198. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

742/2020 EBAZPENA, abuztuaren 11koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, 2020an abeltzaintza lehiaketak antolatzeko laguntzak emateko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 520153.

COVID-19k Espainian eta nazioartean eragindako osasun publikoko larrialdia dela-eta, eta Alarma, Salbuespen eta Setio Egoerei buruzko ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoan xedatutakoaren babesean (4. artikuluko b) eta d) apartatuak), Gobernuak alarma-egoera deklaratu zuen Espainiako lurralde osoan (martxoaren 14ko 463/2020 Errege-dekretua), osasun krisiari aurre egiteko, eta sei aldiz luzatu da alarma-egoera; azkena, ekainaren 5eko 555/2020 Errege-dekretuaren bidez, COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege-dekretuak deklaratutako alarma-egoera luzatzen baitu, ekainaren 7ko 00:00etatik ekainaren 21eko 00:00ak arte, arau horretan adierazitako baldintzetan.

Horrenbestez, laguntza hau COVID-19ak herritarren eta gizarteen kalterako ekarritako osasun publikoaren larrialdi handian kokatu behar dugu, kontuan harturik, orobat, COVID-19ak Europar Batasuneko eta mundu osoko ekonomiak asaldatu dituela, modu nabarmenean eta aurrekaririk gabe. Aipatu nahasmenduak ekonomia osoari eragiten dio hainbat bide eta modutan. Horregatik guztiagatik, kontuan hartu beharra dago osasun krisi honetan lehen sektoreak garrantzi handia izan duela, hala adierazten baitu martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren beraren 15. artikuluak, non agintaritza eskudunak behartzen baitira hura bermatzeko neurriak hartzera.

Bestalde, maiatzaren 22ko 537/2020 Errege-dekretuak xedapen indargabetzaile bakarraren 2. puntuan ahalbidetzen du prozedura honen tramitazioari jarraipena ematea, martxoaren 14ko 463/2020 Errege-dekretuaren hirugarren xedapen gehigarria indargabetzen baitu 2020ko ekainaren 1etik aurrerako ondorioekin; izan ere, indargabetutako xedapenak epe administratiboen etetea deklaratu zuen sektore publikoko entitateek izapidetutako prozeduretan.

Laguntzak, egoera berezi honetan, baliabide garrantzitsuak dira, administrazio publikoek erabil ditzaketenak osasun arloko krisi honen eragin soziala eta ekonomikoa leuntzeko. Horiek horrela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 7ko 189/2016 Foru Aginduaren bidez, arauak ezarri ziren abeltzaintza lehiaketak antolatzeko laguntzak ematearen gainean.

Aurretik, arau horren berri eman zitzaion Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari. Organo horrek adierazi zuen Nafarroako agintariek igorritako informazio laburtuaren inprimakia jasoa zuela, eta goian aipatutako arau-proiektua erregistratu, SA.45058 (2016/XA) laguntza zenbakiarekin.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako baldintzak betetzen direnez, eta laguntzen araubide honen indarraldia 2020ko abenduaren 31ra artekoa dela, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateak abeltzaintza lehiaketak antolatzeko laguntzak emateko deialdia onetsi nahi du 2020rako. Aipatutako erregelamenduaren bidez barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen dira nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2020an abeltzaintza lehiaketen antolaketarako dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenerako eredua onestea. Eredua helbide honetan eskuratzen ahal da:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

3. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

4. 30.000 euroko gastua baimentzen da, 2020ko gastuen aurrekontuko “Abere azokak eta lehiaketak” izeneko 710004 71310 4609 412200 partidaren baliokidearen kargura, ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoei erantzuteko.

5. Deialdi honetan aplikatzekoak dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 7ko 189/2016 Foru Aginduan ezarritako oinarri arautzaileak. Foru agindu horren bidez, abeltzaintza lehiaketak antolatzeko laguntzak emateko arauak onetsi ziren.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita edo alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita, aurrekoaren ondotik gertatzen bada.

7. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 11n.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2009244