191. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRURTZUN

Deialdia, hautaproben bidez euskara C1 hizkuntza-eskakizuna duen Irurtzungo Musika Eskolako gitarra klasikoko irakasle lanpostua betetzeko hautagai zerrenda osatzeko

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea Irurtzungo Udal Musika Eskolako gitarra klasikoko irakaslearen lanpostua (B maila) oposizio bidez aldi baterako hornitzea da, derrigorrezko euskarazko C1 hizkuntza-eskakizunarekin, plantilla organikoan jasotako lanpostu hutsa betetzeko.

Gainera, lanpostu horretarako ordezkapen-poltsa sortuko da, hautaketa-prozesua gainditu eta ordeztu beharreko lanpostua lortu ez duten izangaiek osatua. Poltsa hori puntuazio-ordena zorrotzaren arabera ordenatuko da, eta 4 urteko indarraldia izango du, edo beste deialdi bat egin arte, lanpostu horretan gerta daitezkeen beharrak aldi baterako betetzeko. Poltsa horrek oinarri hauek, Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 42.2 artikulua eta gainerako araudi aplikagarria bete beharko ditu.

Deialdi honek indarrik gabe uzten ditu deialdia egin duen administrazioan egon daitezkeen aurreko kontratazio-poltsak.

1.2. Hautaketa-prozesu honetatik eratorritako kontratazioa aldi baterako izango da eta bere horretan iraungo du plaza jabetzan betetzen den arte, lanpostua amortizatzen den arte edo kontratua arrazoitzen duen kausa desagertzen den arte.

Era berean, kontratua azkentzeko arrazoi izango da irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuak, administrazio publikoetako langileen administrazio-araubideko kontratazioa arautzen duenak, 8. artikuluan aipatzen dituen arrazoietako edozein.

Hala ere, kontratua indarrean dagoen bitartean, eta bi alderdiak ados jartzen badira, kontratua azkendu ahal izango da, bai kontratatutako pertsonaren borondatezko erabakiz, aldez aurretik hamabost egun lehenago jakinarazita, bai administrazio kontratatzailearen erabaki arrazoitu bidez, baldin eta egiaztatzen bada, kontratatutako pertsona entzunda eta Udalbatzaren aldeko txostena jasota, gaitasun edo egokitzapen eza dagoela, errendimendu ezaskian islatutakoa.

1.3. Hilabeteko probaldia ezarri da, zeinetan bi aldeetako edozeinek deuseztatu ahal izango baituen kontratua.

1.4. Lanpostua betetzeak lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzea dakar berekin.

1.5. Deialdi honen bidez egindako izendapenak Irurtzungo Udaleko aldi baterako lan-kontratudun langile izaera emango dio ondorio guztietarako izendatutako pertsonari, eta honako hauek arautuko dute lan harremana: kontratuan ezarritakoak, hitzarmena sinatzen den unean indarrean dagoen Irurtzungo Musika Eskolako langileen enplegu-baldintzei buruzko Hitzarmenak, eta, subsidiarioki, Langileen Estatutuak.

Izendatutako pertsonari Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emango zaio, araubide honetan aurreikusitako babes-jardunaren pean.

Gainditu duten izangaiei sortzen diren premien arabera eta oinarri hauetan ezarritakoaren arabera dei egin ahal izango zaie.

1.6. Deialdia egin duen administrazioko organo eskudunak ezarriko ditu lanaldia eta lan-ordutegia, beti ere lanaldi partzialean eta arratsaldez. Lanaldiaren araubidea urte bakoitzerako onartutako egutegian jasoko da, administrazio-organo eskudunek zerbitzuaren funtzionamenduan gerora sortutako beharrei erantzuteko aldatu ahal izango dutelarik.

Aurtengo ikasturtean lanaldia astean 12 ordukoa izan dela jakinarazi nahi da.

Oporren, lizentzien eta baimenen erregimena kontratua sinatzen den unean indarrean dagoen Irurtzungo Musika Eskolako langileen lan-baldintzei buruzko hitzarmenean ezarritakoa izango da.

1.7. Ordeztu nahi den lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren B mailari dagozkion oinarrizko ordainsariak ditu.

2. oinarria.–Izangaien betekizunak.

Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

2.1. Espainiako nazionalitatea, edo Europar Batasuneko estatu kideren bateko nazionalitatea edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatu bateko nazionalitatea izatea, baldin eta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera langileen eta haien senideen zirkulazio askea jasotzen badute.

Europar Batasuneko edozein estatuko edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude, eta orobat beren ondorengoek eta ezkontideenek –zuzenbidez bereizita ez badaude– hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien kargura bizi badira.

2.2. Hamasei urte beteta izatea eta, hala badagokio, nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

2.3. Eskabideak aurkezteko epea amaitzerako 1966ko planeko erdi-mailako titulua, LOGSEko musika-tresna goi-mailako titulua (gitarra espezialitatean) edo baliokidea edukitzea, edo lortzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, homologazioa egiaztatzen duen egiaztagiria eduki beharko da. Gainera, tituluari zinpeko itzulpena erantsiko zaio.

2.4. Dagozkion eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

2.5. Funtzio publikoak betetzeko desgaikuntza- edo etete-egoeran ez egotea eta administrazio publiko baten zerbitzutik bananduta ez egotea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek ezin dute beren estatuan administrazio publikoan sartzea eragozten duen diziplina-zehapenik edo zigor-kondenarik eduki.

2.6. Europako Esparru Bateratuko C1 mailako (idatzia eta ahozkoa) euskara-titulua izatea edo Euskarabideak egingo duen euskararen ezagutza-proba egiteko eskatzea.

Euskararen ezagutza agiri bidez egiaztatzeko, EGA titulua, Hizkuntza Eskola Ofizialaren Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat onartutako titulazioa aurkeztu beharko dira.

Aurreko baldintzak eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean bete beharko dira, eta kontratu-harremana hasten den egunera arte eta kontratazio-aldian mantendu beharko dira.

Euskarabidearen azterketarik baldin badago, oposizioaren aurretik, Euskarabideak azterketen emaitzak jakinarazten dituen unean bertan egiaztatu ahal izango da maila.

Mailako proba gainditzen ez bada eta, beraz, eskatutako euskara-maila egiaztatu ezin bada, hautagaia probatik kanpo geratuko da eta ez ditu hurrengo ariketak egingo.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Irurtzungo Udaleko Erregistro Orokorrean (Foru Plaza z/g, Irurtzun) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozeinetan aurkeztu beharko dira, 2020ko abuztuaren 28ko 15:00ak baino lehen.

Eskabidea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean aurreikusitako bitartekoren bat erabiliz aurkeztea erabakitzen bada, posta elektroniko bat bidali beharko da 24 orduko epe barruan idazkaritza@irurtzun.eus helbide elektronikora, hori adierazita. Eskaera posta-bulego batean aurkezten bada, gainera, gutun-azal irekian egingo da, posta-zerbitzuko langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Eskabide-orriek deialdiaren I. eranskin gisa argitaratutako eredua bete beharko dute, eta, haietan, hautagaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela, aurkezteko ezarritako epea amaitzen den egunari dagokionez.

3.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek, beharrezko dutenean, hautaketa prozesuko ariketak egiteko, denbora- eta baliabide-egokitzapenak eskatu ahal izango dituzte; kasu horretan, eskabide-orrian adierazi beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten, eta, horrekin batera, desgaitasunaren legezko izaeraren jatorrizko egiaztagiria edo fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira, behar bezala beteta:

a) NANaren edo hautagaiaren nortasuna eta nazionalitatea egiaztatzen duen agiriaren fotokopia eta, hala badagokio, 2.1. oinarrian eskatutako gainerako baldintzena.

b) Deialdian eskatutako titulazioaren fotokopia.

1.–Titulazio akademikoa.

2.–Eskatutako euskara-mailaren titulazioa.

c) Euskara mailako probaren eskaera, agiri bidez egiaztatzen ez bada.

d) Hala badagokio, desgaitasuna egiaztatuko duen agiria, organo eskudunak emana.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.

3.5. Aurreko betekizun horiek agiri bidez egiaztatu beharko dituzte hautatutako eta kontratatutako izangaiek, adierazten zaien unean, beti ere kontratuak formalizatu aurretik.

Agiri horiek aurkezten ez dituztenak, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izango dira kontratatu, eta haien jarduera guztiak baliogabetuko dira, parte hartzeko eskabidean faltsutzeagatik izan dezaketen erantzukizunari kalterik egin gabe.

4. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Irurtzungo Udaleko alkate-udalburuak ebazpena emango du onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartzeko, eta zerrenda udal-taulan eta udalaren www.irurtzun.eus webgunean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Baztertutako izangaiek erreklamazioak egin eta, hala badagokio, akatsak zuzendu ahal izango dituzte, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hiru egun baliodunen barruan.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazioak ebatzi ondoren, Irurtzungo Udaleko alkate-udalburuak onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartzeko ebazpena emango du, eta zerrenda udal-taulan eta www.irurtzun.eus webgunean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan, oposizio-ariketak hasteko eguna, tokia eta ordua adieraziko dira.

4.4. Onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtu ahal izango da berehala, izangaien bazterketarik gertatzen ez bada.

4.5. Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei deialdian eskatutako betekizun guztiak betetzen dituztenik aitortzen zaienik. Izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa edo Administrazioaren esku dauden agiriak aztertu ondoren eskatutako baldintzaren bat betetzen ez dutela ondorioztatzen bada, interesdunek deialdian parte hartzetik erator daitezkeen eskubide guztiak galdu egingo dituzte.

5. oinarria.–Epaimahaia.

5.1. Epaimahai kalifikatzaileak kide hauek izango ditu:

–Lehendakaria: Aitor Larraza Carrera jauna, Irurtzungo Udaleko alkate-udalburua.

–Ordezkoa: Ana Balda San Juan andrea, Irurtzungo Udaleko zinegotzia.

–Batzordekidea: Eduardo Murugarren Frances jauna, Irurtzungo Udaleko zinegotzia.

–Ordezkoa: Ana Santander Lizaso andrea, Irurtzungo Udaleko zinegotzia.

–Batzordekidea: Ana Izco Jimenez andrea, Irurtzungo Musika Eskolako zuzendaria.

–Ordezkoa: Ainhoa Iparragirre Iribarren, Irurtzungo Musika Eskolako irakaslea.

–Batzordekidea: Jon Garcia Del Val jauna, Irurtzungo Musika Eskolako irakaslea.

–Ordezkoa: Asier Egues Ascunce jauna, Irurtzungo Musika Eskolako irakaslea.

–Batzordekidea: Eguzkiñe Aiesa Andres andrea, Irurtzungo Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa - Idazkaria: Ainara Armendariz Castien andrea, Antsoaingo Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautaketa-proben aurretik eratu beharko da.

5.3. Epaimahaia ezingo da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertaratu gabe. Kide anitzeko organoa balio osoz eratzeko eta jarduteko, lehendakaria eta bokal-idazkaria bertan egotea, edo, bestela, haien ordezkoak bertan egotea beharrezkoa izango da.

5.4. Epaimahai kalifikatzaileko kideek ezin izango dute parte hartu, eta deialdia egin duen organoari jakinarazi beharko diote, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean aurreikusitako abstentzio-arrazoiak daudenean. Halaber, izangaiek epaimahaikideak ezetsi ahal izango dituzte aipatutako egoerak gertatzen direnean.

Legez ezarritako abstentzio- eta ezespen-arrazoiak aplikatzeagatik epaimahaiaren osaeran aldaketaren bat gertatzen bada, epaimahai berriaren osaketa argitara emango da onartutako eta baztertutako izangaien zerrendekin batera.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeari eta aplikatzeari buruz sor daitezkeen auzi guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari espezialistak sartu ahal izango ditu proba guztietarako edo batzuetarako. Pertsona horiek epaimahaiari lagunduko diote, beren espezialitate teknikoen eremura mugatuz.

Epaimahai kalifikatzailea eratu ondoren, batzordeburua edo idazkaria gaixorik badago edo aldi baterako absente badago, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 23.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

6. oinarria.–Oposizioaren gauzatzea.

6.1. Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartzen duen ebazpenean, oposizioko probak non, noiz eta zer ordutan egingo diren zehaztuko da.

Oposizio-probaren deialdia, bai eta proba horiek osatzen dituzten ariketa bakoitzarena ere, deialdi bakarraren bidez egingo da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo Nafarroan baliozkotasuna duten baliokidea eraman beharko dute. Oposiziotik kanpo geratuko dira iragarritako data, ordu eta lekuetan agertzen ez diren edo aipatutako dokumenturen baten bidez identifikatzen ez diren izangaiak.

6.1. Ariketak:

Oposizioak honako proba eta ariketa hauek izango ditu:

6.1.1. Euskararen ezagutza-proba.

Horretarako, epaimahaiak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren laguntza eskatuko du. Erakunde horrek hizkuntza-mailako berariazko ariketa bat egingo die C1 mailako nahitaezko ezagutza agiri bidez egiaztatzen ez duten izangaiei, eta emaitzak akta bidez jakinaraziko dizkio unitate eskatzaileari.

Horretarako, epaimahaiak jakinaraziko du non, zein egunetan eta zein ordutan egingo den proba.

6.1.2. Lehen ariketa. Aukera askeko obra baten interpretazioa.

Izangaiek proba hasi baino justu lehenago egindako zozketa bidez erabakitako hurrenkeran jardungo dute.

Izangai bakoitzak aukera askeko obra bat interpretatu beharko du, gehienez ere 15 minutuz. Proba hori 40 punturekin kalifikatuko da gehienez, eta gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten pertsonak kanporatuko dira.

6.1.3. Bigarren ariketa. Praktikoak. Musika-eskolako ikasle bati eskola praktikoa ematea.

Izangaiek lehenengo ariketan jarraitutako hurrenkera berean egingo dute proba.

Izangai bakoitzak gitarra ikasle bati eskola bat eman beharko dio, gehienez 20 minutuz. Proba horrek 40 puntu izango ditu gehienez, eta gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak kanpoan geratuko dira.

6.1.4. Epaimahaiarekin elkarrizketa.

Epaimahaiarekin egingo den elkarrizketaren helburua lortu nahi den lanpostuari buruzko esperientzia, prestasuna eta ezagutzak baloratzea izango da. Proba horretan, epaimahaiak 20 puntu eman ahal izango ditu gehienez, eta ez da baztertzailea izango.

Oposizioa garatzen den bitartean, hala eskatzen duten pertsona desgaituentzat eskabidean adierazitakoaren arabera, hura gauzatzeko denbora- eta baliabide-egokitzapen posibleak ezarriko dira.

6.2. Oposizioa amaitzean, Irurtzungo Udaleko iragarki-taulan eta webgunean argitaratuko da izangai bakoitzak lortutako puntuazioa.

6.3. Ariketen kalifikazioa amaitutakoan, epaimahaiak Irurtzungo Udaleko iragarki-taulan eta udalaren webgunean (www.irurtzun.eus) argitaratuko du gainditutako izangaien zerrenda, hauek lortutako kalifikazioak zehaztuz. Era berean, elkarrizketa egiteko tokia, eguna eta ordua ere jakinaraziko ditu, gutxienez berrogeita zortzi orduko aurrerapenarekin.

7. oinarria.–Gaindituen zerrenda, izendapen-proposamena eta dokumentuak aurkeztea.

Azken ariketaren kalifikazioa amaitutakoan, epaimahaiak Irurtzungo Udaleko iragarki-oholean, egiten den lekuan eta udalaren webgunean argitaratuko ditu lortutako kalifikazioekin gainditutako pertsonen zerrenda eta ordezpen-poltsa osatuko duen puntuazio-hurrenkera korrelatiboa.

Azken kalifikazioa oposizio-faseko ariketen puntuazioen batuketaren emaitza izango da, betiere izangaia kanporatuta geratu ez bada, eta elkarrizketarena, edozein izanda ere.

Hautatutako pertsonak gehienez ere astebeteko epean hasi beharko du lanpostuan, deialdia egin duen administrazioaren kontratazio-proposamena onartzen duen egunetik zenbatzen hasita. Lanean hasten ez bada, eta behar bezala justifikatutako kasuetan izan ezik, edo hura gertatu ondoren berriz ere hutsik geratzen bada, organo eskudunak izangaiak hautaketa-prozesuan lortutako puntuaziorik onenaren arabera kontratatu ahal izango ditu, eta izangaiek eskainitako kontratazioarekin ados daudela adierazi beharko dute.

8. oinarria.–Ordezkapen Poltsaren funtzionamendua.

8.1. Zerrendetan, probetan lortutako puntuaziorik handienaren arabera ezarriko da lehentasuna. Berdinketaren kasuan, desgaitasun-maila handiena, 55 urtetik gorako adina eta emakumea izateari erreparatuko zaio, aipatutako ordenean. Oraindik berdinketak jarraitzen badu, zozketa bidez ebatziko da.

8.2. Hautaketa-probetan ezarritako gehieneko puntuazioaren gutxienez %50 lortzen duten pertsona guztiak sartuko dira aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan.

8.3. Deialdi honen bidez eratutako zerrenda gehienez ere lau urtez edo beste hautaketa-prozesu bat deitu arte egongo da indarrean.

8.4. Zerrenda oinarri hauetan xedatutakoaren arabera kudeatuko da, eta, aurreikusi gabeko gaietan, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onartzen dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera.

8.5. Hautagaiek, lokalizazioa errazte aldera, harremanetarako telefono bat eta posta elektronikoko helbide bat gutxienez komunikatu beharko dituzte, eta informazio hori etengabe eguneratuta eduki beharko dute; Nahi izanez gero, beste telefono batzuk ere jakinarazi ahal izango dituzte.

8.6. Eskuarki, lanpostu bat aldi baterako kontratatu behar denean, une horretan eratutako zerrendako lehen postuan dagoen izangaia deituko da. Bi lokalizazio-saiakera egingo dira telefono bidezko komunikazio bidez, ondoz ondoko bi lanegunetan, eta deialdi bakoitzaren data, ordua eta berezitasunak jasoko dira. Lehen lokalizazio-saiakerarekin batera, mezu elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbidera. Bidalketa elektroniko hori egin eta egun bateko epean erantzunik jasotzen ez bada, eta telefonoz harremanetan jarri ezin bada, zerrendako hurrengo pertsonari deituko zaio.

Premiazko zerbitzuak ematen direnean, jakinarazteko edo ohartarazteko ahalegin bakarra egingo da. Kasu horietan, eskaintza ordubetean onartu edo baztertu beharko da, eskaintza egiten den unetik zenbatzen hasita. Hautagaiarekin harremanetan jartzerik lortu ezean, zerrendako hurrengo pertsonari emango zaio eskaintzaren berri, beste izapiderik gabe, sailkapen-ordenaren arabera.

Udala izangairen batekin harremanetan jarri eta kontratazio-eskaintza eginda hark erantzuten ez badu, edo eskaintzari uko egin badio, zerrendako azken posturaino pasatuko da, salbu eta justifikatutako arrazoiren batengatik uko egiten diola egiaztatzen badu, 8.7 atalean xedatutakoaren arabera.

Pertsona bat ezin bada aurkitu, zerrendan bere lehentasuna mantenduko da eta Udala zerrendako hurrengoarekin edo hurrengoekin harremanetan jarriko da eskainitako lanpostua bete arte.

Izendapen hori egin ondoren, Udalak proposatutako izangaia aldi baterako kontratatuko du.

Dagokion deialdiari jarraiki kontratu bat onartzen dutenei ez zaie zerrenda bereko beste lanposturik eskainiko kontratua indarrean dagoen bitartean.

8.7. Eskainitako lanpostuaren kontratazioari uko egiteko arrazoi justifikatutzat hartuko dira eta, beraz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetako lehentasun-ordena aldatzea ez dute ekarriko ondoko arrazoi hauek:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun- edo aitatasun-baimena.

c) Harrera iraunkorrean edo adopzioan hartutako hiru urtetik beherako seme-alaba bat edo hiru urtetik beherako bat zaintzea.

d) Bigarren mailarainoko odol-ahaidetasuna edo ezkontza-ahaidetasuna duen senideren bat bere zaintzapean izatea, adinagatik, istripuagatik edo gaixotasunagatik ezin bada bere kabuz moldatu.

e) Norberaren ezkontza edo bikote egonkorren berdintasun juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen araberako antzeko egoera, baldin eta eskainitako administrazio-kontratazioaren hasiera-data eratu aurreko edo ondorengo hamabost egun naturalen barruan badago.

f) Kontratazio bat indarrean izatea, administrazio- edo lan-araubidekoa.

g) Desgaitasuna behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak direla eta, kontratua eskaintzen den lanpostuaren berariazko baldintzekin bateraezina izatea.

Zerrendatutako egoeraren batean dauden izangaiek agiri bidez eta modu frogagarrian egiaztatu beharko dute ematen den egoera hori, uko egiten dioten lanpostuaren kontratazioa eskaini zaienetik 7 egun naturaleko epean; kasu horretan, zerrendan duten leku berean jarraituko dute.

Kontratazio-eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua egiaztatzen duen dokumentazioa epe barruan aurkezten ez bada, hautagai hori zerrendako azken postura pasako da.

Justifikatutako uko-egiteen kasuan, idatziz jakinarazi beharko dute uko egitea justifikatu zuen egoera amaitzen den egunetik aurrera zerbitzuak emateko prest daudela. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

8.8. Zerrendatik kanpo geratuko dira honako kasu hauetan dauden pertsonak:

a) Kontratazio-eskaintza onartu ondoren, dagokion kontratua ez sinatzea, izangaiari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egiteagatik edo eskainitako kontratu bat ez onartzeagatik, baldin eta beste erakunde publiko edo pribatu batekin beste kontratu bat sinatzeagatik ez bada; kasu horretan, agiri bidez eta modu frogagarrian egiaztatu beharko da, ukoa formalizatzen denetik 7 egun naturaleko epean. Kasu horretan, izangaia zerrendako azken postuan geratuko da.

c) Lanpostua uztea.

d) Probaldia ez gainditzea, baldin eta aukera hau dagokion kontratuan aurreikusi bada.

e) Kontrataziorako deiak direla eta, urtebetean behin eta berriro hautagaiarekin harremanetan jarri ezin bada, hark emandako telefono-zenbakietan edo helbide elektronikoetan.

9. oinarria.–Helegiteak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkeztu ahal izango da, hautaz:

a) Berraztertzeko errekurtsoa Irurtzungo Udaleko alkate-udalburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena edo argitalpena egin eta hurrengo egunetik aurrera.

b) Gora jotzeko helegitea Nafarroako Administrazio Auzitegian, argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epean.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko ordena bereko salan, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Auzitegiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio organo eskudunari, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo hilabetearen barruan.

Irurtzunen, 2020ko abuztuaren 13an.–Alkatea, Aitor Larraza Carrera.

ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2009228