197. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARAIOA

Ordenantza, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Garaioako Udalak, 2020ko martxoaren 5ean egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak arautzen dituen udal ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2020ko 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 8an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, behin betiko onetsi, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz. Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Garaioan, 2020ko uztailaren 23an.–Alkatea, José Javier Eransus Elizagaray.

DESGAITASUNA DUTEN PERTSONENDAKO APARKATZEKO TXARTELAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Garaioako udal-mugartean desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak emateko prozedura arautzea, Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an eman 98/376/CE Gomendioari eta abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuari jarraituz, azken honen bitartez arautzen baitira desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak eman eta erabiltzeko baldintzak. Helburua da testu arau-emaile honen bigarren artikuluan jasotako baldintzak betetzen dituzten pertsonek automobila sarbide edo helmugatik ahalik eta hurbilen aparkatu ahal izatea, joan-etorri luzeak saihesteko.

2. artikulua. Baldintzak.

1. Garaioako Udalak emandako aparkatzeko txartela eskuratzen ahalko dute desgaitasuna ofizialki aitortua duten pertsona fisikoek, bat etorriz Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren 4.2 artikuluan ezarritakoarekin (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), baldin eta eskabidea egiteko unean baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Udalerri honetan erroldaturik egotea.

b) Minusbaliotasun bat izatea; desgaitasun mota hauetako bat gutxienez frogatu beharko da:

–Lokomozio aparatuko desgaitasunen baten ondorioz mugikortasuna murriztua izatea eta honako alderdi hauek frogatzea:

ziurtagiri bat, %34ko minusbaliotasun maila edo handiagoa frogatzen duena, eta agertuko duena zenbat puntu eskuratu diren mugikortasun arazoak zehazteko baremoan, garraio publiko kolektiboak erabiltzea eragozten duten arazoei dagokienez (baremo hori jaso da abenduaren 23ko 1971/4999 Errege Dekretuaren eranskinean); hau da, A, B edo C atalean egotea garraio publiko kolektiboa erabiltzea eragozten duten mugikortasun arazoak zehazten duen baremo horretan, edo 7 punturekin edo gehiagorekin egotea D, E, F, G eta H ataletan.

–Desgaitasuna ikusmenekoa bada, honako hau frogatu beharko da:

ziurtagiri bat, dioena desgaitasuna %34koa edo handiagoa dela.

Honako egoera honen gaineko ziurtagiria:

–Begirik onenean begi-zorroztasuna 0,1 (1/10 Wecker eskalan) edo gutxiago izatea leiar zuzentzaileekin, edo ikuseremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.

Desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalen irizpena jaso beharko dute bi egoera horiek, bai mugikortasun murriztuak bai ikusmeneko desgaitasunak. Talde horiek egonen dira egoki diren organo tekniko eskudunen barnean, zeinak egonen baitira dagozkien organoen mende, minusbaliotasun maila kalifikatzeko eginkizunak eskualdatuak dituzten autonomia erkidegoetan, bat etorriz abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuarekin (errege dekretu horrek hizpide du minusbaliotasunaren aitorpena, deklarazioa eta haren mailaren kalifikazioa egiteko prozedura). Hartara, talde multiprofesional horiek irizpena emanen dute, aginduzkoa, eta Udalarendako lotestea izanen dena, txartela eman dezan.

Artikulu honetan eskatzen diren baldintzak betez gero, aparkatzeko txartela emanen da.

2. Halaber, aparkatzeko txartelaren titularrak izaten ahalko dira desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko soilik diren ibilgailuen titularrak, izan pertsona fisikoak nahiz pertsona juridikoak, baldin ematen badituzte abenduaren 14ko 39/2006 Legean aipatzen diren gizarte zerbitzuak, autonomia pertsonala sustatzekoak eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzekoak (39/2006 Legeak hizpide du autonomia pertsonala sustatzea eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzea), edo, orobat, ematen badituzte azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuan aipatutako gizarte zerbitzuak (legegintzako errege-dekretu horren bidez onetsi zen desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina).

3. Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak emanen zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta irizpen ofizialik izan ez, baldin larritasun handiko gaixotasun edo patologiaren bat badute, eta horrek nabarmen jaisten badu bizi-itxaropena, naturaltzat jotzen dena haien adinaren arabera eta gainerako egoera pertsonalen arabera, eta, beraz, denborarik ez badago aparkatzeko txartela ohiko bidetik izapidetzeko. Kasu horretan, beharko da osasun arloko zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek emaniko ziurtagiria. Aparkatzeko behin-behineko txartelak urtebeterako emanen dira gehienez ere, eta urtebeterako luzatzen ahalko dira, baldin hasierako baldintzak mantentzen badira. Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egiten ahalko ditu, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzearren.

3. artikulua. Eskatzeko prozesua.

Interesdunak eskabidea egin ondoren emanen da txartela.

Txartela Udaleko Erregistro Orokorrean eskatuko da, ordenantza honen eranskinean jasotzen den ereduari jarraikiz.

Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskatzailearen izen-deiturak.

–Karneterako argazki bat.

–NANa.

–Herrian erroldaturik egotearen ziurtagiria.

–Iraungitako txartela, txartela berritu nahi denean.

–Eskabidea desgaitasuna duen pertsona fisikoak egiten badu, desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean leiar zuzentzaileekin 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluan jasotako baldintzetan. Desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalek emaniko agiriak izanen dira nahitaez.

Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkoa dela uste badu, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari txosten bat eskatzen ahalko dio, frogatzen duena eskatzaileak biltzen dituela txartela eskuratzeko baldintzak, edo argibideak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.

–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek emandako ziurtagiria, balioztatu beharko duena eskatzailearen bizilekuan eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak.

–Ordenantza honen 1. artikuluko 2. apartatuan aipatu bezala, pertsona fisiko edo juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko ematen dituztela mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak.

Eskatzen diren baldintzak betez gero, aparkatzeko txartela emanen da.

4. artikulua. Aparkatzeko txartelaren ezaugarriak eta hura erabiltzeko baldintzak.

Aparkatzeko txartela erabiltzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

–Txartela pertsonala eta besterenezina izanen da erabat; hura erabiltzeko, titularra eraman beharko da ibilgailuan edo desgaitasuna duen titularrak berak gidatu beharko du. Txartela erabiltzen bada desgaitasuna duen pertsona ez dagoenean, besterik gabe kenduko zaio eta ezinezkoa izanen du etorkizunean txartelik erdiestea. Desgaitasuna duen pertsona bakoitzeko txartel bakarra emanen da. 2.2 artikuluan jasotzen den kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori soilik erabiliko da mugikortasuna murrizturik duten pertsonen garraio kolektiborako. Txartela baliozkoa izanen da, soilik, ibilgailuan halako pertsonak eramaten direnean egiazki.

–Txartela jasotzen dutenek, txartel hori lortzeko baldintzetan edo betekizunetan aldaketaren bat izaten bada, horren berri eman behar diote Udalari. Aldaketen berri ez ematea txartela besterik gabe kentzeko arrazoi izanen da. Udalak ahalmena izanen du bidezkoak iruditzen zaizkion errekerimenduak egiteko, ordenantza hau betetzeko.

–Txartela aurrealdeko haizetakoan paratu beharko da, haren aurrealdea ibilgailuaren kanpotik irakurtzeko moduan dela. Agintaritza eskudunak edo haren agenteek eskatuz gero, azter dezaten utziko zaie.

Aparkatzeko txartelaren titularrek, txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago, honako eskubide hauek edukiko dituzte Estatu osoan:

a) Aparkatzeko tokia erreserbatzea etxetik edo lantokitik hurbil, kasuan kasuko administrazioari eskaera egin eta beharra justifikatu ondoren, autonomia erkidegoko edo tokiko administrazioek ezartzen dituzten baldintzen arabera. Irisgarritasunaren nazioarteko sinboloarekin seinalatu beharko da toki hori.

b) Desgaitasuna duten pertsonendako gaitutako lekuetan aparkatzea.

c) Beharrezkoa den denboran aparkatzea aparkatzeko denbora mugatua dagoen eremuetan, eragozpena izan gabe hirugarren xedapen iragankorrean ezarritakorako.

d) Zamalanetarako erreserbatutako eremuetan gelditu edo aparkatzea, tokiko administrazioak ezarritako baldintzetan, eragozpenik sortzen ez bazaie oinezkoei edo trafikoari.

e) Bideko edozein lekutan gelditzea, justifikaturik badago eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez, eta eragozpenik sortzen ez bazaie ez oinezkoei ez trafikoari, eta betiere agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

f) Bertako bizilagunendako zirkulazioa mugaturik duten bide, eremu nahiz guneetan sartzea, baldin eta aipatutako eremu horren barnean dagoen toki batera badoaz.

2. Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inoiz baimenik emanen honako hauetan aparkatzeko: oinezkoendako eremuetan, oinezkoendako pasabideetan, gelditzeko debekua duten lekuetan eta kasuetan, pasabideak nahiz larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten lekuetan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan eta zirkulazio erreiak txikiagotzen dituzten eremuetan.

5. artikulua. Balio-epea eta berritzea.

Aparkatzeko txartelen balio-epea honako hau izanen da: bost urte.

Epe hori bukatu aurretik, txartela berritzeko eskabidea egin beharko da. Txartela berritzeko, ezinbestekoa izanen da titularrak bete ditzala txartela jasotzeko eskatzen zitzaizkion baldintzak.

Txartela berritzeko eskabidea aurkeztearekin batera, aurretiaz emandako txartelaren balio-epea luzatuko da prozedura ebatzi arte.

Eskabidea aurkezten bada azken txartelaren indarraldia bukatu eta ondoko laurogeita hamar egun naturalen barnean, indarrean jarraituko du aurreko txartel horrek harik eta berritzeko prozedura ebatzi arte.

Gerta liteke txartela jasotzeko eskubidea ematen duen desgaitasun mailaren balorazioa berrikusi behar izatea artikulu honetan aipatutako balio-epea bete baino lehen. Horrelakoetan, desgaitasun maila berrikusteko egunera arte balioko du txartelak.

Salbuespena: desgaitasuna aldi batekoa denean, kasuan kasuko erakundeak emandako ziurtagiriaren arabera, txartelaren balio-epea ziurtagirian agertzen dena izanen da.

Berritzea eskatzen denean, hirugarren artikuluan aipatu agiriak aurkeztu beharko dira, salbu eta txartela eskuratzeko baldintzak aldatu ez badira; izan ere, halakoetan, aski izanen da aurkeztea karneterako argazki berri bat, kolorezkoa. Txartel berriak zaharraren zenbaki bera izanen du.

Gaur egun indarra duten txartelak baliozkoak izanen dira txartela emateko jatorrizko agirian ezarritako epea bete arte, baina berritzen direnean bete beharko dituzte txartelak eskuratzeko hemen onartu diren baldintzak.

6. artikulua. Titularren betebeharrak.

1.–Aparkatzeko txartelaren titularraren betebeharrak hauek dira:

a) Txartela behar bezala erabiltzea, aurreko artikuluan jasotako baldintzen arabera.

b) Aparkatzeko txartela ibilgailuaren aurreko panelean jartzea, edo aurreko haizetakoan, barnetik itsatsita. Kasu guztietan, agiria jatorrizkoa izanen da eta kanpotik argi eta garbi ikusi eta irakurri ahal izateko moduan egonen da.

c) Bere burua identifikatzea, agintaritzaren agente batek hala eskatzen badio.

d) Agintaritzaren agenteei laguntzea, ahal den neurrian saiheste aldera sor daitezkeen trafiko arazoak, aparkatzeko txartela erabiltzeak berekin dakartzan eskubideak erabiltzean.

e) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea, txartela berritzeko unean edo indarraldia bukatzen denean.

2.–Betebehar horiek ez betetzeak ekar dezake aparkatzeko txartela deuseztatzea edo aldi baterako kentzea. Horrez gain, ekar dezake legezko eta erregelamenduzko xedapenetan ezarritako zigorrak jartzea.

Txartela deuseztatzea ekar dezake, halaber, pertsona fisikoek nahiz juridikoek aparkatzeko txartelarekin iruzur egiteak.

Txartela deusezta nahiz aldi baterako ken daiteke baita interesdunei entzunaldia emateko espedientea izapidetu aurretik ere.

Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau hauste administratiboak honako hauek dira:

a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

Arau-hausteak 300 eurotik 600era bitarteko zehapena izanen du.

Faltsutzearen egileak izanen dira arau-haustearen erantzule.

b) Txartelak erabiltzea administrazioaren kontzesiorik gabe edo haren indarraldia amaituta.

Arau-hausteak 300 eurotik 600era bitarteko zehapena izanen du.

Txartelaren erabiltzaileak izanen dira arau-haustearen erantzule.

c) Txartelak erabiltzea eskubidearen titularrak ez direnak eramateko.

Arau-hausteak 300 eurotik 600era bitarteko zehapena izanen du, eta titularrari txartela erabiltzeko debekua ezarriko zaio, gehienez ere 2 urtera arte.

Txartelaren titularrak eta hura oker erabiltzen dutenak izanen dira arau-haustearen erantzule.

Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpena eman aitzin, interesdunei entzunen zaie, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan xedatuari jarraikiz, haren bidez onetsi baitzen zehapen ahalmena erabiltzeko prozedura.

7. artikulua. Txartelaren lurralde eremua.

Txartelak Espainiako lurralde osorako balioko du, eta Europar Batasuneko estatuetan erabiltzen ahalko da, tokian eskumena duten organoek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.

I. ERANSKINA

Desgaitasuna duten pertsonek aparkatzeko txartelaren eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2008629