197. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERROMANTZATUA

Ordenantza, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Erromantzatuko Udalak, 2020ko ekainaren 4an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak arautzen dituen ordenantza.

Erabaki hori 2020ko 132. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 17an.

Legez ezarritako epea igaro delarik inork erreklamaziorik eta/edo alegaziorik aurkeztu gabe, bidezko da behin betiko onestea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin bat.

Erromantzatuan, 2020ko uztailaren 30ean.–Alkatea, Aitor Sola Ochotea.

DESGAITASUNA DUTEN PERTSONENDAKO APARKATZEKO TXARTELAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen helburua da desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak emateko edo berritzeko arauak ezartzea, kontuan hartuz desgaitasuna dutenen aukera berdintasuna eta haien gizarteratzea. Hori, legedi honekin bat: Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an egin zuen 98/376/CE Gomendioa eta 8/98 Jarrera Komuna (EE), 1997ko abenduaren 19koa, Kontseiluak Europako Elkartea eratzeko Itunaren 189 C artikuluan ezarritako prozedurarekin bat onetsia, desgaitasuna dutenek aparkatzeko txartel bat izan dezaten Kontseiluaren gomendio bat egiteari begira (Hamabien K., 62/24, 1998ko otsailaren 26koa); Oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko uztailaren 11ko 4/198 Foru Legea, martxoaren 25eko 22/2003 Foru Legearen bidez aldatua; eta abenduaren 19ko 19/2001 Legearen 7.b artikulua; azken lege horrek Bide Segurtasunari eta Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari buruzko Legearen testu artikuluduna (martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) aldatu zuen.

2. artikulua. Baldintzak.

2.1.–Aparkatze txartela eskuratzeko eskubidea izateko, beharrezkoa da ondotik ematen diren baldintzak betetzea egoera bakoitzerako:

2.2.–Baliaezintasun iraunkorra duten gidariak.

1. Elbarriak indarra duen gidabaimena izan beharko du.

2. Mugikortasuna murrizten dion minusbaliotasuna izatea; xehetasun hauek frogatu beharko ditu:

a) %33ko edo gehiagoko minusbaliotasunak jota egotearen ziurtagiria.

b) Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako osasun agiria, frogatzeko ezen minusbaliotasunak modu larrian eragiten diola:

–Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, makulua, eskumakilak, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartuz.

–100 metro baino gutxiagoko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalek eraginda.

–Aulki gurpilduna behar izatea bere joan-etorrietarako.

–Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela eta.

c) b) azpiapartatuak adierazten duenaren ordez, Nafarroako Mendekotasun Agentziaren txostena, ziurtatzen duena gutxienez ere 7 puntukoa dela garraio kolektiboa erabiltzeko zailtasunen baremoan eskatzaileak duen puntuazioa, abenduaren 23ko 1971/1993 Errege Dekretuaren III. eranskinari jarraikiz.

2.3.–Baliaezintasun iraunkorra dutenen zaintzaileak edo haiekin bizi diren ahaideak.

1. Zaintzaileak edo ahaide bizikideak indarra duen gidabaimena eduki beharko du.

2. Eskatzailearen dokumentazioa, minusbaliatuarekin duen familia lotura frogatzen duena, edo hura zaintzen duela erakusten duena.

3. Zaintzen duten ahaideak mugikortasuna murrizten dion minusbaliotasuna izatea; hori dela eta, honako hauek frogatu beharko dira:

a) %33ko edo gehiagoko minusbaliotasunak jota egotearen ziurtagiria.

b) Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako osasun agiria, frogatzeko ezen minusbaliotasunak modu larrian eragiten diola:

–Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, makulua, eskumakilak, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartuz.

–100 metro baino gutxiagoko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalek eraginda.

–Aulki gurpilduna behar izatea bere joan-etorrietarako.

–Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela eta.

c) b) azpiapartatuak adierazten duenaren ordez, Nafarroako Mendekotasun Agentziaren txostena, ziurtatzen duena gutxienez ere 7 puntukoa dela garraio kolektiboa erabiltzeko zailtasunen baremoan eskatzaileak duen puntuazioa, abenduaren 23ko 1971/1993 Errege Dekretuaren III. eranskinari jarraikiz.

3. artikulua. Eskaeraren prozedura.

Txartela Udalaren bulegoetan eskatuko da, eta eskabidearekin batera honako hauek aurkeztuko dira:

–Minusbaliatuaren karnet neurriko argazki bat, kolorezkoa.

–Minusbaliotasunaren ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua.

–Osasun ziurtagiriaren edo Nafarroako Mendekotasun Agentziaren txostenaren fotokopia konpultsatua (2. artikuluan aipatu dira).

–Gidabaimen eguneratuaren fotokopia konpultsatua.

–Ibilgailuaren zirkulatzeko baimenaren fotokopia konpultsatua.

–NANaren fotokopia konpultsatua.

–Herrian erroldaturik egotearen ziurtagiria. Eskaera familiako batek edo zaintzaile batek egiten duenean, minusbaliatuaren eta eskatzailearen arteko loturari buruzko datuak sartuko dira, eta biek herrian bizi beharko dute.

4. artikulua. Txartelaren erabilera.

4.1.–Txartela ibilgailuaren aitzineko partean paratuko da, txartelaren aurrealdea kanpotik argiro ikusten dela.

4.2.–Indarraldia bost urtekoa izanen da txartela ematen denetik eta hura burututa ez du baliorik izanen, eta hartu zen tokian itzuli beharko da. Han, bidezko bada, berritu eginen da.

4.3.–Txartela duen ibilgailua aparkatzen ahalko da:

a) Ordutegi mugarik gabe, desgaitasuna dutenendako erreserbatuta eta seinalatuta dauden lekuetan.

b) Denbora tarte mugatu batean, bai zamalanetarako erreserbatuta dauden lekuetan (seinale bidez aparkatzeko debekua adierazi denetan) bai bestelakoetan, udaltzainek espresuki baimena emanez gero.

4.4.–Ondoko kasuetan, ezin izanen da inola ere ibilgailua aparkatu baimen honen babespean:

a) Txartelaren titularra eramaten ez duenean.

b) Oinezkoen pasabideetan.

c) Espaloiaren gainean.

d) Orokorrean, ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

5.1.–Arau-hauste administratiboak dira:

a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

b) Txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea.

c) Beste baten txartela erabiltzea.

5.2.–Faltsutzea egin dutenak eta txartela eskatzen dutenak izanen dira arau-haustearen erantzuleak.

5.3.–a), b), c) apartatuetan tipifikaturiko arau-hausteak astunak izanen dira.

5.4.–Arau-hauste mota bakoitzari aplikatzen ahal zaizkion zehapenak Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 52. artikuluan aurreikusten denari lotuko zaizkio eta, kasu bakoitzean, proportzionaltasunaren printzipioaren arabera mailakatuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. tituluan legez aurreikusitako irizpideei jarraikiz.

5.5.–Bidezko diren zehapenak ezartzeko, lehenik tramitatuko da Administrazio Publikoen zehapen ahalmena erabiltzeko erregelamenduz aurreikusitako legezko prozedura.

Xedapen iragankor bakarra.–Lehenago emandako txartelen edukitzaileek urtebete izanen dute ordenantza honetan xedatuarekin bat etorriz eman zaizkiela frogatzeko. Udalak, aitzinetik, jakinarazpena eginen die, hartan aurreikusitako dokumentazioa aurkez dezaten; Udalak kontzesioa kentzen ahalko du, aipatu den hori betetzen ez badute edo ezarritako irizpideei jarraikiz txartela ematea bidezkoa ez bada.

Azken xedapen bakarra.–Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L2008582