197. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

97/2020 EBAZPENA, uztailaren 28koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, laguntzen deialdia aurkezten duena, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako ikasle, irakasle eta langileek atzerrian prestakuntza egonaldiak egiteko. Prestakuntza egonaldi horiek 2021-2022 ikasturtean eginen dira Erasmus+ programaren esparruaren barruan. DDBN identifikazioa: 519283.

Hezkuntza Departamentuak hiru proiektu aurkeztu ditu SEPIEren deialdi nazionalean, Lanbide Heziketari lotutako ikasle, irakasle eta langileentzako prestakuntza egonaldiak errazteko.

Proiektuak bi Erasmus+ partzuergoren egituraren barruan aurkeztu dira, Hezkuntza Departamentuak gidatuak; haien partaide dira Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak (ikasleak, irakasleak eta langileak bidaltzen dituzten erakunde gisa eta proiektuen kudeaketa prozesu osoaren bitartekari gisa).

2021-2022 ikasturterako eskatzen ahal diren plazak honako hauek dira:

Erdi maila:

–Ikasleentzako 65 egonaldi, 3 hilabetekoak.

–Ikasleentzako 50 egonaldi, 2 astekoak.

–Lanbide Heziketako irakasle eta langileentzako 42 egonaldi, aste 1 eta 6 aste bitartekoak.

Goi maila:

–Ikasleentzako 75 egonaldi, 3 hilabetekoak.

–Lanbide Heziketako irakasle eta langileentzako 2 egonaldi, astebetekoak.

SEPIEk ebaluazio prozesua eginen du proiektuak onesteko eta horietako bakoitzari dagokion laguntza kopurua esleitzeko; laguntzen kopuru zehatza prozesu horren araberakoa izanen da.

Laguntzak erabiliko dira Europako enpresetan egiten diren prestakuntza egonaldien zati bat finantzatzeko.

SEPIEk proposamenak hautatzeko eginen duen prozesuaren emaitzak jakin ondoren, plazak laguntza eskatu duten Lanbide Heziketari lotutako ikasle, irakasle eta langileei esleituko zaizkie, horretarako eginen den lehenespen prozesuari jarraikiz, LHko ikastetxeen lankidetzarekin eta apirilaren 3ko 31/2012 Foru Aginduan ezarritako irizpideekin bat. Esleipen hori eginen da ebazpen honi erantsi zaizkion deialdiaren oinarrietako I. eta II. eranskinetako xehetasunei jarraikiz.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuaren txostena ikusirik, non adierazten baita argitaratu beharra dagoela Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako ikasle, irakasle eta langileek, Erasmus+ programaren esparruan, Europako enpresetan praktikak egiteko deialdia.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia onestea, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako ikasle, irakasle eta langileek atzerrian prestakuntza egonaldiak egiteko laguntzena. Prestakuntza egonaldi horiek 2021-2022 ikasturtean eginen dira Erasmus+ programaren esparruaren barruan.

2. 150.000,00 euroko gastua onestea 2021. urterako eta 519.000,00 eurokoa 2022. urterako, 2021eko gastuen aurrekontuko “Erasmus+ programa. SEPIE” izeneko 422001 43100 4800 322E00 partidaren baliokide izateko gaitzen den partidaren kargura. Gastua honela banatuko da:

2021. urterako, 110.000,00 euro bideratuko dira erdi mailako Lanbide Heziketako ikasle, irakasle eta langileentzako laguntzentzat, eta 40.000,00 goi mailako Lanbide Heziketako ikasle, irakasle eta langileentzat.

2022. urterako, 440.000,00 euro bideratuko dira erdi mailako Lanbide Heziketako ikasle, irakasle eta langileentzako laguntzentzat, eta 79.000,00 goi mailako Lanbide Heziketako ikasle, irakasle eta langileentzat.

Gastu hori egiteko, betiere, urte bakoitzeko partidan behar adinako kreditu egokia izan beharko da.

3. 2021-2022 ikasturteko Erasmus+ programaren Europako enpresetako egonaldien deialdia Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, deialdi honen eranskinetan ezartzen diren zehaztapenekin bat.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusira, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Berrikuntza, Nazioartekotze eta Kalitaterako Atalera, Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegora Hezkuntza Departamentuan dagoen Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzaile delegatuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta Argibide eta Agiri Bulegora igortzea.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 4an.–Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

I. ERANSKINA. 2021-2022KO DEIALDIA

LAGUNTZEN DEIALDIA, NAFARROAKO GOBERNUKO HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN MENPEKO IKASTETXE PUBLIKOETAKO LANBIDE HEZIKETAKO ETA ARTE PLASTIKOETAKO ETA DISEINUKO IRAKASKUNTZETAKO IKASLEEK ATZERRIKO PRESTAKUNTZA EGONALDIAK EGITEKO 2021-2022 IKASTURTEAN, ERASMUS PROGRAMAREN ESPARRUAN

Oinarriak

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da laguntza batzuk ezartzea Nafarroako Gobernuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako ikasleek atzerriko prestakuntza egonaldiak egin ditzaten 2021-2022 ikasturtean.

Bigarrena.–Atzerriko prestakuntza egonaldien ezaugarri orokorrak.

Hezkuntza Departamentuak, Lanbide Heziketa egiten ari diren ikasleek Europar Batasuneko enpresetan prestakuntza jaso dezaten bultzatzeko asmoz, bi proiektu aurkeztuko ditu, Erasmus+ programaren esparruan, ikasle horiei dirulaguntzak emateko Europan prestakuntza egonaldiak egin ditzaten.

1.–Proiektu bat VET Kalitate Gutuna duten Partzuergo Akreditatuko erdi mailako ikasleei zuzenduko zaie.

2.–Bigarren proiektu bat VET Kalitate Gutunik ez duten Partzuergo Akreditatuko erdi mailako ikasleei zuzenduko zaie.

3.–Hirugarren proiektu bat goi mailako ikasleei zuzenduko zaie.

Proiektu hauek nahitaezko Lantokiko Prestakuntza egiteko aukera eman dezakete, edo prestakuntza osagarria egiteko, Europako enpresetan. Europako enpresetako prestakuntza osagarria egiten da Lanbide Heziketako ikasketak eta hari dagozkion derrigorrezko praktikak bukatu ondoren. Bi kasuotan, ikasle interesdunek praktikak zer ikasturtetan egin nahi dituzten, horren aurrekoan aurkeztu beharko dute eskaera.

SEPIE-Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuak proiektuak onesten baditu, plazak esleituko dira hautatzen den destinoko herrialdearen arabera eta arau honetan ezarritako baremoaren arabera.

Hirugarrena.–Eskaerak.

Egonaldi hauek hiru modutan artikulatzen ahalko dira:

A modalitatea.–Erdi mailako eta goi mailako ikasleentzat: egonaldi hauek hamahiru edo hamalau astekoak izanen dira, eta Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuaren bitartez kudeatuko dira.

B modalitatea.–Erdi mailako ikasleentzat bakar-bakarrik: bi edo hiru asteko egonaldiak izanen dira, aurretik Lanbide Heziketako ikastetxe batek proposaturik; bidezkoa bada, tutore batek lagundurik joanen dira ikasleak.

C modalitatea.–Goi mailako ikasleentzat bakar-bakarrik. Iraupen luzeko egonaldiak egiteko aukerak aurreikusten da (6 eta 9 hilabeteen artekoak) graduatu ondoko gisa. Parte hartzaileak LP eginen luke Nafarroako enpresa batean, eta gero 6 eta 9 hilabete arteko praktikak eginen lituzke enpresa horrek atzerrian duen eskumendeko enpresa batean.

A eta C modalitateetan interesaturik dauden ikasleek honako helbide honetan agertzen den inprimaki elektronikoa erabiltzen ahal dute eskaera egiteko:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/solicitud-erasmus-plus

Bigarren taldeko egonaldien kasuan (B modalitatea), Lanbide Heziketako ikastetxeak parte-hartzaileen zerrenda bat prestatuko du, eta haietako bakoitzari eskatuko dio Hezkuntza Departamentuak emanen duen eskabide-orria bete dezala.

Deialdiaren epea 2020ko azaroaren 2tik abenduaren 4ra artekoa da, biak barne.

Epe berean, goian aipatutako inprimaki elektronikoaz gain, beka hauen eskatzaileek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte beren Lanbide Heziketako ikastetxean:

a.–Parte-hartzaileek beren gain hartzen dituzten konpromisoei buruzko dokumentua (paperean sinatua)

b.–Curriculum vitaea eta aurkezpen gutuna, ingelesez idatziak eta Europass eredua erabiliz (PDF formatu informatikoan). Destinoko herrialdea Frantzia bada edo hango lan hizkuntza frantsesa bada, frantsesez aurkeztuko da.

b) fitxategiaren izenaren formatua: 1. ABIZENA–2. ABIZENA, IZENA–CVetaAG (Aurkezpen Gutuna)

Hamar eguneko epea emanen da akatsak zuzentzeko, izena eman dutenen zerrendak Lanbide Heziketako ikastetxeetan argitaratzen direnetik hasita.

Dokumentuak errazago betetzearren eta hautagaiak aukeratu eta bekak esleitzeko prozesu osoa erraztearren, Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan eskuragai egonen dira hala ereduak nola ikastetxeek eta parte-hartzaileek jakin behar duten informazio guztia. Interneteko helbidea:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/1964/Becas-para-estancias-de-formacion-en-empresas-de-la-Union-Europea-para-el-alumnado-de-FP

Ikasleek parte hartzeko bete beharreko baldintzak:

1. Ingelesa erabili behar duten egonaldietarako, gutxienez B1 maila izatea, eta Frantziako egonaldietarako, berriz, frantsesezko A2 maila. Italiako edo Portugalgo egonaldietarako, ez da hizkuntza mailarik eskatuko.

2. Atzerrira joateko behar diren agiriak edo baimenak izatea.

3. Programa honen bidez Lantokiko Prestakuntza (LP) egiten dutenei eskatuko zaie ez dezatela modulu bat baino gehiago gainditu gabe izan Lantokiko Prestakuntza zer ikasturtetan egin duten, haren lehen hiruhilekoan.

4. Egonaldia egiteak esan nahi du enpresara joan behar dela prestakuntza hitzarmenean ezartzen den aste guztietan. Ezin daiteke egonaldia eten errekuperazio probak egiteko; hortaz, komenigarria da ziurtatzea praktikak ez direla eginen beste irakaskuntza-jarduera batzuk egiten diren egunetan, praktikak behar den bezala egin ahal izateko.

5. LH Duala egiten ari diren ikasleek ezin izanen dute parte hartu Erasmus+ programan beren LP egiteko, ez bada egonaldiaren hiru hilabeteetan ez daukatela jarduerarik beren ikastetxeetan.

Laugarrena.–Laguntzen esleipena.

Eskatzaileen artean banatuko diren plazen kopurua SEPIEren aurrekontu-kontsignazioaren eta onesten diren proiektuen araberakoa izanen da.

Beka hauen onuradunek jasoko duten dirua ostaturako, mantenurako eta destinoko herrialdera joateko bidaiarako izanen da. Parte-hartzaile bakoitzak jasoko duen diru-zenbatekoa SEPIEk deialdi bakoitzerako argitaratzen dituen tauletan ezarriko da. Taula horiek Zerbitzuen Katalagoan argitaratuko ditu Hezkuntza Departamentuak, eskuragai eduki bezain laster.

2020ko Erasmus+ deialdirako argitaratutako taulak erreferentzia gisa erabiltzen ahal dira deialdi honetarako bideratu daitezkeen gutxi gorabeherako kopuruak kalkulatzeko.

Ikastetxe bakoitzari esleituko zaizkion plazak bakoitzak aurkezten duen eskaera kopuruaren arabera banatuko dira, modu proportzionalean. Hasierako esleipen hori, alabaina, aldatzen ahalko da, ikastetxeek eginen duten hautapen prozesuaren lehenengo fasean sortzen diren zerrenden arabera.

Lanbide Heziketako ikastetxeek 0tik 100 puntura bitarteko puntuazioa emanen diete ikasleei, hurrengo atalean ezarriko diren irizpideei jarraikiz. Lehenengo hautapen fasea gainditzeko, gutxienez 50 puntu lortu beharko dira.

Barematzeko irizpideak:

Ikastetxe bakoitzak honako irizpide eta gehieneko puntuazio hauei jarraituko die eskatzaileak ebaluatzeko eta haien hasierako hautapen proposamena egiteko:

1. Espediente akademikoa: Gehienez ere 50 puntu

2. Jarreraren ebaluazioa, Zerbitzuen Katalogoan argitaratuko den ebaluazio errubrikaren arabera: Gehienez ere 20 puntu

3. Prestakuntza egiaztatua atzerriko hizkuntzetan: Gehienez ere 20 puntu

4. Lan esperientziaren eta gizarte trebetasunen balorazioa: Gehienez ere 10 puntu

2. atala baloratzeko, eskatzaileei eskola ematen dieten irakasleek, jarreraren ebaluazio errubrika dela-eta, ematen dituzten orientazioei jarraikiko zaie.

3. eta 4. atalak baloratzeko, Lanbide Heziketako ikastetxeek eskatzaile bakoitzaren curriculum vitaearen kopia gorde beharko dute, ikasle guztien balorazio orekatua egiteko datu aski edukitzeko.

Gero, Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoak hautapenaren lehenengo fasea gainditzen duten parte-hartzaile guztiak elkartuko ditu, programaren nondik norakoak hobeki ulertzeko informazio bilera bat egiteko.

Orobat, Hezkuntza Departamentuak Lanbide Heziketako ikastetxeei eskatuko die egiazta dezatela ea curriculum vitaean adierazitako hizkuntza maila egokia den beste herrialde batera bidaiatzeko eta behar diren bermeekin moldatu ahal izateko prestakuntza praktikak eginen dituzten enpresetan.

Azkenik, behin-behineko zerrenda bat prestatuko da, ikastetxez ikastetxe antolatua, bekan ordenan esleitzeko.

Balizko onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan argitaratuko da. Zerrenda hori Lanbide Heziketako ikastetxeei ere jakinaraziko zaie, posta elektronikoaren bidez.

Parte-hartzaileren batek egonaldiak prestatzeko programatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, Hezkuntza Departamentuak beka kentzen ahalko dio.

Era berean, Hezkuntza Departamentuak ezin du bermatu Europako bazkideek enpresa bat aurkituko diotenik onuradun bakoitzari. Hortaz, Europako bitartekariekin batera proiektuaren kalitatea bermatzeko dauden aukera guztiak agorturik, zilegi izanen da eskatzaileari jakinaraztea beka baliogabetu zaiola enpresa hartzailerik ez dagoelako.

Parte-hartzaile bakoitzaren destinoa berretsi ondoren, behin betiko zerrenda prestatu eta Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan ezagutaraziko da. Zerrenda hori behin betiko bihurtuko da parte-hartzaileek destinoko herrialdera bidaiatzeko garraioa ordaintzen dutenean.

Bosgarrena.–Egonaldien garapena, antolaketa eta jarraipena.

Europar Batasuneko herrialdeetan egiten diren A modalitateko egonaldiek 13 edo 14 aste iraunen dute guztira. Egonaldi horiek hiru alditan egiten ahalko dira, ikasturteko hiru hiruhilekoetan, hain zuzen.

Prestakuntza-egonaldia parte-hartzailearen espezialitatearen sektorearekin zerikusia duen enpresa batean eginen da, baina horren truke ez da ezer ordainduko.

Bekak esleitu eta gero, parte-hartzaileek beren kasa antolatzen ahal dituzte egonaldiak, Hezkuntza Departamentuak eskura jartzen dituen bazkide-bitartekariak edo Lanbide Heziketako ikastetxeak erabili gabe.

Bide hori aukeratzen duten parte-hartzaileek enpresaren gaineko informazioa eta harekin harremanetan jartzeko datuak jakinarazi beharko dituzte, parte-hartzaileak berak programatzen duen egonaldia fidagarria dela bermatzeko.

Parte-hartzaileren batek erabakitzen badu ez duela egonaldia bere kasa antolatu nahi, Hezkuntza Departamentuak kudeaketa hauek eginen ditu:

–Destinoko hiriak esleitzea, Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan aritzen diren Europako bazkideekin egiten diren akordioen arabera, eta ikasleak hartzeko dauden enpresen arabera.

–Ostatua eta enpresa bilatzea, bazkide horiekin lankidetzan.

–Bidaia antolatzea.

–Istripu asegurua eta erantzukizun zibilekoa kontratatzea.

–Egonaldien jarraipen eta tutoretza lana egitea inprimaki elektronikoen bidez, deusetan galarazi gabe onuradunek beraiek zenbait kudeaketa egin behar izatea norberaren ikastetxearekin, edo jarraipenerako eta ebaluaziorako beste dokumentu batzuk bete behar izatea, egonaldi horien kudeaketa lanetan laguntzen duten Europako bazkideek eskatuta.

Europar Batasuneko herrialdeetan egiten diren B modalitateko egonaldiek, guztira, bi edo hiru aste iraunen dute, eta Lanbide Heziketako ikastetxeek egiten dituzten proposamenen arabera antolatuko dira. Proposamen horiek otsailaren erdialdea baino lehen egin beharko dira, Hezkuntza Departamentuak 2021rko deialdian aurkezten dituen proiektuen barruan sartu ahal izateko.

C modalitateko egonaldiak antolatuko dira baldin bada Nafarroako enpresarik ikaslerik hartu nahi duenik Europako bere eskumendeko batean, ikasleak, LP egin eta gero, bere prestakuntza aurrera eramaten segitzeko.

Ikasleek beren egonaldiari dagokion beka jasoko lukete (6 hilabete eta 9 hilabete artean), eta jarraipena egin eta dokumentazioa aurkeztuko lukete A modalitateko parte-hartzaileek egiten duten bezala.

Seigarrena.–Jarraipena eta ebaluazioa

Proiektuko parte-hartzaileek jarraipenerako material batzuk jasoko dituzte, enpresako tutorearekin batera bete beharko dituztenak egonaldia bitartean. Material horiek, funtsean, hiru eredu dira: hileko txostena betetzeko eredua, enpresara joaten dela frogatzen duen eredua eta amaierako ebaluaziorako eredua. Eredu horiek Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogotik deskargatzen ahalko dira.

Dokumentu horiez gain, zeinak prestakuntza egonalditik itzulitakoan Hezkuntza Departamentuan aurkeztu beharko baitira, parte-hartzaileek inprimaki elektroniko hauek bete beharko dituzte:

1. Enpresaren datu guztiak zuzendu edo berresteko dokumentu bat.

2. Hileko txosten bat, Hezkuntza Departamentuak helaraziko duen inprimaki elektronikoaren bidez beteko dena.

3. Egonaldiari buruzko balorazio soil bat Hezkuntza Departamentuarentzat, Hezkuntza Departamentuak helaraziko duen inprimaki elektronikoaren bidez bete beharko dena.

4. Egonaldiari buruzko azken txostena SEPIErentzat. Txosten hori Europako Batzordeak diseinatu duen Mobility Tool izeneko aplikazioaren bitartez egin beharko da. Azken txosten hori betetzea nahitaezkoa da.

Gainera, Lanbide Heziketako ikastetxeekin lankidetzan, EUROPASS ziurtagiria eskatuko da Europass Agentziak prestatutako aplikazio informatikoaren bidez. Ziurtagiri horren kudeaketa lanetan proiektuaren eragile guztiak sartuko dira: Hezkuntza Departamentua, Lanbide Heziketako ikastetxea, Europar Batasuneko enpresa eta ikaslea.

Zazpigarrena.–Parte-hartzaileak bete beharrekoak.

1. Prestakuntza egonaldia justifikatzeko behar den dokumentazioa betetzea.

2. Prestakuntza jardueretara nahitaez joatea destinoko antolatzaileek ezartzen dituzten epeetan.

3. Egokitzen zaion ostatu mota onartzea, izan familia batean, egoitza batean edo beste ikasle batzuekin partekatutako apartamentu batean.

4. Kortesiazko ohiko arauak betetzea familiekin, errentariekin eta auzoekin, eta ondasun higiezinak errespetatzea. Bizikidetasun arauak betetzen ez badira, programatik kanporatua izan daiteke.

5. Nahitaez joatea enpresara laneko orduetan. Absentzia guztietan, parte-hartzaileak frogagiri medikoa edo bestelakoa aurkeztu beharko du harrerako enpresan. Justifikatu gabeko faltak enpresaren txostenean jasoko dira.

Prestakuntza egonaldia bitartean parte-hartzaileak Lantokiko Prestakuntza modulua egiten badu, bereziki zaindu beharko ditu arestian aipatutako jarraibideak; izan ere, betetzen ez baditu, zilegi izanen da “ez gai” kalifikazioa ematea prestakuntza modulu horretan, eta, hala, behartua egonen da berriro egitera bere espezialitateko titulua lortuko badu.

Zortzigarrena.–Laguntzen ordainketa.

Onuradun bakoitzak bere banku kontuan jasoko ditu Europar Batasunak editatzen dituen mugikortasun tauletan esleitzen diren laguntzak. Taula horiek SEPIEk argitaratuko ditu proiektu mota bakoitzarentzat.

Onuradunek jasotzen duten finantzaketa bidaia-zerbitzuak, ostatua eta mantenu gastuak ordaintzeko erabiliko dute, jakinki zerbitzu horien kostua, kasu askotan, laguntza publikoak baino handiagoa izan daitekeela.

Laguntzak kobratuko dira Hezkuntza Departamentuan dagoen Ogasuneko Kontu-hartzailetzak gaitzen ahal dituenean, Hezkuntza Departamentuak SEPIErekin sinatu beharreko hitzarmenak jaso ondoren.

Hori horrela, gomendatzen da norberaren finantzabideak edukitzea egonaldi osorako, litekeena baita egonaldiaren bukaeran ordaintzea laguntza, lehen azaldutako arrazoiengatik.

Goi mailako ikasleek 550,00 euroko laguntza osagarria jasotzen ahalko dute, Nafarroako Rural Kutxak emanen duena, Hezkuntza Departamentuarekin honelako mugikortasun programak bultzatzeko sinatu duen lankidetza hitzarmenaren ondorioz. Horretarako, parte-hartzaile horiek banku kontu bat izan beharko dute entitate horretan.

Halaber, C modalitateko egonaldi bat ematen zaien ikasleek (6-9 hilabeteko iraupena duena) laguntza osagarri bat jasotzen ahal dute. Laguntza osagarri hori hartzen dituzten enpresekin negoziatuko da, egonaldia burutu baino lehen.

Bederatzigarrena.–Ez-betetzeak eta laguntza deuseztatzea.

Norberak erabakita Hezkuntza Departamentuaren berariazko baimenik izan gabe egonaldia uzten duten parte-hartzaileek eta, orobat, harrerako enpresek edo bazkideek, arrazoi justifikatuak izanik, kaleratzen dituzten parte-hartzaileek laguntzari uko egin arte sortutako gastuak ordaindu beharko dituzte, izan ere, kontratua bete ezean, ez da SEPIEren inolako finantzaketarik izanen (parte-hartzaileen betebeharren agirian azaltzen den bezala).

Orobat, parte-hartzaileak egonaldia hasi aurreko hiru hilabetean uzten badu programa, hura prestatzeko gastuak ordaindu beharko ditu, edo ordura arte sortutako bidaia gastuak.

Kasu horretan, egonaldia programatu bada Lantokiko Prestakuntza modulua egiteko asmoz, aldi horretako deialdia galduko du eta hurrengo deialdira arte itxaron beharko du modulu hori egiteko.

II. ERANSKINA. 2021-2022 IKASTURTEKO DEIALDIA

LAGUNTZEN DEIALDIA, NAFARROAKO GOBERNUKO HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN MENPEKO IKASTETXE PUBLIKOETAKO LANBIDE HEZIKETAKO ETA ARTE PLASTIKOETAKO ETA DISEINUKO IRAKASKUNTZETAKO IRAKASLEEK ETA LANGILEEK ATZERRIKO PRESTAKUNTZA EGONALDIAK EGITEKO 2021-2022 IKASTURTEAN

Oinarriak

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da laguntza batzuk ezartzea ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako irakasleek eta langileek atzerriko prestakuntza egonaldiak egin ditzaten 2021-2022 ikasturtean.

Bigarrena.–Atzerriko prestakuntza egonaldien ezaugarri orokorrak.

Hezkuntza Departamentuak, Lanbide Heziketako edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako irakasleen eguneratze teknologikoa eta hizkuntzen arloko hobekuntza bultzatzeko asmoz, bi proiektu aurkeztuko ditu, Erasmus+ programaren esparruan, irakasle horiei dirulaguntzak emateko prestakuntza egonaldiak egin ditzaten Europako herrialdeetako prestakuntza zentro edo enpresetan.

Proiektu bat erdi mailako irakasgaiak ematen dituzten irakasleentzat izanen da, eta bestea goi mailako irakasgaiak ematen dituztenentzat.

Eskatzaileak bi hezkuntza etapa horietan irakasten badu, bi proiektuetatik edozeinetan sartzen ahalko da.

Proiektuan parte hartzeko interesa duten irakasleek programan parte hartzea eskatu beharko dute, eta harrerako bazkide bat bilatu Europan (enpresa edo prestakuntza zentro bat), beren espezialitatearekin lotutako prestakuntza egonaldia bertan egiteko. Harrerako bazkideak Europako Erregistro Kodea (PIC / OID) jakinarazi beharko du.

Lanbide Heziketaren Zerbitzuak prestakuntza egonaldiak antolatzen ahalko ditu zerbitzuak berak koordinatzen dituen proiektu estrategikoak garatzen ari diren langile teknikoen eta irakasleen taldeentzat.

SEPIE-Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuak proiektuak onesten baditu, plazak esleituko dira erabiltzen den hizkuntzaren arabera, destinoko herrialdearen arabera eta arau honetan ezarritako baremoaren arabera.

Prestakuntza egonaldia bukatutakoan (parte-hartzaileak deialdi honetan eta Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuaren araudian ezarritako betebehar guztiak bete ondoren), parte-hartzaileak egonaldian sortutako gastuen zenbatekoa jasoko du, zehazki, erakunde horrek destinoko herrialde bakoitzerako tauletan ezartzen duen gehieneko zenbatekoa.

Hirugarrena.–Eskaerak.

Interesdunek egonaldiaren aurreko ikasturtean eskatuko dute proiektuan parte hartzea.

Eskaerak aurkezteko epea 2020ko azaroaren 2tik abenduaren 15era artekoa izanen da, biak barne.

Proiektuan parte hartzeko, ezinbestekoa da honako dokumentazio hau aurkeztea aipatutako epearen barruan:

1. Eskabide-orria (IV. eranskina).

2. Curriculum vitaea, Europass aplikazioaren bidez tramitatu beharko dena (http://europass.cedefop.europa.eu/es/home).

3. Egin gogo den jardueraren azalpen zehatza eta nola banatuko den denboran zehar (V. eranskina), harrerako erakundearekiko harremanetarako datuak barne.

4. Ikastetxeko zuzendaritzaren oniritzia jarduera egiteko.

Agiri horiek ikastetxean aurkeztuko dira, eta Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegora igorriko dira Google Drive plataformaren bidez, Lanbide Heziketako irakasleentzako bekei buruzko ataletik abiatuta.

2021-2022 ikasturtean barrena ere eskaerak aurkez daitezke. Eskaera horiek, alabaina, ez dute lehentasunik izanen, inola ere ez, apartatu honen hasieran ezarritako epean aurkeztutakoen aldean.

Laugarrena.–Laguntzen esleipena.

Espainia osoko proiektuen ebaluazio prozesua bukaturik, SEPIEk Hezkuntza Departamentuari jakinaraziko dio proiektuak onetsi diren edo ez, eta zenbat plaza esleitu zaizkion.

Horren ondotik, proiektuak onetsiz gero, baldintza hauek betetzen dituzten parte-hartzaileak hautatzeko prozesua eginen da:

–Jardunean izatea, bai eskatzeko unean, bai egonaldia bitartean, Nafarroako Gobernuko Lanbide Heziketako edozein ikastetxe publikotan edo arte eskolatan.

–Programaren kalitatea zuzenean loturik dagoena espezialitatearekin, eskatzailearen irakas-jarduerarekin edo Hezkuntza Departamentuaren proiektu estrategiko batekin.

–Egonaldia eskola garaian eginez gero, ikastetxeko zuzendaritzaren oniritzia beharko da, eman gabe geldituko diren eskoletarako hartzen diren neurriak jakinarazi ondoren.

Aurreko baldintzak betetzen dituzten hautagaiak honela ordenatuko dira:

1. Lehenik: prestakuntza ikastetxean behin betiko destinoa duten hautagaiak.

2. Bigarrenik: ikastetxean behin betiko destinoa ez duten hautagaiak edo kontratudunak.

Bi atal hauen barruan, lehentasuna emanen zaie Hezkuntza Departamentuaren proiektu estrategiko batean parte hartzen duten hautagaiei eta hautagaiaren araberako profila duen enpresa bat daukaten eskatzaileei.

Berdinketa gertatuz gero edo kategoria horietako bakoitzean eskatzaileak plazak baino gehiago badira, Balorazio Batzorde bat eratuko da, honako hauek osatua:

–Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendaria.

Lanbide Heziketaren Berrikuntza, Nazioartekotze eta Kalitaterako Ataleko burua.

–Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko bi kide.

Batzorde horrek erabakiko du hautagaien ordena, irizpide hauei jarraikiz:

–Jarduera nola egokitzen zaion irakasleen espezialitateari edo egiten duen lan teknikoari. (40 puntu)

–Eskatzaileak parte hartzea Hezkuntza Departamentuak koordinatzen dituen proiektu estrategikoetan, berrikuntza proiektuetan edo elkarteetan, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren deialdien esparruan. (40 puntu)

–Egonaldian prestakuntza teknologiko edo didaktikorako programatuta dauden orduen kopurua. (20 puntu)

Onuradunak hautaturik, Hezkuntza Departamentuak aukeratu diren hautagaien zerrenda jarriko du ikusgai Hezkuntza Departamentuaren iragarki taulan eta Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan.

Hautatzen diren irakasleek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoan:

–Ikastetxeko zuzendariaren oniritzia, adierazteko irakaslea kanpoan dagoen bitartean bere eginkizunak beteta egonen direla, egonaldia eskola garaian bada.

–Europako laguntza onartzen dela dioen dokumentua, laguntzaren onuradunak sinatua.

Bosgarrena.–Egonaldien garapena, antolaketa eta jarraipena.

Egonaldiak astebetetik sei astera bitartekoak izanen dira.

Parte-hartzaileek laguntza onartzeko dokumentu bat sinatuko dute; hartan, laguntzaren ezaugarriak, dauzkaten finantzabideak eta egonaldiaren kudeaketan eta dokumentazioaren prestaketan laguntzeko konpromisoa jasoko dira.

Parte-hartzaileak berak kudeatu beharko ditu garraiobidea eta erabili nahi duen ostatua.

Dena dela, Hezkuntza Departamentuak entitate laguntzaileekiko harremanak bideratzen laguntzen ahal dio, kudeaketa lanak errazteko.

Egonaldia hasi baino 15 egun lehenago beranduenik, parte-hartzaileek hura egiteko behar den dokumentazioa jaso beharko dute Hezkuntza Departamentuan, hots: kontratua, prestakuntzarako akordioa, aseguru poliza eta jarraipenerako materialak.

Egonalditik itzuli ondoren, irakasleek honako dokumentazio hau aurkeztuko dute Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoan:

–Prestakuntzaren kontratua eta akordioa, parte hartzen duten alderdi guztiek sinatua.

Horiez gainera, parte-hartzaileek honako dokumentu hauek bete beharko dituzte baliabide elektronikoak erabiliz:

–Egonaldiaren memoria, Europako Batzordearen Mobility Tool tresnaren bidez prestatua.

–EUROPASS Mobility.

Egonaldia bukatutakoan, Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoak parte-hartzaile bakoitzak hartu beharreko dirulaguntza kalkulatuko du, egonaldiaren benetako iraupena kontuan hartuta, Erasmus+ programaren finantza arloko esku-liburuaren jarraibideen arabera. Parte-hartzaile bakoitzak jaso dezakeen gehieneko finantzabidea zehazten duten dirulaguntza taulak Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan argitaratuko dira, SEPIEk ofizialki argitaratu ondoren.

Behar diren zenbatekoak onuradunaren kontuan ordainduko dira, ordainketa-ebazpen arrunt baten bidez.

Seigarrena.–Egonaldien ebaluazioa.

Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoak sistema bat ezarriko du irakasleen prestakuntza egonaldien jarraipena eta ebaluazioa egiteko.

Zazpigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Laguntzen onuradun gertatzen diren irakasleek, oinarri hauetan ezarritakoa betetzeaz gain, kudeaketan, dokumentazio prestaketan eta Erasmus+ proiektuetarako baldintzak betetzeko behar diren gainerako ekintza guztietan lagundu beharko dute, aktiboki lagundu ere.

Zortzigarrena.–Ez-betetzeak eta laguntza deuseztatzea.

Hezkuntza Departamentuak laguntza baliogabetzen ahalko du, baita hura osorik edo zati bat itzultzeko eskatu ere, onuradunek arau honetan ezarritako betebeharrak eta antolaketa-arauak betetzen ez dituztenean.

III. ERANSKINA

2021-2022ko Erasmus+ beken deialdirako epeak, dokumentazioa eta jarraibide interesgarriak

Eskaerak aurkezteko eta kudeatzeko epeak.

–Deialdiaren eguna: 2020ko azaroaren 2a.

–Eskaera elektronikoak aurkezteko epearen bukaera: 2020ko abenduaren 4a.

–Akatsak zuzentzeko epea: 2020ko abenduaren 7tik 25era

–Ikastetxeak eskatzaileen gaineko dokumentazioa Hezkuntza Departamentura igortzeko epea (konpromisoak, curriculum vitaea eta aurkezpen gutuna): 2021eko urtarrilaren 25a. (LHko ikastetxeei oroitarazten zaie hautagaien CVak aztertu behar dituztela)

–Ikastetxeek eskatzaileak lehenesteko epea: 2020ko abenduaren 25etik 2021eko urtarrilaren 25era arte.

–Hezkuntza Departamentuak hautapen prozesua eta ikastetxeetan bilerak egiteko epea: 2021eko otsailaren 1etik aurrera.

Beken gaineko informaziorako, kudeaketarako eta tramitaziorako dokumentazioa.

–Eskabidea: on-line bidez aurkeztuko da helbide honetan:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/solicitud-erasmus-plus

–Curriculum vitaea eta aurkezpen gutuna, Europass aplikazioaren bidez tramitatu beharko direnak. Eskatzaile bakoitzak bere Lanbide Heziketako ikastetxean aurkeztu beharko du PDFan sortzen den fitxategia. (Fitxategiaren izenaren formatua: 1. ABIZENA–2. ABIZENA, IZENA–CVetaAU).

http://europass.cedefop.europa.eu/es/home

–Zerbitzuen katalogoan eskura dauden dokumentuak, hots, www.nafarroa.eus helbidean:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/1964/Becas-para-estancias-de-formacion-en-empresas-de-la-Union-Europea-para-el-alumnado-de-FP

a) Parte-hartzaileek beren gain hartu behar dituzten konpromisoei eta ezaugarriei buruzko dokumentua.

b) CV EUROPASS delako baten eta aurkezpen gutun baten eredu behar bezala beteak.

c) Hizkuntza gaitasunei buruz Europan erabiltzen diren mailaketa taulak.

d) Lanbide kualifikazioak. Espezialitate bakoitzerako lanbide kualifikazioak azaltzen dituzten dokumentuetara iristeko estekak (LOGSEa eta LOEa).

e) Epeak, dokumentazioa eta ohar interesgarriak. (III. eranskina).

f) Maiz egiten diren galderak (FAQ).

g) Nork eska ditzake ERASMUS+ beka hauek? (Erasmus+ hartzaileak)

–Gainera, LHko ikastetxeak honako informazio hau jasoko du posta elektronikoaren bidez.

h) Eskatzaileak lehenesteko irizpideak

i) Eskatzaileak nola lehenetsi diren agerrarazteko txantiloiak. Erdi maila eta goi maila

Ohar interesgarriak ikastetxeentzat

–Curriculum vitaeak, aurkezpen gutunak eta onuradunen betebeharren gaineko dokumentua ikastetxeak berak kudeatu behar ditu. Ikastetxe bakoitzak fase bakoitzerako goian ezarritako egunetan bidali beharko du informazio hori Hezkuntza Departamentura. Dokumentazioa Google Drive aplikazioaren bidez entregatuko da, honela:

–a) eredua PDF formatuan igoko da Drive-ra, eskaneatu ondoren, eskatzaileek eta haren guraso edo tutoreek sinatua.

–Europass curriculum vitaea eta aurkezpen gutuna PDF formatuan igoko dira Drive-ra, ikasleak Europass on-line aplikazioan aurkituko duen bezala.

Garrantzitsua:

Fitxategi honi izena emateko formatua: 1. ABIZENA–2. ABIZENA, IZENA–CVetaAG (Aurkezpen Gutuna)

–LHko ikastetxeak eskatzaileen curriculum vitae guztien kopia gordeko du, eskaerak lehenesteko txantiloia betetzeko.

Ohar interesgarria: Ingelesezko curriculum vitaea dela eta, kontuan harturik agiri hori pertsona bat Europako enpresa baten aurrean aurkezteko gutuna dela, ikastetxeei gomendatzen diegu behar bezalako laguntza eman diezaietela laguntzen eskatzaileei, atal guztiak zuzen eta zehatz bete ditzaten. b) ereduan jadanik beteta dagoen eredu bat eskaintzen da, ikasleei laguntzeko agiri horiek zuzentasunez aurkezten.

Tramite hori Europass aplikazioaren bidez egiten denez, curriculum vitaeak eta aurkezpen gutunak PDF formatuan egonen dira. Hortaz, Hezkuntza Departamentuak ez du aukerarik izanen aurkezten diren curriculumak eta aurkezpen gutunak zuzentzeko. Gainera, eskaerak barematzeko orduan, kontuan hartuko du nola aurkeztu diren agiri horiek.

Bideo-CV bat aurkeztea ere balioetsiko da. PDF formatuan agertuko da CVan, esteka baten bidez.

–Azkenik, eskatzaileak lehenesteko zerrenda bakarra adieraziko da txantiloi bakoitzean, hau da, ikasleak ziklotan, kurtsotan edo espezialitatetan bereizi gabe. LHko mailaren arabera baizik ez dira lehenetsiko: erdi maila edo goi maila. Informazio hori i) atalean aipatutako txantiloietan betetzeko orduan, zenbaki osoak erabiliko dira.

Ohar interesgarriak eskatzaileentzat.

–Oso garrantzitsua da CV Europass dokumentua eta aurkezpen gutuna idaztean ingeles zuzen eta zehatza erabiltzea. Horrela, Europako bazkideekiko komunikazioa ona dela bermatuko da, eta bitarteko horiek enpresa egokiak bilatzen ahalko dituzte, eskatzaileen lanbide profilen araberakoak.

–Gogoan izan Europass aplikazioak datuak eguneratzeko aukera ematen duela. Hortaz, bete gabe uzten diren atalak edo behin-behinean bete direnak eguneratzen ahalko dira baldin eta lehenengo ahaleginean parte-hartzaileek ez badituzte datu guztiak eman.

–b), c), d) eta f) fitxategiak lagungarriak dira interesdunek CV EUROPASS izeneko agiria zuzen betetzeko:

–b) fitxategia: CVa betetzeko eredua eta ohar orokorrak.

–c) artxiboa: zure hizkuntza gaitasunak katalogatzen lagunduko dizu.

–d) artxiboa: zure espezialitateko termino berariazkoak zehazten lagunduko dizu

–f) fitxategia: programaren antolaketari eta alderdi ekonomikoei buruzko galderak erantzuten lagunduko dizu.

–Ingelesezko CV Europass dokumentua formatu informatikoan aurkeztuko da. Agiri horri txarteletan erabili ohi den neurriko argazki bat erantsi beharko zaio. Ikasleek bideo-curriculum bat aurkeztea balioetsiko da.

–Nahitaezkoa da posta elektronikoko kontu bat izatea.

–Programaren konpromisoei eta ezaugarriei buruzko txostena sinatu beharra dago. Ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak agiri hori ontzat eman eta sinatu beharko du, ikaslea, ekonomiari dagokionez, haren kargura baldin badago.

–Programan parte hartzeko, ezinbestekoa da praktikak egiten diren aldian adinez nagusia izatea (B modalitatean izan ezik, modalitate horretan ikasleak irakasle batekin joaten direlako).

–Lehenago batean Leonardo da Vinci programan edo Erasmus+ programan sekula parte hartu ez duten ikasleak lehenetsiko dira.

IV. ERANSKINA

LHko irakasleek parte hartzeko eskabidea (PDFa).

V. ERANSKINA

Egonaldirako aurreikusitako jardueraren fitxa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2008876