196. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

307/2020 EBAZPENA, abuztuaren 6koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2020-2021 ikasturtean “Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalaren eta Nafarroako Dantza Eskolaren antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak onesten dituena.

Arte Ikasketen Atalak 2020-2021 ikasturtean “Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalaren eta Nafarroako Dantza Eskolaren antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak onestearen aldeko txostena aurkeztu du.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Iruñeko “Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalaren antolaketa eta jarduna 2020-2021 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak onestea. I. eranskinean jaso dira.

2. Nafarroako Dantza Eskolaren antolaketa eta jarduna 2020-2021 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak onestea. II. eranskinean jaso dira.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Arte Ikasketen Atalera, Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegora eta ukitutako ikastetxeetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 6an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

2020-2021 ikasturtean “Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalaren antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak

I. Ikastetxeko urteko programazio orokorra

1.–Urteko programazio orokorraren edukia.

“Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalak, ikasturtearen hasieran, urteko programazio orokorra eginen du; programazio horrek hezkuntzako jarduera guztiak modu koordinatuan garatzen direla bermatuko du, eta, orobat, Kontserbatorioaren eskumenak zuzen betetzen direla eta eskola komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela.

Urteko programazio orokor hori maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan ezartzen denari jarraikiz prestatuko da.

Urteko programazio orokorrean honako hauek jasoko dira:

A.–Bi urteko hobekuntza plana.

Ikastetxearen ordutegi orokorra eta hura prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

C.–Musikako lanbide irakaskuntzei dagozkien hezkuntza jarduerak.

D.–Ikastetxeko irakasleen prestakuntza plana.

E.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

F.–Memoria administratiboa.

G.–Hezkuntza proiektuaren zehaztapena.

H.–Curriculum proiektua edo hari egiten zaizkion aldaketak.

I.–Kontingentzia Plana.

A.–Bi urteko hobekuntza plana.

2019-2020 ikasturteko azken memorian egindako biurteko planaren ebaluaziotik abiatuta, ikastetxeek biurteko plan berri bat aurkeztu beharko dute, 2020-2022 aldiari dagokiona, ikastetxearen jardunari eta departamentuei buruzkoa. Plan berri horretan, 2018-2020 planean lortu gabe gelditutako helburuak sar daitezke, baita 2017-2018 ikasturteko jardunaren autoebaluazioan atzemandako beste hobekuntza arlo batzuk ere, bukatu den biurteko planean sartu ez zirenak, kontuan harturik, betiere, azkeneko bi ikasturteetan lortutako emaitzen bilakaeraren analisia eguneratu behar dela.

Horretarako, EDUCA erabiltzen ahalko da emaitza akademikoak ateratzeko eta ebaluazio diagnostikoa egiteko.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du jardunari buruzko biurteko hobekuntza plan berrien garapena eta ezarpena, zeinak aplikatuko baitira 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan.

B.–Ikastetxearen ordutegi orokorra eta hura prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

Ikastetxearen ordutegi orokorra zuzendaritza taldeak prestatuko du, klaustroaren iritzia aditu ondoren, eta bide eman beharko du ikastetxeko urteko programazio orokorrean aurreikusitako jarduerak aurrera eramateko. Hortaz, ikastetxearen ordutegi orokorrak honako hauek bilduko ditu gutxienez:

a) Ikastetxea zein ordutan egonen den irekita eskola-komunitatearentzat.

b) Ikasleen eskola-ordutegia.

c) Eskola izaerakoak izan gabe, ikasleentzat prestatzen diren beste jarduera batzuen ordu-banaketa.

d) Maiatzeko eta ekaineko jardueren behin betiko egutegiaren aurreikuspena, probak, azken ebaluazioak eta kontsultetarako epea adierazita. Ekainaren 17a baino lehen, ikastetxeak aipatu jarduera horien behin betiko egutegia igorriko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.

e) Irakasleen ordutegi orokorra.

f) Irakasleen banakako ordutegia.

Ikastetxearen ordutegi orokorra prestatzeko orduan, klaustroak adierazitakoaz eta Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoak ezarritako jarraibideez gain, honako irizpide hauek ere hartuko dira kontuan:

–Kontserbatorioaren ordutegia astelehenetik larunbatera bitartekoa izanen da, biak barne. Astelehenetik ostiralera 8:30etik 21:00ak arte. Larunbatean 9:00etatik 14:00ak arte.

–Larunbatak ikasteko eskola-egunak izanen dira Kontserbatorioan, eta zuzendaritza taldeak, Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoko buruarekin bat, ikasleak ikasgeletan sartu eta instrumentuak erabiltzeko eta horiek zaintzeko sistema ezarriko du.

–Bulegoko buruak, zuzendaritza taldearekin koordinaturik, neurriak hartuko ditu ikastetxea oporraldietan, goizez, irekita edukitzeko.

–Irakasleek ordutegien arloan izaten ahal dituzten nahiak ezin dira inoiz izan klaustroak ezartzen dituen irizpideen kontrakoak, ez arte irakaskuntzen ordutegiak eta lehen eta bigarren hezkuntzakoenak bateratzearen ondorioz ikasleek dituzten beharren kontrakoak ere.

C.–Irakaskuntza-jarduerak.

Irakasleen klaustroak, departamentu didaktikoen bidez, ikastetxearen irakaskuntza-jarduerak programatuko ditu eta zuzendaritza taldeari igorriko dizkio. Programazio didaktikoen adostasun agiriak, zuzendaritzak ikus-onetsiak, urteko programazio orokorrean sartu beharko dira.

Irakaskuntza-jardueren programazioa egiteko, ordutegiak prestatzeko erabilitako irizpideak hartuko dira kontuan, eta, gutxienez, honako hauek jasoko ditu: tutoretza plana, ebaluazioak eta errekuperazio sistemak, diziplinarteko koordinazio proiektuak eta departamentu didaktiko bakoitzaren lan plana, II. atalean ezarritakoaren arabera. 3.1.E.

D.–Ikastetxeko irakasleen prestakuntza plana.

Irakasleentzako prestakuntza instituzionalaren eta indibidualaren barruko ikastaroak zehaztuko dira, honako alderdi hauei jarraikiz:

a) Prestakuntza instituzionala: prestakuntza instituzionalaren planaren edukia ikastetxeko zuzendaritza taldeak finkatuko du. Bertan, honako hauek zehaztuko dira: prestakuntza ekintzak, helburuak, non eginen den prestakuntza, egutegia, iraupena (ordu kopurua) eta ebaluatzeko adierazleak. Plana ikasturte honetako prestakuntza beharrak kontuan harturik prestatuko da, epe laburrekoak zein epe ertainera begirakoak, zeinak zehaztuko baitira aztertuz ikastetxeak parte hartzen duen departamentuaren eraldaketa orokorrerako programa, proiektu eta planetan proposatzen diren jarduketa-ildoak eta emaitzak.

b) Prestakuntza indibiduala: irakasleek beraiek ezartzen dutena. Ikastetxeko zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio, eta zuzendaritza taldeak gainbegiratuko du zenbateraino bete den, azken memorian.

Ikasturtean zehar prestakuntzaren jarraipena eginen da (bai instituzionalarena, bai indibidualarena), eta azken memorian baloratuko da.

Etengabeko prestakuntza irakasleen eskubide eta betebehar bat da, bai eta Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen erantzukizuna ere, azken helburua izanik Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea irakasle lanbidea garatuz.

Ildo horretan, ikastetxeek prestakuntza instituzionalaren programa bat ezarriko dute ikastetxeko irakasle guztientzat. Nahitaezko prestakuntza horrek 35 ordu iraunen du.

Zuzendaritza taldeari dagokio programa horren edukia eta nola banatzen den ikasturtean zehar finkatzea eta antolatzea, eta hori guztia ikastetxearen prestakuntza planean jasoko da. Programa prestatzeko orduan, kontuan hartuko dira ikastetxea hobetzeko urteko planaren helburuak eta Hezkuntza Departamentuak prestakuntza arloan ezarritako lehentasunei buruzko jarraibideak. Prestakuntza hori lehentasunezkoa izanen da, eta irakasle guztiek nahitaez egin beharko dute. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du irakasle guztiek egiten dutela.

2020-2021 ikasturtean, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, eta ikusirik hezkuntza-jarduera presentziala eten egin dela 2019-2020 ikasturtea bukatu arte, etorkizunean gerta daitezkeen hezkuntza-arreta ez-presentzialak optimizatzearren, Hezkuntza Departamentuak 15 orduko prestakuntza-ekintzen plan bat ezarriko du gai hauek garatzeko: gaitasun digitala, prebentzioa, higienea eta osasunaren sustapena. Prestakuntza-ekintza horiek prestakuntza instituzionalaren barruan sartuko dira, lehentasuna izanen dute irakasleek egindako edo egin beharreko edo zuzendaritza taldeak planifikatutako beste edozein prestakuntzaren aurretik, eta nahitaez egin beharrekoak izanen dira irakasle guztientzat.

Goian azaldutako prestakuntza hori lehentasunezkoa dela deusetan galarazi gabe, prestakuntza instituzionaltzat hartuko da, orobat, ikastetxeak, zuzendaritza taldeak gidaturik, beste proiektu estrategiko, plan eta lehentasunezko lerroetan parte hartzea Hezkuntza Departamentuak proposaturik, bai eta ikastetxeetako klaustroen eta irakasle taldeen lanaren ondoriozko prestakuntza beharrei erantzuteko jarduerak ere.

Prestakuntza instituzionala zabalagoa izan daiteke ikastetxeak berak edo, kasua bada, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen beharrak betetzeko. Kasu horretan, irakasleen parte-hartzea boluntarioa izanen da.

35 orduko prestakuntza instituzionalaz gain, irakasleek prestakuntza indibidualerako eskubideaz baliatzen segitzen ahalko dute, nahi izanez gero.

Ikasketa burutzak koordinatuko du prestakuntza plana.

Nolanahi ere, irakasleek egindako jarduera artistikoak ez dira prestakuntza jardueratzat hartuko.

E.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

Proposatzen diren jarduera osagarriek eta eskolaz kanpokoek irakaslana osatu edo garatzeko asmoa izanen dute. Jarduera horiek Eskola Kontseiluak aurrez ematen dituen jarraibideei egokituko zaizkie.

F.–Memoria administratiboa.

Zuzendaritza taldeak prestatuko du, eta bertan, besteak beste, ikastetxea antolatzeko dokumentua sartuko da.

Ikastetxea antolatzeko dokumentua Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxeari bidaltzen dizkien inprimakiak erabiliz beteko da. Inprimaki horiek, behar bezala beterik, zerbitzu horretara bidaliko dira, ikasturteko eskola jarduerak hasi eta 20 eguneko epean.

G.–Hezkuntza proiektuaren zehaztapena.

Ikastetxearen barne egoera eta inguru sozioekonomiko eta kulturala aztertu ondoren, eta haren irakaskuntza- eta hezkuntza-jardueraren koherentzia eta jarraipena bermatzearren, ikastetxeko hezkuntza proiektuak helburuak, lehentasunak eta jarduteko prozedurak finkatuko ditu.

H.–Curriculum proiektua.

“Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalak curriculum proiektuari eta programazio didaktikoei jarraikiz emanen ditu dagozkion irakaskuntzak, agiri horietan zehaztuko baita martxoaren 19ko 21/2007 Foru Dekretuan araututakoa. Foru dekretu horren bidez, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak arautzen dituen musikako lanbide irakaskuntzen curriculuma ezartzen da.

Curriculum proiektuak, curriculumeko elementuei buruzko erabaki multzo bat den aldetik, ikasleen prestakuntza behar profesionalei erantzun nahi die, betiere ikastetxearen beraren egoeratik abiatuta. Gainera, irakasleen jarduketa guztien koherentzia ziurtatu behar du eta hezkuntza proiektuan oinarritzen da.

Curriculum proiektu horrek honako hauek izanen ditu barnean:

1.–Curriculumaren gaineko koordinazioari buruzko erabaki eta neurriak, ondotik heldu direnak:

a) Ematen diren ikasketen helburu orokorrak ikastetxearen eta ikasleen inguruabarrei egokitzea, eta horiek eraginkortasunez lortzeko hartu behar diren neurriak zehaztea.

b) Metodologiari buruzko erabaki orokorrak.

c) Ikasleak ebaluatu eta mailaz igotzeko prozesuari buruzko irizpideak.

d) Erabiliko diren curriculum materialak eta baliabide didaktikoak.

e) Irakasleen irakaskuntza-prozesuak eta irakas-praktika, baita curriculum proiektu bera ere, ebaluatzeko eta, kasua bada, berrikusteko irizpideak.

f) Aukerako irakasgaien eskaintza.

g) Tutoretza planaren ezarpena.

h) Ikasketa horietan sartzeko probaren edukia eta ebaluazioa.

Irakasleek ikasgelan gauzatuko dituzte programazio didaktikoak, gelako programazioen bidez.

Programazio didaktikoak curriculum proiektua garatzeko baliabideak dira, eta haien prestaketa departamentuei dagokie. Sei kurtsoetako irakasgai bakoitzerako honako hauek sartuko dira:

a) Helburuen multzoa.

b) Edukiak eta haien denbora banaketa.

c) Eska daitezkeen gutxieneko edukiak.

d) Aplikatuko den metodologia didaktikoa.

e) Ebaluatzeko prozedurak eta irizpideak.

f) Kalifikazio irizpideak.

g) Errekuperazio jarduerak.

h) Errepertorioa, erabiliko diren materialak eta baliabide didaktikoak.

i) Beste departamentuekin batera antolatuko diren jardueren programazioa, espezialitate edo irakasgai bat baino gehiago ukitzen diren kasuetan, esate baterako, Ganbera Musika.

j) Departamentuak egin nahi dituen jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.

Irakasleek beren departamentuetako programazio didaktikoen arabera programatuko dute irakaslana. Irakasleren batek erabakitzen badu gelako programazioan aldaketaren bat egitea bere departamentuko baterako programazioan, aldaketa hori eta behar den justifikazioa departamentuko programazio didaktikoan sartuko dira.

Irakasleek curriculum proiektua eta programazioak bete ahala ebaluatu beharko dituzte, ikasleen hezkuntza beharrei egokitzen zaizkiela ziurtatzeko.

2.–Urteko programazio orokorra prestatu, onetsi eta ebaluatzea.

Urteko programazio orokorra zuzendaritza taldeak prestatuko du, klaustroaren proposamen eta erabakiak kontuan hartuta, eta, behin onarturik, ikastetxeko kide guztiek nahitaez bete beharko dute.

Irakasleen klaustroak urteko programazio orokorrari buruzko txostena egin ondoren, Eskola Kontseiluak ebaluatu beharko du, eta zuzendariak onetsi; betiere, klaustroaren eskumen diren irakaskuntzako alderdiak errespetatuko dira. Programazio horren ale bat Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da, urriaren 31 baino lehen. Ale horretan ez dira irakasgaien programazio didaktiko osoak sartuko, baizik eta dagozkien adostasun agiriak bakarrik. Urteko programazio orokorraren ale bat ikastetxearen idazkaritzan geldituko da, eskuragarri irakasleentzat, Eskola Kontseiluko kideentzat eta, halakorik badago, legez eratutako ikastetxeko guraso elkarteetako lehendakarientzat.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du urteko programazio orokorra jarraibide hauetan xedatzen denari egokitzen zaiola, eta zer zuzenketa egin behar den adieraziko du, bakarren bat egin behar bada.

Ikasturtea bukatutakoan, ikastetxeko zuzendaritza taldeak eta Eskola Kontseiluak ebaluatuko dute zenbateraino bete den urteko programazio orokorra. Ondoriorik aipagarrienak memoria batean jasoko dira, zeina Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko baita uztailaren 10a baino lehen.

I.–Kontingentzia Plana

COVID-19ak eskola jardueran izan dezakeen eraginari erantzuteko eta hezkuntza jarduera ahalik eta egokien gara dadin bermatzeko asmoz, ikastetxeek kontingentzia plan bat diseinatu beharko dute, urteko programazio orokorraren parte izanen dena.

Ikasturtea hasi baino lehen, Hezkuntza Departamentuak ikastetxeetako zuzendariei bilera baterako deia eginen die, informazioa emateko COVID-19aren egoerari buruz eta eskola jardueran izan dezakeen eraginari buruz.

Nolanahi ere, plan horrek, gutxienez, atal hauek izanen ditu:

1.–Ikastetxearen antolaketa, pandemia egoerari egokitua.

Ikastetxea egoki antolatzearren, zuzendariak zilegi izanen du murrizten zaizkion bi eskola-saioak erabiltzea ordu horietan ikasleei arreta emateko (Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Nafarroan Hobetzeko Itunean jasota dago eskola-orduen murrizketa hori).

2.–Ikasmailen eta arloen programazio didaktikoa.

Programazio didaktikoak ager daitezkeen egoeretara egokitu beharko dira, planean berean ezartzen diren ohartarazpenei jarraikiz.

3.–Zuzkidura teknologikoa.

Zuzkidura teknologikoa ahalik eta hobekien aprobetxatzeko, ikasturtearen lehenengo egunetan, eta, betiere, ikastetxeak egindako plangintzari jarraikiz, irakasleak beraiek arduratuko dira ikasleei behar diren eskolak emateaz gerta litezkeen egoeretan erabili beharreko baliabide teknologikoak egoki erabil daitezen.

4.–Gaitasun digitala hobetzeko plana.

Gaitasun digitala hobetzeko plana, (D.–Ikastetxeko irakasleen prestakuntza plana puntuan aipatzen dena), irailaren 18a baino lehen egin beharko da, nahitaez.

5.–Urrutiko eskola-jarduerarako tutoretza plana.

Irakaskuntza-jarduera aldatzen ahal duten egoeren ondorioz inplementatu beharreko jarduketen berri emateko asmoz ikastetxeko zuzendariak antolatzen dituen bileretan, arreta berezia emanen zaio ikasleei eman beharreko informazioari. Bilera horiek, ahal dela, irailaren 18a baino lehen eginen dira.

6.–COVID-19 kontingentzia planaren arduraduna.

Ikastetxeko zuzendariak kontingentzia planaren arduradun izanen d(ir)en irakaslea(k) izendatuko d(it)u 2020-2021 ikasturterako. Arduradunari dagokio kontingentzia plana abian jartzea eta plana koordinatzea, baita ikastetxeko zuzendariak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak betetzea ere.

Horretarako, plana abian jarri arte, arduradunek Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Nafarroan Hobetzeko Itunean ezarritako ordu-murrizketaren ondoriozko bi eskola-saioak izanen dituzte, eta saio horiek erabiltzen segitzen ahalko dute eginkizun horiek betetzeko, ikastetxeko zuzendaritzari egoki iruditzen bazaio, ikasturtean zehar edo ikasturtearen edozein unetan.

II. Ikastetxearen funtzionamendua

1.–Alderdi orokorrak.

Kapitulu honetan aipatzen diren organo guztien zeregina da eskola jarduera eta jarduera osagarri guztien koherentzia bermatzea, ikastetxearen hezkuntza helburuak modu eraginkorrean lortzeko.

2.–Gobernu organoak eta kide anitzeko organoak.

“Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalak honako gobernu organo eta kide anitzeko organo hauek izanen ditu:

a) Gobernu organoak: zuzendaria, ikasketaburua, musika eskoletarako alboko ikasketaburua eta idazkaria.

b) Kide anitzeko organoak: Kontserbatorioko Eskola Kontseilua eta Irakasleen Klaustroa.

Gobernu organoen eta kide anitzeko organoen ardura da Kontserbatorioko jarduerak Konstituzioaren printzipioekin eta balioekin bat egiten direla begiratzea, hezkuntzaren helburuak lortu eta hezkuntzaren kalitatea hobetu ahal izateko.

Ikastetxeko gobernu organoek eta kide anitzeko organoek bermatuko dute, beren eskumenen eremuan, ikasleek, irakasleek, ikasleen gurasoek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek aitorturik dituzten eskubideak beteko direla, eta begiratuko dute dagozkien betebeharrak bete ditzaten. Era berean, erraztasunak emanen dituzte hezkuntza komunitateko kide guztiek parte har dezaten ikastetxeko bizitzan, kudeaketan eta ebaluazioan.

2.1. Gobernu organoak: Zuzendaritza taldea.

Kide bakarreko kargu hauek osatuko dute zuzendaritza taldea: zuzendaria, ikasketaburua, musika eskoletarako alboko ikasketaburua eta idazkaria.

A.–Zuzendariaren, ikasketaburuaren eta idazkariaren eginkizunak eta eskumenak.

Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuan ezarri ziren zuzendaritza taldearen eginkizunak, baita zuzendariaren, ikasketaburuaren eta idazkariaren eskumenak ere. Zuzendariaren kasuan, eskumenak Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan ezarritakoak izanen dira.

B.–Musika eskoletarako alboko ikasketaburuaren eskumenak.

Honako hauek dira musika eskoletarako alboko ikasketaburuaren eskumenak:

a) Musika eskoletako zuzendaritzekin etengabeko komunikazioa izatea, interesatzen ahal zaien informazio oro igortzea, eta elkarrekin ebaluatzea, ikasturte hasieran, aurreko ikasturtea, bai funtzionamenduari dagokionez, bai sarrera probarako azkeneko deialdiari dagokionez.

b) Bermatzea ezen musika eskoletako irakasleek eta beste edozein interesdunek informazio guztia dutela sarrera probari, Kontserbatorioaren antolamenduari eta haren ikasketa planari buruz, eta horien gainean izan daitezkeen zalantza guztiak argitzen ahal direla.

c) “Pablo Sarasate” Kontserbatorioko irakasle bakoitzaren eta musika eskoletako espezialitate bereko irakasleen artean zuzeneko komunikazioa, bi norabidekoa, izan dadila sustatzea eta erraztea.

d) Ikastetxeko webgunea eguneraturik izatea, sarrera probari dagokion guztian (araudia, probaren egitura, instrumentuen atalerako obren errepertorioa, espezialitateen eta kurtsoen arabera, inskribatzeko epea eta proben datak, etab.), eta, horrez gainera, ikasturte bakoitzean, musika eskolei buruzko eta espezialitate bakoitzeko irakasleei buruzko datu-basea eguneratzea, eta biak ala biak Kontserbatorioko klaustroari, musika eskolei eta Arte Ikasketen Atalari igortzea.

e) Kontserbatorioko klaustroaren barnean, ikastetxeko eta musika eskoletako irakasleen eta ikasleen arteko baterako jarduerak sustatzea eta garatzea: kontzertuak Kontserbatorioan eta/edo musika eskoletan, ikastaroak, bilerak,... Jarduera horiei ahalik eta zabalkunde handiena ematea, ikastetxeko komunikazio bideen bitartez: webgunea, mezu elektronikoak, prentsa eta sare sozialak.

f) Sarrera probak antolatzea eta gainbegiratzea.

g) Aktiboki parte hartzea Kontserbatorioko zuzendaritza taldean, eta zuzendaritzari laguntza ematea, irakaslanerako ez diren orduek uzten duten neurrian.

h) Zuzendaritzak haren esku uzten dituen beste eginkizun guztiak.

2.2. Kide anitzeko organoak.

2.2.1. Eskola Kontseilua.

Ikasleek, gurasoek, irakasleek, administrazio eta zerbitzuetako langileek eta udalak Eskola Kontseiluaren bidez hartuko dute parte Kontserbatorioaren kudeaketan.

Hutsik gelditzen diren postuak Eskola Kontseiluen urteroko deialdien bidez berrituko dira.

Eskola Kontseiluaren eskumenak honako hauetan daude ezarrita: Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren 80. apartatuan eta Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuan, betiere 8/2013 Lege Organikoan ezarritakoari aurka egiten ez badiote.

2.2.2. Irakasleen Klaustroa.

A.–Alderdi orokorrak.

Klaustroak, irakasleek Kontserbatorioan parte hartzeko duten berezko organoa denez, irakaslanaren alderdi guztiak planifikatu, koordinatu eta erabakitzeko ardura du, eta, hala behar denean, horiei buruzko txostena ematen du.

Ikastetxean irakasten duten irakasle guztiek osatuko dute klaustroa, eta burua zuzendaria izanen da.

B.–Klaustroaren eskumenak.

Hauek dira klaustroaren eskumenak:

a) Zuzendaritza taldeari eta Eskola Kontseiluari ikastetxeko hezkuntza proiektuetarako eta urteko programazio orokorrerako proposamenak egitea.

b) Curriculumaren zehaztapena onestea eta ebaluatzea eta proiektuen eta urteko programazio orokorraren hezkuntzako alderdi guztiak.

c) Orientazio lanari, tutoretzari, ebaluazioari eta ikasleen errekuperazioari buruzko irizpideak finkatzea.

d) Ekimenak sustatzea esperimentazioaren eta ikerketa pedagogikoaren arloan eta ikastetxeko irakasleen prestakuntzarenean.

e) Eskola Kontseiluan izanen dituen ordezkariak aukeratzea eta zuzendariaren hautaketa prozesuan parte hartzea, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritako moduan.

f) Hautagaiek zuzendaritzarako aurkezten dituzten hautagaitzen eta zuzendaritza proiektuen berri izatea.

g) Honako hauek aztertzea eta baloratzea: ikastetxearen jardun orokorra, eskola-errendimenduaren bilakaera, eta ikastetxearen parte-hartzea izan duten barne eta kanpo ebaluazioen emaitzak.

h) Ikastetxearen antolaketa eta funtzionamendu arauen gaineko txostenak egitea.

i) Diziplina gatazkak nola konpondu diren eta ezarri diren zehapenak ezagutzea, eta indarreko araudiaren araberakoak izan daitezela begiratzea.

j) Ikastetxean bizikidetza errazten duten neurriak eta ekimenak proposatzea.

k) Hezkuntzako Administrazioak edo kasuan kasuko antolaketa eta funtzionamendu arauek ematen dizkioten gainerako guztiak.

l) Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuan jasotakoak, baldin eta 8/2013 Lege Organikoan ezarritakoei aurka egiten ez badiete.

3.–Irakaslana koordinatzeko organoak.

Hauek dira irakaslana koordinatzeko organoak ikastetxean: koordinazio didaktikoko departamentuak, Koordinazio Pedagogikorako Batzordea eta tutoreak. Ikasle bakoitzak irakasle-tutore bat izanen du, bere espezialitatearen arabera.

Organo horien guztien zeregina irakaskuntzako jarduera eta jarduera osagarri guztien koherentzia bermatzea da, ikastetxearen helburuak era eraginkorrean lortzeko.

3.1. Koordinazio didaktikoko departamentuak.

A.–Alderdi orokorrak.

Departamentu didaktikoak irakasleak ikastetxeko bizitzan integratzeko bidea ematen duten lantaldeak dira, eta haien eginkizuna da espezialitate eta irakasgaiei dagozkien irakaskuntzak antolatu eta garatzea, bai eta, beren eskumenen esparruan, agintzen zaizkien jarduerak egitea ere.

Irakasleek irakaslanaren antolaketan parte hartzeko daukaten ohiko bidea dira, eta, halaber, haien hobekuntza pedagogiko eta zientifikorako etengabeko baliabidea. Kideen aldizkako bilera-sistemaren bidez jarduten dute.

Departamentu bakoitzaren zuzendaritza eta erantzukizuna departamentuburuari dagozkio, eta, hori ez dagoenean, ikasketaburuari.

B.–Departamentu didaktikoen osaera.

Ikastetxean departamentu didaktiko hauek izanen dira:

–Harizko Instrumentuen Departamentua (hari igurtzia eta hari sakatua): Harpa, Kontrabaxua, Gitarra, Biola, Biolina eta Biolontxeloa.

–Haizezko Instrumentuen eta Perkusiozkoen Departamentua: Klarinetea, Fagota, Moko-Flauta, Zeharkako Flauta, Oboea, Perkusioa, Saxofoia, Tronboia, Tronpa, Tronpeta, Tuba eta Txistua.

–Teklazko Instrumentuen Departamentua: Akordeoia, Klabea, Organoa, Pianoa eta Piano Osagarria.

–Konposizioaren, musikologiaren eta musikaren teoriaren Departamentua: Akonpainamendua, Analisia, Harmonia, Konposizioaren Oinarriak, Musikaren Historia eta Musika Hizkuntza.

–Kantuaren Departamentua: Kantua, Hizkuntzak Kantuari Aplikatuta eta Korua.

–Instrumentu Taldeen Departamentua: Ganbera Musika, Orkestra, Jazzaren Hastapenak, Antzinako Musikaren Lantegia, Banda eta Taldea.

Taldea irakasgaia kasuan kasuko taldea osatzen duten instrumentuetako bateko irakasleek emanen dute. Taldea eta Errepertorioa irakasgaietan, zuzendaritza taldeak ahalmena izanen du dauden baliabideak ezartzen diren irizpide pedagogikoen arabera antolatzeko.

Aurreko zerrenda horretan ageri ez diren espezialitateak edo irakasgaiak ematen dituzten irakasleak kasuan-kasuan egokien den departamentu didaktikoari atxikiko zaizkio, ikastetxeko zuzendaritzak erabakita, kontuan harturik ikastetxearen ezaugarriak eta irakasleen espezialitateak.

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan ere eskolak ematen dituzten irakasleak, horren ondorioz, ikastetxe horretan dagozkien departamentuetan ere sartuko dira. Halakoetan, irakasleek bi ikastetxeetako departamentu didaktikoek deitzen dituzten bileretara joan behar dute.

C.–Departamentuen eginkizunak.

Honako hauek dira departamentu didaktikoen eginkizunak:

1. Ikasturte bakoitzeko irakaslana antolatzea eta programatzea, departamentuko irakasgai edo espezialitateen berezko irakaskuntza garatuz.

2. Ikasturtea hastean, departamentuko irakasgai eta espezialitateen programazio didaktikoak egitea. Lan hori departamentuburuak koordinatuta eta haren zuzendaritzapean eginen da, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak ezarri dituen irizpide orokorrei jarraikiz.

Departamentu guztiek indarra duen legediaren arabera egokitu beharko dituzte beren programazioak.

Irakasgai/espezialitate bakoitzaren programazioaren edukia jendaurrean jarri beharko da ikasturtea hastean, eskola-komunitateko kide guztiek horren berri izan dezaten.

Departamentuburuek programazioaren jarraipena eginen dute. Departamentuko bilkuren aktetan jarraipen horren berri jasoko da.

Ikastetxeko zuzendaritzak egiaztatuko du programazioak jarraibide hauetan ezarritakoarekin bat prestatu diren. Hala ez bada, zuzendaritzak kasuan kasuko departamentuari itzuliko dio programazioa, berregin dezan. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak programazio didaktikoen gaineko adostasun agiriak berrikusiko ditu, eta egin beharreko aldaketak bilduko dituen txostena igorriko du zentrora edo departamentu bakoitzera.

3. Departamentua osatzen duten espezialitate eta/edo irakasgaien programazioen alderdi orokorrekin lotuta dauden irizpideak bateratzea, haien arteko koherentzia bermatzeko eta ebaluazioaren oinarrizko ildoak ezartzeko, irakasleen klaustroaren irizpideei jarraikiz.

4. Behar diren probak egitea, indarrean dagoen araudian ezarri denarekin eta ebaluazioaren oinarrizko ildoei buruz hartu diren erabakiekin bat.

5. Zuzendaritza taldeari eta irakasleen klaustroari ikastetxearen hezkuntza proiektuari buruzko proposamenak aurkeztea.

6. Zuzendaritza taldeari eta irakasleen klaustroari urteko programazio orokorrari buruzko proposamenak aurkeztea.

7. Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari curriculum proiektuari buruzko proposamenak aurkeztea.

8. Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari ikastetxean onartu, sartu edo mailakatzeko probei buruzko proposamenak aurkeztea.

9. Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak antolatzea eta koordinatzea, bidezko organoek ezarritako irizpideekin eta klaustroak zuzendaritza taldeari aurkeztutako proposamenekin bat eta artea garatu eta sustatzeko arduradunarekin eta ikasketaburutzarekin elkarlanean arituz.

10. Beste departamentu batzuekin batera lankidetzan aritzea baterako jarduerak antolatzen, bai eskolako jarduerak bai osagarriak, artea garatu eta sustatzeko arduradunarekin eta ikasketaburutzarekin koordinatuta.

11. Ebaluazioaren prozesuaren ondorioz ikasleek egiten dituzten erreklamazioei buruzko txostena egitea eta indarreko araudian adierazi diren kasuetan ebaztea.

12. Departamentuko irakasgai eta/edo espezialitateen programazio didaktikoaren garapena ebaluatzea eta ebaluazio horrek gomendatzen dituen neurri zuzentzaileak aplikatzea.

13. Ikasturtearen bukaeran memoria bat egitea eta horretan programazio didaktikoaren garapena eta lortu diren emaitzak ebaluatzea.

Ikasturte bukaerako memoriak atal hauek izanen ditu:

a) Emaitzen balorazioa.

–Kalifikazioen estatistikak, talde eta kurtsoen arabera.

–Ikasleen errendimenduaren azterketa, errendimendu horren faktoreak adierazita.

b) Funtzionamenduaren balorazioa. Programazioa nola garatu den.

–Helburuen, edukien eta egindako jardueren balorazioa, bai eta programazioa betetzeko erabilitako metodologia eta baliabideena ere. Agertutako desbideraketen zergatiak azalduko dira, egoki diren zuzenketak ezarri, eta hurrengo ikasturterako hobekuntzak proposatuko.

–Baldin eta programazio berezirik badago, aurreko analisi hori errepikatu beharko da horietariko bakoitzerako, eta konparazio azterketa bat egin.

–Ebaluazioa egiteko erabili diren irizpide, prozedura eta jardueren balorazioa.

–Egindako jarduera osagarriei eta ikasketez kanpokoei buruzko iruzkina: berariazko helburuak, ukitutako taldeak, balorazioa, aurkitutako zailtasunak, eta abar.

c) Curriculum proposamena berrikusi eta eguneratzeari buruz egin den lanaren balorazioa.

14. Irakasleen eguneratze zientifikoa eta didaktikoa bideratuko duten prestakuntza jarduerak sustatzea.

15. Ikaskuntza prozesuan estrategia metodologikoak bideratu eta sustatuko dituzten bitartekoak eta baliabideak aukeratzea. Eginkizun hori aurrera eramateko, departamentuak, besteak beste, irizpide hauei begiratuko die: irisgarritasuna eta eraginkortasuna, motibazioa, edukien aberastasuna, errealitatearekin izandako harremana eta ikaskuntza prozesuaren esperientzien antolaketa.

16. Ebaluazio eta errekuperaziorako irizpide komunak prestatzea.

Ikasleek eta gurasoek eta, hala denean, ikasleen legezko ordezkariek araudian ezarri diren kalifikazio akademiko partzialak jasotzeko aukera izan dezaten, irakasleek ikasleen etengabeko ebaluazioa eginen dute.

Ebaluazio hori hiruhilekoa izanen da, eta idatziz jasoko da, horren berri izan dezaten ikasleek eta, adingabeak badira, gurasoek edo legezko ordezkariek.

D.–Departamentu didaktikoen bilerak.

Departamentu didaktikoek, ikasturtean, behar diren bilerak eginen dituzte beren eginkizunak modu egokian betetzen direla bermatzeko. Kideek nahitaez joan beharko dute bilera horietara.

Irailean, departamentu didaktikoek behar diren bilerak eginen dituzte hurrengo ikasturteko irakasgaien programazioak prestatzeko.

Eskola garaian, gutxienez ordu bat erreserbatuko da astean departamentu didaktikoko kide guztiak bil daitezen ikastetxeko ordutegiaren barruan; ordu hori ikastetxeko eskola-ordutegiaren barruan agertuko da, bai eta irakasle bakoitzaren ordutegi pertsonalean ere.

Bilera horietako bat, hilean behin, programazioen garapena ebaluatzeko erabiliko da, eta ebaluazio horrek gomendatzen dituen neurri zuzentzaileak ezartzeko.

Ekainean, departamentuko kideak bildu eginen dira lan plangintzaren eta lorpenen analisia egiteko eta hurrengo ikasturterako behar diren zuzenketak aztertzeko; gainera, azken memoria idatzi, eta ikastetxeko zuzendaritzari emanen diote, ekainaren 30a baino lehen, urteko programazio orokorrari buruzko memorian sartu, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igor dezan uztailaren 10a baino lehen.

Departamentu didaktikoen bilkura guztien akta eginen da akta liburuan. Akta horiek departamentuburuak egin eta sinatuko ditu.

Akta liburuaz gainera, departamentuek inbentarioaren liburua ere eguneratu beharko dute, non material inbentariagarri guztia agertuko den.

Ikasturtean zehar ikasleen ebaluazioa egiteko erabili diren probak eta agiriak departamentuan gordeko dira hiru hilabetez gutxienez, edo behar den denboraz, ikasleen erreklamazioak aurkezteko ezarritako prozeduraren tramitazioari jarraikiz.

E.–Departamentuko buruaren izendapena eta eginkizunak.

Departamentu didaktikoetan elkarlanean jarduten da, talde lanean, kide guztiek lagundu eta parte hartzen baitute. Departamentu bakoitzak buru bat izanen du eta bere esku egonen da departamentuaren ardura; bera izanen da departamentuko kideen elkarlana koordinatu eta zuzenduko duena.

Departamentuburuak izendatzea ikastetxeko zuzendariari dagokio. Irailean izendatuko ditu, eta karguak ikasturte bat iraunen du.

Zuzendariak buru bat izendatuko du departamentuko kideen artetik, haiei entzunaldia eman ondoren. Honako irakasle hauek lehenetsiko dira: departamentuko espezialitateetakoak izanik, Musika eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegokoak direnak eta behin betiko destinoa ikastetxean dutenak. Horrelakorik ezean, zuzendariak departamentuko kideen arteko edozein irakasle izendatuko du, haiei entzun ondoren.

Departamentuburuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Departamentuko lana zuzentzea.

b) Departamentuko bilerak antolatu, prestatu, deitu eta zuzentzea, eta bilera bakoitzean egin beharreko akta idaztea eta sinatzea. Akta dagokion akten liburuan jasoko da nahitaez.

c) Akta liburua zaintzea eta inbentarioaren liburua eguneratzen dela bermatzea.

d) Curriculum proiektuak prestatu beharraren ondoriozko lanen ardura hartzea eta haietan parte hartzea, departamentuak hezkuntza proiektua eta urteko programazio orokorra prestatzeko egin behar dituen ekarpenak koordinatuz, eta, orobat, honako hauek erredaktatzea: departamentuan biltzen diren irakasgaien programazio didaktikoa, ikasturte bukaerako memoria eta kasuan-kasuan egin beharreko curriculum egokitzapenak.

e) Departamentuko programazio didaktikoa betetzen den begiratzea eta horretarako koordinazioa egitea, gutxieneko eduki eta mailei dagokienez.

f) Koordinazio Pedagogikorako Batzordeko kide den neurrian, ikastetxeko curriculum proiektuaren prestakuntzan parte hartzea.

g) Ikasketaburuarekin eta kasuan kasuko departamentuekin elkarlanean aritzea, batera egin behar diren irakaskuntza-jardueren plangintzan.

h) Ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak aurkezteko prozedura betetzen dela bermatzea, indarra duten arauei jarraikiz.

i) Ikasleen balorazioa egiteko erabili diren proba eta dokumentuak altxatzea.

j) Departamentuan aurkitzen den edozein akatsen berri ematea zuzendariari edo ikasketaburuari.

k) Departamentuari esleitu zaizkion eremu, instalazio, material eta ekipamenduen erabilera koordinatzea eta ongi mantentzen direla begiratzea.

l) Departamentuak berariazko material eta ekipamendua eskuratzeari buruz egiten dituen proposamenak bideratzea.

m) Zuzendaritza taldearekin elkarlanean aritzea beste ikastetxe edo erakunde batzuekiko harremanak sustatzen, horiekin prestakuntza jarduera osagarriak antolatzeko.

n) Hobekuntza pedagogikoa bulkatzea, aldian behingo bilerek lagun dezaten departamentuko kideen autoprestakuntzan, eta barne nahiz kanpo prestakuntza jarduerak sustatzea, irakasleak zientziaren eta didaktikaren aldetik eguneratzeko.

ñ) Departamentuak ikasturterako izanen duen lanerako plana egitea eta aurkeztea.

Lan plangintza hori, curriculum proiektua osatzen duten departamentuko programazio didaktikoei dagozkien adostasun dokumentuekin batera, ikastetxeko urteko programazio orokorrari erantsiko zaio, eta dena Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da.

Lan plangintzak ikasturte osoan egin behar diren zereginak hartuko ditu kontuan, bai departamentuburuak horretarako orduetan eginen dituenak, bai eta jarduera horretarako dauden ordu osagarrietan bertako kide guztiek eginen dituztenak ere. Departamentuburuek urte hasieran zehaztutako plangintzaren etengabeko jarraipena eginen dute, eta, horretarako, departamentuko kide guztiekin lan hori egiteko astero dauden bi orduetan egiten diren asteko saio guztien aktak idatziko dituzte.

3.2. Koordinazio Pedagogikorako Batzordea.

A.–Koordinazio Pedagogikorako Batzordea eratzea.

Koordinazio Pedagogikorako Batzordea irailean eratuko da. Honako hauek osatuko dute: zuzendariak, batzordeburua izanen baita, ikasketaburuak, musika eskoletarako alboko ikasketaburuak eta departamentuburuek.

Batzordeburuak idazkari bat izendatuko du, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeko kideen artetik hautatuta.

B.–Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen eskumenak.

Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Curriculum proiektuaren prestaketa zuzendu eta koordinatzea, bai eta egiten ahal zaizkion aldaketak ere, eta hura erredaktatzeaz arduratzea.

b) Klaustroak aurkeztutako irizpideetatik abiatuta, curriculum proiektua prestatzeko jarraibide orokorrak ezartzea, departamentu didaktikoek gero garatuko dituztenak. Horrela, barne koordinazio eta koherentzia bermatuko da.

c) Hezkuntza proiektuaren, curriculum proiektuaren eta urteko programazio orokorraren arteko koherentzia bermatzea.

d) Curriculum proiektua eta bere aldaketak klaustroari proposatzea, ebaluatu eta onetsi ditzan.

e) Curriculum proiektua ikastetxeko irakas-praktikan betetzen den begiratzea, bai eta ebaluazioa egiten den ere.

f) Ebaluaziorako nahiz kalifikaziorako saioen plangintza orokorra eta azterketen egutegia proposatzea klaustroari, ikasketaburuarekin bat.

g) Ikastetxeko irakasleen prestakuntza plana egiteko proposamena klaustroari helaraztea.

h) Irakasleen klaustroari proposatzea honako hauek ebaluatzeko plana: curriculum proiektua, hezkuntza proiektuaren eta urteko programazio orokorraren irakaskuntza alderdiak, ikastetxeko eskola-errendimenduaren bilakaera eta irakaskuntza prozesua.

i) Barne ebaluazio bat egitea, non aztertuko baitira planaren garapenean gertatzen diren aurrerapenak eta desorekak eta, halaber, kasua bada, horiek zuzentzeko aplikatu beharreko neurriak edo hartu beharreko erabakiak.

j) Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen beraren funtzionamenduari buruzko txostena Eskola Kontseilura igortzea ikasturtearen bukaeran; ikasturteko azken memorian txertatuko da.

3.3. Tutorea/ak.

A.–Tutorea izendatzea.

Ikasleen tutoretza eta orientazio akademiko eta profesionala egin beharreko irakaslanaren parte izanen dira.

Ikasle guztiak irakasle-tutore baten ardurapean egonen dira, beren instrumentuko irakaslea ere izanen dena.

B.–Tutorearen eginkizunak.

Tutorearen eginkizunak hauek dira:

a) Ikasketaburuak koordinatuta tutoretzako ekintzen plangintzan eta orientazio akademiko eta profesionaleko jardueretan parte hartzea, eta aldian-aldian beharrezkoak diren bilerak egitea.

b) Ikasketaburuak deiturik, bere ikasleei dagozkien ebaluazio bileretan buru izatea.

c) Ikasleek ikastetxean izan behar duten integrazioa erraztea eta bertako jardueretan parte har dezaten sustatzea.

d) Ikasleen eskariak eta kezkak jakinaraztea gainerako irakasleei eta zuzendaritza taldeari.

e) Ikasleei, 18 urtetik beherako ikasleen gurasoei edo legezko ordezkariei eta irakasleei informazioa ematea irakaskuntza-jarduerei eta eskolako errendimenduari lotuta dauden gai garrantzitsu guztiei buruz.

f) Irakasleen eta gurasoen edo legezko ordezkarien arteko hezkuntzako lankidetza erraztea.

g) Ikasleei orientazioa eta aholkuak ematea beren aukerabideei, hezkuntza edo lanbide arloan dituzten hautabideei eta horretarako egokiena den ikasketa bideari buruz.

h) Bere ikasleen ebaluazioaren etengabeko jarraipena egitea.

C.–Tutoretza orduak.

Gurasoei edo, hala denean, ikasleen legezko ordezkariei kasu egiteko eta ikasleak zaintzeko eta aurreko paragrafoan aipatu diren ikasketaburuarekiko bileretara joateko orduak irakasleen banakako ordutegietan jasoko dira, eta gurasoei edo, kasua bada, ikasleen legezko ordezkariei eta ikasleei horren berri emanen zaie, ikasturtea hastean.

Ordutegia egiten denean ahaleginak eginen dira ikasleen ordu libreak eta tutoreari esleitu zaizkion orduetariko bat bateratzeko, tutoreak ikasleekin biltzeko aukera izan dezan.

4.–Beste eginkizun batzuk.

4.1. Ikastetxeko orkestraren arduraduna.

Orkestraren arduradunak, ikasturtearen hasieran, ikasturte osorako lan plana eginen du, eta zuzendaritza taldeari aurkeztuko, onets dezan. Plana urteko programazio orokorrean sartuko da, “Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa” atalean. Lan plan horretan, ikastetxeko orkestrak ikastetxearen ordezkari gisa urtean eskainiko dituen emanaldi batzuk jaso beharko dira. Emanaldi horiek zuzendaritza taldeak eskatuta edo Hezkuntza Departamentuak eskatuta eginen dira. Halaber, egin dituen jardueren azken memoria egin beharko du, eta ikasturtearen azken memorian sartu.

Orkestraren arduraduna espezialitateko irakasle bat izanen da, eta hura izendatzeko, eranskin honen IV. ataleko (Irakasleak) 3. puntuan ezarritako irizpide orokorra aplikatuko da.

Ikastetxeko orkestraren jarduerak Orkestra irakasgaiaren curriculumean sar daitezke, dagokion programazio didaktikoaren arabera. Hala ere, irakasgaian matrikulatuta ez dauden ikasleen parte-hartzea ere onartzen ahal da, baita ikastetxean matrikulatuta ez daudenena ere, bai eta beste ikastetxe eta entitate batzuekin lankidetza izatea ere, zehazten diren baldintzak betez gero.

Ikastetxean zehazten diren eta erabilgarri dauden gelak erabiliko dira orkestraren proba saioak eta emanaldien prestaketak egiteko; kontuan hartuko da erabilera hori irakasgaien helburu didaktikoetarako bideratuko dela, bai eta urteko programazio orokorrean sartutako lan planean programatutako jarduerak prestatzeko ere.

4.2. Teknologia berrien arduraduna.

Teknologia berrien arduradunak eginkizun hauek izanen ditu bere ardurapean: tresneria informatikoa eta ikus-entzunezkoa koordinatzea eta haien mantentze-lanez arduratzea, ikastetxeko sare informatikoaz arduratzea, arazoak konpontzeko sostengu teknikoa ematea, instalatutako tresneriako material informatikoa eta ikus-entzunezkoa zuzen erabiltzen den begiratzea eta mantentze-lanetako langileekin koordinatzea.

4.3. Artea garatu eta sustatzeko arduraduna.

Artea garatu eta sustatzeko arduradunak zeregin hauek izanen ditu, besteak beste, bere ardurapean: ikastetxeko jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak programatu eta garatzea. Honako zeregin hauek hartuko ditu bere gain, ikasketaburuaren menpe zuzenean:

a) Ikastetxeko curriculum proiektuaren prestakuntzan parte hartzea.

b) Departamentuak ikasturte osoan eginen dituen jardueren urteko programa prestatzea. Programa horretan gainerako departamentuen, irakasleen eta ikasleen proposamenak bilduko dira.

c) Ikasleei departamentuaren jarduerei buruzko informazioa ezagutaraztea, parte har dezaten dinamizatu eta bultzatzeko.

d) Beste departamentuen, klaustroaren eta ikasleen ordezkarien laguntzarekin programatzen diren jarduerak sustatu, koordinatu eta antolatzea.

e) Kontzertuak, hitzaldiak, ikasleen emanaldiak ikastetxetik kanpo, eskolen arteko trukeak eta, oro har, ikasleentzat antolatzen den edozein txango edo bidaiaren antolaketa koordinatzea.

f) Europar Batasunak edo beste erakunde batzuek antolatutako hezkuntza programetan ikastetxeko ikasleek eta irakasleek izaten duten parte-hartzea kudeatzea.

g) Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak egiteko baliabide ekonomikoak banatzea.

h) Egindako jarduerak ebaluatzeko memoria bat prestatzea (urteko programazio orokorraren azken memorian sartuko da).

4.4. Erasmus + programaren arduraduna.

Figura hau sortuko da baldin eta Erasmus + programan aurkeztutako proiektu europarra onartzen bada.

Erasmus + programaren arduraduna Erasmus + programa (eta ezar daitezkeen beste programa batzuk) garatu eta egoki funtzionatzeko behar diren ekintzak ikastetxean ezarri, abiarazi eta burutzeko aplikatzen diren prozesuen koordinatzaile gisa arituko da, ikasketaburuak gainbegiraturik. Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Europar Batasunak edo beste erakunde batzuek antolatutako hezkuntza programetan ikastetxeko ikasleek eta irakasleek izaten duten parte-hartzea kudeatzea.

b) Urriaren 31 baino lehen, Arte Ikasketen Atalari jakinaraztea 2020-2021 ikasturtean Kontserbatorioko ikasle eta irakasleentzat aurreikusita dauden mugimenduak, baita 2019-2020 ikasturtean gertaturikoak ere, behar diren ondorioetarako.

5.–Zaintza.

Eskola-orduetan, ikasleen arduraduna ikastetxea da, eta, bereziki, zuzendaria, ikastetxearen ordezkaria den aldetik; beraz, ikastetxean behar adina irakasle izan behar da uneoro zaintza-orduez egoki arduratzeko.

Ikastetxeko ordutegi orokorraren barnean, 8:30etik 21:00etara, ordu batzuetan ikasle asko biltzen dira, batez ere ikasle gazteak, eta haiei arreta emateko, ahal dela, zaintzako irakasleak egon beharko dira. 16:00etatik 21:00etara bitarteko denbora guztian, astelehenetik ostiralera, zaintzako irakasleak egon beharko dira, eta, ahal dela, zaintzako bi irakasle egonen dira beti.

Ordu guzti-guztiak behar bezala beterik baldin badaude soilik, zuzendariak zilegi izanen du zaintzako irakasleren bati beste zeregin batzuk ematea, adibidez, liburutegikoak, koordinazio lanak, etab.

Hona hemen zaintzako irakasleen eginkizun nagusiak:

a) Irakasleak huts egiteagatik edo beste edozein arrazoirengatik libre gelditzen diren ikasleei arreta ematea.

b) Korridoreetan ordena zaintzea, eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.

c) Beren zaintza-orduetan sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.

d) Beren zaintza-orduetan, irakasleak eskoletara, zaintza-txandetara, liburutegira edo bestelako jardueretara joaten diren eta puntual iristen diren jakinaraztea idatziz.

Ikasketaburuak zaintza-orduei buruzko parte bat prestatuko du egunero, zeina Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura egonen baita beti. Gutxienez honako datu hauek jasoko dira bertan:

–Irakasleen hutsegite eta atzerapenak.

–Ikastetxeko edozein gunetan izan diren gorabeherak.

–Gertatu diren istripuak.

–Zaintzako irakasleen sinadurak.

III. Irakaskuntzen ordu banaketa

Ikasleak irakaskuntza hauetan sartzeko modua, irakasle-ikasle ratioa eta irakaskuntzen iraupena indarra duen araudian ezarri denari egokituko zaizkio.

Instrumentu eta ahots taldeekin zerikusia duten irakasgaiak aisago antolatzea helburu, eskola-denborari eta ratioei buruz kasuan kasuko araudian ezarritakoaz gainera, kontuan hartuko da bakarkako irakaskuntza behar ez duten nahitaezko irakasgaiak taldekako eskoletan antolatuko direla, ratio hauekin bat:

Akonpainamendua: 4. eta 5. mailetan, 1/4, 90 minutuko eskolatan.

Analisia: 5. eta 6. mailetan, 1/10, 90 minutuko eskolatan.

Harmonia: 3. eta 4. mailetan, 1/10, 60 minutuko bi eskolatan.

Musikaren Historia: 5. eta 6. mailetan, 1/15, 60 minutuko bi eskolatan.

Musika Hizkuntza: 1. eta 2. mailetan, 1/15, 60 minutuko bi eskolatan.

Ganbera Musika: 4. mailan, 1/3, 60 minutuko eskolatan.

Ganbera Musika: 5. eta 6. mailetan, 1/3, 90 minutuko eskolatan.

Piano Osagarria: 1., 2., 3. eta 4. mailetan, 1/2, 30 minutuko eskolatan.

Abesbatza, Orkestra, Banda eta Taldea: irakasle/ikasle ratioa matrikulatutako ikasle kopuruaren eta kasuan kasuko talde motaren arabera zehaztuko da.

Bestalde, 5. eta 6. mailetan, 60 minutuko eskolatan garatu beharreko aukerako irakasgaiak kasuan kasuko araudian ezarritako ratioen arabera antolatuko dira.

IV. Irakasleak

1.–Lanaldia.

Irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren menpeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunen ezaugarrietara egokitua. Irakasleen jaiegunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egutegian jaieguntzat hartzen diren egun berberak izanen dira.

Ikasturtea irailaren 1ean hasiko da, eta ekainaren 30ean bukatuko.

Ikasturtean, irakasleek jarraibide hauetan finkatutako lanaldia eta ordutegia beteko dituzte, horri buruz indarra duen legerian ezarritakoa bete beharra galarazi gabe.

Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea baimentzen ahalko zaie irakasleei.

Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan. Denbora hori eskola-orduetan eta ordu osagarrietan banatuko da. Gainerako orduak, ikastetxean egon beharrekoak ez direnak, irakaskuntza-jarduerak prestatzeko eta irakasleen hobekuntza profesionalerako erabiliko dira, bai eta hautapen probetako epaimahai eta batzordeetan parte hartzeko edo antzeko jarduerak egiteko ere, baldin eta horretarako hautatzen badira.

2.–Orduen banaketa.

Ikastetxearentzat zuzenean eman beharreko orduak honela banatuko dira:

A.–Eskola-orduak.

Ikasleei eskola zuzenean emateko erabiltzen direnak jotzen dira eskola-ordutzat.

Astero, oro har, Hezkuntza Departamentuak ezartzen eta indarra duen araudian finkatzen diren eskola-orduak beteko dira.

Eskola-orduak zenbatzeari begira, honako jarduera eta inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Zuzendaritza taldea.

Zuzendaritza taldeak bere eskola-ordutegitik gehienez ere 48 eskola-ordu erabiliko ditu taldeko karguei dagozkien eginkizunetarako. Ordu horiek berak finkatuko dituen irizpideen arabera banatuko dira taldeko karguen artean: zuzendaria, ikasketaburua, idazkaria eta musika eskoletarako ikasketaburu albokoa.

b) Ikastetxeko orkestraren arduraduna.

Orkestraren arduradunak bere eskola-ordutegitik astero 6 ordu emanen ditu lan horietarako, eta, ikastetxeko beharrek horretarako aukera emanez gero, 3 ordu osagarri, gehienez. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

c) Teknologia berrien arduraduna.

Bere zereginak betetzeko, teknologia berrien arduradunak astean 4 eskola-ordu izanen ditu, eta, ikastetxearen beharrek horretarako aukera ematen badute, 4 ordu osagarri bitarte. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

d) Artea garatu eta sustatzeko arduraduna.

Artea garatu eta sustatzeko arduradunak astean 3 eskola-ordu izanen ditu bere eginkizunetarako, eta, ikastetxearen beharrek horretarako aukera ematen badute, 3 ordu osagarri bitarte. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

e) 58 urtetik gorako irakasleak.

58 urtetik gorako irakasleei Hezkuntza Departamentuaren indarreko legerian ordu murrizketaren gainean horretarako ezarrita dauden baldintzak aplikatuko zaizkie.

f) Departamentuko burutza.

Departamentuburuek beren ordutegitik zenbait eskola-ordu (indarreko legerian ezartzen direnak) erabiliko dituzte curriculum proiektuak idatzi edo berrikusteari loturiko lanetarako.

g) Erasmus + programaren arduraduna.

Erasmus + programaren arduradunak, baldin eta proiektua onartzen bada, bere eskola-ordutegitik astero 2 ordu erabiliko ditu kargu horren eginkizunetarako, eta, ikastetxeko beharrek hala uzten badute, 3 ordu osagarri, gehienez. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

B.–Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzaren ordutegian jasotako eskola-orduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarriak batuta, guztira, hogeita bost ordu izanen dira astean.

Astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera, honako hauek sartuko dira:

a) Zaintza-orduak.

b) Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.

c) Astean bi ordu, gutxienez, tutoretza lanak egiteko.

d) Astean ordu bat irakasleek Eskola Kontseiluan dituzten ordezkarientzat.

e) Zuzendaritza taldeko kideen koordinazio lanetarako orduak.

Zaintzetarako adierazten diren helburuak betetzen baldin badira, aurretik Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak txostena emanik, ikastetxeak zilegi izanen du zaintzarako plan berariazko bat ezartzea.

Irakasleek behar adina zaintza-ordu eginen dituzte astero, ikastetxearen beharren arabera. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da irakasle bakoitzaren asteko ordutegian, eskola-orduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarriak batuta, hogeita bost ordu izanen direla guztira, ikasturtean eskola-egunak ez diren lanegunengatiko konpentsazio orduak alde batera utzita.

Irakasleren baten zaintza-orduak beste jarduera berariazko batzuekin trukatzen ahal dira, baldin zaintza-ordu guztiak beteta badaude eta jarduerak klaustroak onesten baditu.

Halaber, zaintza-orduak eta aurreko b) eta c) ataletan aipatutako ordu osagarrietan egin beharreko jarduerak behar den bezala betetzen badira, irakasleek, bakoitzaren ordutegi pertsonalean agertu behar duten asteko 25 orduetara ailegatu arte, honako ordu hauek sartzen ahalko dituzte astean zenbatu beharreko ordu osagarrien artean, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera:

f) Irakasle Praktikak irakasgaiaren goi mailako ikasleen tutore diren irakasleentzat, ordu erdi bat tutoretzapeko ikasle bakoitzeko.

g) Ikastetxeak parte hartzen duen erakunde-proiektuetan aritzen diren irakasle taldeek lan egiteko orduak.

h) Orkestrako, bandako eta abesbatzako arduradunei laguntzeko orduak.

i) Beste batzuk.

Ikastetxeren batean, zaintza-orduak behar bezala betetzeko arazoren bat badago, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ordu banaketa egoki den moduan aldatzeko neurriak hartuko ditu, zuzendaritza taldearekin batera.

C.–Hilabetean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzak ikastetxean nahitaez eman behar dituen asteko 30 orduak betetzeko falta diren bost orduak hilero zenbatuko dira, eta honako jarduera hauetan erabiliko dira:

a) Klaustroko bileretan parte hartzea.

b) Ebaluazio saioetara eta irakasle taldeko bileretara joatea.

c) Irakasle guztiek batera, planifikazio instituzionaleko tresnak prestatu, berrikusi eta eguneratzeko orduak, betiere Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen lan plangintzei jarraikiz, hala dagokionean. Ikastetxeak beharrezko neurriak hartuko ditu jarduera horretan irakasle guztiek parte har dezaten.

d) Beste jarduera osagarri eta ikasketez kanpoko batzuk.

Astean goiz bat gordeko da jarduera jakin batzuk egiteko; hala, irakasle guztiek gutxienez 2 ordu izanen dituzte klaustroaren bilerak, ebaluazio saioak, gurasoekin egin beharreko bilerak eta, oro har, ikastetxearen funtzionamendu egokirako programatzen diren beste jarduera batzuk egiteko.

3.–Ordutegiak prestatu, onetsi eta argitaratzea.

Ordutegiak ikasketaburuak prestatuko ditu, irakasleen klaustroak ezartzen dituen irizpide pedagogikoei eta jarraibide hauetan jasotakoari jarraikiz. Ikasleentzat ordutegi funtzionala izatea bermatuko da, baina lehentasuna, betiere, ikastetxearen beharrek izanen dute.

Ikastetxeko matrikulak egin ondoren, ikasketaburuak irakasgai bakoitzeko ikasleen eta taldeen kopuruaren berri emanen die departamentuei.

Ordutegiak prestatzean kontuan izanen da Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan ere irakasten duten irakasleen egoera, bi ikastetxeetan dituzten ordutegiak bateratu ahal izateko.

Ikastetxean ahal den guztietan, irakasleek ikasleak eta taldeak hautatuko dituzte. Irakasleek beren espezialitateko ikasle taldeak hautatu beharko dituzte, horrelakorik badago; gero, ordutegia osatuko dute beren departamentukoak izanik antzekoenak diren irakasgaietakoak hautatuz, eta, departamentuko ordu guztiak bete ondoren, artean ordu librerik badute, hain antzekoak ez diren beste irakasgai batzuekin osatzen ahalko dute ordutegia, beste departamentuetakoak hautatuz.

Departamentuko kideak ikasle eta taldeak hautatzerakoan ados jartzen ez badira, honako prozedura honi jarraituko zaio:

Atal honetan ezarritako ordenaren arabera, lehenik hautatu behar duen irakasleak beretzat lehentasunez nahi duen irakasgaiko eta mailako ikaslea edo ikasle taldea hautatuko du; ondoren, hautatzeko bigarrena den irakasleak gauza bera eginen du, eta horrela, hurrenez hurren, espezialitateko eta departamentuko irakasle guztiek lehenengo txanda egin arte. Lehenengo txandaren ondotik beste batzuk eginen dira, irakasleek beren eskola-ordutegia osatu arte edo departamentuari dagozkion irakasgai, ikasle eta talde guztiak esleitu arte.

Bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta eginen da eta departamentuko kide guztiek sinatuko dute; aktaren kopia bat ikasketaburuari emanen zaio.

Goian adierazi diren ondorioetarako, departamentu bakoitzeko irakasleek hautatzeko lehentasun-ordena honako hau izanen da:

1. Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoa.

2. Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko funtzionarioak, zerbitzu eginkizunetan dihardutenak.

3. Zerbitzu berezietan ari diren funtzionarioak.

4. Aldi baterako kontratudunak, lan edo administrazio araubidekoak.

Hautatzeko lehentasuna, lehenbiziko bi atalei dagokienez, beren kidegoan antzinatasun handiena izateak emanen du, eta, antzinatasun bera izanez gero, atal bakoitzeko lehentasuna erabakitzeko honako irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren:

–Ikastetxean antzinatasun handiena izatea.

–Kidegoan edo Administrazioan antzinatasun handiena izatea, eszedentzia urteak zenbatu gabe.

–Sarrerako hautapen prozesuetan puntu gehien lortu izana.

4. atalean, lehentasuna ezarriko da, irakasleek Giza Baliabideen Zerbitzuko zerrendetan duten tokiaren arabera.

Departamentuari esleitutako eskola-orduak kideen ordutegien bidez bete daitezkeenak baino gehiago badira, hautaketa egin baino lehen zehaztuko da zein irakasgai eta ikasmaila emanen dituzten antzeko espezialitateetako irakasleek, aipatu hautaketan sar ez daitezen. Horri dagokionez, kontuan hartu behar da irakasle espezialista batek ezin dituela behe mailako taldeak hartu goi mailakoak espezialistak ez diren irakasleentzat utzita.

Hori hala izanik ere, salbuespenezko kasuetan, eta plantilla prestatzeko prozesuan sortzen diren beharrei erantzuteko, Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahal du, egokia iruditzen bazaio, irakasgai edo espezialitate batzuk horien titular ez diren irakasleek emateko, kontuan hartuz baimendutako espezialitateko irakasgaien edukiak eta haien titular ez den irakaslearenak antzekoak diren, bai eta irakasgai horiek kasuan kasuko irakaslearen esperientzia musikalarekin duten zerikusia ere.

Sartu berriak diren ikasleen kasuan edo irakasle aldaketa eskatzen duten ikasleen kasuan, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak ezartzen dituen irizpideak erabiliko dira.

Ikasketaburuak egiaztatuko du departamentuko kide guztien eskola-orduak eta nahitaez ikastetxean egon beharrekoak bat datozela honako jarraibide hauetan ezarri denarekin, eta begiratuko du, batetik, ea ikasle guztiei eta ikasle talde guztiei arreta emanen zaien, eta bestetik, orduak bete gabe dituen irakaslerik ba ote dagoen.

Lan horiek guztiak egin ondoren, ikasketaburuak, kontuan hartuta irakasleen klaustroak ordutegiak prestatzeko ezarri dituen irizpide pedagogikoak, behin betiko ordutegiaren proposamena eginen du, departamentuek egindako irakasgaien eta mailen banaketaren arabera.

Irakasleen eskola-ordutegia astean bost egunetan banatuko da (astelehenetik ostiralera), lanaldi partzialerako kontratatutako irakasleen kasuan izan ezik. Nolanahi ere den, egunean 5 eskola-ordu izanen dituzte gehienez.

Bestalde, ikastetxeko irakasle guztiek ikastetxean egon beharreko orduetatik bi gutxienez gorde beharko dituzte klaustroaren bileretan, ebaluazio saioetan, gurasoekin egiten diren bileretan eta ikastetxearen funtzionamendu egokirako programatzen diren bestelako jardueretan parte hartzeko, eta ordu horiek berberak izanen dira irakasle guztientzat, aldi berean batera egon daitezen.

Ordutegi orokorraren barnean, ikastetxeak ezartzen duen ordu tarte egokienean –egunero 4 ordu gutxienez astelehenetik ostiralera– zuzendaritza karguren batek egon beharko du ikastetxean.

Ikasle baten baja gertatzen bada eta betetzen ez bada, irakasleak hutsik duen denbora nola erabili zuzendaritzak erabakiko du:

–Denbora hori beste ikasle batzuei arreta emateko erabil daiteke: atzeratuta dauden ikasleei laguntzeko, aurreratuenak sendotzeko, etab.

–Beste jarduera batzuk egiteko.

–Material pedagogikoa prestatzeko.

–Beste batzuk.

Instrumentuen eskoletan, hala taldekoak nola bakarkakoak, baldin eta ikasle bat agertzen ez bada, denbora hori bertaratu diren ikasleei arreta emateko erabiliko da, eta agertu ez den ikasleari dagokion denbora ezin izanen da murriztu irakasleak eskolak emateko dituen ordu guztien multzotik.

Zuzendariak onetsiko du Kontserbatorioko ordutegia. Horren gaineko erreklamazio guztiak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko ditu, eta, horretarako, 15 eguneko epea izanen du gehienez. Epe hori bukaturik berariazko ebazpenik eman ez bada, erreklamazioa ezetsitzat joko da.

Ikastetxearen egoera agertzen duen informazioak iragarki-taulako toki ikusgarri batean, ikasketaburuaren bulegoan eta ikastetxeko estamentu guztien eskura dagoen beste edozein tokitan egon beharko du denbora guztian. Informazio horretan, bereziki, irakasle bakoitzaren ordutegia eta lan tokia adieraziko dira, zehazki, bakoitzaren eskola-orduak, tutoretza orduak, zaintza orduak, departamentuko bilerak eta abar.

Informazio hori guztia hezkuntza komunitateko kide guztien eskura egonen da. Era berean, zuzendaritza kargu bakoitza ikastetxean zein ordutan egonen den adieraziko da.

Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan ere eskolak ematen dituzten irakasleek ikastetxe horretako departamentu didaktikoetarako ezarritako hautapen ordenan parte hartu beharko dute.

Funtzionarioek, 2020-2021 ikasturtean espezialitatea aldatzeko eskubidea erabili eta/edo musikako goi mailan irakatsi nahi badute eta hala adierazi badiote idatziz ikasketaburuari, eta aukera hori hartzeagatik jatorrizko departamentu didaktikoan ez beste batean jardun behar badute, egin behar duten lanari dagozkion departamentuetako bileretara joan beharko dute.

4.–Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia orria.

Zuzendaritza taldeak musika eta arte eszenikoetako irakasleen kidegoko irakasleak ikastetxean egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber kontuan hartuko du, eta horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, lan araubideko kontratudunak zein egunetan hasten diren lanean ikastetxean.

Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrola Hezkuntza Departamentuko webgunean ezarritakoari jarraituko zaio:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal.

Aldi baterako ezintasuneko egoeran dauden langileek bajaren frogagiria aurkeztu behar dute gehienez ere 3 eguneko epean, lanera huts egindako lehen egunetik zenbatzen hasita. Baja berresteko parteak sendagileak erabakitzen duen maiztasunarekin aurkeztuko dira, Gizarte Segurantzaren barruan daudenen kasuan, eta Mufacekoen kasuan, berriz, hamabostean behin edo hilean behin, fakultatiboak hala erabakiz gero. Alta-agirien kasuan, agiria egin eta gehienez 24 orduko epean jakinaraziko da.

Bajaren edo altaren berri emateko jatorrizko agiriak Hezkuntza Departamentura igortzeko, bide hauek erabiltzen ahal dira: posta arrunta, aurrez aurre Nafarroako Gobernuaren Erregistro Ofizialaren edozein bulegotan, edo Erregistro Orokor Elektronikoa.

Ordezkapenetarako, kotizazioetarako eta nominan eragina duten bestelako elementuetarako dauden epeak ongi betetzearren, proposatzen da, ahal den guztietan, komunikazioak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egitea.

Parteak bidaltzeko orduan gertatzen den edozein gorabeheraren berri emateko, helbide elektroniko hau erabil daiteke:

Bajaseducacion@navarra.es., bide osagarri gisa.

Era berean, nahitaezkoa da lantokira kopia bat bidaltzea ahalik eta lasterren, lantokiak jakin dezan zehatz-mehatz zein egunetan huts egin behar duen, bajaren bilakaera eta/edo bukaeraren berri izan dezan eta, orobat, ordezkapen bat eskatu ahal izan dezan. Ikastetxearekiko komunikazio bidea ikastetxe bakoitzak erabakiko du, zuzendaritza talde bakoitzak finkatzen duen funtzionamenduaren arabera.

Alta-agiriari dagokionez, horren berri emateko epea betetzen ez bada eta hutsegiteen ziurtagiria aurkezten ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.

Garrantzitsua da adieraztea ezen, gaixotasun bajengatiko egoerak kontrolatu eta komunikatzeaz gainera, erditzeagatiko lizentzia edo ama ez den gurasoarentzako lizentzia tramitatzeko komunikazioa hiru eguneko epean egitea gehienez, ezarritako prozedurari jarraikiz.

5.–Goi mailako musika ikasketetan irakasteko betebeharrak.

Oinarritzat harturik apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 4. artikuluko 1.e) apartatua (haren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitatez kanpoko irakasle kidegoei dagozkien lanpostuak betetzeko modua arautu zen), Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko funtzionarioek, goi mailako titulazioaren jabe badira, aukera izanen dute, sortzen diren beharren arabera eta ezartzen den prozedurari jarraikiz, Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoari dagozkion espezialitateak irakasteko.

Bestalde, ekainaren 14ko 427/2013 Errege Dekretuaren 6. artikulua betez (haren bidez ezarri ziren Musikako eta Dantzako goi mailako irakaskuntzekin loturik dauden Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoaren irakaskuntza espezialitateak), Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko funtzionarioek aukera izanen dute, sortzen diren beharren arabera eta horretarako ezarritako prozedurarekin bat, “Instrumentu arloko prestakuntza osagarria” eta “Musikako hizkuntza eta teknikak” jakintzagaiak irakasteko, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan indarrean diren ikasketa planen barnean.

V. Ikasleen eskubide eta betebeharrak

1.–Alderdi orokorrak.

Ikasleen eskubide eta eginbeharrei dagokienez, indarreko araudian ezarritakoari jarraituko zaio, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta eginbeharrak ezarri eta ikastetxe horietako elkarbizitza arautzen duen abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretua betez.

2.–Ikasleak eskoletara joatea.

Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 16an emandako 204/2010 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako bizikidetza arautzen du, eta ikastetxe bakoitzak, ikastetxeko hezkuntza proiektuaren barnean, bere bizikidetza plana prestatu behar duela ezartzen du.

Ikastetxeko zuzendaritzak hutsegiteak justifikatzeko prozedura finkatuko du, eta beharrezkotzat jotzen dituen neurriak ezarriko ditu hutsegiteak justifikatzeko informazioa biltzeko.

Ikasleak eskoletara behin eta berriz huts egitea zer den eta jokabide horren ondorioak Bizikidetza Erregelamenduan zehaztuko dira.

3.–Erreklamazioak egiteko prozedura.

Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik ezagutzea helburuak, edukiak eta ebaluazio irizpideak, bai eta balorazio positiboa izateko eskatutako gutxieneko maila, ikasturtean erabiliko diren kalifikazio irizpideak eta ebaluazio prozedurak ere.

Irakasle titularrak ikasleek edo, hala behar denean, haien gurasoek edo legezko ordezkariek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emanen dizkie.

Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen.

VI. Onartzeko araubidea eta matrikulazioa. Matrikula luzatzea

Ikasleen onarpenari eta matrikulazioari dagokienez, irakaskuntza hauen gaineko araudian ezarritakoari lotuko zaio.

Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 29ko 78/2007 Foru Aginduaren 12.6 artikuluan ezarritakoari dagokionez (foru agindu horren bidez Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritako musikako lanbide irakaskuntzetan sartzeko arauak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako), prozedura hau erabiliko da: matrikula luzatzeko ikasleen eskaerak zuzendariari aurkeztu ondoren, ikasketaburuak eskaera horien gaineko informazioa bidaliko die irakasle taldeari. Eskaera egin duten ikasleei irakasten dieten irakasle guztiek idazki bana egin beharko dute, non eskatutako matrikula luzapenaren aldeko edo kontrako iritzia emanen duten. Txosten hori ikasketaburuari igorriko diote.

Nolanahi ere, ulertuko da ikasleak ezaupide aski eta heldutasun interpretatiboa nahikoa duela baldin eta, batera, baldintza hauek betetzen baditu:

1.–Kalifikazio-liburuaren arabera, aurre-aurreko ikasturtean eta ikasturte honetako lehenengo seihilekoan “Instrumentua” irakasgaian lortutako kalifikazioa Bikain edo Ohorezko Matrikula izatea, eta, orobat, ikasturteko gainerako irakasgaien kalifikazioa, gutxienez, Oso Ongi izatea. Musikako lanbide irakaskuntzen lehenengo mailan dauden ikasleei eskatuko zaie kalifikazio horiek lortu izana ikasturte honetako lehenengo hiruhilekoan.

2.–Eskaera egin duen ikasleari irakasten dioten irakasle guztiek matrikula luzatzearen aldeko txostena ematea ikasketaburuari igorritako idazkiaren bidez.

VII. Beste jarraibide batzuk

1.–Irakasleen erantzukizuna.

Hezkuntza Administrazioak, indarrean dauden legeek ezartzen dutenari jarraikiz, bere gain hartuko du irakasle funtzionarioen kontrako prozedura judizialetatik sortzen ahal diren erantzukizun zibil ordaingarrien estaldura; hori ez da eragozpen izanen bidezkoa den kasuetan atzera egiteko ekintza gauzatzeko. Irakasleek beren eginkizunak betetzearen ondorioz letratuen laguntza behar izanez gero, defentsa egokia izan dezaten ere arduratuko da.

2.–Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA.

Zuzendaritza taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei Educa kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.

Ohartarazten da irakasleek @educacion.navarra.es posta-kontuak erabili beharko dituztela bai tutoretzan bai beren harreman profesionaletan.

3.–Irakasgaien baliozkotzea.

Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 1eko 123/2009 Foru Aginduaren 5.2 artikuluari dagokionez, bertan adierazten baita baliozkotzeak eskatzeko epea “kurtsoaren hasiera” izanen dela, kurtsoa azaroaren 15ean hasten dela ulertu behar da.

4.–Ikastetxeko langileen jarduerak.

Urteko programazio orokorrean sartuta ez dagoen edozein jarduera egin ahal izateko, ikastetxeko zuzendariaren berariazko baimena beharko dute, bai irakasleek, bai hezkuntza komunitateko beste edozein kidek.

5.–Ingurune osasungarriak, osasun hezkuntza eta osasunaren sustapena.

Kontserbatorioak ikasle guztien eta hezkuntza komunitatearen osasuna babestu eta sustatzeko baldintzak betetzen dituen ingurune egokia sortzea sustatuko du, eta bizimodu osasungarriak bultzatuko ditu.

Xede horrekin, proposatzen da ikastetxeetako hezkuntza planetan bizimodu eta ohitura osasungarriak sartzea, alderdi hauekin lotuta: elikadura (ez da gomendatzen ikastetxean litxarreria eta opil industrialak saltzen dituzten makinak izatea), ariketa fisikoa egitea, gorputzaren eta jarreraren higienea (bizkarra), segurtasuna eta istripuen prebentzioa, droga-menpekotasunen prebentzioa, eta heziketa afektibo-sexuala.

Era berean, ikastetxeko Eskola Kontseiluak begiratuko du ikastetxeetan eta prestakuntza zentroetan erretzeko erabateko debekua bete dadin, egungo legerian hala jasota baitago, eta behar diren neurriak hartuko ditu ikastetxeetan edari alkoholdunak saltzea eta kontsumitzea galarazteko. Baldintza horiek kontuan hartuko dira ikastetxeko bizikidetza arauak prestatzean.

6.–Bizikidetza.

Ikastetxeetan bizikidetza arautzen duen araudiak ezartzen duenez, ikastetxe bakoitzak bere bizikidetza plana eta horren urteko zehaztapenak prestatu eta abian jarri behar ditu.

Araudi hori bizikidetza kudeatzeko osoko eredu batean dago oinarritua. Eredu horrek hezkuntza-komunitateko eragile guztien parte-hartzea sustatzen du, bizikidetzarako giro positiboa eratu eta mantendu nahi du, gatazkan dauden alderdien arteko komunikazioa sustatzen du, eta hezkuntza neurriak eta eragindako kaltea konpontzeko neurriak aplikatzea aurreikusten du, hartutako portaeraren beharrezko ondorio gisa.

Ikastetxe bakoitzaren bizikidetza planean curriculumeko eta antolaketako neurriak biltzen dira bizikidetza, tratu ona eta eskola giroa hobetzeko, indarkeria mota guztiak saihesteko eta gatazken, eskola-jazarpenaren, abusuen eta hezkuntza komunitatea osatzen dutenen segurtasun fisikoa, emozionala edo pertsonala arriskuan jartzen duten diskriminazioaren edo tratu txarren egoerei aurrea hartzeko eta arreta emateko.

Programazio horretan nabarmenduko da zein garrantzitsua den hezkuntza komunitate osoa inplikatzea arlo horretan prebentzio lana egin eta tratu onak ikasteko, gatazkak konpontzeko, emozioen aldetik seguruak eta osasungarriak diren inguruneak sortzeko eta eskola-jazarpena desagerrarazteko jarrera irmoa lantzeko orduan.

Hezkuntza Departamentuak, “Laguntza” programaren eta ikastetxeen eskura jartzen diren beste baliabide batzuen bidez, bizikidetza planak egiteko orientazioa, prestakuntza eta aholkularitza emanen du. Gainera, erraztasunak emanen ditu bizikidetza batzordeko kideek pixkanaka-pixkanaka gatazkak konpontzeko eta eskola bitartekari aritzeko behar den prestakuntza lor dezaten, indarkeria, jazarpena edo tratu txarrak gertatzen direnean azkar eta kalitatez esku har dezaten.

Bizikidetzaren arloko Aholkularitza Bulegoaren webguneak zenbait baliabide, eredu, protokolo eta iradokizun jartzen ditu ikastetxeen eskura beren jarduketa plana zehazten laguntzeko eta zenbait kasuren aurrean (suizidioak, doluak eta abar) berariazko erantzuna bideratzeko. Ikastetxe guztietan, bizikidetza plana eta haren urteko zehaztapena eguneratu beharko dira, eta webgune honetan bildu den bizikidetzari eta indarkeriaren prebentzioari buruzko indarreko araudira egokitu:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/educacion-en-valores/asesoria-para-la-convivencia.

Irakasleek Irakasleentzako Arretaren Bulegora jo dezakete orientazioa eta laguntza jasotzeko.

7.–Ikastetxeaz kanpoko jendea sartzea.

Ikastetxean edozein mezu aditzera eman, transmititu edo banatu nahi duten pertsona guztiek zuzendaritza taldearen baimena beharko dute. Betiere, baimen hori eman izana idatziz jasoko da ikastetxeko artxiboan.

Hori guztia ez da eragozpen izanen legez aitorturiko eskubide sindikalak erabiltzeko.

8.–Jarraibide hauen berri ematea.

Zuzendaritza taldeak begiratuko du hezkuntza komunitateko sektore guztiek jarraibide hauen edukiaren berri izan dezaten.

II. ERANSKINA

2020-2021 ikasturtean Iruñeko Dantza Eskolaren jarduna arautzeko jarraibideak

Nafarroako Dantza Eskolak balio akademikorik eta profesionalik ez duten dantza irakaskuntzak ematen ditu, Nafarroako Foru Komunitateko musika eta dantza eskolen funtzionamenduari buruzko oinarrizko arauak ezartzen dituen abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuak ezarritakoari jarraikiz.

I. Ikastetxeko urteko programazio orokorra

1.–Urteko programazio orokorraren edukia

Nafarroako Dantza Eskolak, ikasturtearen hasieran, urteko programazio orokorra eginen du; programazio horrek hezkuntzako jarduera guztiak modu koordinatuan garatzen direla bermatuko du, eta, orobat, eskolaren eskumenak zuzen betetzen direla eta eskola-komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela.

Urteko programazio orokorra Nafarroako Dantza Eskolan balio ofizialik gabe eskaintzen diren ikasketei buruzkoa izanen da.

Urteko programazio orokorrean honako hauek jasoko dira:

A.–Ikastetxearen ordutegi orokorra eta hura prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

B.–Irakaskuntza-jarduerak, Nafarroako Dantza Eskolaren plan pedagogikoan ageri diren irakaskuntzei dagozkienak.

C.–Ikastetxeko irakasleen prestakuntza plana.

D.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

E.–Memoria administratiboa.

H.–Kontingentzia Plana.

A.–Ikastetxearen ordutegi orokorra eta hura prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

Ikastetxearen ordutegi orokorra zuzendaritza taldeak prestatuko du, klaustroaren iritzia aditu ondoren, eta bide eman beharko du ikastetxe bakoitzeko urteko programazio orokorrean aurreikusitako jarduerak aurrera eramateko. Hortaz, ikastetxeko ordutegi orokorrak honako hauek bilduko ditu gutxienez:

a) Ikastetxea zein ordutan egonen den irekita eskola-komunitatearentzat.

b) Ikasleen eskola-ordutegia.

c) Eskola izaerakoak izan gabe, ikasleentzat prestatzen diren beste jarduera batzuen ordu-banaketa.

d) Maiatzeko eta ekaineko jardueren behin betiko egutegiaren aurreikuspena; horretan azken probak eta ebaluazioak noiz eginen diren adieraziko da, baita kontsultak egiteko epea zein izanen den ere. Ekainaren 17a baino lehen, ikastetxeak aipatu jarduera horien behin betiko egutegia igorriko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.

e) Irakasleen ordutegi orokorra.

f) Irakasleen banakako ordutegia.

Ikastetxeko ordutegi orokorra egiteko nahitaez hartuko dira kontuan, klaustroak adierazitakoaz gain, honako irizpide hauek:

–Nafarroako Dantza Eskolako ordutegia astelehenetik ostiralera bitartekoa izanen da, goizez eta arratsaldez, 10:00etatik 14:00ak arte eta 15:30etik 22:00ak arte.

–Ikastetxeko zuzendaritzak neurriak hartuko ditu ikastetxea oporraldietan, goizez, irekita edukitzeko.

–Irakasleek ordutegien arloan izaten ahal dituzten nahiak ezin dira inoiz izan klaustroak ezartzen dituen irizpideen kontrakoak, ez eta arte irakaskuntzen ordutegiak eta araubide orokorreko irakaskuntzenak bateratzearen ondorioz ikasleek dituzten beharren kontrakoak.

–Ahal den neurrian, ahaleginak eginen dira ikasleen ordutegia bateragarri izan dadin araubide orokorreko irakaskuntzekin.

B.–Nafarroako Dantza Eskolaren Plan Pedagogikoan ageri diren irakaskuntza jarduerak.

Irakasleen klaustroak ikastetxearen irakaskuntza jarduerak programatuko ditu eta zuzendaritza taldeari igorriko dizkio. Programazio didaktikoen adostasun agiriak, zuzendaritzak ikus-onetsiak, urteko programazio orokorrean sartu beharko dira.

Programazioak plan pedagogikoan ezarritako irakaskuntzei jarraikiz prestatuko dira. Espezialitate bakoitzeko irakasleak arduratuko dira prestatzeaz eta zuzendaritza taldeari aurkezteaz, azken horrek urteko programazio orokorrean sar ditzan.

C.–Ikastetxeko irakasleen prestakuntza plana.

Nafarroako Dantza Eskolak prestakuntza plan bat izanen du ikastetxeko irakasleentzat.

Zuzendaritza taldeari dagokio irakasleen klaustroari prestakuntza plan bat proposatzea, irakasleen beharretatik abiatuta.

2020-2021 ikasturtean, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, eta ikusirik hezkuntza-jarduera presentziala eten egin dela 2019-2020 ikasturtea bukatu arte, etorkizunean gerta daitezkeen hezkuntza-arreta ez-presentzialak optimizatzearren, Hezkuntza Departamentuak 15 orduko prestakuntza-ekintzen plan bat ezarriko du gai hauek garatzeko: gaitasun digitala, prebentzioa, higienea eta osasunaren sustapena. Prestakuntza-ekintza horiek prestakuntza instituzionalaren barruan sartuko dira, lehentasuna izanen dute irakasleek egindako edo egin beharreko edo zuzendaritza taldeak planifikatutako beste edozein prestakuntzaren aurretik, eta nahitaez egin beharrekoak izanen dira irakasle guztientzat.

Prestakuntza instituzionala zabalagoa izan daiteke ikastetxeak berak edo, kasua bada, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen beharrak betetzeko. Kasu horretan, irakasleen parte-hartzea boluntarioa izanen da.

D.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

Proposatzen diren jarduera osagarriek eta eskolaz kanpokoek irakaslana osatu edo garatzeko asmoa izanen dute. Jarduera horiek irakasleen klaustroak ematen dituen jarraibideetara moldatuko dira.

E.–Memoria administratiboa.

Zuzendaritza taldeak prestatuko du, eta bertan, besteak beste, ikastetxea antolatzeko dokumentua sartuko da.

Ikastetxea antolatzeko dokumentua Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxeari bidaltzen dizkien inprimakiak erabiliz beteko da. Inprimaki horiek, behar bezala beterik, zerbitzu horretara bidaliko dira, ikasturteko eskola jarduerak hasi eta 20 eguneko epean.

F.–Kontingentzia Plana.

COVID-19ak eskola jardueran izan dezakeen eraginari erantzuteko eta hezkuntza jarduera ahalik eta egokien gara dadin bermatzeko asmoz, ikastetxeek kontingentzia plan bat diseinatu beharko dute, urteko programazio orokorraren parte izanen dena.

Ikasturtea hasi baino lehen, Hezkuntza Departamentuak ikastetxeetako zuzendariei bilera baterako deia eginen die, informazioa emateko COVID-19aren egoerari buruz eta eskola jardueran izan dezakeen eraginari buruz.

Nolanahi ere, plan horrek, gutxienez, atal hauek izanen ditu:

1.–Ikastetxearen antolaketa, pandemia egoerari egokitua.

Ikastetxea egoki antolatzearren, zuzendariak zilegi izanen du murrizten zaizkion bi eskola-saioak erabiltzea ordu horietan ikasleei arreta emateko (Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Nafarroan Hobetzeko Itunean jasota dago eskola-orduen murrizketa hori).

2.–Ikasmailen eta arloen programazio didaktikoa.

Programazio didaktikoak ager daitezkeen egoeretara egokitu beharko dira, planean berean ezartzen diren ohartarazpenei jarraikiz.

3.–Zuzkidura teknologikoa.

Zuzkidura teknologikoa ahalik eta hobekien aprobetxatzeko, ikasturtearen lehenengo egunetan, eta, betiere, ikastetxeak egindako plangintzari jarraikiz, irakasleak beraiek arduratuko dira ikasleei behar diren eskolak emateaz gerta litezkeen egoeretan erabili beharreko baliabide teknologikoak egoki erabil daitezen.

4.–Gaitasun digitala hobetzeko plana.

Gaitasun digitala hobetzeko plana, (D.–Ikastetxeko irakasleen prestakuntza plana puntuan aipatzen dena), irailaren 18a baino lehen egin beharko da, nahitaez.

5.–Urrutiko eskola-jarduerarako tutoretza plana.

Irakaskuntza-jarduera aldatzen ahal duten egoeren ondorioz inplementatu beharreko jarduketen berri emateko asmoz ikastetxeko zuzendariak antolatzen dituen bileretan, arreta berezia emanen zaio ikasleei eman beharreko informazioari. Bilera horiek, ahal dela, irailaren 18a baino lehen eginen dira.

6.–COVID-19 kontingentzia planaren arduraduna.

Ikastetxeko zuzendariak kontingentzia planaren arduradun izanen d(ir)en irakaslea(k) izendatuko d(it)u 2020-2021 ikasturterako. Arduradunari dagokio kontingentzia plana abian jartzea eta plana koordinatzea, baita ikastetxeko zuzendariak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak betetzea ere.

Horretarako, plana abian jarri arte, arduradunek Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Nafarroan Hobetzeko Itunean ezarritako ordu-murrizketaren ondoriozko bi eskola-saioak izanen dituzte, eta saio horiek erabiltzen segitzen ahalko dute eginkizun horiek betetzeko, ikastetxeko zuzendaritzari egoki iruditzen bazaio, ikasturtean zehar edo ikasturtearen edozein unetan.

2.–Urteko programazio orokorra prestatu, onetsi eta ebaluatzea.

Urteko programazio orokorra zuzendaritza taldeak prestatuko du, klaustroaren proposamen eta erabakiak kontuan hartuta.

Ikastetxeko zuzendaritzari dagokio urteko programazio orokorra egoki prestatzeko jarduketa-egutegi bat ezartzea.

Dantza Eskola Berariazkoaren urteko programazio orokorra ikastetxeko zuzendariak onetsi behar du, urrian. Nolanahi ere, irakasleek egindako jarduera artistikoak ez dira prestakuntza jardueratzat hartuko.

Programazio horren ale bat Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da, urriaren 31 baino lehen; beste ale bat ikastetxearen idazkaritzan jasoko da, irakasleek aztertu ahal izateko. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igortzen den ale horretan ez dira programazio didaktikoak osorik sartuko, baizik eta haiei dagozkien adostasun agiriak.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du urteko programazio orokorra jarraibide hauetan xedatzen denari egokitzen zaiola, eta zer zuzenketa egin behar den adieraziko du, bakarren bat egin behar bada.

Urteko programazio orokorra ikastetxeko kide guztiek nahitaez bete beharrekoa izanen da.

Ikasturtea bukatutakoan, urteko programazio orokorra zenbateraino bete den ebaluatuko du zuzendaritza taldeak. Ondoriorik aipagarrienak memoria batean jasoko dira, zeina Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko baita uztailaren 10a baino lehen.

II. Irakaskuntzen ordu banaketa

Talde bakoitzean gehienez ere 20 ikasle izanen dira oinarrizko mailan, eta irakasgai bakoitzaren asteroko eskola-orduen kopurua beherago ezartzen denari egokituko zaio:

Plan pedagogikoa:

–Irakaskuntzen ordu banaketa.

a) Hastapena:

Hastapena-a: 2 ordu.

Hastapena-b: 2 ordu.

b) Oinarrizko maila - Irakasgai komunak bi espezialitateetarako.

1. Oinarrizkoa.

–Dantza Klasikoa: 2 ordu.

–Folklorea: ordu bat.

–Sormen Mugimendua: ordu bat.

2. Oinarrizkoa.

–Dantza Klasikoa: 2 ordu.

–Dantza Espainiarra: 2 ordu.

–Sormen Mugimendua: ordu bat.

3. Oinarrizkoa.

–Dantza Klasikoa: 3 ordu.

–Dantza Espainiarra: 2 ordu.

–Sormeneko Dantza: ordu bat.

4. Oinarrizkoa.

–Dantza Klasikoa: 4 ordu.

–Dantza Espainiarra: 3 ordu.

–Sormeneko Dantza: ordu bat.

c) Maila ertaina-Dantza klasikoa.

1. Ertaina.

–Dantza Klasikoa: 6 ordu.

–Bariazioak-Oin Puntak: 2 ordu.

–Koreografia Lantegia: 1,30 ordu.

–Dantza Garaikidea: 2 ordu.

2. Ertaina.

–Dantza Klasikoa: 7,30 ordu.

–Bariazioak-Oin Puntak: 2,30 ordu.

–Koreografia Lantegia: 1,30 ordu.

–Dantza Garaikidea: 2 ordu.

3. Ertaina.

–Dantza Klasikoa: 7,30 ordu.

–Bariazioak-Oin Puntak: 3,30 ordu.

–Koreografia Lantegia: 1,30 ordu.

–Dantza Garaikidea: 3 ordu.

4. Ertaina.

–Dantza Klasikoa: 7,30 ordu.

–Bariazioak-Oin Puntak: 3,30 ordu.

–Koreografia Lantegia: 1,30 ordu.

–Dantza Garaikidea: 4 ordu.

d) Maila Ertaina-Dantza espainiarra.

1. Ertaina.

–Dantza Klasikoa: 6 ordu.

–Bolero Eskola: 2 ordu.

–Dantza Flamenkoa: 2 ordu.

–Dantza Estilizatua: ordu bat.

2. Ertaina.

–Dantza Klasikoa: 6 ordu.

–Bolero Eskola: 2,30 ordu.

–Dantza Flamenkoa: 3 ordu.

–Dantza Estilizatua: 1,30 ordu.

3. Ertaina.

–Dantza Klasikoa: 6 ordu.

–Bolero Eskola: 2,30 ordu.

–Dantza Flamenkoa: 3,30 ordu.

–Dantza Estilizatua: 3 ordu.

4. Ertaina.

–Dantza Klasikoa: 6 ordu.

–Bolero Eskola: 2,30 ordu.

–Dantza Flamenkoa: 3,30 ordu.

–Dantza Estilizatua: 3 ordu.

e) Helduendako kurtso irekiak.

Dantza Klasikoa:

1. maila: hastapenetan, 3 ordu.

2. maila: aurreratuetan, 3 ordu.

Dantza Garaikidea:

Hasierako maila: 2 ordu.

Erdiko maila: 2 ordu.

Maila aurreratua: 3 ordu.

Dantza Espainiarra:

Hasierako maila: 2 ordu.

Erdiko maila: 2 ordu.

Maila aurreratua: 3 ordu.

III. Irakasleak

1.–Lanaldia.

Irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren menpeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunen ezaugarrietara egokitua. Irakasleen jaiegunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egutegian jaieguntzat hartzen diren egun berberak izanen dira.

Ikasturtea irailaren 1ean hasiko da, eta ekainaren 30ean bukatuko.

Ikasturtean, irakasleek jarraibide hauetan finkatutako lanaldia eta ordutegia beteko dituzte, horri buruz indarra duen legerian ezarritakoa bete beharra galarazi gabe.

Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea baimentzen ahalko zaie irakasleei.

Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan. Denbora hori eskola-orduetan eta ordu osagarrietan banatuko da. Gainerako orduak, ikastetxean egon beharrekoak ez direnak, irakaskuntza-jarduerak prestatzeko eta irakasleen hobekuntza profesionalerako erabiliko dira, bai eta hautapen probetako epaimahai eta batzordeetan parte hartzeko edo antzeko jarduerak egiteko ere, baldin eta horretarako hautatzen badira.

2.–Orduen banaketa.

Ikastetxearentzat zuzenean eman beharreko orduak honela banatuko dira:

A.–Eskola-orduak.

Ikasleei eskola zuzenean emateko erabiltzen direnak jotzen dira eskola-ordutzat.

Astero, oro har, Hezkuntza Departamentuak ezartzen eta indarra duen araudian finkatzen diren eskola-orduak beteko dira.

Eskola-orduak zenbatzeari begira, honako jarduera eta inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Zuzendaritza taldea.

Zuzendaritza taldeak bere eskola-ordutegiaren zati bat erabiliko du karguari dagozkion zereginetarako, kasuan kasuko arauari jarraikiz.

b) 58 urtetik gorako irakasleak.

58 urtetik gorako irakasleei Hezkuntza Departamentuaren indarreko legerian ordu murrizketaren gainean horretarako ezarrita dauden baldintzak aplikatuko zaizkie.

B.–Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzaren banakako ordutegia, astean, hogeita bost ordukoa izanen da, eskola-orduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarriak batuta, ikasturtean eskolarik gabeko lanegunengatiko konpentsazio orduak alde batera utzita.

Astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako eginkizunen arabera, zaintza-orduak sartzen ahalko dira.

Zaintza-orduak eta ordu osagarrietan egin beharreko jarduerak behar den bezala betetzen badira, irakasleek, bakoitzaren banakako ordutegian agertu behar duten asteko 25 orduetara ailegatu arte, honako ordu hauek sartzen ahalko dituzte astean zenbatu beharreko ordu osagarrien artean, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera:

a) Bulegoko orduak, zuzendaritza taldeko kideen koordinazio lanetarako.

b) Ikastetxeak parte hartzen duen erakunde-proiektuetan aritzen diren irakasle taldeek lan egiteko orduak.

c) Astean bi ordu, gutxienez, tutoretza lanak egiteko.

C.–Zaintzak.

Eskola orduetan, ikasleen arduraduna ikastetxea da, eta, bereziki, zuzendaria, ikastetxearen ordezkaria den aldetik; beraz, ikastetxean behar adina irakasle izan behar da uneoro zaintza-orduez egoki arduratzeko.

Ordu guzti-guztiak behar bezala beterik baldin badaude soilik, zuzendariak zilegi izanen du zaintzako irakasleren bati beste zeregin batzuk ematea, adibidez, liburutegikoak, koordinazio lanak, etab.

Hona hemen zaintzako irakasleen eginkizun nagusiak:

a) Irakasleak huts egiteagatik edo beste edozein arrazoirengatik libre gelditzen diren ikasleei arreta ematea.

b) Korridoreetan ordena zaintzea, eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.

c) Beren zaintza-orduetan sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.

d) Beren zaintza-orduetan, irakasleak eskoletara, zaintza-txandetara, liburutegira edo bestelako jardueretara joaten diren eta puntual iristen diren jakinaraztea idatziz.

Ikasketaburuak zaintza-orduei buruzko parte bat prestatuko du egunero, zeina Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura egonen baita beti. Gutxienez honako datu hauek jasoko dira bertan:

–Irakasleen hutsegite eta atzerapenak.

–Ikastetxeko edozein gunetan izan diren gorabeherak.

–Gertatu diren istripuak.

–Zaintzako irakasleen sinadurak.

Zaintza orduetarako adierazten diren helburuak betetzen baldin badira, aurretik Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak txostena emanik, ikastetxeak zilegi izanen du zaintzarako plan berariazko bat ezartzea.

Irakasleek behar adina zaintza-ordu eginen dituzte astero, ikastetxearen beharren arabera. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da irakasle bakoitzaren asteko ordutegian, eskola-orduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarriak batuta, hogeita bost ordu izanen direla guztira, ikasturtean eskola-egunak ez diren lanegunengatiko konpentsazio orduak alde batera utzita.

Irakasleren baten zaintza-orduak beste jarduera berariazko batzuekin trukatzen ahal dira, baldin zaintza-ordu guztiak beteta badaude eta jarduerak klaustroak onesten baditu.

Ikastetxeren batean, zaintza-orduak behar bezala betetzeko arazoren bat badago, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ordu banaketa egoki den moduan aldatzeko neurriak hartuko ditu, zuzendaritza taldearekin batera.

D.–Hilabetean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzak ikastetxean nahitaez eman behar dituen asteko 30 orduak betetzeko falta diren bost orduak hilero zenbatuko dira, eta honako jarduera hauetan erabiliko dira:

a) Klaustroko bileretan parte hartzea.

b) Ebaluazio saioetara eta irakasle taldeko bileretara joatea.

c) Programazio didaktikoak prestatu, berrikusi eta eguneratzeko lanetan sartutako orduak. Ikastetxeak beharrezko neurriak hartuko ditu jarduera horretan irakasle guztiek parte hartzeko.

d) Beste jarduera osagarri eta ikasketez kanpoko batzuk.

Astean goiz bat gordeko da jarduera jakin batzuk egiteko; hala, irakasle guztiek gutxienez 4 ordu izanen dituzte klaustroaren bilerak, ebaluazio saioak, gurasoekin egin beharreko bilerak eta, oro har, ikastetxearen funtzionamendu egokirako programatzen diren beste jarduera batzuk egiteko.

Ikasketaburuak, zuzendariarekin batera, hiruhilekotan banatuta planifikatuko ditu aurreikusitako jarduerak. Jarduera horien programazioa Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da hiruhileko bakoitzaren hasieran.

3.–Ordutegiak prestatu, onetsi eta argitaratzea.

Ordutegiak ikasketaburuak prestatuko ditu, irakasleen klaustroak ezartzen dituen irizpide pedagogikoei eta jarraibide hauetan jasotakoari jarraikiz. Ikasleentzat ordutegi funtzionala izatea bermatuko da, baina lehentasuna, betiere, ikastetxearen beharrek izanen dute.

Iraileko matrikula egin ondoren, ikasketaburuak klaustroari jakinaraziko dio irakasgai bakoitzeko ikasleen eta taldeen kopurua, matrikulazio datuen arabera.

Ikastetxean ahal den guztietan, irakasleek ikasleak eta taldeak hautatuko dituzte. Lehenbizi, beren espezialitateko ikasle taldeak hautatuko dituzte, halakorik dagoen bitartean; gero, ordutegia osatuko dute antzekoenak direnak hautatuz, eta, ordu guztiak antzekotasun handieneko irakasgaiarekin bete ondoren, artean ordu librerik baldin badute, hain antzekoak ez diren beste irakasgai batzuekin osatzen ahalko dute ordutegia.

Ikasleak eta taldeak hautatzerakoan adostasunik ez badago, honako prozedura honi jarraituko zaio:

Atal honetan ezarritako ordenaren arabera, lehenik hautatu behar duen irakasleak beretzat lehentasunez nahi duen irakasgaiko eta mailako ikaslea edo ikasle taldea hautatuko du; ondoren, hautatzeko bigarrena den irakasleak gauza bera eginen du, eta horrela, hurrenez hurren, espezialitateko irakasle guztiek lehenengo txanda egin arte. Lehenengo txandaren ondotik beste batzuk eginen dira, irakasleek beren eskola-ordutegia osatu arte edo departamentuari dagozkion irakasgai, ikasle eta talde guztiak esleitu arte.

Bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta sinatu bat eginen da, eta kopia bat ikasketaburuari emanen zaio.

Goian adierazi diren ondorioetarako, irakasleek hautatzeko lehentasun-ordena honako hau izanen da:

1. Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoa.

2. Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoa.

3. Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko funtzionarioak, zerbitzu eginkizunetan dihardutenak.

4. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko funtzionarioak, zerbitzu eginkizunetan dihardutenak.

5. Zerbitzu berezietan ari diren funtzionarioak.

6. Aldi baterako kontratudunak, lan edo administrazio araubidekoak.

Hautatzeko lehentasuna, lehenbiziko hiru atalei dagokienez, antzinatasun handiena izateak emanen du, eta, antzinatasun bera izanez gero, atal bakoitzeko lehentasuna erabakitzeko honako irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren:

–Ikastetxean antzinatasun handiena izatea.

–Kidegoan edo Administrazioan antzinatasun handiena izatea, eszedentzia urteak zenbatu gabe.

–Sarrerako hautapen prozesuetan puntu gehien lortu izana.

6. atalean, lehentasuna ezarriko da irakasleek Giza Baliabideen Zerbitzuko zerrendetan duten tokiaren arabera.

Ikasketaburuak egiaztatuko du klaustroko kide guztien eskola-orduak eta nahitaez ikastetxean egon beharrekoak bat datozela honako jarraibide hauetan ezarri denarekin, eta begiratuko du, batetik, ea ikasle guztiei eta ikasle talde guztiei arreta emanen zaien, eta bestetik, orduak bete gabe dituen irakaslerik ba ote dagoen.

Hori guztia egin ondoren, ikasketaburuak, kontuan hartuta irakasleen klaustroak ordutegiak egiteko ezarri dituen irizpide pedagogikoak, behin betiko ordutegiaren proposamena eginen du.

Irakasleen eskola-ordutegia astean bost egunetan banatuko da (astelehenetik ostiralera), lanaldi partzialerako kontratatutako irakasleen kasuan izan ezik. Nolanahi ere den, egunean 5 eskola-ordu izanen dituzte gehienez.

Halaber, ikastetxeko irakasle guztiek denbora-tarte jakin batzuetan aldi berean egon beharko dute ikastetxean; denbora hori gutxienez lau ordukoa izanen da eta tarte horretan denek egon beharko dute ikastetxean.

Ahaleginak eginen dira zuzendaritzako karguren bat ikastetxean egon dadin ahalik eta denbora gehien ordutegi orokorraren barruan.

Ikasle baten baja gertatzen bada eta betetzen ez bada, zuzendaritzak erabakiko du irakasleak hutsik duen denbora nola erabili:

–Denbora hori beste ikasle batzuei arreta emateko erabil daiteke: atzeratuta dauden ikasleei laguntzeko, aurreratuenak sendotzeko, etab.

–Beste jarduera batzuk egiteko.

–Material pedagogikoa prestatzeko.

–Beste batzuk.

Dantza Eskolako zuzendariak onetsiko du eskolako ordutegia. Horren gaineko erreklamazio guztiak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko ditu, eta, horretarako, 15 eguneko epea izanen du gehienez. Epe hori bukaturik berariazko ebazpenik eman ez bada, erreklamazioa ezetsitzat joko da.

Ordutegia ikastetxeko iragarki-taulako toki ikusgarri batean, ikasketaburuaren bulegoan eta ikastetxeko estamentu guztien eskura dagoen beste edozein tokitan egon beharko du denbora guztian. Horrekin batera, ikastetxearen unean uneko egoera jakinaraziko da, eta, zehazki, irakasle bakoitzaren ordutegia eta lan tokia adieraziko dira, bakoitzaren eskola-orduak, tutoretza orduak, zaintza orduak, bilerak eta abar. Informazio hori guztia hezkuntza komunitatearen kide guztien eskura egonen da. Era berean, zuzendaritza kargu bakoitza ikastetxean zein ordutan egonen den adieraziko da.

4.–Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia orria.

Zuzendaritza taldeak irakasleak Dantza Eskolan egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber kontuan hartuko du, eta horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, lan araubideko kontratudunak zein egunetan hasten diren lanean ikastetxean.

Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrola Hezkuntza Departamentuko web orrian (http//www.educacion.navarra.es/web/dpto/incapacidad-temporal) ezarritakoari jarraituko zaio.

Aldi baterako ezintasuneko egoeran dauden langileek bajaren frogagiria aurkeztu behar dute gehienez ere 3 eguneko epean, lanera huts egindako lehen egunetik zenbatzen hasita. Baja berresteko parteak sendagileak erabakitzen duen maiztasunarekin aurkeztuko dira, Gizarte Segurantzaren barruan daudenen kasuan, eta Mufacekoen kasuan, berriz, hamabostean behin edo hilean behin, fakultatiboak hala erabakiz gero. Alta-agirien kasuan, agiria egin eta gehienez 24 orduko epean jakinaraziko da.

Bajaren edo altaren berri emateko jatorrizko agiriak Hezkuntza Departamentura igortzeko, bide hauek erabiltzen ahal dira: posta arrunta, aurrez aurre Nafarroako Gobernuaren Erregistro Ofizialaren edozein bulegotan, edo Erregistro Orokor Elektronikoa.

Ordezkapenetarako, kotizazioetarako eta nominan eragina duten bestelako elementuetarako dauden epeak ongi betetzearren, proposatzen da, ahal den guztietan, komunikazioak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egitea.

Parteak bidaltzeko orduan gertatzen den edozein gorabeheraren berri emateko, helbide elektroniko hau erabil daiteke modu osagarri gisa: bajaseducacion@navarra.es.

Era berean, nahitaezkoa da lantokira kopia bat bidaltzea ahalik eta lasterren, lantokiak jakin dezan zehatz-mehatz zein egunetan huts egin behar duen, bajaren bilakaera eta/edo bukaeraren berri izan dezan eta, orobat, ordezkapen bat eskatu ahal izan dezan. Ikastetxearekiko komunikazio bidea ikastetxe bakoitzak erabakiko du, zuzendaritza talde bakoitzak finkatzen duen funtzionamenduaren arabera.

Alta-agiriari dagokionez, horren berri emateko epea betetzen ez bada eta hutsegiteen ziurtagiria aurkezten ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.

Garrantzitsua da adieraztea ezen, gaixotasun bajengatiko egoerak kontrolatu eta komunikatzeaz gainera, erditzeagatiko lizentzia edo ama ez den gurasoarentzako lizentzia tramitatzeko komunikazioa hiru eguneko epean egitea gehienez, ezarritako prozedurari jarraikiz.

IV. Ikasleen eskubideak eta betebeharrak

1.–Alderdi orokorrak.

Ikasleen eskubide eta eginbeharrei dagokienez, indarreko araudian ezarritakoari jarraituko zaio, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta eginbeharrak ezarri eta ikastetxe horietako elkarbizitza arautzen duen abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretua betez.

2.–Ikasleen asistentzia.

Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 16an emandako 204/2010 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako bizikidetza arautzen du, eta ikastetxe bakoitzak, ikastetxeko hezkuntza proiektuaren barnean, bere bizikidetza plana prestatu behar duela ezartzen du.

Ikastetxeko zuzendaritzak hutsegiteak justifikatzeko prozedura finkatuko du, eta beharrezkotzat jotzen dituen neurriak ezarriko ditu hutsegiteak justifikatzeko informazioa biltzeko.

Ikasleak eskoletara behin eta berriz huts egitea zer den eta jokabide horren ondorioak Bizikidetza Erregelamenduan zehaztuko dira.

3.–Erreklamazioak egiteko prozedura.

Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik ezagutzea gaitasunak, edukiak eta ebaluazio irizpideak, bai eta balorazio positiboa izateko eskatzen diren gutxienekoak, ikasturtean erabiliko diren kalifikazio irizpideak eta ebaluazio prozedurak ere.

Irakasle titularrak ikasleek edo, hala behar denean, haien gurasoek edo legezko ordezkariek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emanen dizkie.

Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen.

V. Ikasleak onartzeko araubidea eta matrikulazioa

1.–Onarpena eta matrikulazioa.

Ikasleak balio akademiko eta profesionalik ez duten dantza-irakaskuntza hauetan onartu eta matrikulatzeko, ikastetxeko plan pedagogikoan horren gainean ezartzen denari jarraikiko zaio.

2.–Matrikulari uko egitea.

Ikasleek matrikula deuseztatzeko eska diezaiokete ikastetxeko zuzendariari, apirilaren 30a baino lehen, baldin eta agiri bidez eta zinez frogatzen badute inguruabar hauetako bat gertatzen dela:

–Eritasun fisiko nahiz psikiko luzea izatea.

–Lanpostu batean hasi izana.

–Familia beharrak izatea.

–Ohiz kanpoko beste inguruabar batzuk.

Ikaslearen irakasleei entzun ondoren, ikastetxeko zuzendariak eskaera ebatzi eta matrikula deuseztatzeko baimena emanen du, baldin eta aipatu arrazoi horietako bat egiaztatzen bada eta, hori dela medio, ezinezkoa izan bada eskatzailea eskolara normalki joatea eta etengabeko ebaluazioaren bidez haren kalifikazioa egitea.

Matrikula deuseztatzeko baimena ematen den kasu guztietan, dagokion eginbidea agerraraziko da ikaslearen ikasketen espedientean eta kontuan hartuko da deuseztatze horrek baimendu den ikasturte horretarako balio duela bakarrik.

Matrikula deuseztatu arren, ordaindutako tarifak ez dira itzuliko.

Matrikula deuseztatzen duten ikasleek, hurrengo ikasturtean, beren ikasketak egiten segi dezakete ikastetxe berean. Hurrengo ikasturteetan eskolan berriz sartzeko, ikastetxeko plan pedagogikoan ezarritako ohiko sarrera-prozedurari jarraikiko zaio.

VI. Beste jarraibide batzuk

1.–Irakasleen erantzukizuna.

Hezkuntza Departamentuak, indarrean dauden legeek ezartzen dutenari jarraikiz, bere gain hartuko du irakasle funtzionarioen kontrako prozedura judizialetatik sortzen ahal diren erantzukizun zibil ordaingarrien estaldura; hori ez da eragozpen izanen bidezkoa den kasuetan atzera egiteko ekintza gauzatzeko. Irakasleek beren eginkizunak betetzearen ondorioz letratuen laguntza behar izanez gero, defentsa egokia izan dezaten ere arduratuko da.

2.–Ikastetxeko langileen jarduerak.

Urteko programazio orokorrean sartuta ez dagoen edozein jarduera egiteko, ikastetxeko zuzendariaren berariazko baimena beharko dute, bai irakasleek, bai hezkuntza komunitateko beste edozein kidek.

3.–Ingurune osasungarriak, hezkuntza eta osasunaren sustapena.

Nafarroako Dantza Eskolak ikasle guztien eta eskola-komunitatearen osasuna babestu eta sustatzeko baldintzak betetzen dituen ingurune egokia sortzea sustatuko du, eta bizimodu osasungarriak bultzatuko ditu.

Xede horrekin, proposatzen da ikastetxeetako hezkuntza planetan bizimodu eta ohitura osasungarriak sartzea, alderdi hauekin lotuta: elikadura (ez da gomendatzen ikastetxean litxarreria eta opil industrialak saltzen dituzten makinak izatea), gorputzaren higienea (larruazala, ilea, hortzak), jarreraren higienea (bizkarra), segurtasuna eta istripuen prebentzioa, droga-menpekotasunen prebentzioa, eta heziketa afektibo-sexuala.

Era berean, ikastetxeko zuzendaritza taldeak begiratuko du ikastetxeetan eta prestakuntza zentroetan erretzeko erabateko debekua bete dadin, egungo legerian hala jasota baitago, eta behar diren neurriak hartuko ditu ikastetxean edari alkoholdunak saltzea eta kontsumitzea galarazteko. Baldintza horiek kontuan hartuko dira ikastetxeko bizikidetza arauak prestatzean.

4.–Bizikidetza eta berdintasuna.

Bizikidetzaren eta berdintasunaren baloreek ikastetxearen hezkuntza proiektuaren gakoak izan behar dute.

Bizikidetza plana urteko programazio orokorrean zehaztu beharko da. Indarreko araudian xedatutakoari jarraituko dio, eta haren azterketa eta ebaluazioa ikastetxearen azken memoriaren zati bat izanen dira. Dokumentazio hori guztia Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren esku geratuko da.

Ikasketaburuak gainbegiratuko du bizikidetza plana, eta haren garapenean irakasle guztiek parte hartuko dute. Halaber, hezkuntza komunitate osoari hedatuko zaio.

Ikasleei arreta hobea emateko, beste administrazio batzuekin koordinatzeko ezarri diren prozedurak adierazi beharko ditu.

Irakasleek Irakasleentzako Arretaren Bulegora jo dezakete orientazioa eta laguntza jasotzeko. Bizikidetzaren arloko Aholkularitza Bulegoaren webguneak zenbait baliabide, eredu, protokolo eta iradokizun jartzen ditu ikastetxeen eskura beren jarduketa plana zehazten laguntzeko eta zenbait kasuren aurrean (suizidioak, doluak eta abar) berariazko erantzuna bideratzeko. Ikastetxe guztietan, bizikidetza plana eta haren urteko zehaztapena eguneratu beharko dira, eta webgune honetan bildu den bizikidetzari eta indarkeriaren prebentzioari buruzko indarreko araudira egokitu:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/educacion-en-valores/asesoria-para-la-convivencia.

5.–Ikastetxeaz kanpoko jendea sartzea.

Ikastetxean edozein mezu aditzera eman, transmititu edo banatu nahi duten pertsona guztiek ikastetxeko zuzendariaren baimena beharko dute, eta baimen hori idatziz agertuko da ikastetxearen artxiboan.

Hori guztia ez da eragozpen izanen legez aitorturiko eskubide sindikalak erabiltzeko.

6.–Jarraibide hauen berri ematea.

Nafarroako Dantza Eskolako zuzendaritza taldeak begiratuko du hezkuntza komunitateko sektore guztiek jarraibide hauen edukiaren berri izan dezaten.

Iragarkiaren kodea: F2008895