191. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

345E/2020 EBAZPENA, ekainaren 11koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira dirulaguntzak emateko deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonak tratatzeko, 2019ko urritik 2020ko irailera. DDBN identifikazioa: 513881.

2020ko Nafarroako Gastu Aurrekontuan, “Autismoa duten pertsonendako laguntzak” izeneko 511004 51120 4809 311103 aurrekontuko partida dago.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.

Aipatutako 11/2005 Foru Legearekin bat, ebazpen honen bidez onesten den deialdiaren xedea da dirulaguntzak ematea autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonek tratamendua jasotzeko 2019ko urritik 2020ko irailera bitartean.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla. Espedientean jasota dago Ogasunak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonek 2019ko urritik 2020ko irailera bitartean jasotzen duten tratamendua ordaintzeko, osorik edo partez, dirulaguntzen deialdi hau onestea. Oinarri horiek eranskin gisa gehitzen dira.

2. 120.000,00 euroko gastua baimentzea, gehienez, eta hura ordaintzea 2020ko gastu aurrekontuko “Autismoa duten pertsonendako laguntzak” izeneko 511004 51120 4809 311103 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Dirulaguntzen deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea.

Iruñean, 2020ko ekainaren 11n.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

ERANSKINA

Dirulaguntzen deialdia, autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonak tratatzeko, 2019ko urritik 2020ko irailera. Oinarri arautzaileak

1. Dirulaguntzaren helburua eta xedea.

Dirulaguntzak erabiliko dira osorik edo hein batean ordaintzeko autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonentzako tratamendua, 2019ko urritik 2020ko irailera bitartekoa. Haien onura publikoaren helburua da sostengua ematea pertsona horiek behar duten tratamendu beharretarako.

Tratamendu horrek homologatua beharko du izan, haren eraginkortasuna frogaturik egonen da, eta tratamendu hori eman dutenek behar bezalako akreditazioa edo prestakuntza izanen dute tratamendu hori emateko, eta profesional tituludunak izan beharko dute, hain zuzen ere arlo hauetakoak: psikologia, psikiatria, irakasle-ikasketa, pedagogia, logopedia, terapia okupazionala, Haur Hezkuntzako goi mailako teknikaria, erizaintza edo gizarte lana.

Tratamendu hori emanen da horretarako baimena duten zentroetan.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Betebehar hauek betetzen dituztenak izan daitezke onuradun:

–Autismoaren espektroko nahasmenduaren diagnostikoa izatea, mediku fakultatibo batek emana, edo autismoaren espektroko nahasmenduaren diagnostikoan aditua den beste osasun langile batek emana. Halaber, onuradun izaten ahalko dira nahasmendu hori berresteko edo baztertzeko prozesu diagnostiko batean daudenak, baldin sintomak bateragarriak badira eta prozesuaren iraupena urtebetetik beherakoa bada.

–Onuradunak ohiko bizilekua Nafarroan izatea; hau da, Nafarroako Foru Komunitatean egiazki bizitzea urte batez, 2020ko irailaren 30a baino lehen. Interesduna urte batetik beherako adingabea baldin bada, jaiotzetik beretik Nafarroan egiazki bizitzea eskatuko da. Betebehar honetatik salbuesten dira asilo eskatzaileak eta haien familia unitatekoak, asilo-eskubidea aitortzeko ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia-luzapenagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.

–Tratamenduaren komenentzia horretarako prestakuntza duen profesional batek adierazi izana.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.

3. Eskaerak nola, non eta noiz aurkeztu.

3.1. Autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonek deialdi honetan ezarritako laguntzak eska ditzakete, baita haien aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak ere, onuradunaren izenean, baldin hura adingabea bada edo ezintasuna badu.

3.2. Eskaerak onuradunaren izenean egon behar du beti. Adingabea edo tutoretzapeko adinez nagusia baldin bada, eskaera aurkezten duena ordezkari gisa agertuko da.

3.3. Eskaerak aurkezteko epea 2020ko irailaren 1etik 30era bitartekoa izanen da.

3.4. Dirulaguntza jasotzeko eskaerak, lehentasunez, aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoko fitxa egokiaren bidez, eskaera tramitatzeko botoia sakatuta.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez ere aurkezten ahalko dira, edo Osasun Departamentuaren Erregistroan (Tutera kalea 20, 31002), Osasuneko zuzendari nagusiari zuzendutako eskabide baten bidez, deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskaerari deialdiaren 4. oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun azal ireki batean aurkeztuko dira, igorri aurretik aurkezpen datuak adieraz daitezen lehen orrialdearen idazpuruan, hots, bulegoaren izena, data eta tokia. Datu horiek adierazi beharko dira, orobat, eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean.

3.5. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzendu ditzala, eta adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela, behar den ebazpena eman ondoren.

3.6. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

4. Baldintzak betetzen direla frogatzea.

Deialdi honetako baldintzak betetzen direla frogatzeko, dirulaguntzaren eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) NAN/ANTaren fotokopia, edo onuraduna identifikatzen duen agiriarena.

b) Nafarroako Foru Komunitateko errolda-ziurtagiria edo, kasua bada, asilo-eskubidea emateko ebazpena.

c) Txosten klinikoa, mediku fakultatibo batek emana, edo autismoaren espektroko nahasmenduaren diagnostikoan aditua den beste osasun langile batek emana. Hartan jasoko da irizpen klinikoa edo susmo diagnostikoa. Txosten hori aurretik eman bada dirulaguntza bererako, txosten berriak baino ez dira aurkeztu beharko, horrelakorik baldin badago.

5.2 oinarrian aipatutako batzordeak argibide-txostenak eskatzen ahalko dizkie onuradunei.

d) Profesional akreditatu baten txostena, tratamendua komenigarria dela dioena eta haren helburuak adierazten dituena.

e) Tratamendua eman duen profesionalaren txostena, adierazten dituena tratamenduaren azalpena eta lortutako emaitzen ebaluazioa. Tratamendua agindu eta eman duena pertsona bera bada, txosten bakarra egiten ahalko da.

f) Onuraduna adingabea bada edo ezintasuna badu, pertsona horren legezko ordezkaria izatearen frogagiriak. Aita edo ama baldin bada, familia liburua eta guraso baten NANa. Dibortzio kasuetan eta zaintza guraso bakar bati dagokionean, dibortzioaren epaia eta/edo dibortzioaren hitzarmena eta gurasoaren NANa. Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.

g) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera.

h) Egindako gastuaren justifikazioa, fakturen bitartez, gutxienez honako datu hauek jasoko dituztenak:

–Tratamendua eman duen entitatea edo pertsona.

–Jasotako tratamendua, honako hau adierazita, gutxienez: tratamendua jaso duen pertsonaren izena, emandako saioen kopurua, eta horiek banakakoak ala taldekoak izan diren.

–Ordaindutako zenbateko osoa.

i) Egindako ordainketaren frogagiria.

j) 5.3 oinarrian adierazitako zuzenketa-faktorea aplikatzen ahal zaien onuradunek gizarteratze-errenta edo errenta bermatua onartu zaiela adierazten duen ebazpena aurkeztu beharko dute, edo genero-indarkeriaren biktima direla dioen frogagiria, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emana.

k) Beste laguntza batzuei buruzko aitorpena, 8. oinarrian xedatutakoaren arabera.

l) Eskatzailearen adierazpena, adostasuna emateko bere datu pertsonalen tratamenduari, deialdi honen 12. oinarrian xedatutakoarekin bat.

m) Eskatzailearen adierazpena, non adostasuna emanen baitu Osasun Departamentuak Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean informazioa bildu dezan, jakiteko ea eskatzaileak bete dituen bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Ez da beharrezkoa izanen a), b) c), f) eta g) puntuetan aipatzen diren agiriak aurkeztea, aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta aipaturiko datuak aldatu ez badira. Kasu horretan, onuradunaren edo haren legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, adierazten duena datuak ez direla aldatu.

5. Emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak:

5.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira dirulaguntzak, instrukzio organoak proposaturik, hots, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, aurretik ebaluazio batzordeak balorazio loteslea eginik.

5.2. Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:

–Ana Guinea Hidalgo andrea, Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Zentroko psikologo klinikoa. Beharrezkoa bada, haren ordez arituko da Belén Artieda Jaca, Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Zentroko psikologo klinikoa.

–Eva Lorente Elía andrea, Osasun arloko Herritartasunaren eta Aseguramenduaren Ataleko teknikaria. Beharrezkoa bada, haren ordez arituko da Mikel Biurrun Elizaga jauna, Osasun Jardueren Ikuskapenerako Ataleko teknikaria.

–Elena Antoñanzas Baztán andrea, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren eta Aseguramenduaren Ataleko burua, batzordeko idazkaria izanen da. Beharrezkoa izanez gero, haren ordez arituko da María Fé Idoate Cervantes andrea, Osasun Jardueren Ikuskapenerako Ataleko burua.

5.3. Ebaluazio batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten 2. oinarrian dirulaguntza emateko ezartzen diren betebeharrak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu zenbatekoak:

–Honako zenbateko hauek ezarri dira diruz laguntzen ahal diren gehieneko tarifa gisa, tratamendu moten arabera:

• Banakako terapiaren ordua: 40 euro.

• Taldeko terapiaren ordua: 16 euro.

–Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, onuradun bakoitzaren tratamenduaren kostuari begiratuko zaio, xede bererako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik bada.

–Eskatutako zenbatekoen baturak dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua eskatzaile guztien artean hainbanatuko da, eskatzaile bakoitzak portzentaje bera jaso dezan egindako gastuaren arabera. Onuradunei ez zaie hainbanaketa hori aplikatuko baldin eta familia unitatea 2019an eta/edo 2020an genero-indarkeriaren biktima edo gizarteratze errentaren nahiz errenta bermatuaren hartzaile izan bada.

–Eskaera guztiak baloratu ondoren aurrekontuko partidan soberakinik badago, banatu eginen da ezarritako mugetatik gorako gastua egin dutela frogatu duten onuradunen artean, norberak egin duen gastuarekiko proportzioan.

–Dirulaguntza ez da inola ere izanen jasotako tratamenduaren kostu osoa baino handiagoa.

6. Ebazpena.

6.1. Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak ematearen edo ukatzearen gainean, aurretik proposamena eginda Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak.

6.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena espresuki ematera.

7. Bateragarritasuna:

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako dirulaguntza edo laguntzekin, baina guztira emandakoaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko guztira ordaindutako tratamenduaren kostua.

8. Onuradunen betebeharrak:

Onuradunek edo, hala denean, haien legezko ordezkariek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, adierazteko xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten edo ez. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute.

Horren ondotik laguntzaren bat jasotzen bada, laguntza eman dela jakin bezain laster komunikatu beharko da, eta, betiere, 2021eko ekainaren 30a baino lehen.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.

9. Dirulaguntzaren ordainketa:

Ordainketa bakarra eginen da, dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera edo hura onetsi ondoren.

10. Laguntza itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Baldin eta beste dirulaguntzaren bat kobratzen bada helburu bererako, eta adierazpena ezarritako epean aurkeztu ondoan ikusten bada ezen emandako zenbatekoak gainditzen duela finantzatu beharreko gastua, jaso diren beste laguntzak kontuan hartuta, dirua itzultzeko prozedura abiaraziko da, berandutze interesik eskatu gabe, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluarekin bat. Erantzukizunpeko adierazpena epez kanpo aurkezten bada, itzultzeko prozedura abiaraziko da, foru lege horren 35.2.i) artikuluan ezarritakoarekin bat.

11. Arau-hausteak eta zehapenak:

Deialdi honetako dirulaguntzaren onuradunak, edo eskatzaileak, onuraduna adingabea baldin bada, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluko III. kapituluan xedatutakoari jarraikiz.

12. Datuen babesa:

Bai eskaeran, bai aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Tratamenduari buruzko informazioa Osasun Departamentuaren “Dirulaguntzen, beken eta laguntzen kudeaketa” izeneko tratamenduan dago. Hori ikus daiteke Nafarroako Gobernuko Atarian, honako helbide honetan:

http://www.gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datu-pertsonalen-tratamendua

13. Argitaratzeko araubidea.

Onartzen diren dirulaguntzak ez dira argitaratuko, zeren, dirulaguntzaren xedea dela eta, onuradunen datuak zabaltzea pertsonen intimitatearen aurkakotzat jotzen baita, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

14. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

15. Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F2008939