198. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

72/2020 FORU AGINDUA, abuztuaren 27koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez bukatutzat jotzen baita eskolako garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarrien kontratuen etenaldia, eta zerbitzu horiek berriro ezartzen baitira, 2020-2021 ikasturtea ofizialki eta egiazki hasten denetik.

2020ko martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko pandemiaren izaera eman zion COVID-19ak eragindako osasun publikoko larrialdiari. Ondoren, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez –martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak aldatua–, alarma egoera deklaratu zen Espainiako estatu osoan, COVID-19ak eragindako osasun larrialdi egoera kudeatzeko.

Osasuneko kontseilariaren martxoaren 13ko 3/2020 Foru Aginduaren bidez, osasun publikoko jarraibide eta prebentzio neurriak hartu ziren koronabirusaren (COVID-19) egoeraren eta bilakaeraren ondorioz. Foru agindu horrek agindu zuen hezkuntza jarduera presentzial guztiak bertan behera uzteko ikastetxe eta ikasmaila guztietan, eskolako jarduerak zein eskolaz kanpokoak, zero urtetik hasi eta unibertsitate mailaraino, hori barne, hala ikastetxe publikoetan nola pribatuetan, baita hezkuntza arloko jarduera osagarriak ere.

Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 13ko 26/2020 Foru Aginduaren bitartez, zenbait neurri ezarri ziren hezkuntzaren arloan, koronabirusaren (COVID-19) bilakaeraren eta egoeraren eraginez. Foru agindu hori aldatu zuen martxoaren 15eko 27/2020 Foru Aginduan, 5. puntuan, adierazi zen 2020ko martxoaren 16tik aurrera, hura barne, eten egiten zirela, interes publikoko arrazoiak tarteko, garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarrien kontratuak, harik eta hezkuntza jarduera presentziala berriro ezarri arte.

Gerora, apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen bidez, premiazko neurriak onetsi ziren koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko. Foru lege horren 2. artikuluak, Kontratazio publikoaren eta itun sozialen arloko neurriak izenekoak, honako hau zehazten du idazkera berrian: “Zerbitzuak eta hornidurak emateko kontratu publikoak, segidako prestaziokoak, automatikoki etenda geldituko dira kontratua betearaztea ezinezkoa den partean, baldin eta foru lege honek indarra hartzen duenean indarrean badaude, kontratu bakoitza adjudikatzeko unean Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dagoen kontratazio publikoaren arloko araudiaren mende dauden entitateek egin badituzte eta kontratu horiek osorik edo partez betearaztea ezinezkoa bada COVID-19ak sortutako egoerarengatik edo administrazio publikoek gaitzaren kontra hartutako neurriengatik. Kontratuaren prestazioa galarazten duen egitatezko edo zuzenbidezko egoera gertatzen denetik geldituko dira etenda, prestazio hori berriz abian jartzeko modua egon arte”. Ondorio horietarako, ulertuko da prestazioa berriz abian jar daitekeela hura gauzatzea galarazten duten inguruabarrak edo neurriak bertan behera gelditzen direnean. Hartara, kontratazio organoak etetea bukatu dela jakinaraziko dio kontratistari.

Arestian azaldutako arrazoiengatik ezin zenez hezkuntza jarduera presentzialik eman, eskolako garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarriak eten ziren, interes publikoko arrazoiak tarteko. Gainera, 2019-2020 ikasturtea bukatu zen. Hurrengo asteotan, ordea, 2020-2021 ikasturteko hezkuntza jarduera presentziala berriro ezartzea aurreikusi da.

Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Bukatutzat jotzea eskolako garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarrien kontratuen etenaldia, eta zerbitzu horiek berriro ezartzea, 2020-2021 ikasturtea ofizialki eta egiazki hasten denetik.

2. Foru agindu honen kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete Nafarroako Gobernuari zuzendua, honako hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hilabeteko epean.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau jakinaraztea eskolako garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarrien kontratuen adjudikaziodun diren enpresa guztiei.

5. Foru agindu hau igortzea Zerbitzu Osagarrien Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 27an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2009853