197. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERROMANTZATUA

Aldaketa, Ur-horniduraren zerbitzua eta tasak arautzen
dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Erromantzatuko Udalak, 2020ko ekainaren 4an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Ur-horniduraren zerbitzua eta tasak arautzen dituen ordenantzan.

Erabaki hori 2020ko 132. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 17an.

Legez ezarritako epea igaro delarik inork erreklamaziorik eta/edo alegaziorik aurkeztu gabe, bidezko da behin betiko onestea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin bat.

Erromantzatuan, 2020ko uztailaren 30ean.–Alkatea, Aitor Sola Ochotea.

UR-HORNIDURAREN TASA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Oinarria.

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da babes duelarik Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa.

Aplikazio esparrua, zerga-egitatea eta definizioak.

2. artikulua. Ordenantza hau herri hauetan aplikatuko da:

–Usun.

–Domeñu.

–Arbontze.

3. artikulua. Hona hemen ordenantza fiskal honen zerga-egitatea:

a) Edateko uraz hornitzeko zerbitzuaren eskuragarritasuna eta mantentze-lanak.

b) Edateko uraz hornitzeko zerbitzua erabiltzea edo benetan baliatzea. Ezarriko den prezioa uraren erabileren edo helburuen arabera alda daiteke. Erabilera hauek izan daitezke: etxebizitzetako erabilera, ureztaketa eta aisia, igerilekua, erabilera konbinatua edo industria erabilera.

c) Edateko uraren hornidura behin betikoz kontratatzeko beharrezkoak diren jarduketen zerbitzu tekniko eta administratiboak ematea (lotune kuota).

4. artikulua. Definizioak:

4.1. Ordenantza honi dagokionez, “etxebizitzetako erabilera” da etxebizitzei eta horiekin parekatutako erabilerei dagokiena. Horrekin lotuta, etxebizitzatzat hartuko da pertsonek bizileku moduan erabiltzen duten lokal bizigarri oro, beste batzuetatik bereiz erabil daitekeena, gutxienez hogeita hamar metro karratu dituelako, aplikatu beharreko legeria sektorialean aurreikusitako gutxieneko etxebizitza-programara egokitzen ahal delako eta zerbitzu sanitarioak badituelako, etxebizitza deklaraturik edo halakotzat legeztaturik egon zein ez, eta bizigarritasun zedula eta sukaldea izan zein ez. Kontsumo horren gaineko saneamendu kanona igorriko da.

4.2. Ordenantza honi dagokionez, honako hau joko da finka partikularretako “ureztaketa eta aisiarako” erabileratzat: edateko ura lorategietan eta antzekoetan erabiltzea, baldin etxerako eta gainerako erabileretarako bi kontratu edo bi kontagailu bereizi baldin badaude. Ez da erabilera horren gaineko saneamendu kanonik igorriko.

4.3. Honako hau da “igerilekurako erabilera”: edateko ura erabiltzea igerileku partikularrak betetzeko. Ez da erabilera horren gaineko saneamendu kanonik igorriko.

4.4. “Erabilera konbinatuak”: etxebizitzetakoa, ureztaketa eta aisia edo igerilekua. Ordenantza honi dagokionez, zerga-egitatea izanen da edateko ura eskuragarri izatea etxerako, igerilekuak betetzeko eta ureztaketarako, aisiarako edo antzeko erabilera partikular baterako, bi kontratu edo kontagailu bereizi ez daudenean. Kontsumo horren gaineko saneamendu kanona igorriko da.

4.5. Industria erabilera izanen da goian aipatutako kategorietan sartzen ez den oro, eta bereziki ekonomia-jardueren hornidura eta funtzionamendua xede dituena, jarduera legeztatuak izan zein ez: tabernak, jatetxeak, hotelak, landetxeak, elkarteak, saltokiak, dendak, bulegoak, lantegiak, produkzio, transformazio eta zerbitzu industriak, abeltzaintzako ustiategiak, etxeko ukuiluak, garajeak eta horiekin parekatzen ahal diren guztiak, zerrenda hau ez baita itxia. Kontsumo horren gaineko saneamendu kanona igorriko da, salbu eta abeltzaintzako instalazioetan; gainerako jardueretan, ez da igorriko baldin frogatzen badute ez dutela hondakin urak isurtzeko sareko lotunerik eta ez daudela haren beharrean.

Udalaren betebeharrak.

5. artikulua. Ur-horniduraren zerbitzua emateagatik, Erromantzatuko Udalak, oro har, betebehar hauek izanen ditu:

5.1. Indarra duen araudian eskatutako baldintza guztiak bete beharko ditu abonatuei ematen dien urak, edangarritasunari dagokionez.

5.2. Zaindu eta kontserbatu egin beharko ditu, bere kontura, hornidura eta saneamendu zerbitzuak emateko beharrezkoak diren instalazioak.

5.3. Matxuretarako zerbitzua izan beharko du abonatuen eskura, zerbitzuak ematean gertatzen diren gorabeherei buruzko informazioa jasotzeko.

5.4. Bete beharko ditu hornidurako eta isurketetako uren tratamendu eta arazketari buruz osasun agintaritzak eta, oro har, erakunde publiko eskudunek ematen dituzten arau edo xedapenak.

5.5. Zerbitzuen etenaldia edo beste gorabeheraren bat gertatuz gero, ahal den guztietan abisua eman beharko die abonatuei egokiena iruditzen zaion moduan.

Salbuespenak.

6. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Subjektu pasiboak.

7. artikulua. Zergadunak diren aldetik, ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateak, baldin eta edateko uraren hornidura zerbitzua eskatu badute edo hartaz baliatzen badira.

Aurrean definitutako subjektu pasiboak tasa honen subjektu pasiboak izanen dira zerbitzu horietaz baliatzen diren udalerriko finketako bizilagun edo erabiltzaileak, haien titulua edozein delarik ere (jabeak, gozamendunak, biztantze-eskubidedunak nahiz maizterrak, prekariokoak barne).

Abonaturik ez dagoenean, subjektu pasiboak izanen dira ikuskatu diren lur, eraikin, establezimendu, zentro, egoitza eta gainerako higiezinen jabeak, baldin ordainarazpena ekarri duen jarduketaren onura jaso badute.

Kasuan kasuko etxeko jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei pasatzen ahalko dizkiete kuotak, halakorik bada.

Pertsona fisikoek edo juridikoek ustiategi bat baldin badute edo jarduera ekonomiko batean ari badira, eta horren ondorioz zorrik badute, zorra eskatzen ahalko zaie titulartasunean edo jardueran ondorengo direnei, edozein kontzepturengatik izanik ere ondorengo.

Borondatez ordaintzeko epea bukatuta, eskuratzailea eta eskualdatzailea zorraren erantzule solidarioak izanen dira. Norbaitek eskuratu nahi badu ustiategi edo ekonomia-jarduera baten titulartasuna, eskubidea izanen du eskatzeko kasuan kasuko jardueran edo ustiategian aritzearen ondoriozko tributu-zorren ziurtagiri zehatza, titularrak aldez aurretik baietza emanda.

Tarifak.

8. artikulua. Udalak behar diren prezioak ezarriko ditu edateko uraren hornidura sareetako harguneen lanak finantzatzeko, eta orobat kontagailuak zigilatu, egiaztatu, ezarri eta berritzeko, lan horiek Udalak berak egiten dituenean.

9. artikulua. Hona hemen tarifak, ordenantza honen 3. artikuluan zerrendatzen diren zerga-egitateen kuotak kalkulatzeko:

a) Edateko uraz hornitzeko zerbitzua eskura izateagatik eta horren mantentze-lanarengatik: kuota finkoa, eranskinean ezarritakoa.

b) Edateko uraz hornitzeko zerbitzua erabili edo benetan baliatzeagatik: kontsumitutako metro kubiko bakoitzeko, eranskinean zehaztutakoa.

c) Edateko ura igerilekuetan erabiltzeagatik: igerileku-ontzia betetzen den aldi bakoitzeko, eranskinean zehaztutakoa.

d) Edateko uraren hornidura behin betikoz kontratatzeko beharrezkoak diren jarduketen zerbitzu tekniko eta administratiboak emateagatik (lotune kuota): kuota finkoa eta behin bakarrik ordaintzekoa, eranskinean ezarritakoa.

Likidatu beharreko kuota.

10. artikulua. Likidatu beharreko kuota eranskineko tarifak aplikatzearen emaitza izanen da, aurreko artikuluan aipatzen diren kontzeptuen arabera. Ateratzen den tributu-kuotaren gainean, aplikatuko dira legeek une oro finkatzen dituzten zeharkako zergak, legeek ezarritako moduan eta baldintzetan.

Sortzapena.

11. artikulua. Tasa sortzen da eta ordaindu beharra dago zerga-egitatearen udal jarduera hasten den unean, eta jarduera hori honelakoetan emanen da hasitzat:

a) Zerbitzua eskura izan eta mantentzeagatik, hornidura sarerako lotura ezartzen denetik aurrera. Kasu honetan, tasa ordaindu beharko da kontuan hartu gabe sarera lotzeko baimena lortua den ala ez, eta kontuan hartu gabe baimena eskuratzeko izapidetu beharreko espediente administratiboa abiarazi den ala ez.

b) Edateko uraz hornitzeko zerbitzua erabili edo benetan baliatzeagatik, hori gertatzen denetik aurrera. Kasu honetan, tasa ordaindu beharko da kontuan hartu gabe sarera lotzeko baimena lortua den ala ez, eta kontuan hartu gabe baimena eskuratzeko izapidetu beharreko espediente administratiboa abiarazi den ala ez.

c) Edateko uraz hornitzeko zerbitzua igerilekuak betetzeko erabili edo benetan baliatzeagatik, betetzeko baimena onartzen den unean sortu eta ordainaraziko da.

d) Edateko uraren hornidura behin betikoz kontratatzeko beharrezkoak diren jarduketen zerbitzu tekniko eta administratiboak emateagatik (lotune kuota), hargunearen irekiera, lizentzia edo baimena onartzen den unean sortu eta ordainaraziko da, subjektu pasiboak halakoa berariaz formulatzen badu, eta ez da izapidetuko dagokion ordainketa egin arte.

Kudeaketa arauak.

12. artikulua. Kontagailuak: Sarera lotzeko edo hornidura emateko eskatzen duenak ordainduko ditu kontagailua erosteko gastuak, bai eta instalaziorako eta hornidurarako behar diren materialen eta eskulanaren gastuak ere.

Ur-hornidurarako hargune berriak egiten direnean edo harguneak zaharberritzen direnean, edo etxebizitzan edo eraikinean egiten direnean zaharberritze obra handiak edo hargunea dagoen tokia ukitzen duten obrak, kontagailua eta ura eteteko giltzak jarri beharko dira nahitaez. Instalazio hori eraikinaren edo finkaren kanpoaldean eginen da, Udalak ezarritako baldintza teknikoen eta modelo homologatuen arabera.

Nahitaez instalatu beharko dira kontagailu bereiziak, hargune beretik hornituriko zenbait erabilera badaude finka edo higiezin berean edo titular beraren izenean. Betiere, “erabilera konbinatuen” tarifa aplikatzen ahalko da horrelako instalaziorik ez dagoenean, hura egin bitarte.

Instalazioetan gerora eginiko aldaketen ondorioz, neurgailu berriak behar badira edo aldaketaren bat egin behar bada neurgailuetan edo haiek kokatzeko eta lotzeko sistemetan, artikulu honetan ezarritakoarekin bat etorriko dira halakoak, eta erabiltzailearen kontura izanen dira.

Barneko instalazio partikularra irizten zaio abonatu bakoitzaren toki itxi, lokal edo etxebizitzan ura banatzeko jartzen diren hodi eta giltzen multzoari, eta horretan sartzen dira, orobat, kontagailuaren kaxa, armairu edo kutxatila eta haren giltzak, lotuneak eta hodiak, bai eta kontagailuak berak ere, nahiz eta horiek lurzoru publikoan kokatu (lurzoruak ez dio horregatik publikoa izateari utziko). Abonatuari dagokio haiek kontserbatu eta mantentzea, bai eta aparatu akastun edo hondatuak aldatzea ere.

Udalaren borondatez kanpoko arrazoiak direla eta, ezinezkoa gertatzen bada haren langileek ikustea abonatuaren kontsumoak kontrolatzeko neurketa ekipamenduan ageri diren datuak, abonatuak berak emanen ditu datuak, ondoko hamar egunen barnean; horretarako, neurketa ekipamenduan xede horretarako berariaz utzitako inprimakia bete beharko du datu horiekin.

Kontsumoa ezin denean jakin, edo neurgailua matxuratu delako, edo irakurketa egin nahi izan zenean abonatua kanpoan izan eta bete ez duelako aurreko artikuluan ezarri betebeharra, edo, bete arren, emandako datu horiek bat ez datozelako abonatuak duen kontsumo erregimenarekin, aurreko ordainagiriko kuota bera likidatuko da, eta benetan eginiko kontsumoa fakturatuko da neurgailuaren hurrengo irakurketaren arabera.

13. artikulua. Prebentziozko neurri moduan, ur-hornidura mozten ahalko zaio instalazio barnean matxurak dituen hargunearen titularrari, baldin haien ondorioz ur-galerarik badago.

14. artikulua. Erabiltzaileak behin ere ez dio urik ematen ahalko beste pertsona bati, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Haren zabarkeriagatik gerta litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Horrelakorik gertatuz gero, erabiltzailea izanen da erantzule bakarra.

15. artikulua. Udalari lehenbailehen jakinarazi beharko zaizkio ura banatzeko sare nagusiko matxura baten ondorioz gertatutakoak.

16. artikulua. Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta ixteko giltza dauden tokia behar bezala zaintzea eta Udalak ematen dituen jarraibideak betetzea.

17. artikulua. Behar denean, abonatuak erraztu eta onartu beharko du Udalaren kargurako lanak egitea; hala, baimena emanen du kontagailua dagoen edo hornidurarekin zerikusia duen finkan, etxebizitzan, lokalean edo toki itxian sartzeko, hornidura eta saneamendua ikuskatu edo neurgailua irakurri edo zerbitzuaren beste eginbehar batzuk egin behar direnean.

18. artikulua. Igerilekuak betetzeari buruzko arauak.

18.1. Igerilekuen titularrek alta eman beharko dute Erromantzatuko Udalak horretarako irekiko duen erroldan. Alta eman ezean, Udalak ofiziozko inskripzioa eginen du.

18.2. Igerilekua betetzeko, baimena eskatu beharko zaio Udalari, eta horretarako ezarrita dagoen kuota ordaindu.

18.3. Udalak eskaera-hurrenkeraren arabera emanen du baimen hori, eta urteroko ekainaren 1a ezartzen da igerilekuak betetzeko epemugatzat.

18.4. Igerilekua baimenik gabe betetzea arau-hauste astuntzat joko da, 25. artikuluko arauei jarraikiz, eta betetzeak beste zeinahi etxebizitzaren hornidura eteten badu, arau-hauste oso astuntzat.

Aitorpena eta likidazioa.

19. artikulua. Subjektu pasiboek eta zergadunaren ordezkoek aitorpenak egin beharko dituzte tasaren subjektu pasiboen erroldako alta eta bajei buruz, titulartasun aldaketa gertatu eta hurrengo seihileko naturaleko lehen egunaren aurretik.

20. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen aitorpenek eragina izanen dute egiten den lehen likidaziotik aurrera, betiere alta eta baja aitorpenak aurkezteko epea bukatutakoan.

21. artikulua. Etxebizitzetakoa ez beste erabileretarako ur-hornidura beti egonen da etxebizitzetarako horniduraren mende. Nahikoa ur izan dadin etxebizitzetarako, Udalak noiznahi murriztu edo eten dezake beste erabilera horietarako hornidura, inolako kalte-ordainik eman gabe. Hornidura osoa bermatuta ez dagoen kasuetan soil-soilik erabakiko dira eten eta murrizketa horiek, eta, ahal dela, artikulu honetan ezarritako hurrenkera aplikatuko da.

Eten edo murrizketa horiek Udalaren bandoetan iragarriko dira. Bandoan agindutakoa nahitaez bete beharko da eta, bestela, zehapena ezartzen ahalko da. Igerileku baimenduak bete aurretik udal zerbitzuei abisu emanen zaie eta haiek agintzen duten moduan eta erritmoan beteko dira igerilekuak, betiere urte bakoitzeko ekainaren 15a baino lehen, udal bando baten bitartez beste egun bat ezarri ezean.

22. artikulua. Ordenantza honetan araututako tasetako edozein ordaindu gabe badago hogeita hamar egun baliodun igaro direnean haren jakinarazpenaz edo zergaldiaren bukaeraz geroztik, zerbitzuari uko egin zaiola iritziko zaio, eta Udalak zerbitzua eten dezake espedientea ireki eta interesdunari entzun ondoren.

Diru-bilketa.

23. artikulua. Gutxienez sei hilean edo urtean behin eta gehienez hiru hilean behin ordainduko dira 9. artikuluko a) eta b) apartatuetan xedaturiko ordainarazpenak. Zerbitzua kudeatzen duen organoak urtero zehaztuko du maiztasun hori, administrazioaren funtzionamendu orokorraren beharrak kontuan hartuz. Artikulu beraren c) apartatuan aipatzen den tasari dagokionez, sortzen den unean bertan ordainduko da.

24. artikulua. Borondatezko epean ordaintzen ez diren tributu-zorrak luzapen aldian ordaintzen ahalko dira, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera, bat etorriz 2/1995 Foru Legearen 90. artikuluarekin.

Epe hori igaro eta zorrak ordaindu ez badira, premiamendu-bideari ekinen zaio, salbu eta haiek atzeratzeko edo zatika ordaintzeko baimena eman bada, tributu-betebeharpekoak aurretiaz hala eskaturik.

Halakoetan, Udalak ur-hornidura eteteko aginduko du.

Arau-hausteak eta zehapenak.

25. artikulua. Honako hauek iruzurtzat hartuko dira:

a) Behar bezala akreditatuta dauden udal langileek egiten dituzten ikustaldiak oztopatzea.

b) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikustekoa duten frogaketak eragoztea.

c) Zigiluak, sarrailak edo kontsumoa neurtzeko Udalak jarritako aparatuak aldatzea.

d) Udalak emandako jarraibideei kasu ez egitea, neurgailu edo kontsumo-aparatuak aldatzeari dagokionez, eta ez betetzea ematen diren bandoak lehorte, matxura edo horniduraren beste arazo batzuengatik hornidura murrizteko edo igerilekuak betetzeari buruz.

e) Baimenik gabeko mekanismoak ezartzea kontagailuaren irakurketa asmo gaiztoz aldatzeko, edo kontsumoa neurtu gabe ur-hornidura lortzeko, edo neurketak faltsutzeko.

f) Norberaren instalazioan adarrak txertatzea edo txertatzen uztea, zergadunen errolda edo erregistroan ageri ez diren beste lokal edo etxebizitza batzuk urez hornitzeko.

g) Abonatuaren zabarkeriagatik, sarean arazoren bat eragin eta hura zuzentzeko ekipamendurik ez instalatzea, eskumena duten erakundeek hura zuzentzeko emandako epea igaro eta gero.

h) Erabiltzaileak bere instalazio partikularrean matxura izan eta behar den konponketa ez egitea, Udalak eskatu eta gero, bereziki ur-ihesa bada.

i) 14. artikuluan aurreikusitako kasuan erortzea.

j) Ordenantza honetako xedapenak ez betetzea beste edozein modutan.

26. artikulua. Arau-hauste edo zehapenei loturiko gainerako gaietarako, Ordenantza Fiskal Orokorrean xedatuari jarraikiko zaio, bai eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arauetan xedatuari ere.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–Bai banakako biltegi bakoitzetik egiten den beheko ur-horniduraren kudeaketa, bai ordenantza honetan aurreikusitako tasen bilketa kontzejuei ematen ahalko zaizkie, haiek hala eskatuz gero, horretarako eskuordetze erabakian zehazturiko moduan. Horrek ez du ezertan galaraziko ukitutako toki entitateen artean bestelako lankidetza modu batzuk ezartzea uraren ziklo integralaren zerbitzuak kudeatzeko xedez.

Bigarrena.–Ordenantza honetan sartu ez diren Erromantzatuko gainerako herriak pixkanaka sartuz joanen dira, gehienez ere 4 urteko epean; horretarako, 2. artikulua aldatuko da, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.3 artikuluan xedatuarekin.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, kontra egiten dioten xedapen edo ordenantza guztiak, baldin eta maila berekoak edo beheragokoak badira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza Fiskal Orokorra, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak aplikatuko dira.

Bigarrena.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta sorraraziko ditu ondorio juridiko osoak.

TARIFEN ERANSKINA

A) Hornidura zerbitzua eskura izateagatik eta horren mantentze-lanarengatik.

A.1.–Etxebizitzetako erabilera: 4,00 euroko kuota hiruhilekoan.

A.2.–Finketako aisiarako, ureztaketarako eta apaindurarako erabilera: 6,00 euroko kuota hiruhilekoan.

B.3.–Industria edo merkataritza erabilera: 8,00 euroko kuota hiruhilekoan.

B.4.–Erabilera konbinatuak: 10,00 euroko kuota hiruhilekoan.

B) Hornidura zerbitzua erabiltzeagatik edo benetan baliatzeagatik:

B.1.–Etxebizitzetako erabilera, 0,40 euro metro kubiko bakoitzeko.

B.2.–Finketako aisiarako, ureztaketarako eta igerilekuetarako erabilerak: 0,50 euro metro kubiko bakoitzeko.

B.3.–Industria edo merkataritza erabilera: 0,50 euro/m³.

B.4.–Erabilera konbinatuetarako hornidura: 0,50 euro/m³.

C) Igerilekua betetzeagatik. (Kuota finkoa):

C.1.–Igerileku-ontzia betetzea: 40 euro.

D) Hornidurarako hargunea jartzeagatik. (Kuota finkoa, behin bakarrik ordaintzekoa).

C.1.–Etxebizitzetako erabilerarako, ureztaketa eta aisiarako eta industria erabilerarako hornidura: 150 euro.

Iragarkiaren kodea: L2008581