19. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

24E/2020 FORU AGINDUA, urtarrilaren 27koa, Osasuneko kontseilariak emana, 2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorrerako deialdia dela-eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentro eta establezimenduetan hirugarrenek egindako funtsezko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena.

Zenbait sindikatuk greba orokorrerako deia egin dute 2020ko urtarrilaren 30erako.

Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den greba egiteko eskubidearekin batera, komunitatearentzako ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak jarri behar dira, aipatutako eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai eta konstituzionalak ere.

Grebarako deialdia dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentro eta establezimenduetan hirugarrenek egindako zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko osasun arreta behar bezala eman ahal izateko zerbitzu osagarriak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen dira, pertsonen oinarrizko eskubideei eragiten dietelako, hala nola erien bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubideei.

Beste alde batetik, gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49.1.f), 53. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Azaldutakoaren arabera, foru agindu honen helburua da, 2020ko urtarrilaren 30erako deitutako greba dela kausa, hirugarrenek egiten dituzten zerbitzuei dagozkien funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzea, osasun zerbitzuek modu egokian funtziona dezaten. Zerbitzu horiek ezartzean aintzat hartu da, batik bat, ezinbestekoak direla herritarren osasun beharrei era egokian erantzuteko. Horregatik guztiagatik, zerbitzu horiek funtsezkotzat jotzen dira, eta, hortaz, beharrezkoa da zerbitzu horiek betetzea, grebak dirauen bitartean.

Gutxieneko zerbitzuak finkatzeko bereizi da, alde batetik, osasun garraioa, larrialdi egoeretan laguntzarako eratutako dispositiboei erantzutea ezinbestekoa baita (Iruñeko, Lizarrako eta Tuterako larrialdi planari, eta Foru Komunitateko zonetan larrialdietan arreta emateko kokalekuei, kasu), bai eta, mugikortasun arazoak direla eta, andetan mugitzera beharturik, osasun zentroetara joateko garraiobide alternatiborik erabiltzen ahal ez duten eriak zaintzeko ere.

Oxigenoterapia zerbitzuei eta etxeko bestelako arnas terapiei dagokienez, eta zerbitzu horien beharra duten erien ezaugarriak eta beharrezkotzat jotako zerbitzuak ez emateak ekar litzakeen ondorio larriak kontuan hartuz, bermatu beharko da eguneko 24 orduetan sor daitezkeen presako abisuei arreta emanen zaiela.

Farmazia bulegoei dagokienez, Osasun Departamentuak etengabeko arreta farmazeutikoa bermatzen die herritarrei. Horretarako, egunero guardiako zerbitzuak eman behar dituzten farmazia bulegoak finkatzen ditu. Hortaz, guardiako farmaziak dira gutxieneko zerbitzuak emanen dituztenak.

Farmazia produktuak banatzeko handizkako biltegiei dagokienez, ezinbestekotzat jo da farmazia bulegoek eta behar bezala baimendutako farmazia zerbitzuek premiaz eskatzen dituzten sendagaien horniketa bermatzea.

Bestalde, laginen osasun garraioari dagokionez, beharrezkoa da Nafarroa osoko osasun zentroetatik eta kontsultategietatik erreferentziako laborategietaraino gauzatuko dela bermatzea, laginak ez hondatzeko eta erabiltzaileek eragozpenik ez izateko.

Azkenik, hirugarrenek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentroetan eta establezimenduetan egiten dituzten gainerako zerbitzuei dagokienez –zehazkiago, Nafarroako osasun zentro eta ospitaleetako garbiketa zerbitzuak, elikadura zerbitzuak, segurtasun zerbitzuak eta mantentze-lanetako zerbitzuak–, jai egunetan beren jarduna gauzatzeko izaten dituzten zerbitzu berberak mantendu beharko dituzte gutxieneko zerbitzu funtsezko gisa.

Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluaren 2. paragrafoan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49.2 artikuluan eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan xedatutakoa,

AGINTZEN DUT:

1. 2020ko urtarrilaren 30erako deitutako greba orokorraren eskubidea gauzatuko da jarraian zehazten diren funtsezko gutxieneko zerbitzu hauek mantentzen direla errespetatuz:

1.1. Nafarroako osasun garraioaren sektorean, gutxieneko zerbitzu funtsezko hauek errespetatuko dira:

a) Iruñeko, Lizarrako eta Tuterako larrialdi planeko ibilgailuek zerbitzuaren ehuneko ehuna bermatuko dute.

b) Iruñeko (2 kokaleku), Tafallako, Zangozako, Izabako, Aurizko, Doneztebeko, Leitzako, Lesakako, Altsasuko, Ezkarozeko (Zaraitzu), Lizarrako, Azagrako, Zarrakazteluko eta Tuterako (2 kokaleku) larrialdiei erantzuteko, arreta emateko kokalekuetako ibilgailuek zerbitzuaren ehuneko ehuna bermatuko dute.

c) Lekuz aldatzeko andetan eraman behar diren eriei, hemodialisia behar dutenei eta onkologiakoko eriei, lekualdatzearen arrazoia edozein izanda ere, zerbitzua ehuneko ehunean bermatuko zaie.

d) Osasun zentroetatik eta kontsultategietatik erreferentziako destinoetara analisien laginak garraiatzeko zerbitzuetan, zerbitzua ehuneko ehunean bermatuko da, ezarrita dauden ohiko ordutegi eta baldintzetan.

1.2. Oxigenoterapia zerbitzuei eta etxeko bestelako arnas terapiei dagokienez, bermatu beharko da eguneko 24 orduetan sor daitezkeen presako abisuei arreta emanen zaiela.

1.3. Farmazia produktuak banatzeko handizkako biltegiei dagokienez, beharrezkoa da farmazia bulegoek eta behar bezala baimendutako farmazia zerbitzuek premiaz eskatzen dituzten sendagaien horniketa bermatzea.

1.4. Guardiako zerbitzua ematen duten farmazia bulegoen zerbitzuaren ehuneko ehun bermatuko da.

1.5. Hirugarrenek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentroetan eta establezimenduetan egiten dituzten gainerako zerbitzuei dagokienez –zehazkiago, Nafarroako osasun zentro eta ospitaleetako garbiketa zerbitzuak, elikadura zerbitzuak, segurtasun zerbitzuak eta mantentze-lanetako zerbitzuak–, jai egunetan beren jarduna gauzatzeko izaten dituzten zerbitzu berberak mantendu beharko dituzte funtsezko gutxieneko zerbitzu gisa.

2. Foru agindu honen 1. atalean bildutako funtsezko gutxieneko zerbitzuei dagokienez, ukituriko enpresetan horretarako izendatutako langileek egin beharko dituzte, eta zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea legez kontrakotzat joko da eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak egoera horretan diren langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Foru agindu hau greba batzordeari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 27an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2001227