196. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

272/2020 FORU AGINDUA, abuztuaren 28koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baitira Iruñeko “Padre Menni” klinika psikiatrikoaren zentroko egoiliarrek jaso beharreko gutxieneko arreta zerbitzu funtsezkoak.

Miren Vicente García-Bajo, M.ª Teresa Blázquez Tomas, Amaia Lanz Eraso, Aurora Fernández Armendáriz, Nahia Garralda Celaya, Belén Del Amo Martín, Amaia Alcate Arbizu eta Silvia Coronel Cueva andreek, ELA, CCOO eta LAB sindikatuen enpresa-batzordeko kideak diren aldetik, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko Departamentuan 2020ko uztailaren 24an erregistratutako idazkiaren bidez, greba deialdia jakinarazi dute irailaren 1, 3, 8, 10, 15, 17, 22, eta 29rako (astearte eta ostegunetan), 14:00etatik 16:00etara, Iruñeko “Padre Menni” klinika psikiatrikoaren zentroan, (Joaquín Beunza k. 45, PK: 31014).

Greba egiteko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua, bateragarria izan behar da gizartearen funtsezko zerbitzuak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta horretarako behar diren bermeak ezarri behar dira. Konstituzio arloko jurisprudentziak behin eta berriro xedatu duenez, gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan kontuan hartu behar dira proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta zerbitzu horiek ezartzea behar bezala arrazoitu behar da.

Desgaitasuna eta/edo nahasmendu mentala duten pertsonentzako egoitzak ezin dira arretarik gabe utzi, horrek ondorio larriak eraginen bailituzke bertan bizi diren pertsonen zaintzan, osasunean eta bizitzan. Egoitza horiek beren instalazioetan egun guztian zaindu eta lagundu beharreko pertsona kalteberak hartzen dituzte. Pertsona horiek zainketa pertsonala behar dute beren oinarrizko beharretarako, hori gabe kalte larriak izaten ahal baitituzte osasunean.

Grebarako deialdia dela eta, egoitzako arreta zerbitzua ezin da osorik eten. Izan ere, nabaria da hizpide dugun kasua gizartearentzako funtsezko zerbitzua dela, eta horren hartzaileak nahasmendu mentala, desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonak direnez, larritasun bereziko inguruabarrak daudela onartu behar da. Hori horrela, Konstituzio Auzitegiak dioenez, gizarteak ezinbesteko prestazioetarako duen eskubideak lehentasuna dauka grebarako eskubidearen aurrean, eta botere publikoek babestu behar dituzte, izatez, gizartearen zati batek ezinbestean behar dituen zerbitzuak.

Beraz, gutxieneko zerbitzuak ezartzeko orduan, Konstituzioak grebarako aitortzen duen eskubidea errespetatu, eta erabiltzaileen ongizate pertsonala babesteko eskubidea bermatu behar da, Espainiako Konstituzioaren 28., 49. eta 50. artikuluek agintari publikoei ezartzen dizkieten eginbeharrak betez.

Funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena gobernuko agintaritzari dagokio, halaxe xedatzen baita lan harremanei buruzko araudia berritzen duen martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan. Eskumen hori Nafarroako Foru Komunitateak hartua du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.b) artikuluaren arabera.

Gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, aintzat hartu dira egoiliarrek greba orduetan behar dituzten zerbitzuak eta arreta, kontuan harturik, betiere, beraien autonomia maila eta behar duten laguntza, egiten diren jarduerak, langileek esleituta dituzten eginkizunak, eta zentroko egoiliarrek hartzen dituzten zerbitzuak. Zehazki, honako hau hartu da kontuan:

1. Zerbitzuen erabiltzaileen desgaitasun maila.

Zentro honetako erabiltzaileek desgaitasun fisiko edo adimeneko larria dute, edo nahasmendu mental larria, eta gehienetan arreta eta/edo gainbegiratze handia behar izaten dute eguneroko bizimoduko oinarrizko beharrak betetzeko, bai eta haien segurtasun fisikoa babestu eta zaintzeko ere.

2. Zerbitzuen nolakotasunak.

Zerbitzu gehienak laguntza unitatetan egituratuta daude, eta unitate horiei berariaz atxikitako langileak dituzte.

3. Grebaren nolakotasunak eta greban egin beharreko funtsezko lan eta eginkizunak.

Lanuztearen deialdia, zentro horretan, irailaren 1, 3, 8, 10, 15, 17, 22 eta 29rako da, eta bi ordu iraunen du: goizeko txandan, 14:00etatik 15:00etara, eta arratsaldekoan, 15:00etatik 16:00etara.

a) 14:00etatik 15:00etara arte egitekoak.

–Ahoko higienea gainbegiratzea eta/edo horretan laguntzea.

–Siestako atsedena ohean aginduz egin behar dutenak oheratzea. Laguntzea komuna erabiltzean, beharrezkoa bada.

–Erizaintzako laguntzaren partea zaintzaileei.

–Xurgatzaileak aldatzea, beharrezkoa bada.

–Egiten diren eskariei arreta ematea.

b) 17:00etatik 16:00etara arte egitekoak:

–Erizaintzako laguntzaren partea zaintzaileari (baldin badago).

–Siestako atsedena ohean aginduz egin behar dutenak altxatzea.

–Egiten diren eskariei arreta ematea.

–Lagun egitea gainbegiratuta egon behar duten pazienteei.

–Psikogeriatria unitateetan, hidratazioa protokoloaren arabera.

–Eremu amankomunetara edo lantegietara eramatea.

Horrenbestez, kontuan hartuta Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. lerroaldea eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.b) artikulua, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Gutxieneko eta funtsezko zerbitzuak eman beharko dira Iruñeko “Padre Menni” klinika psikiatrikoaren zentroan irailaren 1, 3, 8, 10, 15, 17, 22, eta 29rako, 14:00etatik 16:00ak bitarte, deitutako greban, goian aipatutako irizpideei jarraikiz:

–Arreta zuzeneko langile, zaintzaile eta begiraleen kasuan, langileen %60ko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dira grebaren ordutegian.

–Erizainen kasuan, langileen %50eko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dira grebaren ordutegian.

Aipatu portzentajea aplikatzean ateratzen den edozein dezimal doitzeko, goragoko hurrengo unitate osora eramanen da.

Bigarrena.–Foru agindu hau Iruñeko “Padre Menni” klinika psikiatrikoaren zentroko greba batzordeari jakinaraztea; helbide hau du deietarako eta jakinarazpenetarako: Iturralde y Suit z.g., 31004, Iruña (ELA sindikatu konfederazioa).

Hirugarrena.–Foru agindu hau zentroko zuzendaritzari igortzea (Joaquín Beunza kalea, 31014, Iruña).

Laugarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, nahiz eta ondorioak jakinarazten denetik bertatik izanen dituen

Bosgarrena.–Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 28an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2009921