak eremu pribatuan.

Gomendatzen da bilera sozial pribatuetan ez daitezela elkartu sei lagun baino gehiago, baldin eta elkarrekin bizi diren pertsonak ez badira. Horrelakoetan, bete beharko dira osasun agintaritzak COVID-19a prebenitzeko asmoz ezarritako segurtasun eta higiene neurriak.

5) Gomendio orokorrak.

Leitzako Udalari gomendatzen zaio eman ditzala, bere eskumenen eremuan eta Leitzako egoera epidemiologikoa kontuan izanik, birusa transmititzeko arriskuak murrizteko egokiak diren argibideak, jende pilaketengatik arriskutsuak izan daitezkeen egoeretan (haurrei eta gazteei zuzendutako aisialdiko jarduerak, parkeak, taldean erabiltzen diren kiroldegiak, eta COVID-19a kutsatzeko arriskutsuak izan daitezkeen udal ekipamendu publiko guztiak).

Bigarrena.–Neurri horietako batzuek mugatzen dituzte Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartu zuen Erabakian adierazitako horiek (gero Gobernuaren abuztuaren 26ko Erabakiak aldatu zuen erabakia), baina erabaki hori osotara aplikatzekoa da arautzen dituen gainerako neurriei dagokienez, foru agindu honetan xedatutakoaren kontrakoa ez den guztian, horrek ukatu gabe izaera orokorrarekin beste xedapen batzuk ematea, aplikagarriak izanen direnak.

Hirugarrena.–Neurri hauen gaineko jarraipen eta ebaluazio etengabea eginen da eta, betiere, hamabost egun naturaleko epean gehienez ere, egoera epidemiologikoaren bilakaerarekin bat datozela ziurtatzeko; horren arabera, beraz, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Foru agindu hau igortzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, dagokion administrazioarekiko auzien epaitegian berrespen judiziala lortzeko tramita dezan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Leitzako Udalera eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Bosgarrena.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko irailaren 2an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2010130