19. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

23/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2020ko urtarrilaren 30erako deitutako greba dela-eta erakunde autonomo honen funtsezko gutxieneko zerbitzuen funtzionamendua bermatu eta haiek artatzeko behar diren langileak zehazten dituena.

ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek greba baterako deialdia egin dute, zeinak Nafarroako Foru Komunitatearen eremu geografikoan kokaturiko enpresa eta erakunde guztietako langile eta enplegatu publikoen jarduera eta eginkizun guztiak ukituko baititu, zer enpresa edo administrazioren mende dauden, haren eremua kontuan hartu gabe.

Greba hori 2020ko urtarrilaren 30ean izanen da, 00:00etatik 24:00etara. Lan egiteko hainbat txanda dituzten enpresei dagokienez, grebaren hasiera lehenbiziko txandan izanen da, nahiz eta urtarrilaren 30a baino lehen hasi lanean, eta azken txanda bukatzen denean bukatuko da greba, nahiz eta lanaldia urtarrilaren 30eko 24:00ak baino geroago bukatu.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den greba egiteko eskubidearekin batera, herritarrendako ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak jarri behar dira, aipatutako eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai eta konstituzionalak ere.

Grebarako deialdia dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan ematen diren zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko funtsezko zerbitzuak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen dira, pertsonen oinarrizko eskubideei eragiten dietelako, hala nola herritarren bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubideei.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Azaldutakoaren ondorioz, ebazpen honek hauxe du xede: 2020ko urtarrilaren 30erako deitutako greba dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzea. Horiek ezartzeko, aintzat hartzen da, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla herritarrendako behar bezalako arretari eusteko. Horregatik guztiagatik, zerbitzu horiek funtsezkotzat hartzen dira, eta, hortaz, beharrezkoa da zerbitzu horiek betetzea, deitutako grebak dirauen bitartean.

Ospitaleetan, ezinbestekotzat jotzen diren zerbitzuen gutxienekoa mantentzea hartu da kontuan, hala nola ospitalizaziorako gaitasun logistikoa, premiazko ebakuntza kirurgikoak, larrialdietako arreta, ZIU, EZBU, ZEU, erditzeak, amniozentesia, SUOAZ eta abar. Oinarrizko Osasun Laguntzan, oro har, beharrezkotzat eta zentzuzkotzat jo da greba eskubidearen erabilera askea ez mugatzeko eta, aldi berean, zerbitzu publiko garrantzitsu honen gutxienekoak bermatzeko, osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, funtzionamendu ordutegi osoan eta lan-txanda bakoitzean (goizez eta arratsaldez) honako hauek egotea, 5 lanpostu edo 5 baino gutxiagoko zatiki bakoitzeko: familiako mediku bat, pediatra bat, OLT/EUD bat eta harrera eremuko profesional bat. Hori guztia garatu eta zehazten da ebazpenaren lehen apartatuan.

Arlo bakoitzak egindako oharrak ikusirik, eta greba batzordeak aurkeztu dituen alegazioak, orain arte ezarritako funtsezko gutxieneko zerbitzuak beharrezkotzat eta zentzuzkotzat jo dira, eta arlo bakoitzak honela justifikatu du haiek ezartzea:

1. Nafarroako Ospitalegunea:

Ospitaleratzean, ahalmen logistikoaren %100 bermatu behar da. Izan ere, diagnostikatzeko eta tratatzeko ospitaleratuta dauden paziente horien bizia arriskuan jar liteke prozesuen atzerapenarengatik, eta bermatu egin behar dira osasun laguntzen eta zainketen jarraitutasuna eta pazienteen segurtasuna. Pazienteei alta emateko ahalmena ere eduki behar da, ospitaleetan osasun arreta ez kolapsatzeko.

Kontuan hartu dira arretan eta tratamenduan eten ezin diren zerbitzu bereziak ere, hala nola hemodialisia, eguneko ospitaleak (onkologia, hematologia, minaren unitatea), erradioterapia (simulazioa eta plangintza), osasun mentala eta transplanteen koordinazioa.

Bestalde, aintzat hartu dira diagnostiko onkologikoei lotutako ebakuntza kirurgikoen gutxieneko zerbitzuak, eta pazienteen tratamenduan eta segurtasun klinikoan eragin handia duten jarduerak. Kasu horretan, Nafarroako Ospitalegunearen ustez, gutxienekoen ebazpenean aipatu ohi den eta ebazpen honetan ere ezartzen den %60 hori doiegi da paziente guztiei arreta eman ahal izateko.

Kontsulten jarduera %60an ezartzearen arrazoia da prozesu kliniko baten zain dauden baloratu eta diagnostikatu gabeko pazienteek okerrera ez egitea.

Era berean, beharrezkotzat jo da:

–20. asteko amniozentesia eta ekografiak ziurtatzea.

–Arreta ematea larrialdiei, zaintza kritikoetan eta berezietan ingresatuta dauden pazienteei, edo erditzeetan eta horien parekoetan.

–Ospitaleko farmaziari dagokionez, tratamendua ziurtatuko zaie paziente ospitaleratuei eta onkologikoei.

–Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: hemoderibatuak ateratzea bermatuko da, gaitasun logistikoaren %60 arte.

2. Oinarrizko Osasun Laguntza:

Oinarrizko osasun laguntzako taldeetan, eguneroko eskariaren araberako arreta emanen da eta (goizez) osasun eskualde oinarrizko bakoitzeko larrialdiak artatuko dira; beraz, osasun laguntzako talde bakoitzak goizean zehar gerta litezkeen larrialdiei erantzuteko beharrezkoak diren kategoria bakoitzeko profesionalak eduki behar ditu, baita larrialdia ez izan arren atzeratu ezin den laguntza emateko ere, bai eta paziente kronikoak artatzeko eta etxez etxeko beharrezko bisitak egiteko ere. Honek justifikatzen du, osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, eta ordutegi guztirako, lan txanda bakoitzean (goizez eta arratsaldez) hauek egotea 5 lanpostu edo 5 baino gutxiagoko zatiki bakoitzeko: familiako mediku bat, pediatra bat, OLT/EUD bat eta harrera eremuko profesional bat.

Etengabeko arretako ordutegiari dagokionez, gutxieneko zerbitzuek langile guztiei eraginen diete, arreta etengabe eta larrialdetako arreta emateko, jarduera honen ezaugarriak kontuan hartuta.

Azkenik, Aho-hortzen Osasunean 9 odontologo daude eta, arestiko irizpideari eutsiz, 2 odontologo egonen dira gutxieneko zerbitzuetan, bat arreta orokorrerako eta bestea PADIrako.

3. Osasun Mentala:

Jarduera pautatua duten zerbitzuei dagokienez (Osasun Mentaleko Sareko eguneko ospitaleak), Osasun Mentaleko Kudeatzailetzak zehaztu du osasun mentalaren arloko eguneko ospitaleratzea tratamendu intentsiboa dela, ospitaleratzearen ordezkoa, eta pazienteen egoera klinikoa subakutua dela eta, beraz, ziurtatu egin behar direla arreta eta tratamendua.

Osasun Mentaleko Zentroetako kontsultetan gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, haietako bakoitzean lehen kontsultak zenbat diren aztertu da, eta horiek zer ehuneko egiten duten kontsulta guztiekin. Zentro bakoitzeko lehen kontsultak eta larrialdietakoak bermatu beharko liratekeela uste da.

Zentro bakoitzak bere gaitasun logistikoa behar du, plantillaren arabera eta lehen kontsultetarako behar duen lanaldiaren ehunekoaren arabera. Batezbestekoa plantillaren %40 da, gehienez.

4. Lizarrako Osasun Barrutia:

Lizarrako Osasun Barrutian Oinarrizko Osasun Laguntza eta García Orcoyen Ospitalea daude.

Oinarrizko Osasun Laguntzak eta Nafarroako Ospitaleguneak emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio arlo honi ere, gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren jardunerako, dela oinarrizko osasun laguntzan dela ospitaleko jardueran.

5. Tuterako Osasun Barrutia:

Tuterako Osasun Barrutian Oinarrizko Osasun Laguntza eta Reina Sofía Ospitalea daude.

Hemen ere Oinarrizko Osasun Laguntzak eta Nafarroako Ospitaleguneak emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio arlo honi ere, gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren jardunerako, dela oinarrizko osasun laguntzan dela ospitaleko jardueran.

Pazientea elikatzeko eta sukaldeko jarduerari dagokionez, beharrezkoa da zerbitzuaren %100 bermatzea, edo, bestela esanda, pazienteen elikadura bermatzea (sukaldea, zerbitzatzea eta bilketa), bai egun horretan, bai ondorengoetan ere, behar diren langileekin.

Gorabehera informatikoen estaldura ere bermatuta egon behar da; horretarako, OTSI bat izendatzen da lan txanda bakoitzerako.

MIR langileak gutxieneko zerbitzuetan sartzeari dagokionez, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2019ko abenduaren 9ko 318/2019 apelazio-epaiak errebokatu egiten du Administrazioarekiko Auzien Iruñeko 3. Epaitegiaren 2019ko uztailaren 10eko 191/2019 epaia. Gainera, adierazten du Administrazioak ez duela urratu barneko mediku egoiliarren grebarako oinarrizko eskubidea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 29ko 405/2019 Ebazpenaren bidez ezarritako gutxieneko zerbitzuak direla-eta, eta ebazpena ordenamendu juridikoaren arabera errekurritu da.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak greba batzordearen aurrean dagozkien jarduketak eginik, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuak emateko behar diren langileak ezartzea.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2020ko urtarrilaren 30erako deitutako greba, 00:00etan hasi eta 24:00ak arte doan tartean eginen da, eta urtarrilaren 30etik kanpo hasten edo amaitzen diren txandetarako adierazitako espezialitateekin, jarraian zehazten diren funtsezko gutxieneko zerbitzuak errespetatuz eginen dira:

I.–Ospitaleak.

Oro har, lan araubidea jaiegunetarako ezarritako bera izanen da.

Gainera, zentroen jarduera garatzeko ezinbestekoak diren zerbitzuetan jendeari arreta ematen zaiola bermatuko da, honelaxe:

A) Ospitaleratzea: gaitasun logistikoaren %100 bermatuko da.

B) Jarduera pautatua duten zerbitzuetako arreta bermatuko da:

–Hemodialisia.

–Tratamendu onkologikoak eguneko ospitalean.

–Tratamendu hematologikoak eguneko ospitalean.

–Minaren Unitatean etengabeko tratamendua duten pazienteendako arreta.

–Erradioterapiako tratamenduak, simulaziokoak eta plangintzakoak.

–Errehabilitazioa. Ospitalean dauden pazienteendako arreta bermatuko da, baita lehentasunezko gaixoendakoa ere.

–Osasun Mentaleko sareko eguneko ospitaleak.

C) Ebakuntza kirurgiko larri guztiak bermatuko dira, horietan normalean erabiltzen diren baliabideekin, eta, horiez gainera, ondoren aipatzen direnen jarduera ere bai: Larrialdiak, ZIU, EZBU, ZKU, Kritikoen Unitatea, Erditzeen Arloa eta parekagarriak diren beste unitate batzuk.

D) 20. asteko ekografia eta amniozentesia egiten direla bermatuko da.

E) Arlo hauetan, lehentasunezko arreta, ospitaleratutako pazienteendako arreta eta arreta arrunt guztiak bermatuko dira, halakorik bada, gaitasun logistikoaren %60ra bitarte jarriz:

–Ebakuntza kirurgikoak.

–Zerbitzu zentralak.

–Kontsultak.

–SUOAZak (Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Arretarako Zentroak).

F) Ospitaleko farmazia zerbitzuak: ospitalean dauden eta tratamendu onkologikoak eta pautatuak dituzten pazienteendako arreta bermatuko da.

G) Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: Hemoderibatuak ateratzea bermatuko da, Nafarroako Foru Komunitateko ospitaleak hornitzeko, gaitasun logistikoaren %60ra bitarte jarriz.

Pazientea elikatzeko eta sukaldeko zerbitzua: gaitasunaren %100 bermatuko da.

II.–Oinarrizko Osasun Laguntza.

Oinarrizko Osasun Laguntzaren arloan, hauxe izanen da lan araubidea:

Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetan:

a) Ohiko lanaldian.

Oro har, osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, eta funtzionamendu ordutegi guztirako, lan txanda bakoitzean (goizekoa eta arratsaldekoa), hauek izendatuko dira 5 lanpostuko edo 5 lanpostu baino gutxiagoko zatiki bakoitzeko: familia mediku bat, pediatra bat, OLT/EUD 1 eta harrera eremuko profesional bat.

Etengabeko arreta emateko toki bat baino gehiago duten oinarrizko eskualdeetan, etengabeko arretarako zenbat toki edo talde dauden, horrenbeste familia mediku eta OLT/EUD egonen dira, gutxienez ere.

b) Etengabeko arretarako ordutegian.

Osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, lan araubidea oro har ezarritako zerbitzuen %100 izanen da.

–Ospitalez kanpoko Larrialdien Zerbitzuetan eta Larrialdietako Zerbitzu Arruntetan:

Oro har, ezarritako zerbitzuen %100 izanen da lan araubidea.

–“San Frantzisko Xabierkoa” zentroko laguntza medikoa:

Mediku bat.

–Aho-hortzen osasuna:

Odontologo bat laguntza orokorrerako, PADIko odontologo bat, erizaintzako 2 laguntzaile, administrazioaren arloko profesional bat.

III.–Osasuneko Informazio Sistemen Zerbitzua (zerbitzu zentralak).

1. Sistema informatikoetako teknikari ofizial bat txanda bakoitzeko, osasun zentroetako gorabeherei aurre egiteko.

2. Gutxieneko zerbitzuetako langileek bete beharko dituzte aurreko artikuluan aipatutako funtsezko zerbitzuak, zentroetako kudeatzaileek horretarako izendaturik. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak izanen dira horren erantzule.

3. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak egoera horretan diren langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Ebazpen hau greba batzordeari jakinaraztea.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta honako hauetara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Profesionalen Zuzendaritzara, Langileriaren eta Lan Harremanen Zuzendariordetzara, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barrenean langileriaren arloko eskumenak esleiturik dituzten zuzendaritza eta zerbitzuetara; Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Atalera, eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluekin bat eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 23ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak erabiliz.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 23an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Ramón Mora Martínez.

Iragarkiaren kodea: F2001124