196. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORORBIA

Ordenantza, Pisten eta bideen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Ororbiako Kontzejuaren Batzarrak, 2020ko ekainaren 4an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ororbiako Pisten eta bideen erabilera arautzen duen ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon zen 30 egunean, aldez aurretik iragarkia argitaratuta 2020ko 132. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 17koan, eta kontzejuaren iragarki-taulan.

Jendaurreko epea iragan eta alegaziorik aurkeztu ez denez, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta testu osoa argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, behar diren ondorioak izan ditzan, eta indarrik gabe uzten da Ororbiako Bide publikoen eta finketako sarbideen erabilera arautzen duen ordenantza, hots, 2010eko 20. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 12koan, argitaratutakoa.

Ororbian, 2020ko uztailaren 31n.–Kontzejuko burua, Jesús Gárriz Ezcurra.

ORDENANTZA, ORORBIAKO KONTZEJUAREN PISTEN ETA BIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

Ororbiako Kontzejuaren eskumeneko landa-bide publikoen sarea Ororbiako Kontzejuko biztanle guztien ondarearen atala da. Garrantzi handi-handia du, kontzeju-mugarteko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartan sarbide izateko, eta nahitaezkoa da herritarrak harremanetan jartzeko, nekazaritzako lanak egiteko eta bisitari nahiz iragaileei bide emateko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Ordenantza honek helburu hauek ditu:

–Kontzejuko natura-ondarearen balioak zaintzea.

–Erabiltzaile guztiek eta bereziki bizilagunek modu orekatuan erabiltzea erraztea.

–Erabiltzeko moduan mantentzea.

Horrenbestez, Ororbiako Kontzejuak ordenantza hau onetsi du:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea eta eremua.

Ordenantza honek xedea du arauzko erregulazioa ezartzea Ororbiako kontzeju-mugarteko bide publikoen arloan. Kontzejuko bide publiko guztietan aplikatuko da, baita areka eta gainerako azpiegituretan ere, ibilgailuak bideetan ibiltzeko behar badira.

2. artikulua. Landa-bideen kategoriak.

1.–2 metro zabal edo zabalagoak diren bideak.

a) Auzoetako bideak, gehienbat herritar talde batek batera erabiltzen ditu, beren etxeetara edo beren nekazaritzako, abeltzaintzako eta/edo basogintzako ustiapenetara joateko.

b) Baserri eta abeltegietarako sarbideak, gehienetan aurreko horien adar izaten direnak, herritar batek edo gutxi batzuek baserrietara eta haien inguruko ustiategietara iristeko erabiltzen dituztenak.

c) Lurzatiak biltzeko bideak, nekazaritza eremu zabaletara iristeko erabiltzen direnak, baita inguruko herrietara iristeko ere. Erabilera anitzak izaten dituzte: nekazaritza, abeltzaintza, turismoa, ehiza, etab.

d) Mendiko pistak, herri-basoan izaten direnak eta sare nagusiaren osagarri direnak, eta mendi, basoberritze, belai eta beste zenbait tokitara ailegatzeko aukera ematen dutenak.

e) Egurra ateratzeko bideak eta adarrak, gehienetan helburu bakarra dutenak, hots, egurra ateratzea.

Askotan, noizean behin baizik ez dira erabiltzen, eta denbora luzez ezin dira ibilgailuak sartu.

2.–Bi metro zabal ez diren bideak.

a) Bideak, orgabide zaharrak eta bidexkak, erabilera eta eginkizun bat baino gehiago dutenak, lasterbideak eta turismorako bidexkak barne.

3. artikulua. Kontserbazioa.

Ororbiako Kontzejuak zainduko du 2.1 a), b), c) eta d) ataletan zehazten diren landa-bide publikoak beti egon daitezen erabiltzeko maneran. Horrez gain, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren bestelako bideak (besteen adar direnak, bidexkak).

4. artikulua. Ibilgailu motordunetan ibiltzeko debeku orokorra.

Debeku da ibilgailu motordunetan ibiltzea pistetatik kanpora eremu irekietan barna, baita ordenantza honen 2.1 artikuluko d) eta e) puntuetan eta 2.2 artikuluan aipatutako pistetan barna ere, non ez diren nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin eta behar bezala baimendutako bestelako jarduerekin zerikusia duten ibilgailuak. Debeku da ibilgailuak aparkatzea pistetatik eta behar bezala seinalatutako tokietatik kanpo. Orobat, debeku da 3,5 tonatik gorako pisua duten ibilgailu motordunak zirkulatzea, nekazaritzako ibilgailuak izan ezik.

5. artikulua. Baimena, motozikleta eta 3,5 tonatik beherako pisua duten ibilgailu motordunentzat, pista jakin batzuetan barna ibiltzeko.

Motozikletek eta 3,5 tonatik beherako pisua duten ibilgailu motordunek baimena izanen dute pista jakin batzuetan barna ibiltzeko.

3,5 tonatik gorako ibilgailuak ibiltzen ahalko dira bakarrik nekazaritza edo abeltzaintzako ibilgailuak direnean, eta beste kasu berezi batzuetan, aldez aurretik Kontzejuaren baimena izanda.

Kontzejuak beretako gordeko du nahi duen bidea ibilgailuen ibiliari ixteko aukera, inguruabarrek horretara behartzen badute.

6. artikulua. Gainerako pistetan ibiltzeko debekua.

Gainerako pista eta bideetan debeku da ibilgailu motordunak baimenik gabe ibiltzea, salbu eta nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako jarduerei lotutako ibilgailuak badira, edo baimena duten beste batzuk, hala nola oihaneko suteen prebentziorako edo suteak itzaltzeko erabiltzen direnak, naturaguneetan zaintza-lanetan aritzen direnak eta, ehiza-denboraldian, ehiza-barrutietako bazkideen eta zaindarien ibilgailuak.

7. artikulua. Baimena emateko eskumena.

Kontzejuko buruak emanen du Ororbiako Kontzejuko pistetan barna ibiltzeko baimena.

Baimena eskatzen ahalko dute Ororbiako Kontzejuko bizilagunek eta Ororbiako mugartean beren ibilgailua erabili beharra arrazoitzen dutenek. Horretarako, eskabidea aurkeztu beharko dute, zehazturik zergatik eskatzen duten baimena.

Baimenak orokorrak eta urtekoak edo tarte batzuetarako eta epe mugatu baterako izan daitezke, eta bertan ibilgailu baimenduaren matrikula agertuko da. Baimena ibilgailu horretan eraman beharko da.

8. artikulua. 3,5 tona baino gehiagoko ibilgailuetarako baimena.

3,5 tona baino gehiagoko ibilgailu guztiek baimena beharko dute Ororbiako Kontzejuko landa-bide publiko guztietan ibiltzeko, salbu eta nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera arruntetarako ibilgailuek.

Baimen hori Kontzejuko buruak emanen du, ordenantza honen 7. artikuluan adierazitako prozedurari jarraikiz.

Horrez gain, 3,5 tona baino goragoko ibilgailuek 500 eurotik 2.000 eurora bitarteko fidantza eman beharko dute, bideek kalterik jasateko arriskuaren eta hortik igarotzeko maiztasunaren arabera. Fidantza hori itzuliko da, Kontzejuak egiaztatzen duenean kalterik ez dela sortu. Kalterik sortzen bada, horiek konpontzeko gastuak ordainduko dira fidantzarekin.

9. artikulua. Garraioa eta egurra ateratzeko aprobetxamendu pribatuak.

Mendi pribatuetako egur-aprobetxamenduen kasuan, jabea beharturik dago kanon bat ordaintzera ateratzen den egur tona bakoitzeko, pistetako mantentze-lanen truke. Kanon hori dagokion ordenantzan finkatuko da, baina horrekin ez dira kitatuko egurra ateratzean eragiten diren kalteak.

10. artikulua. Zerbitzu publikoak.

Erakunde eta entitate publikoen ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren eginkizunetan ari direnean.

11. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Ororbiako pista eta bide guztietan abiadura handiena 30 kilometro orduko izanen da. Istripurako arriskuak apaltzeko eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek beren abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina mantsotuz, baita aziendak hurbil dabiltzanean eta oinezkoak agertzean ere, edo denbora idorra denean, pistetan eta bideetan hautsa pilatzen baita.

12. artikulua. Jarduera eta erabilera debekatuak.

Espresuki debekaturik daude ibilgailu motordunekin egiten diren lehiaketak, lasterketak eta bestelako jarduerak. Salbuespen gisara, Ororbiako Kontzejuak baimena ematen ahalko du antolatzen diren lehiaketa ofizialak eta jarduera turistikoak edo kirol jarduerak egiteko.

Hauek ere debeku dira arras:

a) Ez errespetatzea bideetan ibiltzen diren ibilgailuen pisuari edo tamainari ezarritako mugak.

b) Areka eta bideak lantzea.

c) Lurzatiak lantzen direnean, nekazaritzako makineriarekin ateratzea itzulia egitera, horretarako espresuki ezarritako tokitik ez bada.

d) Nekazaritza-lanetan ezponden ondo-ondoan aritzea, lubetaren lurra erauzteraino. Gutxienez, 30 zentimetro utzi beharko dira ezpondatik.

e) Arbolak landatzea edo finken itxiturak egitea, bidearen kanpoko ertzetik hiru metroko zortasun eremua gorde gabe, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 111.2 artikuluan xedatutakoaren arabera (foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

f) Lasto metak eratzea areketatik, finken sarreretatik eta bideetatik 5 metro baino gutxiagora.

g) Harriak eta nekazaritzako hondakinak (lastoa etab.) botatzea bide, areka edo erretenetara.

h) Bideetako areka eta hustubideak betetzea edo haietara lurra botatzea, haietatik hurbil nekazaritzako lanak egitean edo finkan sartzean, edo beste edozein inguruabar dela eta.

i) Nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak beste bide edo lurzatietako sarbideetara ateratzea, zuzenean erretenetara eraman behar baitira.

j) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

k) Nekazaritzako hondakinak (lastoa, etab.) bide, areka edo erretenetan erretzea.

l) Bideetako zola kaltetzen duten lanabesak edo bestelako makineriak garraiatzea.

m) Lasto fardelen zamalanak bidetik egitea, lurzatiaren barrenean egin behar baitira.

n) Erretenak lantzea edo hondatzea.

o) Kontzejuko bide publikoetan jende, ibilgailu eta abarren joan-etorria erabat edo parte batean trabatzea.

p) Espresuki debekaturik gelditzen dira lehiaketak eta lasterketak, bai eta paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat arriskugarri gerta daitezkeen gidatzeko manera muturreko guztiak. Lehiaketa ofizialak salbuespen gisa baimentzen ahalko ditu Kontzejuak. Mugatze eta debekuen salbuespenak. Kontzejuak salbuespenak ezartzen ahalko ditu baimenetan, interes publikoa tartean denean.

13. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Hauek dira finken erabiltzaile eta jabeen betebeharrak:

a) Finketara sartzeko areka gaineko pasabideak jarri, aldatu edo handitzea, Kontzejuari baimena eskatu eta hura eskuratu ondoren. Lan horiek partikularraren kontura eginen dira.

Hodien ahoak hormigoiz zuzen bildu beharko dira, eta gutxienez 40 zentimetrokoak izanen dira. Lurzatietako sarbideak zenbateko zama jasoko duten kontuan izanda eginen dira, eta 6 metro zabal izanen dira, gehienez ere.

Finketara sartzeko areka gaineko pasabideak urari igarotzea galarazten badio eta bidea hondatzen badu, lurzatiaren jabeak sarbidea egokitu beharko du eta, hala dagokionean, bidea konpondu.

b) Finketako areka gaineko pasabideak garbi mantentzea, ura aise pasa dadin. Erabiltzaileak edo jabeak ez badu garbitzen, Kontzejuak egiten ahalko du eta gastuak jabeari egotziko dizkio.

c) Bide bat konpondu, moldatu edo egokitu ondoan, bide publiko horretatik beren lurzatietarako sarbide desegokiak dauzkaten edo sarbide horiek trabaturik edo hautsirik dituzten jabe guztiek hilabeteko epea izanen dute haiek konpontzeko.

14. artikulua. Finken erabiltzaile eta titularren erantzukizuna.

Erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik pistetan egiten dituzten neurriz kanpoko kalteen erantzukizuna.

Finken titularrek izanen dute arekak garbitzeko ardura, bideak hobeki zaintzen lagundu dezaten.

15. artikulua. Pisten inbentarioa.

Ororbiako Kontzejuak eginen du Kontzejuko pista guztien inbentarioa eta sailkapena.

16. artikulua. Finken itxiturak.

Finken itxituretan zortasun-eremu bat izanen da, hiru metrokoa bidearen kanpo ertzetik neurtuta.

Zuhaitzak bideetatik hurbil landatzen direnean, bidetik lau metrora egon beharko dute, adarrak areketatik haratago joan ez daitezen.

17. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa urratzea arau-haustetzat joko da, bai eta ordenantzan ezarritako baimenak ez eskatzea ere. Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

–Arau-hauste arina: ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako egintza edo ez-egiteak, baita Kontzejuak idatziz edo bandoen bitartez agindutakoaren kontrakoak ere, eta ordenantza honetan ezarritako baimenak ez eskatzea.

–Astunen artean sartzen diren arau-hausteetakoren bat egitea, baldin eta neurria edo kopurua txikia izateagatik astunaren kalifikazioa merezi ez badu.

–Arau-hauste astuna: ordenantzan xedatua urratzeaz gainera, pertsonei eta ondasunei ondorio ekonomiko negatiboak ekartzen dizkien edozein egintza edo ez-egite.

–Beraz, astuntzat joko da bide baten ezaugarriak aldatzea.

–Bide publikoetan aginduzko baimenik gabe zirkulatzea, ordenantza honen arabera hura eramatea beharrezkoa bada.

–Arekak eta bideak goldatzea, edo ezpondak hondar-hondarreraino lantzea, lubetaren lurra erauzita.

–Zortasun eremua ez errespetatzea zuhaitzak landatzean edo finkak ixtean.

–Harriak, obra-hondakinak, zaborrak eta nekazaritzako hondakinak botatzea bide, areka edo erretenetara.

–Nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak beste bide edo lurzatietako sarbideetara ateratzea, zuzenean erretenetara eraman behar baitira.

–Bide publikoetan eta/edo areketan hiri-hondakin solidoak, obra-hondakinak edo bestelakoak botatzea, hondakin toxikotzat hartzen ez badira.

–Baimendutako pisua gainditzen duten ibilgailuekin ibiltzea.

–Ordenantza honen 11. artikuluan ezarritako abiadura-muga gainditzea.

–Halaber, arau-hauste astuntzat hartuko da nekazaritza edo abeltzaintzako ustiategi bateko nahiz enpresa bateko kideek hiru arau-hauste arin egitea bi urteko epean.

–Arau-hauste oso astuna:

–Lehiaketak, lasterketak eta antzekoak egitea Kontzejuaren baimena izan gabe.

–Ordenantza honetan debekatzen diren jarduerak egitea, dagokion baimena izan gabe.

–Bide publikoetan edo haien ezponda zein areketan hondakin toxikoak eta/edo arriskutsuak botatzea, hondamen fisikoa edo ingurumen arlokoa eragiten badute.

–Suteak sortu edo sor ditzaketen egintzak edo ez-egiteak.

–Hondamen fisiko nabarmena, edo ingurumen arlokoa, eragiten duten egintzak edo ez-egiteak.

–Hutsegite astun bat behin eta berriz egitea.

18. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honen arau-hausteak honako zenbateko hauekin zehatuko dira:

–Arinak, 100 euroko isunarekin.

–Astunak, 200 euroko isunarekin.

–Oso astunak, 300 euroko isunarekin.

Kaltetutako ondasuna konpontzeko edo lehengoratzeko gastuak gehituko zaizkie isunei.

Zehapenak ezartzea eragindako kalte-galeren ordainetik aparte izanen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 117.3. artikuluan ezarriari jarraituz.

Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.

Zehapen-prozedurei ofizioz emanen die hasiera erakunde eskudunak, Kontzejuko buruaren ebazpen bidez, beraren ekimenez edo beste organo edo administrazioen eskaera arrazoituaz edo salaketa baten ondorioz.

19. artikulua. Eragindako kalteak konpontzea.

Dagozkion zehapen zibil, penal edo bestelakoak galarazi gabe, eragindako kaltea konpondu beharko du arau-hausleak. Konponketaren xedea izanen da bidea, pista edo halakoa lehengoratzea arau-haustearen aurretik zuen izaerara eta egoerara, eta sortutako kalte-galerak ordaintzea.

Erantzukizuna solidarioa izanen da, baldin eta arau-hausleak bat baino gehiago badira eta ezin bada zehaztu haietako bakoitzaren erruduntasun maila.

Propio eginiko zehapen-prozeduran edo prozedura independente modukoan zehaztu daiteke konpontzeko betebeharra eta kalte-ordainak ordaintzekoa.

Kontzejuak subsidiarioki egin dezake konponketa, arau-hauslearen kontura. Arau-hausleak beti ordaindu beharko du egindako kalte-galeren zenbatekoa, kasu bakoitzean dagokion ebazpenak ezartzen duen epean.

20. artikulua. Zehapen prozedura.

Zehapen prozedura Kontzejuko buruaren ebazpenak abiaraziko du, ofizioz edo salaketaren bidez egindako jarduketei jarraikiz, eta indarreko araudian ezarritakoaren arabera tramitatuko da.

21. artikulua. Azken xedapenak.

Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, indarrean diren legezko xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da. Ordenantzaren edukiaren interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak Kontzejuko Batzarrak argituko ditu.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, eta Foru Komunitateak toki entitateen egintza edo erabakiak deuseztatzeko duen eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L2008616