197. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MIRANDA ARGA

Aldaketa, Herriko jabari publikoan intereseko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu bereziaren tasa arautzen duen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Miranda Argako Udalak, 2020ko urtarrilaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa honako ordenantza honen 2. eta 3. artikuluetan: Herriko jabari publikoan intereseko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu bereziaren tasa arautzen duen ordenantza fiskala.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, erabaki hori 2020ko 42. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 2an, baita Miranda Argako Udalaren ediktuen taulan ere.

Espedientea jendaurrean egon da 30 egun balioduneko epean, eta inork ez du alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu; beraz, 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluan xedatuari jarraikiz, behin betiko onetsi da ordenantza fiskalaren aldaketa, eta haren testu osoa ematen da argitara, onetsitako aldaketekin batera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Miranda Argan, 2020ko uztailaren 30ean.–Alkatea, Francisco Gil Serantes.

ORDENANTZA FISKALA, HERRIKO JABARI PUBLIKOAN INTERESEKO HORNIDURA ZERBITZUAK USTIATZEN DITUZTEN ENPRESEN APROBETXAMENDU BEREZIAREN TASA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 100. artikuluaren eta hurrengoen babespean, ordenantza honen helburua da udal eremu publikoko lurzoru, lurpe edo lurgainean hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziaren tasa arautzea, zerbitzu horiek interes orokorrekoak direnean edo herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean.

2. artikulua. Zerga-egitatea.

Tasa honen zerga-egitatea dira Udalaren eremu publikoko lurzoru, lurpe edo lurgainean hornidura zerbitzuen enpresa edo entitateek egiten dituzten erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, zerbitzu horiek interes orokorrekoak direnean edo herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean.

3. artikulua. Subjektu pasiboak.

Tasa horren subjektu pasiboak dira aurreko apartatuko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresak, bai hornidurak egiteko erabiltzen diren sareen titularrak badira, bai, sare horien titularrak izan gabe, sareak erabiltzeko, haietara iristeko edo elkar lotzeko eskubideen titularrak badira. Kasu honetan (sareen titular ez diren enpresak), ez dute tasarik ordaindu beharko telefoniako eta Interneteko zerbitzuak ematen dituzten enpresek.

Subjektu pasiboa zein den zehazteko, zerbitzu horiek ustiatzen dituzten enpresen artean sartzen dira banaketarako eta merkaturatzeko enpresak.

4. artikulua. Zerga-oinarria eta zerga-tasa.

Zerga-oinarriari dagokionez, enpresek udal-mugartean urtean lortutako fakturaziotik heldu diren diru-sarrera gordinen arabera kalkulatuko da. Ordaindu beharreko kuota kalkulatzeko, oinarri horri %1,5 aplikatuko zaio zerga-tasa bakar gisa Miranda Argako udalerri osoan.

Ondorio horietarako, diru-sarrera gordinen artean ez dira sartuko egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, ezta hirugarrenen kontura kobratutako partida edo zenbatekoak ere, baldin ez badira entitatearen diru-sarrera berekiak, alegia, tasaren zenbatekoa zehazteko araubide hau aplikatzen zaion entitatearen diru-sarrera berekiak. Orobat, Ekonomia Ministerioaren energia elektrikoa sortzeko instalazioen administrazio erregistroaren 1. edo 2. ataletan erabiltzen diren hornidura zerbitzuen zenbatekoak ez dira fakturazioaren diru-sarreren barnean hartuko, baldin eta araubide berezi horretan tributatu dezakeen energia sortzeko beharrezko lehengai gisa erabiltzen badira.

Hornidurak egiteko kanpoko sareak erabiltzen dituzten enpresek beren fakturazioko diru-sarrera gordinetatik kenduko dituzte beste enpresa batzuei ordaindu dizkieten zenbatekoak, haien sareak eskuratzeagatik edo haiei lotzeagatik.

Sare horien titulartasuna duten enpresek kontzeptu horregatik eskuratzen dituzten zenbatekoak sartu beharko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetan.

Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko horren gordailua egitera ere.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio galera norainokoa den, horrenbeste emanen du ordainetan onuradunak.

5. artikulua. Sortzapena eta zergaldia.

Tasa urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean sortuko da, eta zergaldia urte naturalekoa izanen da, erabilera pribatiboa hasteko edo uzteko kasuetan izan ezik, urte naturalaren zenbatekoa proportzionalki hainbanatuko baita.

6. artikulua. Diru-sarrera gordinen aitorpena.

Zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresetan tasa ordaintzera beharturik daudenek hiru hilean behin aurkeztu beharko dute udal-mugartean erdietsi diru-sarrera gordinen aitorpena, aurreko hiruhilekoari dagokiona hain zuzen ere.

Aipatu aitorpen horretan tasaren zenbatekoa kalkulatu beharko da, arau honetan ezarritakoaren arabera.

Aitorpena aurkeztearekin batera, dagokien tasaren zenbatekoa ordaindu beharko dute enpresek.

7. artikulua. Bermeak.

Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostua ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko horren gordailua egitera ere.

Gordailu hori osatuko da ukituak izan daitezkeen elementuen edo instalazioen balioaren arabera eta sor daitezkeen kalteen arabera, propio egindako balorazioaren gaineko irizpena edo txosten teknikoa ikusita.

Enpresek aprobetxamenduak nola edo halako jarraitutasun eta aldizkakotasun batez egiten badituzte, udalerritik kanpo izanda ere, kudeaketa administratiboa erraztu ahal izateko, gordailu oso bat ezar dezaten itun daiteke, Udalaren organo eskudunak ezarri aldietan berrikus daitekeena, aipatu aldietan aprobetxamendu horietan ustezko kalteen arabera kuantifikatua.

Gordailua lot daiteke indarra duen arautegia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin. Fidantza itzultzeko, aldez aurretik beharrezkoa izanen da aldeko txostena, non azalduko baita indarra duen arautegia eta lizentziaren baldintzak hertsiki bete, eta zoladura eta kaltetutako beste elementuak behar bezala konpondu direla.

8. artikulua. Bateragarritasuna.

Ordenantza honetan arautzen den tasa bateragarria da –independentea baita– zerbitzuak edo toki erakundearen eskumeneko jarduerak egiteagatik ezar daitezkeen beste tasa batzuekin, salbu eta erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziarekin ikusteko duten tasekin, horiek baitira ordenantzaren berezko xedeak.

9. artikulua. Kudeaketa.

Tasa hau kudeatzeko, toki entitate honek hitzarmenak egin ditzake beste entitate batzuekin hura kudeatu eta likidatzeko prozedura erraztu eta arintzeko.

Azken xedapena.–Ordenantza hau aplikatuko da bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 2/1990 Foru Legearen 262.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta indarra izanen du berariaz aldatu edo indargabetu arte.

Iragarkiaren kodea: L2008632