19. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

6/2020 FORU AGINDUA, urtarrilaren 24koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baita zein diren gutxieneko zerbitzuak eta horietarako behar diren langileak Hezkuntza Departamentuko eskumenen esparruan, ikusirik 2020ko urtarrilaren 30erako deitutako greba orokorra.

ESK, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek greba orokorra egiteko deia egin dute; eragina izanen du Nafarroako Foru Komunitateko funtzionarioen eta lan-kontratudunen jarduera guztietan, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eremuan ezarritako enpresa eta erakundeetako langileen jardueretan ere, edozein izanik ere enpresa eremua nahiz zer administrazioren menpe dauden. 2020ko urtarrilaren 30erako egin da deia, 00:00etatik 24:00etaraino.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, behar diren neurriak hartzen dira Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen oinarrizko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko, lanuzteetarako deiak direla eta. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten funtsezko prestazio publikoetarako, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, betiere grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko organo eskudunek dagozkien jarduketak eginik greba batzordean (enplegatu publikoei dagokienez) eta Hezkuntza Departamentukoek ere berei dagozkien jarduketak eginik greba batzordean (funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxe pribatu itundu edo diruz lagunduetako langileei dagokienez), beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak ezartzea.

Hezkuntza funtsezko zerbitzu publikoa denez, beharrezkoa da neurriak hartzea, herritarrei konpondu ezinezko kalteak saiheste aldera, eta bermatuko da funts publikoz sostengatutako ikastetxe eta bulegoen funtzionamendua. Hori dena, kontuan harturik, orobat, administrazio publikoko langileek eta langile guztiek oro har dutela grebarako eskubidea Konstituzioaren arabera.

Espainiako Konstituzioaren 27. artikuluak, 1. eta 5. apartatuetan, aitortzen du gizabanako guztien hezkuntza eskubidea, eta botere publikoek eskubide hori bermatu behar dutela ezartzen du; halaber, 4. apartatuan adierazten du oinarrizko hezkuntza nahitaezkoa dela.

Horrez gain, kontuan hartuta ikasleek unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetara joateko eskubidea dutela –eta, batzuetan, betebeharra ere bai–, Hezkuntza Departamentuak behar bezalako arreta bermatu behar die 2020ko urtarrilaren 30ean ikastetxeetara doazen ikasleei (gehienbat, adingabeak dira). Era berean, greban parte hartzen ez dutenek lan egiteko eskubidea dutenez, zuzendaritza lanak bermatu behar dira, grebarik egiten ez dutenek beren lanaldia egin dezaten.

Halaber, nahitaezkoa da departamentuaren egoitzan erregistroen funtzionamendua bermatzea gutxieneko langileekin, herritarrek idazkiak eta dokumentuak aurkezteko duten eskubidea babestearren, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearekin (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea) eta martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearekin (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala).

Horrenbestez, eta ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Ikusirik 2020ko urtarrilaren 30erako deituta dagoen greba orokorra, 00:00etatik 24:00etara, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dira Hezkuntza Departamentuan:

a) Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan:

–Ikastetxeko zuzendaria.

–Ikasketaburua.

–Irakasle bat Haur eta Lehen Hezkuntzako hiru unitate edo zatiki bakoitzeko.

–Irakasle bat Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lau unitate edo zatiki bakoitzeko.

–Zaintzaile bat duten ikastetxeetan, horrek gutxieneko zerbitzuak egin beharko ditu, eta, zaintzaile gehiago egonez gero, zaintzaileen plantillako %50ek egin beharko dituzte horiek.

–Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan, garbiketa zerbitzua ematen dela bermatu beharko da.

Ikastetxeetako zuzendaritzak zehaztuko du zer irakaslek garatu beharko dituzten gutxieneko zerbitzu horiek eta, hala bada, zer zaintzaile arituko diren.

b) 1.–Eskola-garraioa: Lurralde Kohesiorako Departamentuak foru agindu bat onetsiko du, ezartzen dituena eskola-garraioaren zerbitzu guztiei eusteko gutxieneko zerbitzuak.

2.–Eskola-jantokiak: eskola-garraio osoa bermatzen denez, beharrezkoa da garraiatutako ikasleei jantokiaren zerbitzua bermatzea eskualdeko ikastetxeetan. Hori dela eta, bi alderdi hauek hartu behar dira kontuan:

2.1. Elikadura zerbitzua: gutxieneko zerbitzu gisa ezartzen da elikadura zerbitzua eskualdeko eskola-jantokietan, bai garraiatutako ikasleentzat bai zaintzaileentzat. Zerbitzu horrek ez ditu barnean hartuko dieta bereziak. Horregatik, dieta horiek izanda 2020ko urtarrilaren 30ean jantokian bazkaldu behar duten ikasleen gurasoek haien dietaren araberako menua eraman beharko dute etxetik ikastetxera, baita guraso horiek sinatutako baimen bat ere, zeinaren bidez adierazten baita janari hori janen dutela, jantokian ematen denaren ordez.

2.2. Zaintzaileak: jantokia duten eskualdeko ikastetxeetan, jantoki-zaintzaile batzuek egon beharko dute, ikastetxeak hurrengo ratioen arabera hautatuko dituenak:

–Haur Hezkuntzako ikasleentzat eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleentzat: zaintzaile bat 30 ikasleko.

–Gainerako ikasleentzat: zaintzaile bat 50 ikasleko.

c) Departamentuaren bulegoetan, María Victoria Borrega Periánez andrea izendatzen da Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko arduradun, Hezkuntza Departamentuan (San Domingo kalea z.g., Iruña).

2. Aipatutako langileen lanuzteek eta lan-gorabeherek xedapen hau errespetatzen ez badute, legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan kasuko legeriaren arabera zigortuko.

3. Agintzea foru agindu hau jakinaraz dakiela ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuei; unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei; María Victoria Borrega Periánez andreari; Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari; Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuari; Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari; Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzuari; eta Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuari (denak Hezkuntza Departamentukoak), behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 13an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2001171