19. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

47/2020 FORU AGINDUA, urtarrilaren 23koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, 2020ko urtarrilaren 30erako greba orokorraren deialdia dela-eta, Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuen arloan ezartzen diren gutxieneko zerbitzuak betetzeko behar diren langileak zehazten dituena.

ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek greba orokorrerako deialdia egin dute 2020ko urtarrilaren 30erako.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartuta dagoen greba egiteko eskubidea bateragarria izan behar da komunitatearen funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Gizarte zerbitzuen arloan, zerbitzu batzuek (egoitza zentroak, etxebizitzak eta eguneko arretarako zentroak) berehalako erantzuna ematen dute gizarte-beharreko larrialdietan, izan ere, oinarrizko eta funtsezko arreta pertsonal eta soziala eta laguntza indibiduala, familiarra edo kolektiboa eskaintzen diete egoera ahulean dauden gizarte taldeei, konparazio batera, mendekotasuna duten pertsonei, desgaitasun fisiko, sentsorial edo adimenekoa dutenei, adingabeei, adinekoei, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta gizartetik baztertuta dauden pertsonei.

Laguntza zerbitzu hauen instalazioek oinarrizko beharrak asetzeko zainketa pertsonala behar duen jendea hartzen dute, eta horrek eskatzen du gutxieneko zerbitzuak finkatu beharra, erabiltzaile horiei egunero arreta egokia emateko ezinbestekoak diren zerbitzu, programa eta tratamenduak bermatzeko, funtsezko zainketetan etenik izan ez dadin.

Adierazi beharra dago gizarte zerbitzuetako erabiltzaile horientzako gutxieneko arretaren barruan oinarrizko beharrak asetzeko dauden jarduera guztiak sartzen direla, hala nola elikadura, baina, horiez gain, norberaren zainketaren ingurukoak, komunikazioarenak, joan-etortzekoak, kontrola eta babesekoak.

Gutxieneko zerbitzu hauek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla, beren egoera pertsonala dela kausa, oinarrizko beharrak beren kasa eta zuzenean aurrera eraman ezin dituzten herritarrei arreta egokia emateko. Horregatik guztiagatik, zerbitzu horiek funtsezko gisa baloratzen eta sailkatzen dira, eta, hortaz, beharrezkoa da zerbitzu horiek betetzea, grebak dirauen bitartean.

Bestalde, jaiegunetan egon ohi diren langileak erreferentzia gisa erabiltzeak esan nahi du zentroetan errespetatzen dela greba eskubidearen erabileran gutxieneko interferentzia izateko printzipioa, bermatzen baita ezinbestekoak diren zerbitzuak baino ez direla emanen, eta ez ohiko zerbitzu guztiak.

Azkenik, Departamentuko Erregistroan harrera eginen duen pertsona bat izatea ere aurreikusten da, herritarrek eskaerak aurkezteko duten eskubidea erabil dezaketela bermatzeko.

Horregatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuak ezartzea, langileen grebarako eskubidea errespetatuagatik ere, herritarren osasun eta biziaren babesa bermatzen dutenak.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.17 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren indarrez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1.–2020ko urtarrilaren 30erako greba orokorraren deialdia dela-eta, gizarte zerbitzuen arloan, honako gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz egiten ahalko da greba:

a) Gizarte zerbitzuen arlo guztietan, egoitza zentroetan, etxebizitzetan eta eguneko arretarako zentroetan erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta ematen zaiela bermatzen duten zerbitzu guztiak eman beharko dira, norberaren zainketakoak, elikadurakoak, komunikaziokoak, joan-etortzekoak, kontrolekoak eta babesekoak. Hortaz, programetako eta aisialdiko jarduerak salbuesten dira.

Hori helburu, zerbitzu horiek ematen direla bermatzeko beharrezkoak diren langileek egon beharko dute jardunean. Horretarako, hauxe kalkulatu da:

–Egoitza zentroak: jaiegunetan aurreikusten diren langileak.

–Etxebizitza gainbegiratuak: jaiegunetan aurreikusten diren langileak.

–Jaiegunetan egoitzako arretarik ez duten zentroetan eta etxebizitza gainbegiratuetan, erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta emateko beharrezkoak diren arreta zuzenerako langileak beharko dira.

–Etxebizitza funtzionalak: langile baten etengabeko arreta, zentrotik kanpora egiten diren eguneko jardueren orduetan izan ezik, jarduera horien ondorioz erabiltzaile bakar bat ez bada gelditzen etxebizitza funtzionalean.

–Eguneko arretarako zentroak: zaintzaile bat gutxienez, teknikariak alde batera utzita, eta beharrezkoa baldin bada, sukaldeko zerbitzua bermatzeko behar diren langileak. Garraio zerbitzua ere mantendu beharko da.

b) Pertsona bat egonen da Eskubide Sozialetako Departamentuko Erregistroan, González Tablas kaleko Erregistroan harrera egiteko.

2.–Aurreko zenbakian jasotako funtsezko zerbitzuak enpresako zuzendaritzak izendatuko dituen langileek eginen dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

Foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzen egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan istiluak legez kontrakotzat joko dira, eta bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.

3.–Foru agindu hau jakinaraztea grebarako deia egin duten sindikatuei, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren mendeko zentroei eta Rebeca Mencos andreari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5.–Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 23an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2001148