187. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXARRI ARANATZ

Ordenantza, jarduera sailkatuetarako, obretarako eta era guztietarako jarduerak abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa egiteko prozedura arautzen duena. Behin betiko onespena

Udalak, 2020ko urtarrilaren 15ean, osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen “Jarduera sailkatuetarako, obretarako eta era guztietarako jarduerak abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa egiteko prozedura arautzen duen ordenantza”.

Erabaki hori 2020ko 97. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 11n, eta jendaurrean egoteko hogeita hamar egun balioduneko epea iragan da inork aurkeztu gabe erreklamazio, kexa edo oharrik haren kontra. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluekin bat, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, eta hortaz Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen da “Jarduera sailkatuetarako, obretarako eta era guztietarako jarduerak abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa egiteko prozedura arautzen duen ordenantza”.

Etxarri Aranatzen, 2020ko uztailaren 16an.—Alkatea, Silvia Marañon Chasco.

ORDENANTZA, JARDUERA SAILKATUETARAKO, OBRETARAKO ETA ERA GUZTIETAKO JARDUERAK ABIARAZTEKO ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA ETA AURRETIAZKO KOMUNIKAZIOA EGITEKO PROZEDURA ARAUTZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea onartzeak administrazio-prozesua arindu eta sinplifikatu du.

Onetsitako aldaketen artean, figura berriak sartu dira, hala nola aurretiazko komunikazioa eta erantzukizunpeko adierazpena, eta “a posteriori” kontrolaren aldeko apustua, tokiko eremuan esku hartzeko ohiko mekanismo gisa.

Aldaketa horiek foru araudian ere bere isla izan dute. Alde batetik, 448/2014 Foru Agindua, zeinaren bidez 93/2006 Foru Dekretua garatzen duten arauak onetsi ziren (93/2006 Foru Dekretuaren bidez, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2015 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zen). Foru agindu horren I. eranskinean ezartzen da nahitaezkoa dela jarduera sailkatu batzuk tramitatzea erantzukizunpeko adierazpenaren bidez edo aurretiazko komunikazioaren bidez, eta Udalaren irekitzeko baimenaren ordez ezartzen dela jarduera sailkatua abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena.

Zentzu berean, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak (eta horren aurretik, Nafarroan hirigintza iraunkorra, hiri-berrikuntza eta hirigintza-jarduera laguntzeko neurriei buruzko 5/2015 Foru Legea) erantzukizunpeko adierazpenaren eta aurretiazko jakinarazpenaren figurak sartzen ditu, eta horiek aurkezteak ahalmena ematen dio titularrari jakinarazitako hirigintza-jarduketa egiteko.

Horregatik guztiagatik, Etxarri Aranazko Udalak egokitzat jotzen du ordenantza hau egitea eta onartzea, jarduera eta obra horiek gerora kontrolatzeko administrazio-prozedura definitzeko. Horrela, estaldura juridikoa emango zaio udalaren jarduketari eta segurtasun juridikoari obrak egin diren edo jarduera hasi den establezimenduetako titularrei, erantzukizunpeko adierazpen edo aurretiazko jakinarazpen baten bidez.

Azkenik, aipatu behar da Estatuko eta Nafarroako araudiak ezarriko dituela aurretiazko baimen administratiboa erantzukizunpeko adierazpenarekin ordezteko araubide horri lotutako jarduerak, 12/2012 Legearen azken xedapenetan 9.ak eta 10.ak ahalmena ematen baitiete gobernuari zein autonomia erkidegoei erantzukizunpeko adierazpena, eta, hortaz, ordenantza honek ezartzen duen ondorengo kontrolaren araubidea, aplikagarri izanen lituzketen azaleraren atalasea nahiz jardueren eta zerbitzuen katalogoa handitzeko.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da alderdi orokorrak arautzea Udalaren esku-hartze prozedurei aplikatzekoa zaien araubide juridikoan, Etxarri Aranazko establezimendu edo lokalei eta zenbait obrari dagokienez, erantzukizunpeko aitorpenarekin eta aurretiazko komunikazioarekin loturik, halakoak behar direnean merkataritzako txikizkako jarduerak gauzatzean, edo 12/2012 Legearen eranskineko beste zerbitzu batzuk gauzatzean, baita 448/2014 Foru Aginduaren eranskineko jarduera sailkatuak eta 1/2017 Foru Legearen 192. artikuluko obrak gauzatzean ere. Orobat, hori aplikatuko da indarreko legerian egiten diren aldaketetan, aipatutako prozedurekin loturik.

Ordenantza honen helburua da jarduera ekonomikoa bulkatzea eta dinamizatzea, eta zenbait obra egiteko eta zenbait jarduera abiarazteko tramiteak erraztea, beharrezkoak ez diren karga eta muga administratiboak kenduz, aipatutako jardueren hasierari eta gauzatzeari eragiten baitiete.

2. artikulua. Definizioak.

1. Ordenantza honen ondorioetarako, hona zer diren:

a) Erantzukizunpeko adierazpena: interesdun batek sinatzen duen dokumentua, non hark, erantzukizuna bere gain hartuta, adierazten baitu eskubide edo ahalmen bat aitortzeko edo hura erabiltzeko arauz ezarritako beharkizunak betetzen dituela, badaukala hori frogatzen duen dokumentazioa eta konpromisoa hartzen duela eskubidea aitortzen zaion edo erabiltzen duen aldi osoan betetzeko.

b) Aurretiazko komunikazioa: dokumentu bat zeinaren bidez interesdunek Administrazio Publiko eskudunari ezagutzera ematen baitizkiote beren identifikazio datuak eta gainerako beharkizunak, eskatzen direnak eskubide bat erabiltzeko, jarduera bat hasteko edo eteteko, edo titulartasuna aldatzeko.

c) Jarduera ekonomikoa: ondasunak ekoiztea edo zerbitzuak egitea dakarten industria edo merkataritza jarduera guztiak, Toki Korporazioen Zerbitzuen Erregelamenduaren 22.1 artikuluan aurreikusiari jarraikiz.

d) Zerbitzua: norbere konturako edozein jarduera ekonomiko, gehienetan ordainsari baten truke emana.

e) Jarduera sailkatua: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen IV. eranskinean eta garapeneko araudian sartutako jarduerak eta instalazioak.

f) Jarduera sailkatu gabea: indarreko ingurumeneko legerian jarduera sailkatu gisa ezarrita ez dauden jarduera guztiak.

g) Obra txikia: teknikoki erraza den obra, eta eraikuntzaren eta kostuaren aldetik, berriz, funts gutxikoa; normalean lan txikiak dira, konponketak, apainketak, edergarriak edo itxiturak egiteko, proiektu teknikorik eta aurrekontu handirik gabe. Ezaugarri horiek biltzeak zehazten du obra txikiaren kontzeptua. Ez dakarte inola ere bolumena, eraikitako azalera edo erabilera objektiboa aldatzea, eta ez dute eragiten inolako berregituratze, birbanatze edo funtsezko beste aldaketarik, higiezinen egiturazko elementuetan edo elementu komunetan, ezta kanpoko diseinuaren funtsezko aldakuntzarik edo etxebizitzen kopurua aldatzerik ere. Ez dute ukituko eraikinen edo instalazioen egitura (zutabeak, habeak eta abar), ezta horien bizigarritasun edo segurtasun baldintzak ere. Aitzitik, munta txikiko obrak dira, barnekoak zein kanpokoak.

h) Lizentzia: edozein egintza administratibo aurretiazko kontrolerako erabiltzen dena, erregelamendukoa eta deklarazio izaera duena, zeinaren bidez toki entitateak jarduketak baimentzen baititu, behin egiaztatu ondoren bat datozela egoki den indarreko antolamenduarekin.

i) Titulartasun aldaketa: Administrazioari egiten zaion komunikazioa, zeinaren bidez ezagutzera ematen baitzaio lehendik legeztatutako jarduera baten titulartasuna eskualdatzen dela. Titulartasun aldaketaren xede den jarduera hasierako jarduera bera izan behar da.

Aurreko titularraren erantzukizun eta eskubideak hartuko ditu berriak.

i) Jarduera etetea: enpresa jarduerak aldi baterako bertan behera uztea. Hau da, entitateak existitzen segitzen du, baina “jarduerarik ezako” egoeran.

j) Jarduera iraungitzea: jarduera behin betiko etetea, eta, hortaz, era guztietako jarduerei bukaera ematea. 2 urtez jarduerarik gabe egon ondoren (behin betiko uzten den egunetik zenbatzen hasita), Udalak iraungitze-espedienteari ekin beharko dio.

3. artikulua. Aplikazio-esparrua.

1. Erantzukizunpeko adierazpenaren eta geroko kontrolaren menpe jarriko dira:

a) Abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren II. eranskinean sartutako eta III. eranskinean sartu gabeko jarduera sailkatuak ezartzea, beste leku batera eramatea edo aldatzea, modu funtsezkoan izan edo ez (foru agindu haren bidez onetsi ziren abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua garatzen duten arauak, administrazioa bizkortzeko eta prozedurak errazteko arauak sartzeko asmoz; aipatutako foru dekretuak onetsi zuen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua). Bestela, horren ordezko edo osagarri ematen den arauari jarraikiko zaio.

b) Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 192. artikuluan sartutako obrak, edo horren ordezko edo osagarri ematen den arauan sartutakoak.

c) Jarduera oro abian jartzea, betiere jarduera sailkatua ez bada.

2. Aurretiazko komunikazioaren menpe egonen dira, kontuan izan gabe ea abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena edo lizentzia behar izan duten:

a) Jarduera guztien titulartasun aldaketak.

b) Izandako era guztietako jarduera ekonomikoak etetea eta iraungitzea.

4. artikulua. Salbuespenak.

1. Ordenantza honen aplikazio eremutik kanpo daude establezimendu, jarduera eta obra hauek, eta aplikatzekoa den araudi sektorialaren menpe egonen dira:

a) Obrak eta/edo jarduerak, baldin horien establezimendua atxikirik badago ondare historiko-artistikoko ondasunei, multzoei edo inguruneei, eta, hortaz, babes araubide baten menpe badaude, hala ezarri baitute legeria orokor edo sektorialak, lurralde antolamenduak edo hirigintzako planeamenduak.

b) Obrak jabari publikoko ondasunen erabilera pribatiboan eta okupazioan, eta jarduera horiek zeinek berekin dakarten jabari publikoko ondasunak ukitzea edo horien erabilera pribatiboa.

c) Jarduerak edo obrak, baldin aplikatzekoa den hirigintzako araudiaren arabera erabilera debekatuak badira.

d) Obra proiektua behar duten obrak, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legeari jarraikiz.

e) Obrak, baldin Nafarroako Foru Komunitateari badagozkio haien gaineko eskumena eta aurretiazko kontrola.

f) Hirigintzako plangintzan aurreikusitako antolamenduarekin bat ez datozen eraikinetan egin beharreko obrak.

g) Obrak, antolamenduz kanpo deklaratutako eraikinetan.

h) Behin-behineko gisa kalifikatutako obrak edo hirigintzako bestelako edozein jarduketa egitea, sektoreko legediak eta hirigintzako planeamenduak baimenduta daudelako, eten beharrekoak eta, edonola ere, eraitsi beharrekoak, inolako kalte-ordainik jaso gabe, Udalak erabakitzen duenean.

i) Eraikinen egitura eramailea (eskaileren ukipena eta behegainen eraikuntza barne) edo horien elementu komunak ukitzen dituzten obrak (salbu fatxada, estalki eta instalazioetan egiten diren obra txikiak).

j) Jardueren aldaketa.

k) Atikoen eta antzekoen itxitura.

l) Antzeko beste batzuk.

5. artikulua. Eredu normalizatuak.

Ordenantza honen eranskinetan dauden eredu normalizatuen arabera aurkeztu behar dira erantzukizunpeko adierazpenak eta aurretiazko komunikazioak.

Eredu horiek herritarren eskura egonen dira Etxarri Aranazko Udalaren webgunean, baita Udalaren bulegoetan ere, jendaurreko ordutegian.

LEHEN TITULUA

Kontu orokorrak erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa egiteko prozeduretan

I. KAPITULUA

Aurretiazko kontsulta

6. artikulua. Aurkezpena eta dokumentazioa.

1. Interesdunek aurretiazko kontsulta egiteko eskaerak aurkezten ahalko dituzte, honako hauei buruz: jardueraren bideragarritasun urbanistikoa, egin nahi diren egokitze eta instalazio obren gaineko tramiteak, eta jardueraren hasiera.

Aurretiazko kontsulta ez da izanen inola ere egokitasun teknikoaz eta hartu beharreko neurri zuzentzaileez, galarazi gabe hitzordua eskatu ahal izatea Udalaren zerbitzu teknikoekin, kontsulta tekniko zehatzak argitzeko.

2. Aurretiazko kontsulta egiteko, interesdunak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Udalak normalizatutako inprimakia, hirigintzako kontsultetarako.

b) Deskribapen txikia, behar adina datu dituena, deskribatuko dituztenak egin beharreko jardueraren edo obren ezaugarri orokorrak, baita kokaturik dauden higiezinarenak ere.

7. artikulua. Erantzuna.

Kontsulta araudi aplikagarrian ezarritako bitartekoen bidez ebatziko da, eta interesdunari jakinaraziko zaio, eta dagokion udal-tasa aplikatuko zaio.

Erantzun hori ez da loteslea Administrazioarendako, eta ez du salbuesten erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztetik.

II. KAPITULUA

Arau komunak

8. artikulua. Arau komunak.

1. Erantzukizunpeko adierazpena, aurretiazko komunikazioa eta kasu bakoitzerako eransten den dokumentazioa Etxarri Aranazko Udalaren erregistroan aurkezten ahalko dira, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako edozein erregistro eta bulegotan ere.

2. Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezteak ez dakar berez establezimendua eta/edo egin beharreko obrak eta/edo jardueraren hasiera bat datozenik aplikatzekoa den araudiarekin, eta ez du mugatzen Etxarri Aranazko Udalari aplikatzeko den araudi sektorialak egiaztatzeko, ikuskatzeko eta zehatzeko eta, orokorrean, kontrolatzeko ematen dizkion ahalmenen erabilera.

3. Erantzukizunpeko adierazpenak titularrari ahalmena emanen dio nahi duen eta eskaeran adierazi duen hirigintzako jarduera egiteko, baldin behar den dokumentazio nahitaezkoa badu, galarazi gabe egoki diren egiaztatze, kontrol eta ikuskatze ahalmenak.

4. Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar izanik, halakorik aurkeztu gabe egiten badira jarduketak, edo jarduerak gauzatzen edo garatzen badira kautelazko etetea edo behin betikoa deklaratu arren, ondorio guztietarako ulertuko da baimen edo lizentziarik gabeko jarduketak direla, eta lizentziarik gabeko jarduera sailkatuen, obren eta erabileren lege-babes eta zehapen araubide bera aplikatuko zaie, kasu bakoitzean egoki dena.

5. Erantzukizunpeko adierazpenean aurkezten diren datuak edo adierazpenak zuzenak ez badira edo faltsuak badira, edo zerbait funtsezkoa falta bada, edo adierazpena aurkezten ez bada Etxarri Aranazko Udalean, horrek berarekin ekarriko du jarduera, zerbitzua edo obra abiatu, garatu edo gauzatu ezina, egoera horren berri jakiten den unetik beretik, aparte utzirik izan litezkeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboak.

Udalak ebazpena emanen du aipatutako inguruabarrak gertatu direla deklaratzeko, eta erabakitzen ahalko du interesduna behartuta dagoela egoera juridikoa lehengoratzera, harik eta jarduera, zerbitzua edo obra abiatu, garatu edo gauzatu aitzineko uneraino, eta orobat erabaki xede berarekin bertze erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezteko ezintasuna, ordenantza honen IV. tituluan ezarritako epean, aplikatzekoak diren arau sektorialetan ezarri bezala.

6. Jarduera edo zerbitzu beraren inguruan lokal berean hainbat jarduketa egin behar badira, bidezko diren erantzukizunpeko adierazpenak eta/edo aurretiazko komunikazioak batera tramitatuko dira.

7. Etxarri Aranazko Udaleko zerbitzu teknikoek ezartzen badute ezen erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bidez hasitako espediente bat tramitatu beharko litzatekeela lizentziaren edo aurretiazko baimen baten menpeko prozeduraren bidez, aipatutako espedientea prozedura egokira birbideratuko da, alkatetzaren ebazpenaren bidez, beharrezkoa izan gabe interesdunak berriz ere eskaera egitea, eta ebazpen hartan deklaratuko da ezin dela onartu erantzukizunpeko adierazpen edo aurretiazko komunikazio hori, eta adieraziko da ezin dela ukitutako eskubide edo jarduera gozatzen hasi behar den aginduzko lizentzia lortu gabe.

Jarduera ezin bada legeztatu, aginduko da establezimendua ixteko.

8. Inola ere ez da ulertuko erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bidez hartzen direla legeriaren kontrako edo hirigintzako planeamenduaren kontrako ahalik, eta legeriaren edo hirigintzako planeamenduaren kontrako erantzukizunpeko adierazpenak eta aurretiazko komunikazioak erabat deusezak izanen dira, baldin eraginkor izateko funtsezko beharkizunak betetzen ez baditu.

9. Jardueren eta establezimenduen ardura duten pertsonak beharturik daude horiek behar bezalako baldintzetan gauzatu eta mantentzera, segurtasunari, osasungarritasunari, irisgarritasunari eta ingurumeneko kalitateari dagokienez, espazio publikoetan izan litekeen eragina murriztuz eta aipatutako baldintzak betetzeko behar diren teknikarik hoberenak erabiliz, horiek eskura badira.

10. Erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bidez egiten den jarduera edo obraren ardura dutenek betebehar berariazkoa dute jarduera edo obrako establezimenduan deklaratutako elementu eta beharkizunen frogagiriak gordetzeko, eta, behar denean, Udalaren esku jartzeko, baldin egiaztapen eta/edo ikuskapen jarduketetarako eskatzen bada.

11. Erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren menpe dauden jarduerak ikuskatzeko ofizialki izendatutako langileak agintaritzaren agentetzat hartuko dira, berezko dituzten eginkizunak betetzeko, ikuskapenetarako ezarri den bezala hirigintzako eta/edo ingurumeneko legerian.

12. Etxarri Aranazko Udalean indarrean diren ordenantza fiskalek arautuko dituzte erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezteak ekartzen dituen tributuak.

BIGARREN TITULUA

Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduketen araubide juridikoa

I. KAPITULUA

Obrak

9. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena behar duten obrak.

1. Indarreko hirigintzako araudiak ezarriko du zein diren erantzukizunpeko adierazpena behar duten obrak. Gainerako obrek lizentzia beharko dute, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 190. artikuluan xedatuarekin bat.

Gaur egun, erantzukizunpeko aitorpena behar duten obrak 1/2017 Foru Lege horren 192. artikuluan definitu dira.

2. Ordenantza honen ondorioetarako, hona zer diren:

2.1. Lokalak egokitzearekin lotutako obrak, txikizkako merkataritzako jarduera betetzeko eta zerbitzu jakin batzuk emateko, aplikatzekoa den araudi sektorialarekin bat:

a) Talde honetan sartuko dira lokaletako obrak baldin erakusketarako eta salmentarako azalera erabilgarriak ez badu gainditzen 12/2012 Legeak ezarritako azalera (gaur egun, 750,00 metro koadro), betiere ez badute obra proiektu bat behar, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legeari jarraikiz.

b) Orobat, 12/2012 Legean jasotzen diren ezaugarrien antzekoak dituzten eta zerbitzuetarako diren lokaletako obrak ere sartuko dira.

2. Garrantzi edo tamaina txikiko obrak, eta obra txikiak:

a) Etxebizitzen barneko obrak, etxebizitzen erabilera edo kopurua aldatzea ez dakartenak, konparaziorako:

–Igeltserotza-lanak eta trenkadetakoak.

–Estaldurak eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea.

–Barneko arotzeria aldatzea edo ordeztea.

–Tresna sanitarioak aldatzea edo ordeztea.

–Ezarpen berriak, eta instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berritzea edo aldatzea.

b) Obrak, era guztietako lokaletan:

–Fatxadak eraberritzea.

–Estaldurak eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea.

–Instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berritzea, aldatzea edo ezartzea.

–Garrantzi txikiko obrak, eta obra txikiak.

c) Fatxadetako eta estalkietako obra puntualak, adibidez:

–Balkoiak ixtea, jabeen elkarteak eraikin osoak jarraitu beharreko modeloa onetsi ondotik, eta betiere eraikin horretarako hirigintza aldetik egiten ahal bada. Aurretiazko kontsulta bat tramitatu beharko da, 6. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

–Galdarak jartzea kanpoan (etxebizitzen balkoietan) eta/edo gasaren hodiak fatxadetan, betiere fatxadaren diseinu bateratua mantenduz. Aurretiazko kontsulta bat tramitatu beharko da, 6. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

–Olanak paratzea goiko solairuetan eta lokaletan.

–Baoak irekitzea lokalen beheko solairuan, baldin eta ez badute eraldatzen fatxadaren konfigurazio orokorra.

–Kanpoko arotzeria ordeztea.

–Fatxadak margotu, paramentuak konpondu eta fatxadako elementuak (eskudelak, moldurak eta antzekoak) konpontzea eta ordezkatzea. Arriskuen ebaluazio azterlana aurkeztu beharko da, obra gauzatzen duen enpresak egina.

–Estalkiak konpontzea, bai jarduketa puntualetan bai fatxaden zaharberritze integraletan eta estalkien teilaberritzeetan. Jarduketak diseinu bateratua eman beharko dio eraikinaren estalki edo fatxada osoari. Arriskuen ebaluazio azterlana aurkeztu beharko da, obra gauzatzen duen enpresak egina.

–Zorrotenak garbitu eta ordeztea.

d) Eraikinen instalazio edo azpiegitura komunetako obrak:

–Konponketak, ordezkapen partzialak edo osoko eraberritzeak.

–Instalazio edo azpiegitura berriak ezartzea.

e) Eraispen puntual txikiak, etxebizitzak edo lokalak zaharberritzeko proiektu bat idatzi aurrekoak.

f) Eraberritze txikiak kanpoaldeko urbanizazioetan eta jabetza pribatuko lorategi eremuetan.

g) Etxebizitzen eraikinetako atariak berritzeko obrak, soilik estaldurei edo dekorazioari eragiten badiete, eta konponketak, araudiko baldintzak nabarmen aldatzen ez badituzte.

h) Artikulu honetan aipatutakoen ezaugarri antzekoak dituzten obra txikiak edo garrantzi txikikoak.

3. Itxiturak eta hesiak.

4. Bide publikotik ikusten ahal diren errotuluak eta publizitate kartelak, salbu egiturazko elementuak dituztenak (proiektu teknikoa behar baitute).

5. Eraiki aurreko lanak, adibidez zundaketak, prospekzioak, laginak eta saiakuntzak.

10. artikulua. Obrak egiteko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, eta erantsi beharreko dokumentazioa.

Titularrak edo sustatzaileak obra hasi aurretik aurkeztu beharko du erantzukizunpeko adierazpena.

VI. eranskinean ezartzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da gutxienez. Etxarri Aranazko Udalak beste agiri batzuk ere eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada erantzukizunpeko adierazpena behar duten obrak zuzen eta osoki zehazteko, edo araudira egokituko direla bermatzeko.

II. KAPITULUA

Jarduera sailkatuak

11. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera sailkatuak.

Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera sailkatuak izanen dira indarreko ingurumeneko araudiak ezartzen dituenak.

Abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren II. eranskinean zehazturik daude, gaur egun, jarduera horiek. Foru agindu horrek abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua garatzen duten arauak ezartzea du helburu, administrazioa bizkortzeko eta prozedurak errazteko arauak sartzeko asmoz; aipatutako foru dekretuak Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten du.

12. artikulua. Jarduera sailkaturako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, eta erantsi beharreko agiriak.

Egin beharreko obra eta/edo jardueraren titularrak edo sustatzaileak aurkeztu beharko du erantzukizunpeko adierazpena, obra eta/edo jarduera hasi aurretik.

V. eranskinean ezartzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da gutxienez. Etxarri Aranazko Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera sailkatuak zuzen eta osoki zehazteko, edo araudira egokituko direla bermatzeko.

III. KAPITULUA

Jarduerak abiaraztea

13. artikulua. Abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduerak.

Jarduera guztiak, sailkatuak izan nahiz ez izan, jarduera bat abiaraztea baldin badakarte berekin, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez tramitatuko dira.

14. artikulua. Jarduera abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, eta erantsi beharreko agiriak.

Jarduera abiarazi behar denean, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du titularrak edo sustatzaileak, jarduera hasi aurretik eta behin jarduera gauzatzeko behar diren baldintza sektorial guztiak beteta eta baimen guztiak eskuratuta.

VII. eranskinean ezartzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da gutxienez. Etxarri Aranazko Udalak beste agiri batzuk ere eska ditzake, kasu bakoitzerako beharrezkotzat jotzen badu, lokala eta/edo jarduera zuzen eta osoki definitzeko, edo araudira egokitzen dela bermatzeko.

IV. KAPITULUA

Erantzukizunpeko adierazpenaren ondorioak eta eraginkortasuna

15. artikulua. Proiektatutako jarduera eta/edo obra hastea.

Erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak interesdunari ahalmena ematen dio proiektatutako jarduera hasteko eta/edo obrak gauzatzeko, aurkezpenaren egunetik beretik edo hasierarako adierazitako egunetik, baldin Udalaren esku uzten bada legez eskatzen den dokumentazio osoa, tramitaziorako, galarazi gabe udal administrazioak egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko esleituta dituen ahalmenak.

Aurkeztutako eta behar bezala zigilatutako dokumentazioaren kopia edo erregistro elektronikoak luzatutako ordainagiria jendaurrean egonen da jarduera egiten den establezimenduan.

16. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasuna.

1. Jarduera sailkatuak.

Jarduera sailkaturako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ondoren, 2 urteko epean ez bada proiektua gauzatzen hasten, edo 3 urteko epean ez bada bukatu gauzatzea edo jardueraren hasiera, beharrezkoa izanen da proiektuaren gauzatzea hasi edo jarraitu nahi duen pertsonak jarduera sailkaturako erantzukizunpeko adierazpen berri bat aurkeztea.

2. Obrak.

Obren kasuan, interesdunak erregistroan eskabidea eskatzen duenean, ezagutzera emanen du zer egunetan aurreikusten duen obra hastea eta bukatzea, Udalak aukera izan dezan hura egiaztatzeko eta ikuskatzeko. Eskabidea Udalaren erregistroan aurkeztean ezin badira egun horiek aurreikusi, gero emanen zaizkio aditzera Udalari, idatziz, eskabide orokor baten bidez.

Nolanahi ere, obrak sei hilabeteko epean hasiko dira, erantzukizunpeko adierazpena aurkezten denetik, eta hasten direnetik hamabi hilabeteko epean bukatu beharko dira. Pertsona interesdunak obrak gauzatzeko epea luzatzea edo geroratzea eska dezake, gehienez ere aurreko epeen erdirako.

Epe horiek iraganik obrak ez badira ez hasi ez gauzatu, Udalak, Alkatetzaren ebazpenaren bidez, erantzukizunpeko adierazpena eten eginen du, eta eraginkortasuna galduko du. Hortaz, obrak hasteko edo horiei segida emateko beharrezkoa izanen da erantzukizunpeko adierazpen berri bat aurkeztea.

3. Jarduerak abiaraztea (bai jarduera sailkatuak bai sailkatu gabeak).

Pertsona interesdunak jarduera hasteko data adierazi beharko du eskabidea aurkezten duenean, Udalak aukera izan dezan egiaztatzeko, hala erabakitzen bada.

Jarduera abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena aurkezturik, jarduera ez bada hasten edo gelditzen bada 2 urtetik gora, beharrezkoa izanen da jarduera hasi edo hari segida eman nahi dion pertsona interesdunak erantzukizunpeko adierazpen berri bat aurkeztea.

HIRUGARREN TITULUA

Aurretiazko komunikazioa behar duten jarduketen araubide juridikoa

I. KAPITULUA

Titulartasuna aldatzea eta jarduera etetea

17. artikulua. Aurretiazko komunikazioa behar duten jarduketak.

a) Jardueraren titulartasunaren aldaketa, izan jarduera sailkatua nahiz sailkatu gabea, kontuan izan gabe ea jardueraren abiaraztea egon den lizentziaren, erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren menpe.

b) Jarduera etetea eta/edo iraungitzea, izan jarduera sailkatua nahiz sailkatu gabea, kontuan izan gabe ea jardueraren abiaraztea egon den lizentziaren, erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren menpe.

18. artikulua. Titulartasuna aldatzeko aurretiazko komunikazioa eta erantsi beharreko dokumentazioa aurkeztea.

Titulartasun aldaketaren aurretiazko komunikazioa gehienez ere hamabost eguneko epean aurkeztu behar da, jarduera egin behar den lokalaren salerosketa, alokairu edo eskualdatze kontratua sinatzen denetik.

VIII. eranskinean ezartzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da gutxienez. Etxarri Aranazko Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada aurretiazko komunikazioaren xede den titulartasun aldaketa zuzen eta osoki zehazteko.

19. artikulua. Jarduera eteteko aurretiazko komunikazioa eta erantsi beharreko dokumentazioa aurkeztea.

Jarduera eteteko aurretiazko komunikazioa gehienez ere hamabost eguneko epean aurkeztu behar da, eteten denetik hasita. Halako eguntzat hartuko da data hori non Udalaren zerbitzu teknikoek egiaztatzen duten jarduera eten edo iraungi egin dela.

IX. eranskinean ezartzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da gutxienez. Etxarri Aranazko Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada aurretiazko komunikazioaren xede den titulartasun aldaketa zuzen eta osoki zehazteko.

20. artikulua. Betebeharra eta ondorioak.

Jardueraren titulartasun aldaketen eta/edo eteteen aurretiazko komunikazioa (ordenantza honen aplikazio eremuko jarduerak ukitzen dituenean) ondorio informatiboetarako bakarrik eskatuko da.

Betebehar hori betetzen ez bada, administrazioak aukera izanen du, zuzenbideak ezartzen dituen bitartekoen bidez, zehazteko noiz izan diren gertaera horiek, egoki diren ondorioetarako, galarazi gabe horietan xedatutakoa, aplikatzekoa den zehapen prozeduran.

Aurretiazko komunikazioek kasuan kasuko legerian zehazten diren ondorioak sortuko dituzte. Haiei esker, aurkezten diren egunetik beretik eskubidea onartu edo erabiliko da edo jarduera bat hasiko. Betiere, galarazi gabe Administrazio Publikoek dituzten ahalmenak egiaztapena, kontrola eta ikuskapena gauzatzeko.

Titulartasuna aldatzen bada, aurkeztutako eta behar bezala zigilatutako dokumentazioaren kopia edo erregistro elektronikoak luzatutako ordainagiria jendaurrean egonen da jarduera egiten den establezimenduan, harik eta Udalak jardueraren abiarazteari buruzko frogagiria ematen duen arte.

21. artikulua. Dokumentazioaren eskaera.

Behin aurretiazko komunikazioa aurkezturik, Udalak egiaztatuko du ea aurkeztutako dokumentazioa osorik dagoen.

Agiri guztiak aurkeztu ez badira, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean komunikazioa zuzen dezala, eta aurretiazko komunikazioaren eraginkortasuna eten eginen da harik eta eskatzen den zuzenketa egiten den arte.

Epe horretan komunikazioa zuzentzen ez bada, aplikatzekoa den zehapen prozeduraren arabera jokatuko da.

22. artikulua. Jarduera ezaren ondorioak.

Titulartasuna aldatzeko aurretiazko komunikazioa aurkezturik, jarduera ez bada hasten edo eteten bada 2 urtetik gora, beharrezkoa izanen da jarduera berriz hasi edo hari segida eman nahi dion pertsona interesdunak erantzukizunpeko adierazpen berri bat aurkeztea.

Baldin, jarduera eten denetik, 2 urteko epean berriz hasten ez bada, beharrezkoa izanen da berriz hasteko interesdunak jarduerarako lizentzia berri bat eskatzea, eta/edo jarduera abiarazi izanaren erantzukizunpeko adierazpen berri bat, kasu bakoitzean behar dena.

Baldin, jarduera etetearen aurretiazko komunikazioa aurkezten denetik 2 urte iragan gabe, jarduerari berriz ekin nahi bazaio, jarduera berriz hasteko aurretiazko komunikazioa aurkeztu beharko da (baldin jarduera eten zuen titular berbera bada) edo titulartasun aldaketaren aurretiazko komunikazioa (titularra beste bat izan behar bada).

LAUGARREN TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

23. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Hirigintzako arau-hausteak eta legeria sektorialak araututako gainerako arau-hausteak sailkatuko eta zehatuko dira egoki den legerian ezarritakoaren arabera.

Gainera, arau-hauste administratibotzat hartuko dira ordenantza honen arauak urratzen dituzten egintzak eta ez-egiteak, baita udal administrazioak edo haren mandatariek hura aplikatzean ematen dituzten agindu eta errekerimenduei ez obeditzea ere.

Arau-hausteak oso astunak, astunak eta arinak izan daitezke, hurrengo artikuluetan ezarritako tipifikazioari jarraituz, deusetan ukatu gabe arlo horretan aplika daitezkeen arauek ezar dezaketena, zehapen ahalmena udal administrazioarena den arau-hausteen sailkapenari dagokionez.

24. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

1. Arau-hauste oso astuntzat joko dira:

a) Ordenantza honetan ezarritako zehapen osagarriak ez betetzea.

b) Falta astunak errepikatzea edo haietan berrerortzea.

c) Arau-haustearekin ondasunen edo pertsonen segurtasuna edo osotasun fisikoa arriskuan edo arrisku larrian jartzen bada, edo bizikidetza modu larrian nahasten bada, horrekin beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideen erabilerari edo jardueraren garapen normalari larriki, berehalakoan eta zuzenean eraginez.

2. Arau-hauste astuntzat joko dira:

a) Erantzukizunpeko adierazpenari eta aurretiazko komunikazioari erantsitako edozein datu, adierazpen edo agiri funtsean ez-zuzena edo faltsua izatea, edo zerbait falta izatea.

b) Jardueran aritzea Udalean erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu gabe.

c) Jardueran aritzea indarrean den araudian eskatutako baldintzak, erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan espresuki, argi eta zehatz azaltzen direnak, bete gabe.

d) Jardueran aritzea izan gabe indarrean den araudian eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak, erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan espresuki, argi eta zehatz azaltzen direnak.

e) Agintaritza eskudunak jarduera eteteko aitzinetik dekretatu duelarik, agindua ez betetzea.

f) Establezimendu publikoak segurtasun arloan egoera txarrean edukitzea, horrekin eskatutako segurtasun maila jaisten bada.

g) Establezimenduetan, adierazitakoaz besteko jardueretan aritzea.

h) Establezimenduak eta bertako instalazioak nabarmen aldatzea, baimen berririk edo erantzukizunpeko adierazpenik tramitatu gabe.

i) Ezarritako neurri zuzentzaileak edo horiek gauzatzeko errekerimendua ez betetzea.

j) Arau-hauste arinak errepikatzea edo haietan berrerortzea.

k) Agintari eskudunek ikuskapen eginkizunak betetzeari trabak jartzea.

3. Arau-hauste arintzat joko dira:

a) Establezimenduak, bertako instalazioak edo baldintza teknikoak arinki aldatzea, hala adierazi gabe baimenaren espedientean, erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan.

b) Jardueren titulartasun aldaketek behar duten aurretiazko komunikaziorik ez izatea.

c) Ordenantza honetan, legeetan eta erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoa ez betetzea, baldin eta arau-hauste oso astun edo astun gisa tipifikaturik ez badago.

25. artikulua. Zehapen ahalmenaren erabilpena.

Zehapen ahalmena erabiliko da ordenantza honetako dagokion tituluan ezarritakoari jarraituz.

Zehapen espedienteak tramitatuko dira administrazio prozedura arautzen duen legedia orokorrean eta hura garatzen duten erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoari jarraituz.

26. artikulua. Zehapenak.

1. Araudi sektorial berariazkoa izan ezean, ordenantza honetan tipifikaturiko arau-hausteak egiteak ondoko zehapenak ekarriko ditu:

a) Arau-hauste oso astunak: 1.001 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna.

B) Arau-hauste astunak: 501 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.

c) Arau-hauste arinak: 100 eurotik 500 eurora bitarteko isuna.

27. artikulua. Zehapen osagarriak.

Ezarritako diru bidezko zehapenak ezertan galarazi gabe, ordenantza honetako arau-hausteek zehapen osagarri hauek izan ditzakete:

a) Jarduerak aldi baterako etetea eta establezimenduak aldi baterako ixtea, hilabetetik hiru hilabetera bitartez arau-hauste astunen kasuan, eta hiru hilabetetik sei hilabetera bitarte, arau-hauste oso astunen kasuan.

b) Sustatzailea desgaitzea arau-haustea egin zueneko jarduera berdinean edo antzekoan aritzeko, hilabetetik hiru hilabetera bitarte, arau-hauste astunen kasuan, eta hiru hilabetetik sei hilabetera bitarte, arau-hauste oso astunen kasuan.

c) Erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasun eza deklaratzea, arau-hauste astunen eta oso astunen kasuan.

28. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak.

1. Arau-hausteen erantzuleak izanen dira, inguruabarrak kontuan harturik, haien portaerarekin arau-hausteak egiten dituztenak, bereziki eta kasuen arabera:

a) Jardueren titularrak.

b) Jardueraren ustiapen tekniko eta ekonomikoaren arduradunak.

c) Dokumentazio teknikoa sinatzen duten teknikariak.

2. Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzea zenbait pertsonari batera dagokielarik, solidarioki erantzunen dute egiten diren arau-hausteetan eta ezartzen diren zehapenetan. Pertsona juridikoak iraungitzen badira, erantzukizuna subsidiarioki eskatuko zaie haien administratzaileei.

3. Arau-hausleen erantzuleak teknikariak badira eta horiek lanbidean aritzeko kidetuta egon behar badute, egitate horiek dagokion elkargo profesionalari jakinaraziko zaizkio, bidezko neurriak har ditzan zehapen prozeduraren tramitazioaren ondorioz, ezertan ukatu gabe udal administrazioak ezartzen ahal dizkien zehapenak.

29. artikulua. Zehapenen mailaketa.

1. Arau-hauste mota bakoitzari dagokion zehapena ezartzeko, proportzionaltasunaren printzipioa aplikatuko da, eta, nolanahi ere, honako mailaketa irizpide hauek kontuan hartuko dira:

a) Arau-haustearen larritasuna.

b) Nahita ari izana.

c) Kalteak nolakoak diren.

d) Behin baino gehiagotan egin den.

e) Berregilea izatea.

f) Lanbidea, profesioa edo ohiko jarduera dela-eta norainoko ezagutza duen legezko araudiaz eta nahitaez bete beharreko lege teknikoez.

g) Arau-haustetik ateratako onura edo, hala behar bada, hura egitea etor daitekeen onura ekonomikoari begiratu gabe.

2. Berregilea dela ulertuko da eite ezberdineko arau-hauste bat baino gehiago egiten baditu urtebeteko epean, ebazpen irmo baten bidez halakotzat jo bada.

3. Berrerortzetzat joko da urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea, ebazpen irmo baten bidez halakotzat jo bada.

4. Isunaren zehapenak ezartzeko orduan betiere kontuan hartuko da zehapena betetzea hautsitako arauak betetzea baino onuragarriagoa ez izatea arau-hauslearentzat.

5. Zehapenak mailakatzeko orduan, inguruabar astungarriak izanen dira:

a) Pertsonen segurtasun eta osasunean, eta ingurumenean kalte egiteko arriskua.

b) Araua hautsi duen jardueraren ondoriozko onura.

c) Arau-haustearen eragilea nahita ari izana.

d) Arau-hausteen berregilea izatea eta haietan berrerortzea, baldin eta aitzinetik horiek kontuan hartu ez badira zehatu daitekeen arau-haustea zehazteko.

e) Arau-haustea egitea eremu zaratatsuetan.

6. Inguruabar aringarria izanen da arau-haustearen egileak, bere kabuz, neurri zuzentzaileak hartzea zehapen espedientea ireki aitzin.

30. artikulua. Behin-behineko neurriak.

1. Halaber, arrazoitutako erabakiaren bitartez, behar diren behin-behineko neurriak har daitezke, berma daitezen ebazpenaren eraginkortasuna, prozeduraren bukaera egokia, arau-haustearen ondorioek ez irautea eta interes orokorrei eustea.

2. Behin-behineko neurri horiek izaten ahalko dira: establezimenduak edo instalazioak ixtea eta/edo jarduerak etetea. Eraginkortasuna mantenduko da, harik eta eskatutako baldintzak betetzen direla edo atzemandako akatsak zuzentzen direla modu ukaezinean frogatzen den arte.

31. artikulua. Zehatzeko prozedura.

1. Zehapen prozedura Alkatetzaren ebazpenak abiaraziko du, ofizioz edo salaketaren bidez egindako jarduketei jarraikiz.

2. Ebazpenean zehaztuko da nor izanen den jarduketen instruktorea eta hura jakinaraziko zaio ustezko erantzuleari.

3. Instruktoreak karguen agiria idatziko du, eta zehaztuko du zein den egintzei dagokien arau-haustea, egotz daitekeen zehapena eta hori ezartzeko organo eskuduna. Ustezko erantzuleari jakinaraziko zaio, eta hark hamabost eguneko epea izanen du bidezkoak iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko bere eskubideen defentsan.

4. Instruktorearen karguen agirian ondokoa zehaztuko da:

a) Egiaztatutako egintzak, betiere garrantzitsuenak nabarmenduta arau-haustearen tipifikazioari eta zehapenaren graduazioari dagokienez.

b) Ustez egindako arau-haustea, urratutako agindua edo aginduak adierazita.

c) Kasuan kasuko zehapena, haren graduazioa eta kuantifikazioa.

d) Prozedura ebazteko eskumena izan dezakeen organoa, eta hura zer arauditan zehazten den.

5. Alegazioak aurkezteko epea iraganik, eta hala balegokio, baita frogak egitekoa ere, beharrezkoak juzgatzen diren eginbideen aurretik, instruktoreak ebazpen proposamena eginen du eta espedientearekin batera Alkatetzari igorriko dio. Alkateak, organo eskuduna izanik, beharrezko ebazpena emanen du, edo, bestela, instruktoreari aginduko dio behar adina eginbide osagarri aurrera eramateko.

Alegazioen edo frogen ondorioz bestelako egintzak egiaztatzen badira edo karguen agirian jasotakoak baino larriagoak badira, instruktoreak interesdunari helaraziko dio karguen beste agiri bat dagokion zehapenarekin, hamabost eguneko epean bidezko iruditzen zaizkion alegazioak aurkez ditzan.

7. Zehapen prozedura amaitzen duen ebazpena arrazoitua izanen da eta espedientean azaldutako gai guztiak ebatziko ditu.

Ebazpenak ez du onartuko prozeduran aztertu ez den gertaerarik, zein den ere haien balorazio juridikoa.

Ebazpena betearazlea izanen da bide administratiboari amaiera ematen badio.

8. Zehapen prozedura ebazteko eperik luzeena, arau-haustearen kalifikazioa kontuan hartu gabe, sei hilabetekoa izanen da, zehapen espedientea abiarazteko ebazpenaren egunetik hasita. Beste sei hilabeterako luzatzen ahal da, gehienez ere, erabaki arrazoituaren bidez betiere.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Alkatetzaren ebazpen baten bidez alda daitezke ordenantza honen eranskinak, baldin aldaketak berarekin badakar karga administratiboak murriztea eta/edo prozesua erraztea eta arintzea, eta aplikatzekoak diren arau sektorialetan xedatutakoari jarraitzen badio. Horrenbestez, honetarako ahalmena ematen zaio Alkatetzari:

a) Ordenantza honen eranskinak zabaltzea eta murriztea, beharrezkotzat jotzen diren alderdiak sartuz edo kenduz, araua hobeki garatzeko. Horrek berarekin ekarriko ditu, besteak beste, honako hauek onestea eta aldatzea: eskabideetarako eredu normalizatuak, aurretiazko kontsulta, erantzukizunpeko adierazpena, aurretiazko komunikazioa, ikuskapen aktak, prozeduraren definizioa eta erantsi beharreko dokumentazioa edo establezimenduan gorde beharrekoa, edukia zehazturik.

b) Behar diren xedapenak ematea, ordenantza honetan ezarritakoa garatzeko.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Prozedura bat hasi bada ordenantza honek indarra hartu baino lehen, aurreko araudiak eskatutako lizentziak edo baimenak lortzeko helburuz, prozedura noiz hasi eta orduko araudia aplikatuta ebatziko da. Nolanahi ere, interesdunak, ebazpenaren aurretik, eskaeran atzera egin dezake, eta, hala, aukera dezake araudi berria aplikatzea, eta tramitazioan aurrera egitea ordenantza honetan araututako prozedura edo araubideen bidez, baldin espresuki uko egiten badio aurreko espedientea tramitatzeari, Etxarri Aranazko Udalari hala komunikatzen badio eta ordenantza honetan azaldutako prozedura bakoitzean eskatzen den dokumentazioa aurkezten badu.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari begira.

ERANSKINAK

I. ERANSKINA

Jarduera sailkatuaren erantzukizunpeko aitorpenaren eredua.

II. ERANSKINA

Obren erantzukizunpeko aitorpenaren eredua.

III. ERANSKINA

Jarduera abiarazteko erantzukizunpeko aitorpenaren eredua.

IV. ERANSKINA

Titulartasuna aldatzeko edo eteteko aurretiazko komunikazioaren eredua.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

V. ERANSKINA

Jarduera sailkatuaren erantzukizunpeko aitorpenarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

a) Udalak normalizatutako eredua (I. eranskina), behar bezala beteta.

b) Ordezkaritzaren frogagiria, hala behar denean, partikularra, legala edo profesionala denean ere.

c) Jarduera sailkatuaren proiektua, agiri bidez ikus-onetsia, dokumentazioa 448/2014 Foru Aginduaren 27. artikuluan eta haren ordez une bakoitzean ematen den arauan ezarritakora egokitua. Adierazi beharko dira Nafarroako Gobernuko Proiektuen Kontsignak emandako proiektuaren zenbakia eta sarbide gakoa, agiri bidezko ikus-onespena duen proiektu teknikorako. Gainera, kopia bat eman beharko da paperean, eta beste 4 formatu digitalean.

d) Teknikari eskudunak idatzitako ziurtagiria, frogatzen duena jarduerak betetzen dituela ingurumeneko eta hirigintzako araudia, baita aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

e) Proiektatutako obren eta instalazioen zuzendaritzarako teknikaria kontratatzearen frogagiria.

f) Egintza, lan edo jarduerak behar dituen baimenak, kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiak eskatzen dituenak.

g) Eranskineko erantzukizunpeko aitorpenari dagokion dokumentazioa.

VI. ERANSKINA

Jarduera sailkatuaren erantzukizunpeko aitorpenarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

Oro har, kasu guztietan, ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:

a) Udalak normalizatutako eredua (II. eranskina), behar bezala beteta.

b) Ordezkaritzaren frogagiria, hala behar denean, partikularra, legala edo profesionala denean ere.

c) Erantzukizunpeko aitorpena zer obretarako aurkezten den, horien memoria deskriptiboa.

d) Kontu-sailetan zehaztutako aurrekontua, materialak eta eskulana barne.

e) Obrek behar dituzten baimenak, kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiak eskatzen dituenak.

f) Obren zuzendaritzarako teknikari eskuduna kontratatu izanaren frogagiria, baldin obrek egiturazko elementu txikiak ukitzen badituzte (hala nola teilatu hegalak, balkoietako lauzak, estalkiko petralak edo gisakoak), edo obrek hala eskatzen badute, dokumentazio espezifikoaren arabera, egin beharreko obraren arabera.

Horien artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

f.1) Lokalak egokitzearekin lotutako obrak, txikizkako merkataritzako jarduera betetzeko eta zerbitzu jakin batzuk emateko (12/2012 Legearen Eranskina).

–Egungo egoeraren eta zaharberrituaren planoak, adierazita azalerak, erabilerak eta instalazioak.

–Aplikatzekoa den araudia (hirigintzako planeamendua, CTE-SI, CTE-SUA, irisgarritasuna, zaratak, etab.) betetzen dela frogatzen duen memoria teknikoa, salbu obra txikien kasuan; horietan, ondoko 2. apartatuan adierazitako dokumentazioa eskatuko da.

–Fatxadaren egungo egoeraren argazkiak.

–Proiektatutako obren eta instalazioen zuzendaritzarako teknikaria kontratatzearen frogagiria. Ez da eskatuko garrantzi edo tamaina txikiko obretan eta frogagiri hori behar ez duten obra txikietan (ikus hurrengo apartatuko B mota).

f.2) Garrantzi edo tamaina txikiko obrak, eta obra txikiak:

A mota.–Obrak, etxebizitzetan:

A.1. Etxebizitzen barneko obrak, bizigarritasun baldintzak betetzea oztopatzen ez dutenak, etxebizitzen erabilera edo kopurua aldatzea ez dakartenak edo eraikinaren elementu komunak ukitzen ez dituztenak, konparaziorako: estaldura eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea; barneko zura aldatzea edo ordeztea; osasunerako tresneria aldatzea edo ordeztea; instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berritzea edo aldatzea.

A.2. Etxebizitzen barneko obrak (igeltserotza eta trenkadak):

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

–Obrak zuzentzeko teknikari eskuduna kontratatu izanaren frogagiria, baldin eta obrak 80 urtetik goragoko eraikinetako etxebizitzetan egin behar badira eta haietan trenkadak eraitsi, edo banaketa-aldaketak egin behar badira.

–Bizigarritasun baldintzak aldatzen badira, Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza Zerbitzuaren txostena aurkeztu beharko da.

A.3. Obrak etxebizitzen barrenetan (azpiegitura edo instalazio berriak paratzea):

–Etxebizitzaren planoa, ezarriko diren instalazioak dakartzana.

B mota.–Obrak lokaletan:

B.1. Fatxadak eraberritzeko obrak:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

–Fatxadaren egungo egoeraren argazkiak.

B.2. Estaldurak eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

B.3. Instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berritzea, aldatzea edo ezartzea:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

–Obrak zuzentzeko teknikari eskuduna kontratatu izanaren frogagiria, baldin eta obrak 80 urtetik goragoko eraikinetako etxebizitzetan egin behar badira eta haietan trenkadak eraitsi, edo banaketa-aldaketak egin behar badira.

C mota.–Fatxadetako eta estalkietako obrak, adibidez:

C.1. Fatxadetako eta estalkietako obra puntualak, dauden materialak, koloreak eta diseinua mantentzen badira, esaterako: estalkiak konpontzea; zorrotenak garbitzea eta ordeztea; fatxadak margotu, paramentuak konpondu eta fatxadako elementuak (eskudelak, moldurak eta antzekoak) konpondu eta ordeztea, kanpoko zura ordeztea.

–Fatxadetako eta estalkietako jarduketetan, obren xede diren elementuen argazkiak aurkeztu beharko dira.

–Kanpoko zura ordeztea. Jabeen Elkartearen erabakia, kanpoko zuraren modeloa onesten duena, Udalak normalizatutako V1 ereduari jarraituz, edo higiezin bererako aurretik aurkeztu izanaren komunikazioa.

C.2. Balkoiak ixtea. Jabeen Elkartearen erabakia, balkoiaren itxitura eredua eta/edo olanaren eredua onesten duena, B1 eredu normalizatuari jarraituz, edo aurretik aurkeztu izanaren komunikazioa.

C.3. Galdarak kanpoan jarri eta/edo fatxadetan gas hodiak paratzea. Jabeen Elkartearen erabakia, irteera modeloa onesten duena eta/edo galdarak kanpoan jartzekoa, H1 eredu normalizatuari jarraituz, txosten tekniko onetsiarekin batean, edo aurretik aurkeztu izanaren komunikazioa.

C.4. Eraikin eta lokaletan eguzki-oihalak paratzea:

–Haien diseinua zehazteko dokumentazioa (planoak, argazkiak...).

–Fatxadaren argazkia eta/edo krokisa, zehazteko non kokatuko diren.

–Eraikinetako etxebizitzen edo etxebizitza atxikien eguzki-oihalen kasuan: jabeen elkartearen onespena.

C.5. Fatxada-baoak zabaltzea beheko solairuan:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

–Baoa zer fatxadetan ireki behar den, haren argazkia.

C.6. Obrak fatxada eta estalkietan, oro har:

–Egungo egoeraren planoak eta eraberritu ondokoak, baldin diseinua, elementuen distribuzioa eta abar ukitzen badira.

–Justifikazio grafikoa eta/edo idatzia, agertzeko fatxadaren edo estalkiaren diseinuari eutsiko zaiola.

–Fatxadaren argazkia.

–Jabeen Erkidegoak eredua onartzeko akordioa.

D mota.–Eraikinen instalazio edo azpiegitura komunetako obrak:

D.1. Egungo instalazioen trazaduran edo instalazio berrien ezarpenean aldaketak dakartzaten obrak:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

D.2. Fatxada ukitzen duten obrak:

–Fatxada horien argazkiak eta proposatutako obraren krokisa.

–Azterlan teknikoa, frogatzeko betetzen direla aplikatzekoak zaizkion araudia eta udal ordenantzak.

D.3. Gas instalazioak:

–Azterlan teknikoa, enpresa hornitzaileak zigilatua, instalazioa deskribatzeko, eta frogatzeko betetzen direla aplikatzekoak zaizkion araudia eta udal ordenantzak.

F mota.–Etxebizitzen eraikinetako atariak berritzeko obrak (dekorazioa, estaldura), baldin araudiko baldintzak nabarmen aldatzen ez badituzte:

–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.

–Egungo egoeraren argazkiak.

–Txosten teknikoa, jarduketak araudiaren alderdiren bat ukitzen badu.

G mota.–Antzeko beste batzuk, “Garrantzi edo tamaina txikiko obrak, eta obra txikiak” apartatuan adieraziak:

–Antzekotasun handieneko obretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

G.1. Itxiturak eta hesiak.

–Partzelaren planoa.

–Itxitura edo hesiaren modeloari buruzko dokumentazio teknikoa, adieraziz ezaugarriak, altuera, materialak, etab.

G.2. Eremu publikotik ikusten diren publizitate kartelak eta errotuluak:

–Kartela edo errotulua instalatuko den lurzatiaren planoa, berariaz adieraziz kartela edo errotulua non kokatuko den.

–Kartelaren edo errotuluaren ezaugarriak, adieraziz neurriak, materialak, espaloiaren edo lurraren sestratik zer altueratan dagoen, fatxadarekiko hegalkina (kasua bada), etab.

–Fatxadaren argazkia eta/edo krokisa, zehazteko non kokatuko diren.

–Zehaztu behar da ea kartel finkoa edo behin-behinekoa den, eta, bigarren kasuan, zenbat denboraz egonen jarririk.

G.3. Eraiki aurreko lanak, adibidez zundaketak, prospekzioak, laginak eta saiakuntzak.

–Teknikari eskudunak idatzitako txostena, non justifikatzen den zundaketak, prospekzioak, laginak eta/edo saiakuntzak egin beharra.

VII. ERANSKINA

Edozein jarduera abiaraztean erantzukizunpeko aitorpenarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

a) Udalak normalizatutako eredua (III. eranskina), behar bezala beteta.

b) Ordezkaritzaren frogagiria, hala behar denean, partikularra, legala edo profesionala denean ere.

c) Ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua eta haren elkargo ofizialak ikus-onetsia, Udalak normalizatutako “PM-AACC ziurtagiriaren” edo “PM-INOC ziurtagiriaren” arabera, frogatzeko jarduera dagoela ordenantza honen aplikazio eremuaren barnean, eta betetzen dituela hirigintzako araudia eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

d) Jardueraren behin betiko planoak, barne dituela banaketa, azalerak, instalazioak, eta jarduera eta lokala deskribatzeko beharrezkoak diren alderdi guztiak.

e) Nafarroako Gobernuaren Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuan justifikatzea instalazioak (elektrizitatea, igogailuak...), kasua bada.

f) Osasun zentroaren funtzionamendurako baimena, kasua bada.

g) Egintza, lan edo jarduerak behar dituen baimenak, kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiak eskatzen dituenak.

1. Jarduera sailkatua bada:

–Zaraten neurketaren ziurtagiria, teknikari tituludun eskudunak sinatua, frogatzen duena lokalak araudiaren araberako isolamendu akustikoa daukala.

–Lokalaren fitxa, baldin jarduera sartuta badago Ikuskizun Publiko eta Josteta Jardueren Katalogoan.

–Hondakin arriskugarriak kudeatzeko baimenaren agiria, beharrezkoa bada.

–Garajea bada: titulartasunaren aldaketaren aurretiazko komunikazioa aurkezteko berariazko konpromisoa, behin jabeen elkartea elkarturik dagoenean eta beste titular bat dagoenean, bere gain hartuko duena erantzukizuneko aitorpenean adierazitakoa beteko dela.

2. Jarduera sailkatu gabea bada:

–Zaraten neurketaren ziurtagiria (egin nahi den jarduerak halakorik eskatuz gero), teknikari tituludun eskudunak sinatua, frogatzen duena lokalak araudiaren araberako isolamendu akustikoa daukala.

VIII. ERANSKINA

Titulartasuna aldatzeko aurretiazko komunikazioarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

a) Udalak normalizatutako eredua (IV. eranskina), behar bezala beteta.

b) Ordezkaritzaren frogagiria, hala behar denean, partikularra, legala edo profesionala denean ere.

c) Eskualdatzen duen titularraren edo aurrekoaren aurretiazko komunikazioaren, abiarazteko erantzukizunpeko aitorpenaren, irekiera lizentziaren edo jarduera kaltegabearen irekieraren lizentziaren kopia.

d) Aurreko titularraren Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren (JEZ) bajaren kopia, eta titular berriaren JEZren altaren kopia.

e) Lokalaren fitxa, ikuskizun publikoen eta josteta jardueren kasuan.

f) Heriotza agiria, mortis causa eskualdatzeen kasuan, edo jaraunspenaren agiria, eskualdatzearen frogagiri gisa.

IX. ERANSKINA

Jarduera eteteko edo iraungitzeko aurretiazko komunikazioarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

a) Udalak normalizatutako eredua (IV. eranskina), behar bezala beteta.

b) Ordezkaritzaren frogagiria, hala behar denean, partikularra, legala edo profesionala denean ere.

c) Eskualdatzen duen titularraren edo aurrekoaren aurretiazko komunikazioaren, abiarazteko erantzukizunpeko aitorpenaren, irekiera lizentziaren edo jarduera kaltegabearen irekieraren lizentziaren kopia.

e) JEZren bajaren kopia.

Iragarkiaren kodea: L2007849