198. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

46E/2020 FORU AGINDUA, abuztuaren 5ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita, Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuentzat, 2020-2021 ikasturterako. DDBN identifikazioa: 519021.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, 44.14 artikuluan, eskumen esklusiboa esleitzen dio Nafarroako Foru Komunitateari kirol sustapenaren eta aisialdiaren erabilera egokiaren arloan.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak kirol politikaren helburuak aipatzen ditu 3.s artikuluan; besteak beste, oinarrizko kirola bultzatzea eskola mailetatik hasita, beste edozein kirol praktikaren aurretik, funtsezko gunetzat jotzen baita kirolak Nafarroan aurrera eginen badu maila guztietan.

Gauzak horrela, kirolari buruzko foru araudiak, 14. artikuluan, xedatzen du ezen Foru Komunitateko kirol administrazioak eskola-umeentzako kirola bultzatzen duten programak sustatuko dituela, elkarlanean Foru Komunitateko hezkuntza administrazioarekin, toki-erakundeekin, Nafarroako kirol erakundeekin eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin. Programa horien jomuga izanen da hezkuntza integralaren, nortasunaren garapen orekatuaren, egoera fisikoaren eta osasun ohitura prebentiboen osagarri izatea. Halaber, hezkuntza behar bereziak dituzten eskola-umeen integrazioa sustatuko dute.

Azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuan, zeinaren bidez Nafarroako Kirolaren Institutu bihurtu baitzen Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua, eta onetsi baitziren haren estatutuak, ezartzen da ezen erakunde autonomo horri dagokiola erabiltzea Kirolari buruzko Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitzen dizkion eskumenak, betiere Kultura eta Kirol Departamentuaren goi mailako plangintzaren, zuzendaritzaren eta babesaren menpe.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 30eko 326/2011 Ebazpenaren bidez, adingabeentzako kirolaren erreferentzia-esparru autonomikoa onetsi zen, bi xede izanik: batetik, lanerako tresna izatea eskola-umeei zuzendutako jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko programen eragileentzat, eta bestetik, mekanismo babesgarri bat izatea programa horietan parte hartzen duten adingabe guztientzat.

Kirolaren Zuzendariordetzari dagozkion eginkizunetako bat kirol jarduera sustatzea da, laguntzak eta dirulaguntzak emanez. Orobat, Kirola Sustatzeko Atalak eginkizun hauek beteko ditu, besteak beste:

–Kirol jarduerak eta aisialdikoak sustatzea.

–Kirolaren balioak sustatzea.

–Eskola-umeen kirol jarduerak sustatu eta bultzatzea, bai eta kirola sustatzeko programak ere arreta berezia behar duten eta gizarte interesekoak diren gizataldeentzat.

Horiek helburu, eta Foru Komunitateko eskola-umeen kirol ibilbidean beste bide bat eratzearren, Nafarroako Kirolaren Institutuak (NKI) Eskola-umeentzako Kirol Programa garatzen jarraitu nahi du, 2020-2021 ikasturtean, unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuak ematen dituzten ikastetxe publikoetan eta pribatuetan.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak sustatutako ekimen horren harira, esperientzia pilotu bat egin zen 2008-2009 ikasturtean. Ordutik hona, ikasturte guztietan egin da esperientzia pilotu hori, 2013-2014 eta 2014-2015 ikasturteetan izan ezik. Edizio bakoitzean 2.300 eskola-umek baino gehiagok hartu dute parte.

Deialdiaren oinarri arautzaileak prestatu dira, arautzen dituztenak, laguntzak emateko araubidea eta prozedura ez ezik, jarduera diruz lagungarriei lotutako alderdi guztiak ere.

Deialdi honetan aipatzen diren programak garatuko dira 2020ko urriaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitarte.

Nolanahi ere, 2020-2021 ikasturterako deialdi hau urte anitzeko gastu baten espedienteari dagokio, osorik egotziko baitzaio 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei. Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzuak aipatu urte anitzeko gastua balidatzeko txostena egin du.

Esan beharra dago 2020an ez dagoela krediturik programen gastuak ordaintzeko urritik abendura bitartean, eta deialdi honek ez luke zentzurik izanen ezin balira gastu horiek estali 2021eko aurrekontuarekin.

Horrenbestez, erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

1. Deialdia onestea dirulaguntzak emateko Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuei, 2020-2021 ikasturterako.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5110-4811-336100: Ikastetxeetako Kirol Proiektuetarako Dirulaguntza

2021

50.000,00

4. Foru-agindu hau eta I., II. eta III. eranskinak argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen aurka, administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 5ean.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauek xede dute prozedura bat ezartzea dirulaguntzak emateko Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuei, 2020-2021 ikasturterako.

Programek, dirulaguntza jaso ahal izateko, ikastetxe eskatzailearen titulartasunpekoak izan beharko dute eta egin beharko dira oinarri hauetan eta deialdiaren II. eranskinean (programaren ezaugarriak) ezarritako baldintzei jarraikiz.

2.–Deialdiaren helburua.

Dirulaguntzak erabiliko dira hein batean ordaintzeko Eskola-umeentzako Kirol Programak egitean sortutako defizitak, baldin eta titularra ikastetxea bada eta programak 2020-2021 ikasturtean zehar egiten badira.

3.–Eskola-umeentzako Kirol Programa: xedeak eta helburuak.

3.1. Eskola-ume nafarren jarduera fisikoak, jostetakoak eta aisiakoak bultzatzea du helburu programak, heziketaren osagaia nagusi izanik, ohitura har dezaten adinean gora egin ahala jarduera horiekin jarraitzeko; horrela, bizimodu osasungarria bultzatuko da eta umeen egoneko bizitza eta obesitatea, besteak beste, galaraziko dira.

3.2. Hauexek dira programaren helburuak:

3.2.1. Eskola-ordutegian (jolasgaraia) zein eskola-ordutegitik kanpo jarduera fisikoak, jostetakoak eta aisiakoak egiten dituzten haurren kopurua handitzea, ikastetxearen babesean, hura baita programa oinarritzeko ardatza.

3.2.2. Eskola-ume nafarrek jarduera fisikoan ematen duten ordu kopurua handitzea.

3.2.3. Eskola-umeentzako Kirol Programaren babesean egiten den jarduera fisikoa gizarteratzeko, ongi izateko eta jostetarako tresna bihurtzea, eta horrela lagungarri izatea pertsonaren prestakuntza eta hezkuntza integralerako eta nortasunaren garapenerako.

3.2.4. Kirol-jarduera fisikoaren bidez sustatzea kirolaren balioak, hala nola ahalegin pertsonala, taldeko lana, lankidetza, elkartasuna, tolerantzia, aurkariarekiko errespetua, joko garbia eta genero berdintasuna.

3.2.5. Programan genero-ikuspegia zaintzea, berdintasun baldintzak ezarrita neska-mutikoentzat, haien hazkunde pertsonala eta soziala onuragarria izan dadin osasunaren eta ongizatearen aldetik, bizimodu aktiboa, osasungarria eta autonomoa bultzatuz.

Deialdi honetara aurkezten diren kirol-jarduera fisikoen programek Eskola-umeentzako Kirol Programaren xede eta helburu orokorrak bete beharko dituzte, puntu honetan ezarritakoari jarraikiz.

4.–Onuradunak.

4.1. Deialdi honetako dirulaguntza eskatzen ahalko dute unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatuek, baldin eta ikastetxeko kirol proiektu bat prest badute, eta hartan jasota baldin badago deialdi honen xede den Eskola-umeentzako Kirol Programa.

4.2. Deialdi honetatik baztertuta daude Eskola-umeentzako Kirol Programa hauek:

a) Deialdi berariazkoago batzuen xede direnak edo haien parte direnak.

b) I. eta II. eranskinetan ezarritako oinarrietakoren bat betetzen ez dutenak.

4.3. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden ikastetxeei.

4.4. Emandako dirulaguntzaren %75 justifikatzen ez duten ikastetxeek ezin izanen dute hurrengo ikasturteko dirulaguntza deialdira aurkeztu, hots, ikastetxeei, Eskola-umeentzako Kirol Programak garatzeko, zuzenduko zaien horretara.

5.–Deialdiaren diru kopurua eta laguntzen zenbatekoa.

5.1. Deialdiak, guztira, 50.000 euroko zenbatekoa izanen du, honako partida honen kargura: “Ikastetxeetako Kirol Proiektuetarako Dirulaguntza” izeneko A50002-A5110-4811-336100 partida, edo 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan gaitzen den antzeko partidaren kargura.

5.2. Nafarroako Kirolaren Institutuak 2.500 euro bitarte bideratzen ahalko du programa bakoitzarentzat, aurrekontu-baliabideen arabera. Ematen den dirulaguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa. Muga horiek kontuan harturik, ematen diren dirulaguntzak deialdi honen III. eranskinean azaltzen den baremoaren arabera finkatuko dira, eta Nafarroako Kirol Institutuaren 2021eko ekitaldirako aurrekontuan horretarako kreditu aski egoteak baldintzapetuko ditu.

5.3. Kasuan kasuko dirulaguntza kalkulatzeko, eskaerak guztira lortutako puntuazioa puntu baten balioarekin biderkatuko da, III. eranskinean agertzen den baremoa aplikatuz. Puntu baten balioa ateratzeko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati helburuak betetzen dituzten eskaera guztien guztirako puntuazioen batura.

6.–Parte hartzeko eskaerak.

Ikastetxe publiko eta pribatuek aurkezten ahalko dute parte hartzeko eskaera, baldin eta Nafarroan kokatuta badaude eta unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuak ematen badituzte.

7.–Noiz eta non aurkeztu.

7.1. Dirulaguntzetarako eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2020ko urriaren 9an bukatuko da.

7.2. Dirulaguntzetarako eskaerak eta justifikaziorako agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko.

Bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluarekin, pertsona juridikoak beharturik egonen dira baliabide elektronikoak erabiltzera administrazio publikoekiko harremanetan, edozein administrazio-prozedura tramitatzeko. Beraz, jakinarazpenak nahitaez baliabide telematikoen bidez eginen dira, eta ikastetxeek ezin izanen dute erabaki jakinarazpenak paperean bakarrik egitea. 41.1 artikuluaren arabera, jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez eginen dira beti, interesdunak jakinarazpenak bide horretatik jaso behar dituenean.

7.3. Dirulaguntzetarako eskaera eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

8.–Hasierako dokumentazioa.

Eskaerak aurkezteko, deialdi honetako IV. eranskinean ezarritako eskabide eredua erabiliko da.

Eskabide ereduarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztuko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta, zein bere izenarekin (hala badagokio, onetsitako eranskinen arabera; eranskin horiek eskura egonen dira bai Nafarroako Kirolaren Institutuaren bulegoetan, bai webgunean: http://www.deporte.navarra.es):

A) Ikastetxeko kirol proiektua eta Eskola-umeentzako Kirol Programa, argi bereizitako bi dokumentutan, alderdi hauek jasotzen dituztela:

A.1. Ikastetxeko kirol proiektua: ikastetxeak eskola esparruan bultzatzen eta garatzen dituen jarduera fisikoen eta kiroleko jardueren zerrenda jasoko da bertan, eta, beste batzuetan parte hartuz gero, haiek ere bai. Ez dira sartuko Gorputz Hezkuntza irakasgaiaren eskoletan programatzen eta garatzen diren edukiak, ezta Eskola-umeentzako Kirol Programan sartutakoa ere.

A.2. Eskola-umeentzako Kirol Programa: dirulaguntzaren xede den programazioa jasoko da, V. eranskina osatuta.

1.–Programaren titulua.

2.–Programaren irakasle arduraduna.

3.–Eragin eremua.

4.–Ikastetxearen kokalekua eta tipologia.

5.–Zer hezkuntza mailatarako den.

6.–Programa mota. II. eranskinaren arabera. 2. puntua.

7.–Edukiak: jarduera motaren deskribapena (kirol hastapenekoa, jolas eta josteta jardueretakoa, prestakuntzakoa), zehatz adierazita eskola-egutegiaren barruan zein ordutegi eta hiruhileko, hilabete edo astetan eginen diren.

8.–COVID-19ari dagokionez, indarrean dauden baldintza eta neurrien deskribapena. Besteak beste, honako hauek nabarmendu behar dira: higieniko-sanitarioak, edukiera, mugikortasuna –joan-etorririk baldin bada–, eta beste batzuk, programatutako jarduerei aplikatuak.

9.–Kirol arloko material suntsigarria: programatutako jarduera guztiak garatzeko ikasturtean beharko den kirol arloko material suntsikorraren zerrenda.

10.–Jarraipena eta ebaluazioa: programaren jarraipen eta ebaluaziorako erabiltzen diren baliabideen deskripzioa (hilekoa, hiru hilekoa, urtekoa...).

11.–Aurrekontua: programaren diru-sarrera eta gastu guztien aurrekontua.

B) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren ziurtagiria, ziurtatzen duena Gizarte Segurantzako kuoten ordainketan egunean dagoela.

C) Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, ziurtatzen duena egunean dagoela zerga-betebeharretan.

Ziurtagiriak ez dira aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Nafarroako Kirolaren Institutuak zuzenean egiaztapen hori egiteko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrean. (IV. eranskina. Eskabide-orria).

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aurreikusiarekin bat, ikastetxe publikoek ez dituzte B) eta C) atalei dagozkien ziurtagiriak aurkeztu beharko.

9.–Gastu diruz lagungarriak.

9.1. Diruz lagungarritzat har daitezkeen kontzeptuak hauek izanen dira:

a) Jarduerak egiteko beharrezkoa den kirol material suntsigarria, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

–Hezkuntza bereziko ikastetxeek eta deialdi honetan lehenengoz parte hartzen duten ikastetxeek emandako zenbateko osoaren %100 erabiltzen ahalko dute kirol arloko material suntsikorra erosteko.

–Gainerako ikastetxeek emandako zenbateko osoaren %30 erabiltzen ahalko dute gehienez, kirol arloko material suntsikorra erosteko.

b) Jarduera fisikoak eta kirolekoak, programan sartutakoak, ematen dituzten monitoreen gastuak.

Gastu horiek diruz laguntzeko, ezinbesteko baldintza izanen da monitorearen titulazioa, prestakuntza eta horrek irakasten duen jardueran duen esperientzia aurkeztea.

c) Prestakuntza gastuak: programan sartutako jarduera osagarriak edo prestakuntzakoak ematen dituzten langileen gastuak dira.

Gastu horiek diruz laguntzeko, ezinbesteko baldintza izanen da langileen titulazioa eta horiek irakasten duten jardueran duten esperientzia aurkeztea.

d) Hasierako dokumentazioan aurkeztutako programan sartutako jardueretan egindako joan-etorriak.

9.2. Instalazioak erabiltzeagatiko gastuak ez dira kontuan hartuko.

10.–Eskaerako akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, ikastetxeari eskaera eginen zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

Akatsak zuzentzeko aukera hori egonen da hala hasierako dokumentazioa nola frogagiriak aurkezteko orduan.

11.–Antolamendua eta instrukzioa.

Dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza izanen da.

12.–Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

13.–Ebazpena.

13.1. Laguntzak emateari buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta ikastetxe interesdunei jakinaraziko zaie hiru hilabeteko gehieneko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.

13.2. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

13.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa modua agertuko dira. Orobat, dirulaguntza izanen duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada (aurrekontu kreditu nahikoa ez egotearen ondoriozkoak barne).

13.4. Deialdi honetan onartzen diren programetarako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako ematen diren bestelako laguntza edo baliabide batzuekin, horiek administrazio berak nahiz beste administrazio publiko batzuek eman, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz atzerrikoek, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere. Nolanahi ere, horien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du inola ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

13.5. Ikastetxe onuradunentzako jakinarazpen pertsonala galarazi gabe, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan xedatutakoa betez, deialdi honetan ematen diren laguntzak eta haien onuradun diren ikastetxeen zerrenda nafarroa.eus Interneteko atariaren bidez argitaratuko dira.

14.–Dirulaguntzaren ordainketa

14.1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez onetsiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den programa bukatu ondoren eta ikastetxeak behin aurkeztu dituela 15. oinarrian adierazitako frogagiriak; betiere, ematen den dirulaguntza ez da jardueraren defizita baino handiagoa izanen.

Ordainketa transferentzia bidez eginen da, dagokion ebazpena jakinarazi eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere.

14.2. Hala ere, programa urriaren 1ean hasi eta maiatzaren 31n bukatzea programatu duen ikastetxeak konturako ordainketa eskatu ahal izanen du, eta ordainketa horretan gehienez ere emandako zenbatekoaren %50 ordainduko da.

14.3. Konturako ordainketa hori ordaindu ahal izateko, ikastetxeak ordainketa horretarako eskabide bat aurkeztu beharko du erregistroan, 2021eko otsailaren 1etik 5era bitartean, baldin eta programa etenik gabe garatu bada 2020ko urriaren 1etik 2021eko urtarrilaren 29ra arte.

14.4. Konturako ordainketaren eskaerarekin batera, programaren memoria aurkeztuko du, eta bertan adieraziko ditu aldi horretan egindako jarduerak, epeak eta parte-hartzaileen kopurua, sexuaren arabera banatuta. Ez da ez fakturarik ez ordainagiririk erantsi behar.

14.5. Ezin izanen dute konturako ordainketa jaso 14.2, 14.3, 14.4, 17. eta 18. apartatuetan ezarritakoa betetzen ez duten ikastetxeek.

14.6. Konturako ordainketa aukeratzen bada, eta azken frogagiriak aurkezteko ezarritako epea igarota, espedientea ixteko ebazpena emanen da, non doituko den aurkeztutako azken frogagiriak baino lehen egindako konturako ordainketa. Kasu horretan, ixteko ebazpenak NKIk ordaindu edo ikastetxeak itzuli beharreko zenbatekoa finkatuko du, ikastetxe bakoitzak aurkeztutako frogagiriak ikusita.

14.7. Dirulaguntza emateko ebazpenaren eta gainerako ebazpenen jakinarazpena telematikoki eginen dio NKIk ikastetxe bakoitzari, eta Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan argitaratzearen berri emanen da.

15.–Azken frogagiriak.

Azken frogagiriak programa bukatutakoan aurkeztuko dira, 2021eko ekainaren 3ra arte, programa hasten denetik 2021eko maiatzaren 31ra arte egindako gastuengatik, edo kasuan kasuko programa bukatzen den egunera arte, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, bere izenarekin behar bezala identifikatutako agirietan:

Dokumentazio teknikoa:

–Programaren memoria (VI. eranskina):

Dokumentazio ekonomikoa:

–Justifikazio-orria (VII. eranskina), datu guztiak behar bezala beteta.

–Fakturak edo beste agiri baliokide batzuk, baita ikastetxeak egindako ordainketen frogagiriak ere.

1. Fakturen datak programa hasten den egunetik programa amaitzen den egunera artekoak izanen dira.

2. Faktura guztiak ordaintzeko datak programa hasten denetik 2021/6/03 arte izanen dira.

3. Faktura edo agiri baliokide guztietan, hornitzailearen IFZ agertu beharko da, edo NANa, monitoreen edo laguntzaileen kasuan.

4. Langileentzako ordainketei dagozkien fakturen kasuan, PFEZaren atxikipenak agertu beharko du, bai eta atxikipen hori Nafarroako Zerga Ogasunean sartu izana frogatzen duen ikastetxearen agiria ere.

16.–Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, diruz laguntzen diren programen jarraipena, ikuskapena eta ebaluazioa egiteko ardura. Eginkizun hori betetzeko, bisitak eginen ditu proiektua garatu bitartean, eta proiektuen koordinatzaileekin bilduko da. Baliteke bisitak aldez aurretik abisatu gabe egitea.

Jarraipena eta kontrola egin ondoren, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikariek uste badute programa ez dela garatzen ari programatutakoaren arabera, emandako dirulaguntza ukatzen ahalko da azalpen txosten baten bidez, ikastetxeari aldez aurretik jakinarazita.

17.–Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

17.1. Dirulaguntzen onuradun diren ikastetxeek adierazten zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.

17.2. Bestalde, eta aplikatuz Gobernuaren Erabaki horretan ezarritakoa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak 459/2020 Ebazpena eman zuen ekainaren 23an; horren bidez onesten dira Nafarroako Foru Komunitatean normaltasun berrian kirol jarduera garatzeko baldintzak eta kirol entrenamendu eta lehiaketak hasteko egutegiak, bai eta normaltasun berrian Nafarroan kirol jarduera egiteko eta kirol ekitaldiak eta lehiaketak antolatzeko protokolo orokorrak ere.

Beraz, egin beharreko kirol-jardueretan errespetatu beharko dira osasun eta kirol arloko agintari eskudunek ezarritako neurri eta baldintzak, programa garatzean indarra badute.

17.3. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, dirulaguntzen onuradun diren ikastetxeek horren berri eman beharko dute. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

17.4. Apustu enpresek (barne direla apustu makinen operadore diren enpresak) guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten dituzten jarduerek ere ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso. Halaber, bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten jarduerak, dela instalazioetan, dela jardueren garapenean erabiltzen diren jantzietan eta materialean.

17.5. Eskaera aurkezterakoan, ezinbestekoa izanen da, betiere Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea betetzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, adierazten duena eskatzailea ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik. Aitorpen hori eskabide inprimakian erantsi da. (IV. eranskina)

17.6. Dirulaguntzen onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izan behar dituzte, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.

17.8. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

17.9. Ikastetxe onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere jarraikiz urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuari, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua.

17.10. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

17.11. 18. oinarrian gardentasunari buruz adierazitako betebeharrak betetzea.

18.–Gardentasun betebeharrak.

Ikastetxe onuradunek, eskabidearen inprimakiaren IV. eranskinaren bidez, telematikoki aurkeztuko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, eta, behartuta badaude, hilabeteko epean –dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaionetik zenbatzen hasita– aurkeztuko dute eskatutako dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz; foru dekretu horren bidez arautzen dira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

19.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

19.1. Laguntzen eskabidea eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxa erabiliz. Fitxa hori eskura dago Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus), tramiteen katalogoan.

19.2. Deialdi honen prozeduraren barruan egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira ikastetxe eskatzaileen helbide elektroniko gaituaren (HEG) bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

20.–Ez-betetzeak.

20.1. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin eta jasotako dirua itzuli beharra; hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, ordenamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

20.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

20.3. Ikastetxeren batek ezarri diren epeetan betetzen ez badu aurkeztutako programazioa, esleitzen zaion dirulaguntza jaso gabe gelditzen ahal da, edo haren zenbatekoa murrizten ahalko zaio, gauzatutakoaren proportzioan.

21.–Datu pertsonalen babesa.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz sortzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko EB 2016/679 Erregelamendu Orokorra, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia. Deialdi honen VIII. eranskinean, eskaintzen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruzko informazioa.

22.–Errekurtsoak.

22.1. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei.

22.2. Era berean, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatuarekin.

23.–Aplikatzekoa den legedia.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatuak aginduko du.

II. ERANSKINA

Programaren ezaugarriak

1.–Programaren ezaugarri orokorrak.

1.1. Ikastetxe bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahalko du. Alabaina, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Hezkuntza Bereziko ikasketak ematen dituzten ikastetxeen kasuan, onartuko da hezkuntza-etapa bakoitzerako aldaera bereziak biltzen dituen proiektua aurkeztea.

1.2. Eskainitako eta garatutako kirol-jarduera fisiko guztiek, programa bakoitzean sartutakoek, errespetatu beharko dituzte Covid-19ari dagokionez osasun eta kirol arloko agintari eskudunek ezarritako neurri eta baldintzak, besteak beste hauek: mugikortasuna, edukiera, neurri higieniko-sanitarioak eta prebentziokoak.

1.3. Gorputz Hezkuntzako departamentuari edo arloari bakarrik dagokio programa prestatzea; gainera, hura koordinatzeaz eta gainbegiratzeaz arduratuko da.

Ezinbestekotzat jotzen da programa honen eta Gorputz Hezkuntza irakasgaiaren edukien arteko osagarritasuna ezartzea eta bien arteko koordinazio-tresnak sortzea. Horrela, irakasgai horren curriculum garapenari lotuko zaio programa.

1.4. Herriko udal kirolaren arduradunekin koordinatu beharko da.

1.5. Bermatu beharko du hezkidetzaren parametroei jarraituz diseinatzen eta antolatzen dela jardueren eskaintza, hau da, neskentzako zein mutikoentzako jarduerak jaso beharko ditu eskaintzan, ohiko kirol jarduera “femeninoen” eta “maskulinoen” arteko estereotipoak hauts daitezen.

1.6. Aurkezten diren programek, xede eta helburuez gain, oinarri hauetan zehazten diren ezaugarriak ere bete beharko dituzte, programa motei, jarduera motei, langileei, iraupenari eta abarri dagokienez.

2.–Programa motak eta iraupena.

2.1. Motak:

2.1.1. Eskola-ordutegian (jolasgaraian) garatzen den programa.

Gutxienez ere 25 minutuko jolasgarai bakar batean gauzatuko da, eta astean 3 jolasgaraitan talde bakoitzeko.

2.1.2. Eskola-ordutegitik kanpo (jantoki orduetan edo arratsaldez) gauzatzen den programa.

Gutxienez ere 50 minutuko jolasgaraitan gauzatuko da, eta astean bitan talde bakoitzeko.

2.2. Iraupena:

Programa ikasturtean garatuko da, eta gehienez ere 8 hilabete iraunen du, 2020ko urriaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra arte, edo gutxienez 6 hilabete.

Atal honetan ezarritako gutxienekoetatik beherako iraupena duten proposamenak ez dira aintzat hartuko.

3.–Programaren edukiak: Jarduera motak.

3.1. Ikastetxeak berak finkatuko du programaren barrenean dauden jarduerak egiteko ordutegia.

3.2. Jarduera guztiak ikastetxearen instalazioetan eginen dira, salbu ikastetxeak eskaini bai baina haiek aurrera eramateko berariazko instalaziorik ez dutenak.

3.3. Ez da programa honen barnean izanen iraupen-eskia egiteko kanpainan, bela kanpainan edo naturako jardueren kanpainan parte hartzea, ez eta gorputz-hezkuntza irakasgaian programatzen diren egun bateko txangoetan parte hartzea ere, dela bizikletan ibiltzeko, piraguan ibiltzeko, mendira joateko, eta abar.

3.4. Programak bi jarduera mota biltzen ahalko ditu:

Jarduerak eskolako hezkuntza integrala osatzera bideratuko dira, nortasuna harmonikoki garatzera eta baldintza fisiko batzuk eta prestakuntza teoriko bat lortzera, pertsona bakoitzak beharrezko tresnak izan ditzan adinean gora egin ahala, ohitura osasuntsuak eskuratzeko.

a) Kirol-jarduera fisikoak.

Lehiaketa ofizial arautuei edo lehendik ezarrita dauden beste programa batzuei lotu gabeko kirol-jarduera fisikoak gauzatuko dira, kirol prestakuntzaren osagarri, hezkuntzaren ikuspegitik.

Planteatzen diren jarduera guztiak neskei zein mutikoei eskainiko zaizkie, eta lehentasuna emanen zaie parte-hartze ekitatiboa duten jarduerei.

Jarduera motak:

a.1. Aisiari lotuak.

Bizimodu osasungarriko ohiturak sortzera bideratutako jarduerak izanen dira, baliagarri direnak parte-hartzaileek egiten dituzten ikasketen curriculuma garatzeko, batez ere Gorputz Hezkuntzarekin lotutakoak.

a.2. Lehiaketetakoak

Kirol hastapeneko jarduerak egiten ahalko dira, kirol bakar batekoak edo gehiagokoak.

Ezin izanen dira gehitu ikastetxeak ordutegi berean bere kirol klubaren bidez eskaintzen dituen kirol-jarduera fisikoen modalitateak.

b) Jarduera osagarriak edo prestakuntzakoak

Gorputz Hezkuntzaren departamentuak edo arloak koordinatzen dituen jarduerak dira, ikasleen prestakuntza integrala osatzea helburu, osasunari, ongizateari, ohitura osasuntsuei eta abarri loturiko eduki teoriko praktikoen bitartez.

4.–Langileria.

4.1. Ikastetxe bakoitzak bere programa gauzatzeko ardura izanen du, eta, horrenbestez, behar diren baliabideak jarriko ditu behar bezala gauza dadin.

4.2. Programa bakoitzean sartzen diren langileek honako profil hau izan beharko dute:

–Arduraduna: ikastetxeko Gorputz Hezkuntzako departamentuak edo arloak bakarrik diseinatu, koordinatu eta gainbegiratuko du programa, eta, hortaz, kirol arduradunak edo koordinatzaileak lan horretarako behar diren prestakuntzaren eta esperientziaren jabe izan beharko du Gorputz Hezkuntzaren eta Kirolaren Zientziei dagokienez.

–Laguntzako langileak: programa garatzeko, Gorputz Hezkuntzako departamentuak edo arloak Batxilergoko gainerako irakasleen edo ikasleen laguntza izan beharko du; betiere, arduradunaren oniritzia duela. Halaber, jardueren parte-hartzaileen artean “kiroltasuneko arduraduna” hautatuko da, kirolaren balioez gehien arduratzen den ikaslea izanen dena eta sustatuko dituena joko garbia, pertsona guztiekiko errespetua, elkarrekiko laguntza eta jokalarien arteko elkartasuna.

–Gainerako langileak: programaren barreneko jarduerak gauzatzeko ardura duten langileek beharrezko prestakuntza izan beharko dute, egin beharreko lanaren arabera. Zer jarduera ematen duten, hari dagokion kirolean hasteko prestatzaile edo monitore titulua izan beharko dute, gutxienez ere, bai eta ikastetxeko Gorputz Hezkuntzako departamentuaren edo arloaren oniritzia ere. Kirolean hasteko prestatzaile edo monitore titulurik ez dagoen modalitateetan, arlo horretako monitorearen esperientzia eskatzen ahalko da.

4.3. Aipatu langileek, zein den ere betetzen duten eginkizuna programa garatzeko, ez dute kontratu bidezko inolako lan harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.

4.4. Aipatu langileek, zein den ere betetzen duten eginkizuna programa garatzeko, Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa izan beharko dute, urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren arabera.

Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoak, 13. artikuluko 5. apartatuan (uztailaren 28ko 26/2015 Legeak aldatua), honako hau ezartzen du: “Adingabeekin ohiko harremana duten lanbide, ogibide eta jardueretan lanean hasi eta aritzeko baldintza dela epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, eta horren barnean sartzen dira sexu eraso eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbideratzea, eta gizakien salerosketa. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko”.

5.–Parte-hartzaileak.

5.1. Programa ikastetxeko ikasle guztiei dago bideratua, Haur Hezkuntzako ikasleei izan ezik, eta ezin izanen da kirol praktikarako gaitasunetatik eratorritako murrizketarik egin.

5.2. Deialdiaren xede nagusia kontuan hartuta, ezin izanen da ikaslerik baztertu sexu, arraza, erlijio, ideologia, desgaitasun, sexu joera eta abar direla-eta, hautapen prozesuak eginez. Hori betetzen ez bada, dirulaguntza galduko da.

6.–Instalazioak

Ikastetxea bera arduratuko da programako jarduerak garatzeko beharrezkoak diren instalazioak harentzat prest izateaz.

7.–Laguntza teknikoa.

Programak gauzatzeko orduan, ikastetxeek kanpoko eragileen lankidetza izan dezakete, konparazio batera: toki-erakundeak, kirol federazioak, kirol elkarteak, kirol kudeaketarako enpresak eta kirol arloko beste entitate batzuk.

8.–Osasun laguntza.

Deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxe guztiek dagokien eskola asegurua eduki beharko dute.

Jarduera eskola-ordutegitik kanpo egiten denean, parte-hartzailearen aseguru pertsonalaren kontura izanen da osasun laguntza.

III. ERANSKINA

Baremoa

Eranskin honetan ezarritako baremoarekin baloratuko dira unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten ikastetxe publiko eta pribatuen eskaerak, hots, 2020-2021 ikasturterako Eskola-umeentzako Kirol Programako dirulaguntzen deialdiaren babesean aurkeztutakoak.

Balorazio irizpideak: 39 puntu gehienez.

1.–Eragin eremua hezkuntza eremuan (4 puntu arte).

–Hezkuntza komunitatea: (GHko irakasleak, gainerako irakasleak, ikasle laguntzaileak, guraso elkarteak), toki-erakundeak, kirol klubak, beste batzuk...

2.–Ikastetxearen kokalekua eta tipologia: 6 puntu.

Hiru inguruabar hauek batera gertatzen diren ikastetxeek 6 puntu jasoko dituzte, eta bat edo bi gertatzen badira, 0 puntu.

a) Landa eremuan kokatutako ikastetxea.

b) Inguruko udalerrietako ikasleen kontzentrazioa.

c) Ikastetxean matrikulatutako ikasleak, 100 baino gutxiago.

3.–Zer hezkuntza mailatarako den programa (6 puntu arte).

Ikastetxe arruntetarako baino ez:

Programa zer hezkuntza mailatarako den baloratuko da: 0.5 puntu/maila (Mailak: Lehen Hezkuntzako 1., 2., 3., 4., 5. eta 6. mailak // DBHko 1., 2., 3. eta 4. mailak // Batxilergoko 1. eta 2. mailak).

Hezkuntza Bereziko ikastetxeetarako baino ez:

–Oinarrizko prestakuntza. (3 puntu).

–Lanbide Heziketa. (3 puntu).

4.–Garatu beharreko programak: 5 puntu arte.

–Jolasgaraiko programa. (Puntu bat).

–Jantoki orduetako programa. (2 puntu).

–Arratsaldeko edo asteburuko programa. (2 puntu).

5.–Aurreikusitako ekintzak: 9 puntu arte.

–Kirolean hasteko jarduera kopurua. (3 puntu gehienez).

–Josteta eta aisiako jarduera kopurua. (3 puntu gehienez).

–Garatu beharreko jarduera osagarri edo prestakuntzakoen kopurua. (3 puntu gehienez).

6.–Programaren iraupena: 8 puntu arte.

–6 hilabete (6 puntu).

–7 hilabete bitarte (7 puntu).

–8 hilabete bitarte (8 puntu).

7.–Genero-ikuspegia: Puntu bat.

Programaren idazkeran hizkera ez-sexista erabiltzea.

Iragarkiaren kodea: F2008862