196. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

EZKABARTE

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat aldi baterako betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez, eta izangaien poltsa bat eratzeko, sor daitezkeen beharrak asetzearren

Alkatetzaren abuztuaren 18ko 100/2020 Ebazpenaren bidez, erabaki zen presako prozedura hastea zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat aldi baterako kontratatzeko, baita izangaien poltsa bat eratzeko ere, zerbitzuko beharrak sortzen direnerako. Kontratatazioa administrazio-kontratuaren araubidean eginen da, lanpostu hutsa bete arte.

Deialdiaren oinarriak erantsi dira.

Oinarriak kontsultatu daitezke, orobat, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

Ezkabarten, 2020ko abuztuaren 19an.–Alkatea, Pedro Lezaun Esparza.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

Deialdi honen xedea da betetzea, oposizio-lehiaketa bidez, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat Ezkabarteko Udalaren zerbitzura, aldi baterako eta administrazio araubidean. Xedea da, halaber, izangaien poltsa bat eratzea, sor daitezkeen beharrak asetzearren. Zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostuaren eginkizunak izanen ditu.

Lan-poltsaren zerrenda osatuko dute hautapen-prozesu honetan ariketa teorikoa, gutxienez, gainditzen duten izangaiek. Ariketa hori puntuazio-ordena zorrotzaren arabera ordenatuko da, baldintza hauen 9. oinarrian ezarritakoaren arabera. Zerrenda 5 urtez egonen da indarrean, edo beste deialdi bat egin arte, etorkizunean aldi baterako kontratazioak edo ordezkapenak egiteko Ezkabarteko Udaleko Zerbitzu Anitzetako lantaldean gerta daitezkeen beharrak asetzeko.

1.2. 5. oinarrian ezarrita daude hautaprobak, eta lehiaketaldia ere baloratuko da, baldintza hauen 6. oinarrian ezarri bezala.

1.3. Deialdi honen ondorioz izendatzen diren izangaiak administrazio-kontratudunak izanen dira eta Gizarte Segurantzan inskribatuko dira, eta bertan alta emanen zaie. Ezkabarteko Udalaren plantilla organikoan ezarritako ordainsariak izanen dituzte.

Aldi baterako kontratua izanen dute, administrazio araubidekoa, Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren 88.b) artikuluari eta hurrengoei jarraikiz. Kontratu hori bukatuko da lanpostua behin betiko betetzen denean, dagokion erregelamenduzko prozeduraren bidez.

Era berean, kontratua bukatzeko zergatia izanen da Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezartzen dituen irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuaren 8. artikuluan aipatuetariko edozein.

Bi hilabeteko probaldia ezartzen da. Epe horren barrenean, alde batek nahiz besteak desegin dezake kontratua, alde bakarreko erabakia hartuta.

1.4. Lanaldia administrazio dei-egileak ezarriko du, zerbitzuaren beharren arabera beti. Hala ere, noiznahi alda daiteke.

1.5. Lanpostuak D mailari dagokion oinarrizko lansaria izanen du, Ordainsarien behin-behineko erregelamenduan ezarritakoari jarraituz, eta onesten diren osagarriak, administrazio dei-egilearen plantilla organikoan ezarritakoak.

Oro har, eginkizun hauek izanen ditu lanpostuak, besteak beste:

–Zerbitzu anitzak, loturik daudenak instalazio eta obretako mantentze-lan orokorren lantaldearen jarduerekin, eta haiei jarraipena egitea, egokiak izan daitezen horien funtzionamendua, kontserbazioa eta mantentzea.

–Udal bulego, instalazio eta biltegietako igeltserotza lanak, oro har, eta horien mantentze-lanak; pintura lanak ere bai.

–Lorezaintzako lanak eta espazio publikoen mantentze-lanak: belarra ebakitzea, zuhaixketan eta zuhaitzetan inausketak egitea, sastrakak eta belar txarrak kentzea, ureztatzeak instalatzea eta programatzea, fitosanitarioak aplikatzea, zapaldak eta parterrak prestatzea, etab.

–Mekanika. Udal makineria, ibilgailuak, lanabesak eta tresnak maneiatu, mantendu eta konpontzea. Biltegiko kontrola.

–Hiri altzariak paratzea eta haiei dagozkien mantentze-lanak egitea: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak eta abar.

–Leku batetik eramatea eta paratzea altzariak eta tresnak. Jai eta ekitaldi publikoetan, muntatzea eta desmuntatzea agertokiak, hesiak eta gainerakoak.

–Ibilgailuak gidatzea eta makinak maneiatzea.

–Udalaren azpiegitura eta egoitzetan mantentze eta konpontze lanak egitea: iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, mekanika, garbiketa, zangak ireki eta ixtea.

–Eskatzen zaizkion instalazio berriak eta hobekuntzako jarduketak egitea, baldin bere mailakoak badira, eta lanean erabiltzen diren ibilgailuak zaindu eta mantentzeko oinarrizko lanak egitea.

–Eskatzen zaion bide garbiketa egitea, Ezkabarteko Udalak dauzkan baliabideak erabiliz horretarako.

–Ezkabarteko Udalak eta bertako kontzejuek programatzen dituzten festetarako eta kultur ekitaldietarako prestakuntzan eta garbiketan laguntzea, baita Ezkabarteko Udalak laguntzen edo babesten dituen ekitaldietan ere.

–Udaleko beste zerbitzu batzuei laguntzea, hala eskatzen zaionean, eta kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.

Halaber, zerbitzu anitzetako lanpostuaren eginkizun izanen dira honako eginkizun orokor hauek:

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, behar bezala baliatuz lan bakoitzean erabiltzen diren babes-ekipamendu egokiak.

–Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturen berri ematea arduradunari aldiro eta garaiz, eta zerbitzuen hobekuntza bultzatzea eta hartan laguntzea eta, hartara, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak proposatzea.

–Lanerako ezarritako arau, prozedura eta zehaztapen guztiak ezagutzea eta aplikatzea.

–Kasuren batean behar izanez gero, egoerara egokitzea, lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak betetzeko.

–Udalaren ordenantzak betetzen ote diren kontrolatu eta begiratzea, eta hirigintza eta ingurumen gaietan ikuskatzea, begiratuta ea jasotzen eta betetzen ote den lizentzia eta obrei, eremu publikoaren okupazioari, isurketei eta abarri buruzko araudia.

–Bide eta eremu publikoak egoera onean ote dauden begiratzea, baita udal eraikinak ere, eta haien mantentze-lan eta/edo hobekuntzarako proposamenak egitea.

–Edozein eratako udal zerbitzuak ematea, eta hala Alkatetzak nola organo eskuordetuek haren esku uzten duten beste edozein zeregin; guztiak ere bere eskumen, maila eta kategoriaren barnean.

–Ezkabarteko Udal Kiroldegiko instalazioen mantentze-lanak, garbiketa eta sarbideen kontrola, hala dagokionean eta lantaldeko buruek edo Alkatetzak hala eskatuta.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Lanpostu honetarako lehiatzen direnek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) Adinez nagusia izatea eta Espainiako nazionalitatea edukitzea, edo Europar Batasuneko edozein estatutakoa; bestela, ahaidetasun harremana izatea maiatzaren 24ko 10/2001 Foru Legean adierazi bezala. Halaber, langileen zirkulazio librea jasorik Europar Erkidegoak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio eremuko pertsonak izatea.

b) Eskola Graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako erdi mailakoa edo baliokidea edo DBHkoa.

c) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez egotea.

e) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

3. oinarria.–Prozedura.

3.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin bat, aldi baterako langileak hautatzeko prozeduretan, bilatuko da kontratazioa ahalik eta arintasun handienarekin egitea.

Hala ere, deialdi honetan parte hartzeko, ez da ezinbesteko baldintza izanen enplegu-eskatzaile edo enplegu-hobekuntzaren eskatzaile gisa izena emanda egotea.

3.2. Deialdi honetan parte hartzeko eskabidea eta horrekin batera doazen agiriak Ezkabarteko Udalaren erregistroan aurkez daitezke (Irungo errepidea, 13, Orikain; 31194 PK), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bitartekoen bidez, udalaren egoitza elektronikoa barne.

Eskabidea aurkeztu nahi bada 39/2015 Legean ezarritako bideetako bat erabiliz, posta elektroniko bat igorri beharko da ayuntamiento@ezcabarte.es helbidera, inguruabar horren berri emanez, eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barrenean. Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek, data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari egokituko zaio eskabidea.

Interesdunek eskabideak aurkez ditzakete 2020ko irailaren 14aren 14:00ak arte.

Oinarri hauek argitaratuko dira, halaber, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta Ezkabarteko Udalaren web-orrian, www.ezcabarte.es.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua eta 2. B eta E oinarrietan eskatzen den titulazioarena aurkeztu beharko dituzte –edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako hura erdiesteko maneran izanen direla adierazten duen agiriarena–, baita baloratu beharreko aurkeztutako merezimenduenak ere.

Minusbaliotasuna duten izangaiek honako hau erantsi beharko diote parte hartzeko eskabideari: minusbaliatu egoera frogatzeko agiria, organo eskudunak luzatua, eta osasun ziurtagiria, horren bidez frogatzeko desgaitasuna ez dela lanpostuko ohiko lana egitea eragotziko dien eritasun edo urritasun fisiko edo psikiko bat.

Izangai horiek ariketak egiteko epea eta moduak egokitzeko eskatzen ahalko dute, hala behar izanez gero. Kasu horietan eskabidean, beste orrialde batean, adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna daukaten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

Eskabideak aurkezteko epea igarotakoan, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta 5 egun balioduneko epea irekiko da erreklamazioak aurkezteko edo aurkeztutako eskabideen akatsak zuzentzeko.

Izangai bazterturik ez badago, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda.

Aipatu epean alegazioak aurkezten badira, alegazio horiek ebatzi ondoren, Alkatetzak ebazpena emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta argitaratuko da Ezkabarteko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, hautapen-probak egiteko eguna, ordua eta tokia adierazita.

4. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

4.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Pedro Lezaun Esparza, Ezkabarteko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

–Lehen epaimahaikidea: Ramón Chocarro Iriarte, udal arkitektoa.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

–Bigarren epaimahaikidea: Miguel Irurita Eugui, Ezkabarteko Udaleko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: David Gurpide Urriza, Ezkabarteko Udaleko langilea.

–Hirugarren epaimahaikidea: Santiago Espinal Telletxea, Atarrabiako Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

–Laugarren mahaikidea, idazkaria: Joaquín Lizarraga Sanz, Ezkabarteko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

4.2. Epaimahaia modu baliodunean eratzeko eta jarduteko, beharrezkoa izanen da hura osatzen duten kideen gehiengo osoa bertan izatea.

4.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak eta, berdinketa suertatuz gero, mahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

5. oinarria.–Probak.

5.1. Proba teorikoa: test motako ariketa idatzia, lanpostuan bete beharreko eginkizunekin lotutako gaiei buruzkoa (II. eranskina). Galde-sortan bilduko dira zenbait galdera Ezkabarteko gorabeherei buruz (geografia, Udala, herriak...). Epaimahaiak erabakiko du probaren iraupena eta, gehienez ere, 36 puntu lor daitezke, eta baztertu eginen dira gutxienez ere 18 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak. Erantzun oker bakoitzagatik 0,25 kenduko dira. Proba teorikoan puntuaziorik hoberena erdietsi duten lehen 12 izangaiek eginen dute proba praktikoa.

Puntuaziorik hobereneko 12. tokian dauden izangaien artean berdinketarik izanez gero, egoera horretan egon eta puntuazio berdina duten izangai guztiek egin ahalko dute proba praktikoa.

Plika itxien sistema erabiliz eginen da oposizioa.

Proba teorikoa gainditu duten izangaiek baizik ezin izanen dute egin proba praktikoa.

5.2. Proba praktikoa: 4 proba egitea, Ezkabarteko Udaleko zerbitzu anitzeko enplegatuen ohiko lanei buruzkoak.

Gehienez ere 40 puntu emanen dira. Epaimahaiak 10 punturekin baloratuko du proba bakoitza.

Epaimahaiak zehaztuko du ariketen iraupena, ariketa bakoitza egiterakoan.

Proba praktikoak bi fasetan eginen dira:

1. fasea.–Lorezaintzako ohiko lanekin lotutako bi proba egitea (makinak ezagutzea eta erabiltzea, landareak inaustea, landatzea, sastrakak eta belar txarrak kentzea, ureztatzeak instalatzea eta programatzea eta abar). Proba praktiko bakoitzean gehienez ere 10 puntu emanen dira. Baztertuta geldituko dira bi probetan gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

2. fasea.–Igeltserotzako ohiko lanekin lotutako bi proba egitea (erremintak eta materialak erabiltzea eta ezagutzea, oinarrizko eraikitze tenikak, eta abar). Proba praktiko bakoitzean gehienez ere 10 puntu emanen dira. 1. fasea gainditu dutenek baizik ezin izanen dituzte 2. faseko probak egin. Baztertuta geldituko dira bi probetan gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba praktikoen prozesua gainditzeko, bi faseak gainditu beharko dira, eta gutxienez 20 puntu lortu egindako praktika guztietan. Proba praktikoak gainditu dituzten izangaiei eginen zaie buruz buruko elkarrizketa, eta dokumentu bidez egiaztatu dituzten merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, 6. oinarrian ezarritakoaren arabera.

5.3. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak eta nortasuna frogatzeko dokumentaziorik gabe agertzen direnak.

5.4. Hautaprobetan, desgaitasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaldu dutenaren arabera.

5.5. Buruz buruko elkarrizketa: proba teorikoa eta praktikoa gainditu dituzten hautagaiek buruz buruko elkarrizketa eginen dute, gehienez ere 4 punturekin baloratuko dena. Agertu beharko dute bere curriculumarekin eta egoki iritzitako dokumentu eta/edo egiaztagiriekin. Buruz buruko elkarrizketa ez da baztertzailea izanen.

5.6. Probak egiteko eguna eta tokia iragarriko dira Ezkabarteko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, www.ezcabarte.es, probak egin baino gutxienez 4 egun lehenago.

6. oinarria.–Lehiaketaldiaren balorazioa.

6.1. Deialdi honetako izangai guztiek, merezimenduak dituztela uste badute, oinarri hauetako zehaztapenei jarraikiz, agiri bidez frogatu beharko dituzte, eskabideak aurkezten dituztenean.

6.2. Epaimahaiak, 5. oinarrian ezarritako probak egin bitartean, izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu ondoko baremoarekin bat, eta osotara ez da inoiz 20 puntu baino gehiago emanen. Hona hemen:

–Administrazio publiko batean, deialdiko lanpostuaren antzeko ezaugarriak dituzten lanpostuetan (zerbitzu anitzeko lanpostuetan) lan egiteagatik, kasuan kasuko administrazio publikoaren ziurtagiri baten bidez frogatzen bada: puntu 1, urte oso bakoitzeko. Zatiki bakoitzeko, haren zati proportzionala. Apartatu honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

–Euskaraz jakitea, dagokion titulua edo Hizkuntza Eskola Ofizialaren Gaitasun Agiri baliokidea aurkeztuz egiaztatuta. Apartatu honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

5 punturekin baloratuko da C1/EGA izatea. 3 punturekin baloratuko da B2 titulua edo ziurtagiria izatea. Puntu batekin baloratuko da B1 titulua edo ziurtagiria izatea.

–LH IIko titulua izatea (hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina), zerbitzu anitzetako enplegatu bati egokitzen zaizkion eginkizunekin lotura duten arloetakoa. Batzuk aipatzearren, ez zehatz-mehatz: lorezaintza, iturgintza, zurgintza, elektrizitatea, eraikuntza... 4 puntu gehienez.

–Lanpostuaren eginkizunei dagozkien gaietan espezializatzeko edo hobetzeko ikastaroak edo prestakuntza zikloak, 60 ordu edo gehiagokoak. 1 eta 2 puntu artean, ikastaro bakoitzeko; gehienez ere 4 puntu apartatu honetan.

Zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuan bete beharreko eginkizunekin zerikusia izan dezaketen gaiei buruzko gaitasun edo aprobetxamendu ziurtagiriak baloratuko dira. Batzuk aipatzearren, ez zehatz-mehatz: egiturak muntatzea, lorezaintza, igeltserotza, iturgintza, soldadura eta instalazio elektrikoak, etab. Aurreikusitako espezialitateetan 60 ordutik gorako ikastaro akreditatuen kasuan, 60 orduko frakzioak baino ez dira baloratuko ikastaro bererako, gehienez 2 puntu ikastaro bakoitzeko (adibidez, 150 ordu edo gehiagoko ikastaro akreditatu batek 2 puntuko balorazioa lortuko luke gehienez).

–Pala-gidari baimena: 2 puntu.

–Jatorrizko ziurtagirien bidez edo behar bezala konpultsatutako ziurtagirien bidez egiaztatutako merezimenduak baizik ez dira kontuan hartuko.

–60 ordutik beherako ikastaroak edo prestakuntza zikloak ez dira kontuan hartuko.

7. oinarria.–Epaimahaiaren proposamena.

Gainditutakoen zerrenda, agirien aurkezpena eta epaimahaiaren proposamena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa eta merezimenduak baloratzeko fasea amaitu ondoren, epaimahaiak, hautapen-prozesuko espediente osoarekin batera, Alkatetzari helaraziko dio gainditutakoen zerrenda, lortutako guztizko puntuazioaren arabera ordenatuta. Horretarako, izangai bakoitzak probetako ariketetan lortutako kalifikazioak batuko ditu, egiaztatutako merezimenduen puntuazioa gehituta (hala badagokio), eta puntuazio handiena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena erantsiko du. Proposamen hori Ezkabarteko Udaleko iragarki-taulan eta www.ezcabarte.es web-orrian argitaratuko da. Proposamena loteslea izanen da deialdia egin duen administrazioarendako.

7.2. Izendapen proposamena jakinarazi eta ondoko 10 egun naturaleko epean, proposaturiko izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkiote Udalari:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Bigarren oinarrian eskatzen den tituluaren jatorrizkoa eta fotokopia, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarena.

c) B motako gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo Administrazio Publikotako zerbitzutik ez dela bereizia izan erakusten duena.

e) Osasun ziurtagiria, lanpostuan aritzea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzen duena.

7.3. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuak izan ezik, aipatu agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da izendatu eta, beraz, egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, deusetan ukatu gabe bere eskabidearen faltsukeriagatik legokiokeen erantzun beharra.

7.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, alkateak puntuazioen zerrendan, 7.1 atalean aipatzen den horretan, hurrengo izangaiarekin beteko du lanpostua, eta honekin aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

8. oinarria.–Kontratuaren formalizazioa.

8.1. Hautapen-prozesua bukaturik eta izangaiak 7.2 oinarriak aipatzen dituen agiriak ekarritakoan, Alkatetzak, ebazpen baten bidez, Ezkabarteko Udaleko aldi baterako kontratudun izendatuko du, administrazio araubidean, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua betetzeko, betiere 251/1993 Foru Dekretuaren 34. artikuluak ekainaren 113/1985 Foru Dekretuaren 88. artikuluari eta 40.etik 44.era bitarteko artikuluei dagokienez xedatzen duenari jarraikiz.

9. oinarria.–Kontratazio zerrenda osatzea eta arautzea.

9.1.1. Zerrenda osatzeko, kontuan hartuko da gaindituen zerrenda, gutxienez proba teorikoa gainditu dutenen artean lortutako guztizko puntuazioaren araberakoa.

9.1.2. Azkeneko emaitzan berdinketarik izanez gero, proba praktikoan, osotasunean, puntu gehien lortzen dutenek izanen dute lehentasuna. Berdinketak bere horretan jarraituz gero, proba teorikoan puntuazio altuagoa erdiesten duenaren alde jokatuko da. Hala ere, berdinketak bere horretan jarraitzen badu, merezimenduetan puntuazio altuena lortu duen izangaiaren alde ebatziko da, eta hala ere berdinketak jarraitzen badu, adinez nagusiena denaren alde.

9.1.3. Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, aurkeztu beharko dute frogagiri bat esaten duena desgaitasuna bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

9.1.4. Probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiei dei egiten ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Ezkabarteko Udalean dagokion zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.

9.1.5. Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera eginen zaie dei izangaiei, oinarri hauetan berariaz ezarri ez denari dagokionez.

Deitutako izangaiak kontratua sinatu beharko du (beste epe bat ezarri ezean) abisua eman eta bost eguneko epean (edo beranduenez 15 egunekoan, une horretan duen lanpostuan aurreabisua eman behar badu); eskatutako agiriak aurkeztu beharko ditu, eta zinpeko aitorpena, horren bidez adierazteko ez dutela baztertu Estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako, udalerrietako edo toki entitateetako inolako kargu, lanpostu edo eginkizunetatik, eta ez dagoela ezgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.

Oinarri honetan zehaztutakoa aipatu epe horien barrenean betetzen ez bada, ezin izanen da kontratazioa egin, eta indarrik gabe geldituko dira ordura arte lorturiko eskubideak.

Halakoetan, zerrendan hurrengo puntuazio handiena duen izangaiari deituko zaio.

9.1.6. Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean ezarritakoa, hain zuzen, zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan, non arautzen baitira desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeko moduaren xehetasunak Nafarroako Foru Komunitaterako. Egin behar diren zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak egiaztatzea Ezkabarteko Udalari dagokio.

9.1.7. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

9.1.8. Lanpostu baterako aldi baterako kontratazioa egin behar denean, une horretan zerrendako lehenbiziko lekuan dagoen izangaiari deituko zaio. Izangai bakoitza lokalizatzeko bi saiakera eginen dira telefonoz bi lanegun jarraitutan, eta dei horien frogak jasoko dira; alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak. Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saiakerarekin batera, mezu elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbide elektronikora. Mezu elektroniko hori bidaltzen denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada, eta telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.

Izangai batekin harremanetan jarri eta, kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak erantzuten ez badu edo uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 9.1.9. apartatuan xedatutakoarekin bat.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Izendapena eginda, toki entitate eskatzaileak aldi baterako kontratatuko du proposaturiko izangaia.

Deia eginda kontratu bat onartzen dutenei ez zaie zerrenda bereko beste lanposturik eskainiko kontratua indarrean den bitartean.

9.1.9. Honako hauek onartuko dira eskainitako lanpostua kontratatzeari uko egiteko arrazoi justifikatu gisa eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun edo aitatasun baimena.

c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea, edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.

d) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela kausa bere burua ezin gobernatu duena.

e) Norberaren ezkontza edo Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera parekatutako egoera, baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epearen barnean.

f) Kontratazioren bat indarrean izatea, izan administrazio araubidekoa edo lanekoa.

g) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.

Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, errefusatu duten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta fede emanez justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Baldin kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa ez bada aurkezten epe barrenean, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute noiz dauden berriz lanerako prest, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

9.1.10. Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira honako egoera hauetako batean dauden izangaiak:

a) Kontratazio eskaintza onartuta dela, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoiagatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu honetan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

c) Justifikaziorik gabe lanpostua uztea.

d) Probaldia ez gainditzea.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko bi dei, gutxienez, eginda ere.

f) Deialdiaren 2. oinarrian ezarritako baldintzak ez egiaztatzea edo horiek egiaztatzeko agiriak ez edukitzea edo galtzea.

9.1.11. Deia jasotzen duten izangaiek aurkeztu beharko dute deialdian eskatutako titulazioaren betebeharrak eta bestelakoak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako betetzen dituztela frogatzeko agiriak, honako hauen fotokopia konpultsatua aurkeztuz: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Gidabaimenaren kasuan, kontratua sinatzen duten egunerako izan beharko dute.

9.1.12. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

9.1.13. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, behar diren kopuruetan.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

10.1. Deialdiaren, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

d) Gainera, kalifikazio epaimahaiaren erabakien kontra, posible da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Ezkabarteko Udaleko alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Ezkabarten, 2020ko abuztuaren 18an.–Alkatea, Pedro Lezaun Esparza.

I. ERANSKINA

Hautapen-prozesuan onartua izateko eskabidearen eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak.

2. gaia.–Idazketako eta ortografiako oinarrizko arauak.

3. gaia.–Laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauen eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauen oinarrizko ezagutzak.

4. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze-makineriaren oinarrizko maneiuarena.

5. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erremintak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Enkofratuak eta murruak egitea.

6. gaia.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak.

7. gaia.–Oinarrizko argi zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

8. gaia–Iturgintza eta berokuntza instalazioen gaineko mantentze-lana: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, erradiadoreak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak.

9. gaia.–Eskema elektrikoen eta iturgintzakoen ezagutza.

10. gaia.–Mekanika. Udal makineria, lanabesak eta tresnak maneiatu, mantendu eta konpontzea. Biltegiko kontrola.

11. gaia.–Eraikinen eta hiri altzarien mantentze-lanak. Pintura.

12. gaia.–Lorezaintzako oinarrizko ezagupenak (erremintak, inausketa, fitosanitarioen erabilera, sastrakak eta belar txarrak kentzeko makinaren erabilera, ureztatzeko sistemak).

13. gaia.–Ezkabarteko geografiari eta administrazioari buruzko oinarrizko ezagupenak (kontzejuak, Udala, ibai eta mendi nagusiak, biztanleria...).

Iragarkiaren kodea: L2009575