187. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

173E/2020 EBAZPENA, uztailaren 24koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita Caparrosoko udal-mugartean dagoen biodiesel eta olio-produktuen instalazio baten aldaketa nabarmena. Titularra Extracte Lur SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren urriaren 5eko 0360/2006 Foru Aginduaren bidez emana, landare-olioekin biodiesela ekoizteko.

2018ko maiatzaren 28an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, esterifikazio lerro berri bat jartzeko eta olioaren fintze eta transesterifikazio lerroetan aldaketak egiteko, lehengai berriak prozesatzeko xedez. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2020ko ekainaren 6an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez funtsezkoa” da, kontuan harturik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa “nabarmena” ere badela zioen irizpenak, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, egun duen ingurumen baimen integratua aldatu behar da, aldaketak jasotzeko

2018ko irailaren 4an, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratua aldatzea, proiektua egin ahal izateko, alegia: olioaren fintze eta transesterifikazio lerroak aldatzea, lehengai berriak prozesatzeko xedez (frijituen olioak eta glizerina %50ean), eta oleinak esterifikatzeko lerro berri bat gehitzea.

Bestalde, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen lehen xedapen iragankorrak xedatzen du ingurumen baimen integratuak emateko organo eskudunak behar diren jarduketak eginen dituela baimenak eguneratzeko, hau da, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako isuriei buruz azaroaren 24an emandako 2010/75/EB Zuzentaraura egokitzeko.

Era berean, azken urteotan, ingurumen arloko arau sektorial berri batzuk sartu dira indarrean, eta eragina dute instalazioan; besteak beste, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena zonabanatze akustikoari, kalitate helburuei eta emisio akustikoei buruz; Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legea; eta urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen lehen xedapen iragankorraren 2.d) letran xedatutakoa betetzeko, titularrak oinarrizko txosten bat aurkeztu du kokagunearen egungo egoeraz, lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zein den zehazteko; horrela, alderaketa kuantitatibo bat egiten ahalko du jarduerak behin-betiko bukatu ondoren izanen duten egoerarekin, eta kutsaduraren igoera nabarmena gertatu den zehaztu.

2018ko urriaren 22an, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak txosten lotesle bat eman zuen instalazio honen isurketen onargarritasunari buruz; bertan gehieneko emisio-balio zorrotzagoak ezartzen ditu, 2020ko maiatzetik aurrera, araztegiko irteera isurketarako, eta exijitzen du 2019ko urria baino lehen aurkeztu beharko dela proiektua bat, muga horiek betetzeko helburua izanen duena, baita proiektua betetzeko kronograma bat ere.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 8ko 2E/2019 Ebazpenaren bidez, instalazio horren ingurumen baimen integratua aldatu zen, eta glizerina fintzeko lerroa abian jartzea onartu.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 17ko 141E/2019 Ebazpenaren bidez baimendu zen ingurumen baimen integratuko baldintzak aldatzea frijituen olioa fintzeko lerroa abian jartzeko.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, atmosferara emisioak egiteko baimena sartu da, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat garatzen duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Horregatik guztiagatik, espediente honen xedea da ingurumen baimen integratua aldatzea, egin ahal izateko, batetik, instalazioaren aldaketa nabarmenerako proiektua, lehen aipatutakoa, eta bestetik, ingurumen baimen integratuaren eguneratzea, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria emisioei buruz azaroaren 24an emandako 2010/75/EB Zuzentaraura eta ingurumen arloko indarreko araudira egokitzeko xedeaz.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat (Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Horrez gain, kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko e) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Caparrosoko udal-mugartean biodiesela eta olio- produktuak egiteko dagoen instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzea, olioaren fintze eta transesterifikazio lerroetan aldaketak egiteko proiekturako, lehengai berriak prozesatzeko xedeaz, eta esterifikazio lerro berrirako, eta instalazioaren ingurumen baimen integratua eguneratzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak. Instalazioaren titularra Extracte Lur SL da.

Bigarrena.–Bere horretan mantentzea instalazioari eman zitzaion ingurumen baimen integratuan lurzoru urbanizaezinari eta hondakinen kudeaketari buruz ageri diren baimen eta inskripzioen indarra, ebazpen honetan xedatutakoari aurka egiten ez dioten heinean. Instalazioaren ingurumen baimen integratu hori Ingurumeneko, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren urriaren 5eko 0360/2006 Foru Aginduaren bidez eman zen, eta gerora Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 8ko 2E/2019 Ebazpenak eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 17ko 141E/2019 Ebazpenak aldatu zuten.

Hirugarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena gehitzea, hots, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, honakoetan xedatutakoari jarraikiz: Uren Legearen testu bategina, uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege-Dekretuaren bidez onetsia, hamargarren xedapen gehigarrian, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduan, 6. artikuluan. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketek unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte.

Indarraldi horretan zehar legeriak isurketen baimenetarako epe luzeago bat ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen, besterik gabe, hasierako epea arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko. Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari hasiera emateko (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Bereziki, ezustean gertatzen direnean lehenago baimena ukatzea edo, emanez gero, bestelako baldintzetan ematea ekarriko luketen gorabeherak. Horien barruan sartzen dira titularrak aitortu gabeko gorabeherak edo argibideak, horiek ere baimena ukatzea edo bestelako baldintzetan ematea ekarriko luketenean.

Ohiz kanpoko kasuetan, lehorteengatik edo ofizialki deklaratutako muturreko egoera hidrologikoengatik, arroko erakundeak isurketaren baldintzak alda ditzake kalitate helburuak, ingurumen arloko kalitate arauak eta ingurune hartzailearen ingurumen helburuak bermatzeko. Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Laugarrena.–Atmosferara emisioak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer emisio egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren emisioetan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Bosgarrena.–Esterifikaziorako lerro berria eta baimendutako gainerako aldaketak funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Seigarrena.–2020ko urriaren 31 baino lehen, titularrak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan:

–Jarduketa programa bat, non azalduko baititu lurzorura eta lurpeko uretara irits daitezkeen emisio kutsagarriak –bereziki instalazioan dauden substantzia arriskutsu nabarmenenak– ekiditeko neurri erabilgarriak mantentzeko eta aldian behin gainbegiratzeko jarduketak, hori guztia instalazioak ongi funtzionatzen duela ziurtatzeko.

–Jarduketa plan bat, non deskribatuko baita zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.

Zazpigarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak, arau hauetan jasotako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua, edo Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikulua.

Zortzigarrena.–Halaber, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta teknika erabilgarri onenetan izandako aurrerapenek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiaren gaineko teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluarekin bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia).

Bederatzigarrena.–Deuseztatu egiten da instalazio honen ingurumen baimen integratuaren indarraldia, eta kendu egiten da hura berritzeko betebeharra, ekainaren 11ko 5/2013 Legearen 1. artikuluko 19. apartatuan xedatutakoa betez; izan ere, lege horren bidez, aldatu zen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea, jatorrizko 25. artikulua, ingurumen baimen integratua berritzeari buruzkoa, kentzeko, besteak beste.

Hamargarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Hamaikagarrena.–Titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunean hasiko dira aplikatzen ebazpen honetan esterifikazio lerro berriari eta baimendutako gainerako aldaketei buruz ezarritako baldintzak, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unean. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Hamabigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hamahirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamalaugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamabosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Extracte Lur SLri, Caparrosoko Udalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko uztailaren 24an.–Klima Aldaketaren Ataleko burua, Javier Vera Janin, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 16ko 291E/2019 Ebazpenaren bidez.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2008649