191. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

DONEZTEBE

Aldaketa, Eremu publikoko eta herri-lurretako lurzoru, lurgain eta lurpeko aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Doneztebeko Udalak, 2020ko ekainaren 4an egindako ezohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Eremu publikoko eta herri-lurretako zoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantza fiskalaren 2.3 artikulua aldatzea, terrazen ordutegia ezarriz.

Erabaki hori 2020ko 132. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 17an, bai eta Doneztebeko Udalaren iragarki-taulan ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan eman manuei jarraikiz.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako manuak betez, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu manua bete beharrez, eta ohartarazten da ezen erabaki honen aurka –administrazio-xedapena baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Hortaz, behin betiko onespen honen aurka bide hauetako bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

Donezteben, 2020ko abuztuaren 7an.–Alkate Udalburua, Santiago Uterga Labiano.

ORDENANTZA, EREMU PUBLIKOKO ETA HERRI-LURRETAKO LURZORU, LURGAIN ETA LURPEKO APROBETXAMENDU BEREZIEN PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Ordenantza honako arau hauetan xedatuaren babespean ezarri da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122. artikuluan; urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduaren 93. artikuluan eta hurrengoetan; eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan.

2. artikulua.

2.1. Zerga-egitatea da bide publikoko eta herri-lurretako lurzoru, lurgain eta lurpean erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezi hauetarik edozein egitea:

1) Erabilera publikoko lurretako lurpea okupatzea.

2) Erabilera publikoko lurrak salgai, material edo antzeko instalazioekin okupatzea.

3) Soto edo erdisotoei argia edo aireztapena emateko eta haietara pertsonak edo gauzak sartzeko, bide publikoko zoladura edo espaloietan kokatutako argi-zulo, arnasbide, ate, kargatze-aho edo antzeko elementuak, bai eta argi-sare publikotik egindako harguneak ere.

4) Bide publikoaren gainetik dauden edo fatxada-lerrotik ateratzen diren markesina, eguzki-oihal edo antzeko instalazioak, eraikinaren egiturazko elementu berekiak ez direnean.

5) Bide publikoan edo haren lurgaineko espazioan kokatutako errailak, aldamioak eta antzekoak, kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo konexio kaxak, baskulak, salmenta automatikorako aparatuak eta antzekoak.

6) Irabazi-asmoz, mahai eta aulkiak paratuz erabilera publikoko lurrak okupatzea.

7) Bide publikoan kokatutako kioskoak.

8) Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun eta atrakzioak, kalez kaleko industriak jartzea eta zinemako filmaketak egitea.

9) Erakusleiho eta bitrinak.

10) Balkoiak eta terrazak kristalez ixtea.

2.2. Ordaindu beharra eta tasaren sortzapena.

Ordaindu beharra sortzen da Udalak behar den lizentzia ematen duenean, edo aprobetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasten bada.

Tasa sortutzat joko da ordaindu beharra sortzen denetik, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera.

Udal lizentziarik izan gabe hasten bada aprobetxamendua, ordenantza honen arabera sortutako eskubide edo tasen ordainketak ez ditu legeztatuko egin diren aprobetxamenduak, eta instalazioak kentzeko agintzen ahalko da, kalte-ordainik gabe.

2.3. Bide publikoa eta herri-lurrak okupatzeko eskabidea eta baimena.

Bide publikoa eta herri-lurrak (lurzorua, lurgaina eta lurpea) okupatzeko, aldez aurretik interesdunak, pertsona fisikoa zein juridikoa izan, idatziz eskatu beharko dio Udaleko alkateari. Urte guztietako urtarrilean, terraza okupatzeko baimena eskatu beharko da, eta ordaindu.

Jarduera nagusia baimenduta duen ordutegia gorabehera, terrazen erabilera 9:00etatik 23:00etara bitartekoa izango da, eta ordubete gehiago luzatuko da ostiral, larunbat eta jaiegunen bezperetan.

Alkatea izanen da okupazio lizentzia emateko organo eskuduna. Behar diren azterketa eta aholkularitza-lanen ondotik, lizentzia emateko edo ukatzeko, eskabide bakoitzaren inguruabarrak hartuko dira kontuan, nahiz eta, oro har, honako arau hauei jarraikiko zaien:

–Espaloia okupatzen bada, oinezkoendako pasabide bat utzi beharko da, gutxienez ere 1,20 metrokoa.

–Galtzada okupatzen bada, ibilgailuendako pasabide bat utzi beharko da, gutxienez ere 2,50 metrokoa.

–Terrazak galtzada okupatzen badu, perimetroa fisikoki mugatu beharko da, eta terrazaren eremua goititu egin beharko da, espaloiaren mailarekin berdintzeko.

3. artikulua. Ondoko hauek daude beharturik arau honetan ezarritako prezio publikoak ordaintzera:

a) Udal lizentzien edo emakiden titularrak eta aprobetxamenduaren mozkinak jasotzen dituzten pertsona natural edo juridikoak.

b) Lizentzia edo emakidarik gabe, ordenantza honen xede diren aprobetxamenduak egiten dituztenak.

c) Aprobetxamenduari utzirik, toki entitateari haren baja aurkezten ez diotenak.

d) Bide publikoan paratzen diren edukiontzien kasuan, lizentziaren titularrak edo aprobetxamenduaz baliatzen direnak. Edukiontzien jabeak eta etxegileak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat.

4. artikulua. Ordenantza honetako prezio publikoaren zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira aprobetxamenduaren iraupena eta ordenantza honen xede diren aprobetxamendu bereziek okupatutako bide publikoaren azalera, ordenantzaren eranskinean xedatzen denari jarraikiz.

5. artikulua. Toki mailako zerbitzu publikoak ematen dituzten enpresak salbuetsirik egonen dira prezio publikoen ordainarazpenetik.

6. artikulua. 1.–Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakarrenean toki entitatearen jabari publikoa hondatzea edo narriatzea, onuraduna beharturik egonen da halakoak berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera, eta aurretiaz zenbateko hori gordailutzat uztera, dagokion prezio publikoa ordaintzeko beharraz gain.

2.–Kalteak konponezinak badira, hondatutako ondasunek zenbat balio duten edo kalte egin zaienen narriadura norainokoa den, horrenbeste emanen zaio ordainetan Udalari. Bereziki, konponezintzat hartuko dira kalteak interes artistiko edo historikoa duten monumentuetan egin badira edo 20 urte baino gehiagoko zuhaitzak hondatzen badira.

Fidantzek kalte-ordain horiek estaliko dituzte lehenik eta behin.

Toki entitateak ez ditu inola ere barkatuko artikulu honek aipatzen dituen kalte-ordainak eta diru-itzulketak.

3.–Aurreikustekoa denean erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin ekarriko duela udal ondasun edo instalazioak hondatzea edo narriatzea, onuraduna beharturik egonen da halakoak berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera, eta aurretiaz zenbateko hori gordailutzat uztera. Gordailu hori finkatuko da ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera, hura zenbakietara ekartzeko Udalaren txosten teknikoa aurretik eginda. Bide publikoa edukiontziekin okupatzen bada, bide publikoan edukiontziak paratzeari buruzko ordenantzan ezarritako zenbatekoei jarraikiz finkatuko da gordailua.

7. artikulua. Prezio publikoa ordaindu beharra sortzen da aprobetxamendua ematen denean, edo aprobetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasten bada.

8. artikulua. Udalak behar den lizentziarik edo emakidarik eman gabe hasten bada aprobetxamendua, behar den prezio publikoa ordaintzeak ez ditu legeztatutako egin diren aprobetxamenduak, eta instalazioak kentzeko agintzen ahalko da, kalte-ordainik gabe.

9. artikulua. 1.–Behar den errolda edo zentsua izanen dute ordenantza honetan arautzen diren tasei lotutako aprobetxamenduek, ohikoak eta etengabeak badira. Tasa seihilekoetan ordaindu beharko da, Ordenantza fiskal orokorrean ezarritako epe eta baldintzetan.

2.–Erabilera publikoko lurrak, irabazi-asmoz, mahai eta aulkiekin okupatzeari dagokionez, toki entitateak baimena osoki baliogabe dezake edo aldi baterako eten dezake, baldin badago arrazoi bidezkorik, obrarik, konponketarik eta abarrik, eta kobratutako tasaren zati proportzionala itzultzea beste betebeharrik ez du izanen.

3.–Lizentzia ematen den unean sortuko da balkoiak edo terrazak kristalez ixteko prezioa.

4.–Aprobetxamenduak lizentziarik behar ez badu, dagokion kuota aurretik ordaindu beharko da; halakoetan, salmenta txartela eman beharko dute, behar bezala datatua, horretarako izendatzen diren langileek.

5.–Gainerakoetan, likidazioa dagokion bulegoan eginen da, eta ordaindu beharko da lizentzia edo baimena eman dela jakinarazi baino lehen, aprobetxamenduaren epea zehazki finkaturik dagoenetan. Hala ez bada, aprobetxamendua bukatutakoan ordainduko da, hau da, partikularrak Udalari bukatu dela jakinarazten dionean, ordu arte sorturiko tasak likidaturik.

6.–Aprobetxamenduak egiteko baimen edo emakidak prekarioan emanen dira beti, eta Udalak noiznahi baliogabetzen ahalko ditu, halakoen titularrek eskubiderik izan gabe erreklamaziorik egiteko edo kalte-ordainik jasotzeko.

10. artikulua. 1.–Iruzurtzat hartuko da behar den lizentziarik gabe aprobetxamendua edo erabilera hastea.

2.–Bestelako arau-hausteei dagokienez, eta zehapenekin ikusteko duten afera orotan, ordenantza fiskal orokorrak xedatutakoari jarraikiko zaio. Toki entitateak, modu betearazlean, lizentzia edo baimenik gabeko instalazioak bide publikotik kentzen ahalko ditu, eta udal biltegietara eraman. Jabearen kontura izanen dira instalazio horiek desmuntatu, garraiatu, eta biltegiratzeko gastuak nahiz sortzen diren beste gastu guztiak.

Zehapen araubidea

11. artikulua. Ikuskapenak.

Udalak beteko ditu ikuskapen eta zainketa lanak, ordenantza honetan ezarritako arauak zorrotz betetzen direla begiratzeko, bai jarduera egiteko moduari bai gainerako manuei dagokienez.

12. artikulua. Udal lizentziarik gabeko instalazioak.

1.–Udal agintaritzak, kautelazko eta berehalako neurri gisa, bide publikoan lizentziarik gabe paraturiko terrazak edo bestelako elementuak kentzen ahalko ditu, eta orobat biltegiratzen horretarako bereizitako tokiren batean; hori guztia, arauzko zehapenak jartzeaz gain.

2.–Terrazak edo bestelako elementuak ezarritako lizentzian zehazturiko baldintzekin bat etorri gabe instalatu badira, udal agintaritzak egintza horiek berehala bertan behera uzteko xedatuko du. Instalazioaren titularrak ez badu instalazioa kentzen edo ez badu terraza egokitzen emandako lizentzian ezarritako baldintzetara, kautelazko eta berehalako neurri gisa, subsidiarioki betearaziko da agindutakoa.

3.–Lizentziaren indarraldia bukatutakoan terrazak edo bestelako elementuak bertan egotea, zehapen aferei dagokienez, udal baimenik ez izatearen parekoa izanen da.

13. artikulua. Betearazte subsidiarioa.

1.–Eremu publikoan paraturiko elementuak aurreko artikuluan xedatuaren arabera kentzea legezkotasuna berrezartzetzat joko da. Berrezartze horren erantzuleak ez badu bere borondatez hura gauzatzen, Udalak instalazioa kenduko du eta horretarako bereizitako tokiren batean biltegiratuko du. Instalazioa handik eramateko, jabeak behar diren gastu, kalte eta galerak ordaindu beharko ditu aldez aurretik.

2.–Kapitulu honetan xedatutakoaren arabera kendutako elementuak gehienez ere 3 hilabetez biltegiratuko dira. Interesdunak ez baditu epe horretan jasotzen, Udalak elementu horiek suntsitu, saldu edo lagatzeko ahalmena izanen du.

14. artikulua. Arau-hausteak.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen XI. tituluan xedatutakoaren babespean eta ordenantza honi dagokionez, arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

1.–Hona hemen arau-hauste arinak:

a) Terrazaren funtzionamendua ezarritako ordutegitik kanpo luzatzea.

b) Baimenean jasotako elementuak paratzean (mahaiak, aulkiak edo bestelako elementuak), baimendutako elementu horien kopurua edo neurriak gainditzea.

c) Mahaiak, aulkiak edo osagarriak baimenduriko kokalekutik kanpo paratzea.

d) Baimendutako eremuaren mugak gainditzea, eguzkitako, eguzki-babes edo eguzki-oihalen hegalekin, edo terrazako beste edozein elementuren hegalarekin.

e) Okupaturiko espazioa behar bezalako baldintzetan ez edukitzea garbitasunari, segurtasunari eta apaindurari dagokienez.

f) Funtzionamenduko ordutegian, mahaiak, aulkiak eta instalazioko beste elementu batzuk eremu baimendutik kanpo edukitzea tolestuta, pilatuta edo bilduta.

g) Betebeharra ez betetzea erabiltzaileek eta udal zerbitzuek ikusteko moduan edukitzeko bai terrazako jarduerarako udal baimena, bai ordenantza honek xedaturiko informazio osagarria.

h) Betebeharra ez betetzea terrazarako baimendutako eremua mugatzen duten zoruko markak beti agerian edukitzeko edo, argi ikusten ez badira, udal agintaritzari abisatzeko.

i) Onartzea erabiltzaileek auzokoei eragozpen arinak sortzea, edo halako eragozpenak behar bezala ez galaraztea.

j) Lizentzian ezarritako baldintzak edo ordenantza honetan ezarritako araudia ez betetzea, baldin eta astuntzat edo oso astuntzat jotzeko kasuak ez badira.

2.–Hona hemen arau-hauste astunak:

a) Urtebeteko epean, hiru arau-hauste arin egitea.

b) Baimenean jasotako elementuak paratzean (mahaiak, aulkiak edo bestelako elementuak), baimendutako elementu horien kopurua edo neurriak nabarmen gainditzea.

c) Terrazak eta/edo ordenantza honek baimentzen dituen beste elementu batzuk paratzea nahitaezko udal lizentzia edo baimena eskuratu baino lehen.

d) Funtzionamendu ordutegitik kanpo, bide publikoan biltegiratu ezin diren instalazioko elementuak tolestuta, pilatuta edo bilduta edukitzea eremu baimenduaren barnean nahiz handik kanpo.

e) Baimendutako eremuaren mugak gainditzea eguzkitako, eguzki-babes edo eguzki-oihalen hegalekin, edo terrazako beste edozein elementuren hegalarekin, oinezko edo ibilgailuendako erreserbaturik dagoen oztoporik gabeko pasabidea inbaditurik.

f) Desobeditzea, udal lizentzia ez izateagatik edo lizentzian ezarritako baldintzetara ez egokitzeagatik, Udalak instalazioa edo bertako elementuetako bat kentzeko eskatu duenean.

g) Araudian eremuen eta pasabide libreen gainean ezarri diren neurriak ez betetzea.

h) Okupaturiko eremua eta ingurua behar bezalako baldintzetan ez edukitzea garbitasunari, segurtasunari eta apaindurari dagokienez.

i) Hiri altzariak edo baimendu gabeko beste euskarriren bat erabiltzea terrazako instalazioari eusteko elementu gisa.

j) Erre daitezkeen instalazioko elementuak (berogailuak, erregai-botilak, plastikozko mahai eta aulkiak eta abar) tolestuta, pilatuta edo bilduta edukitzea, eremu baimenduaren barnean edo handik kanpo, edozein ordutegitan.

k) Onartzea erabiltzaileek auzokoei eragozpen astunak sortzea, edo halako eragozpenak behar bezala ez galaraztea.

3.–Hona hemen arau-hauste oso astunak:

a) Urtebetean hiru arau-hauste astun egitea.

b) Ordenantza honek berariaz debekatutako terrazak eta/edo beste elementu batzuk paratzea (ur hornidurako, saneamenduko eta elektrizitateko harguneak, musikako aparatuak edo bozgorailuak, irudi eta soinu ekipamenduak, jolas-makinak edo ausazko jokoak, salmenta makinak, etab.).

c) Bide publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri zein higiezin izan, modu astun eta nabarmenean hondatzen dituzten egintzak, herritarren segurtasunaren asaldatzeak eragindakoak ez direnean.

d) Desobeditzea instalazioa edo bertako elementuetako bat kentzeko agindua, udal agintaritzak hala agindu duenean trafikoari, urbanizazioari, interes orokorrari edo udal interesari lotutako arrazoiengatik.

e) Berariaz baimendutakoa ez besteko edozein jardueran aritzea.

f) Bide publikoaren aprobetxamenduagatik ordaindu beharrekoak ez ordaintzea.

g) Terrazako instalazioa paratzea halako moldez non trabatu edo galarazi egiten baita ikustea edo behar bezala erabiltzea udal zerbitzu eta instalazioetarako bide publikoan paratuta dauden elementuak, edo oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioaren segurtasunerako elementuak.

h) Bide publikoko lurzorua okupatzea jendearen joan-etorria oztopatzen duten argitalpen edo elementuekin, edo hiri ingurunea narriatzen dutenekin.

i) Emakidaren titularra edo ohiko laguntzailea ez den beste norbaitek ustiatzea jarduera.

j) Terrazako instalazioaren eskualdatzea, azpierrentamendua edo lagapena.

15. artikulua. Zehapenak:

1.–Ordenantza honetako arau-hausteak isunaren bidez zehatuko dira, honako eskala honi jarraikiz:

a) Arau-hauste arinak: 60tik 600 eurora bitarteko isuna.

b) Arau-hauste astunak: 601etik 3.000 eurora bitarteko isuna eta emandako lizentzia aldi baterako baliogabetzea.

c) Arau-hauste oso astunak: 3001etik 6.000 eurora bitarteko isuna eta emandako lizentzia baliogabetzea.

2.–Isuna %50eko deskontuarekin ordaintzen ahalko da, zehapen prozedura ireki dela jakinarazi ondoko hogeita hamar egun natural iragan aurretik ordaintzen bada eta aurkaratze orori uko egiten zaiola dioen idazkia aurkezten bada.

3.–Ordenantza honen aurkako arau-hausteen zehapen prozedurak izapidetuko dira bat etorriz Administrazio-poliziaren arloko zehapen prozedura arautzen duen udal ordenantzan xedatuari.

16. artikulua. Zehapenen bateragarritasuna.

1.–Zehapena gorabehera, bateragarria izanen da instalazioa legeztatzea, bidezkoa bada, bai eta baimendu gabeko aprobetxamenduari dagozkion tasak eta errekarguak ordaintzea ere.

2.–Era berean, ikuskapenean egiaztatzen bada baimendutakoa baino aprobetxamendu handiagoa egiten ari dela, abiarazten den zehapen espedientearen emaitzaz gain eta interesdunari lizentziaren baldintzei egokitzera behartzeaz gain, eremu publikoaren okupazioaren gehiegizko aprobetxamendu horren tasa ere likidatuko da, baimendu gabeko instalazioa egon den denborari dagokion heinean.

3.–Manu berak tipifikaturiko hainbat arau-hauste egiten badira, hori ez da arau-hauste jarraikitzat joko, banan-banan zehatuko baitira.

17. artikulua. Mailakatze irizpideak. Zehapenak ezartzerakoan behar den oreka gorde beharko da arau-haustearen astuntasun-mailaren eta ezartzen den zehapenaren artean; hala, aplikatu beharreko zehapena mailakatzeko, jarraikiko zaie legedian administrazio prozedura erkideari buruz jasotzen diren irizpideei eta jurisprudentziak oro har onartzen dituenei.

18. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.

Arau honetan xedaturiko arau-hausteei dagokienez, oso astunek hiru urtera preskribatuko dute, astunek bi urtera, eta arinek sei hilabetera.

Epe horiek zenbatuko dira egintza zehagarria egiten denetik hasita edo, arau-hauste jarraikiak direnean, egiteari uzten zaionetik hasita.

19. artikulua. Zehapenen preskripzioa.

Zehapenek aurreko artikuluan ezarritako epe horiexetan beretan preskribatuko dute, zehapenaren ebazpena irmo bihurtzen denetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, aplikatuko da Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak deuseztatzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Hirugarrena.–Ordenantza fiskal honi aurka egiten ez dion guztian, indarrean segituko du Merkataritza ez egonkorra arautzen duen ordenantzak (1994ko 37. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 28koa).

ZENBATEKOEN ERANSKINA, BIDE PUBLIKOKO ETA HERRI-LURRETAKO LURZORU, LURGAIN ETA LURPEKO APROBETXAMENDU BEREZIEN PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZARI DAGOKIONA

I. epigrafea.–Lurzoruko aprobetxamendu bereziak.

I.1.–Lurzorua okupatzeko prezio publikoa izanen da 40 euro/m² urtean.

I.2.–Merkatu txikiak, egun bakoitza:

EGUNA

DENBORALDIA

Elikagaien, arropen eta oinetakoen salmenta

10,35 euro

390,00 euro

Eskulan, liburu, numismatika-gai eta beste kultur gai batzuen salmenta

10,35 euro

390,00 euro

I.3.–Azoka txikiak:

EGUNA

DENBORALDIA

JAIAK ETA FERIAK

Eskulan txiki, bisuteria eta bestelako produktu baimenduen salmenta, postu bakoitzeko

10,35 euro

390,00 euro

14,00 euro/metro

I.4.–Bestelako aprobetxamenduak, metro karratu edo zatiki bakoitzeko (garabiak, kioskoak, eraikuntzako materialak eta abar).

Tasa bakarra ezartzen da, okupazio egun bakoitzeko kobratzekoa.

Lurzoruaren eragin-balioaren araberako tarifa bat ezartzen da, balorazio txostenean onetsitakoari jarraikiz, gutxieneko tarifa hau ezarririk:

-Egunean: 0,20 euro.

II. epigrafea.–Lurgaineko aprobetxamendu bereziak.

II.1.–Balkoiak eta terrazak ixtea.

–m² eraiki bakoitzeko: 1,72 euro.

II.2.–Beste aprobetxamendu batzuk:

–m² edo zatiki bakoitzeko, egunean: 0,12 euro.

–m² edo zatiki bakoitzeko, hilean: 2,58 euro.

–m² edo zatiki bakoitzeko, urtean: 25,65 euro.

III. epigrafea.–Lurpeko aprobetxamendu bereziak.

–Instalatutako biltontzi bakoitzeko, urtean: 5,60 euro/m².

–Gasa banatzeko sare nagusien instalazio eta aprobetxamenduengatik izanen den gutxieneko kuota, metro lineal bakoitzeko, urtean.

–Aprobetxamenduaren gainerakoa, m² edo horren zati bakoitzeko:

  • Egunean: 0,02 euro.
  • Hilean: 0,44 euro.
  • Urtean: 5,57 euro.

IV. epigrafea.–Gutxieneko eskubideak.

Aurreko epigrafeetan azaldutakoengatik ordaindu beharreko zenbatekoak hurren adierazten diren kopuruetara iristen ez direnean, gutxieneko zenbateko hauek ordainduko dira:

–Aldamioak: 21,38 euro.

–Hesiak: 21,38 euro.

–Beste aprobetxamendu batzuk: 21,38 euro.

–Merkataritza-jarduera denean: 25,65 euro.

V. epigrafea.–Txosnak jartzea.

“Txosnak jartzea” deritzon honako apartatu hau gaineratzen da:

“Bat bakarra onartuko da Santa Luzia plazan, baina bigarrena ere onar liteke beste leku batean, hori Doneztebeko Udalak finkatuko baitu, inskribatuak dauden klub edo elkarteen kasuan, azkeneko horiek herrian badute helbide soziala eta herrian bertan jarduten badute.

Eskabidea bi hilabete lehenagotik eginen da, eta Doneztebeko Udalak finkatzen dituen egunetan instalatu eta kendu beharko dira.

Eskabidearekin batera agiri bat aurkeztu beharko da, Kluben edo Elkarteen Erregistroan inskribatua dagoela frogatzeko.

12:00etatik 06:00ak arte egonen dira zabalik.

Entitate eskatzailea arduratuko da txosnaren ingurua garbitzeaz.

Udaleko albienteek adieraziko diete baimendutako entitateei zein leku zehatzetan ezarriko dituzten txosnak.

Txosna bakoitza paratzeko tasa 109,30 eurokoa izanen da.

Txosna paratuta dagoen egun bakoitzeko 21,86 euro ordainduko dira.

Argiaren hargunea entitate eskatzailearen kontura izanen da.

Udalak erantzukizun zibileko poliza eskatzen ahalko du, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Udalak egiten ahalko ditu nahi adina ikuskapen eta kontrol tekniko, egoki iruditzen zaizkionak, betiere legearen barrenean.

Txosnak jartzeko baimenduta dauden entitateek 120,00 euroko fidantza ordainduko dute Doneztebeko Udalean, jardueran hasi baino hamabost egun lehenago, hori guztia ondasun publikoetan sor daitezkeen kalte eta galerak bermatzearren.”

Iragarkiaren kodea: L2009191