184. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 18a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

8/2020 FORU LEGE-DEKRETUA, abuztuaren 17koa, zeinaren bidez ohiz kanpoko neurriak onesten baitira Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19aren kasu positiboen igoerak eragiten duen arrisku bereziko egoerari erantzuteko.

I

2020ko martxoaren 11n, COVID-19 izeneko gaixotasuna dela-eta, Osasunaren Mundu Erakundeak osasun publikoko larrialdi egoera deklaratu zuen, eta nazioarteko garrantzia eman zion.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko. Deklarazioak Estatuko lurralde osoari eragin zion, hasiera batean hamabost egun naturaleko epean, eta, ondoren, sei luzapen onartu ziren, Diputatuen Kongresuak baimenduta.

Alarma egoera luzatzen duen ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuak, 5. artikuluan, xedatzen du normaltasun berrirako trantsizio planean aurreikusitako fase guztiak gaindituz gero, dagozkion probintzia, uharte edo lurralde-unitateetan alarma egoeran ezarritako neurriak ondoriorik gabe geratuko direla. Gainera, 6. artikuluaren arabera, autonomia erkidegoak dira erabaki dezaketenak, osasun eta epidemiologia irizpideei jarraikiz, beren lurraldeetan 3. fasea gainditu dela eta, horrenbestez, “normaltasun berrian” sartuko direla.

Ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege-dekretuak, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteei buruzkoak, prebentzio neurriak hartzen ditu osasun krisiaren bukaera ofizialki deklaratzen denera arte. Alde horretatik, autonomia erkidegoen eskumenen esku uzten du neurriak ezartzea.

Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratu zen, eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurri batzuk eman ziren, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Aipatutako erabakiaren 5. puntuan xedatzen denez, bertan ezarritako prebentzio neurrien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginen da, unean uneko epidemiologia eta osasun egoerara egokitzen direla bermatzeko.

Geroago, uztailaren 22ko 7/2020 Foru Lege-dekretua onetsi zen, zeinaren bidez ohiz kanpoko prebentzio neurri batzuk hartzen baitira koronarabirusaren (COVID-19a) osasun krisiari aurre egiteko, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren; neurri bereziak ezarri ziren bertan, gai hauei buruz: gaueko aisialdia, ikuskizun publikoetan eta josteta jardueretan aritzen diren zenbait establezimendu ixteko ordutegiak mugatzea, elkarte gastronomikoak eta peñak, mahai bakoitzean edo mahai-multzo bakoitzean egon beharreko gehieneko pertsona kopurua, eta bizikidetza ospakizunak eta aisialdia espazio publikoetan.

II

COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzen dituen ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege-dekretuaren 5. artikuluak, Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 65. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, xedatzen du jarduteko planak eta estrategiak ezartzen ahalko direla osasun larrialdiei aurre egiteko, eta, horretarako, osasun publikoko jarduketa koordinatuak baliatuko direla, COVID-19 eritasunaren esposizio arriskuaren eta transmisio komunitarioaren mailak kontuan hartuta, errege lege-dekretu horretan jasotako jarduerak betetze aldera.

Agindu hori aplikatuz, Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluaren Osoko Bilkurak, 2020ko abuztuaren 14an, erabaki zuen deklaratzea zenbait neurri osasun publikoko jarduketa koordinatuak direla, COVID-19aren kasu positiboen igoerak dakarren arrisku bereziari erantzuteko, gaueko aisialdiari dagokionez; horren ondorioz, erabaki zen ixtea diskotekak, dantzalekuak eta kopak hartzeko tabernak, zuzeneko musika emanaldiak izan nahiz ez, ostalaritzako establezimenduetan, jatetxeetan eta terrazetan, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia bermatzea barrako zerbitzuan eta mahaien edo mahai-multzoen artean, eta kopurua mugatzea (10 pertsona gehienez mahai edo mahai-multzo bakoitzean), eta, azkenik, ezarri zen establezimenduak 1:00ean ixtea beranduenez, eta bezero berririk ez onartzea 00:00etatik aurrera.

Zentro soziosanitarioetan, erabaki zen PCR probak egitea egoitzak diren zentro soziosanitarioetako egoiliar berri guztiei, baimenetatik eta oporretatik itzultzen diren langile guztiei eta langile berriei. Aurreikusi zen, halaber, bisitak mugatzea, egoiliar bakoitzak bisita bakarra izan dezan, prebentzio neurri zorrotzenak betez eta gehienez ere ordubetez egunean; horrekin batera, zentro soziosanitarioetako egoiliarren irteerak ere mugatu ziren. Orobat, hainbat neurri ezarri ziren jendetza biltzen duten ekitaldi eta jardueretarako: osasun agintaritzak arriskuaren ebaluazioa egin beharko du eta baimena eman, hala erabakitzen badu. Bestetik, erabaki zen PCR bidezko baheketak egitea berariazko talde batzuetan, eta alkoholaren kontsumoa, baimendu gabekoa, bai eta bide publikoan baimenduta ez dauden beste jarduera batzuk ere, galarazteko kontrolak areagotzea.

Hartutako azken neurria erretzeko debekua da bai bide publikoan, bai aire zabalean, pertsonen artean gutxienez bi metroko distantzia gordetzerik ez dagoenean.

Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluaren Osoko Bilkurak 2020ko abuztuaren 14an xedatutakoaren barruan, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, COVID-19aren kasu positiboen igoerak eragiten duen arrisku bereziko egoerari erantzuteko, osasun publikoko neurri koordinatuak onesten direnez, komeni da indarrik gabe uztea gaueko aisialdiaren arloan uztailaren 22ko 7/2020 Foru Lege-dekretuaren I. tituluan jaso ziren neurri bereziak. Horretarako arrazoia da uztailaren 22ko 7/2020 Foru Lege-dekretuaren I. tituluan jaso ziren neurriek gaueko aisialdiari dagokionez ezartzen dituzten mugak ez direla Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluaren Osoko Bilkurak, osasun publikoaren arloko jarduketa koordinatuaren ildotik eta egungo egoera epidemiologikoaren ondorioz, deklaratu dituen neurriak bezain murriztaileak.

Une honetan, Nafarroako Foru Komunitatean, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren datuen arabera, egoera epidemiologikoari dagokionez, 2020ko uztailaren 8tik aurrera eguneroko intzidentzia handitzen joan da progresiboki, batez ere Iruñerrian eta Tutera inguruan. Azken 14 egunetan, intzidentzia metatua 188,17koa izan da, eta azken 7 egunetan 108,9koa; autonomia erkidegoetan lehendabiziko postuetan dago Nafarroa, eta agerraldi gehienak eremu sozialean, gaueko aisialdikoan eta familian gertatzen dira. Egoera honetan, justifikaturik dago premia bereziarekin abian jarri beharra aipatutako neurriak, Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluaren Osoko Bilkuraren Erabakiaren bidez onetsitakoak eta gorago aipatzen direnak, COVID-19aren kutsapen gehiago ekiditeko eta Nafarroako osasun publikoa babesteko.

III

Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren lehen artikuluan xedatzen da ezen, osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, lege horretan aurreikusitako neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan adierazten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere. Ildo beretik doa Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 54.1 artikulua.

Egungo egoera dela eta, ezinbestekoa da Nafarroan hartzea Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluaren Osoko Bilkurak gai hauei buruz erabakitako neurriak: gaueko aisialdia, ostalaritza eta jatetxeak, zentro soziosanitarioak, jendetza biltzen duten ekitaldiak eta jarduerak, PCR bidezko baheketak talde berariazkoetan, baimenik gabeko alkohol kontsumoa bide publikoan eta tabakoaren eta parekoen kontsumoa.

IV

Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren 51.3 artikuluan ezartzen da ezen dedikazio esklusiboko osagarria jasotzen duten funtzionarioek ezin izanen dutela aparteko ordurik sorrarazi. COVID-19 koronabirusak eragindako pandemiaren osasun krisiaren ondorioz, produktibitate aldakorreko osagarri bat ordaindu zaie Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako zenbait langileri, pandemia dela-eta izan duten dedikazio bereziagatik; alabaina, beste langile batzuen kasuan, beste departamentu batzuei atxikitako oinarrizko postu homologoetan egonik ere, ezin izan zaie produktibitate-osagarri hori ordaindu; izan ere, beren lansarien araudiaren arabera, ezin zaie osagarri hori aplikatu. Era berean, ezin izan dute kasuan kasuko konpentsazioa jaso egindako aparteko ordu mordoarengatik, beren lanpostuak dedikazio esklusiboko osagarria esleitua izateagatik. Horregatik, egoera hori arintzeko eta pandemiak eragindako salbuespenezko egoera kontuan hartuta, uste da konpentsatu egin behar direla pandemiaren ondorioz egindako aparteko orduak.

V

Neurriak tributuen esparruan

Laugarren xedapen gehigarrian, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren arauketa harmonizatzen da abuztuaren 4ko 27/2020 Errege Lege-dekretuarekin –horren bidez hartu ziren toki entitateei aplikatu beharreko ohiz kanpoko eta premiazko neurri finantzazioak–, bat etorriz Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoa onetsi zuen abenduaren 26ko 28/1990 Legearen 32. artikuluan xedatutakoarekin.

Esparru horretan, eta 2020ko urriaren 31ra arte, balio erantsiaren gaineko zergaren %0ko tasa aplikatuko da COVID-19ari aurre egiteko osasun-materialaren barne-entregetan, inportazioetan eta Europar Batasunaren barruko eskurapenetan, baldin eta material horren hartzaileak entitate publikoak badira, irabazi-asmorik gabekoak, eta ospitaleak. Neurri hori apirilaren 29ko 4/2020 Foru Lege-dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian arautu zen 2020ko uztailaren 31ra arte, foru lege-dekretu horren bidez premiazko neurriak onetsi baitziren koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

Neurri hau aplikagarri zaien ondasunen zerrenda ere eguneratu da, 2020ko apirilaren 23tik aurrerako ondorioekin.

Ondorio horietarako, subjektu pasiboek, hala badagokio, zergaren araudiaren arabera, foru lege-dekretu honek indarra hartu aurretik jasanarazi edo ordaindutako balio erantsiaren gaineko zergaren zuzenketa eginen dute.

Bestalde, aldatu da Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina, egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren mailaz mailako kuotaren salbuespena aplikatu ahal izateko salgaien garraio publikoaren eta autobuseko bidaiarien garraio diskrezionalaren sektorearentzako luzamendua formalizatzeko eskrituretan (uztailaren 7ko 26/2020 Errege Lege-dekretuan arautzen da).

Horregatik guztiagatik, erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluan jasotako baimena, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak eta Osasuneko kontseilariak proposaturik, eta bat etorriz Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeiko abuztuaren hamazazpian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin,

DEKRETATZEN DUT:

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru lege-dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean ohiz kanpoko neurriak hartzea COVID-19aren kasu positiboen igoerak eragiten duen arrisku bereziko egoerari erantzuteko.

I. TITULUA

Ohiz kanpoko neurriak gaueko aisialdirako, ostalaritzarako eta jatetxeetarako, bai eta bide publikoan baimendu gabeko alkohol kontsumorako eta elkarte gastronomikoen eta peñen jarduerarako ere

2. artikulua. Gaueko aisialdiko establezimendu jakin batzuetarako itxiera eta mugak.

1. Debekatuta dago dantzalekuen eta diskoteken lizentzia duten establezimenduen jarduera, zuzeneko musika emanaldiak izan nahiz ez.

2. Taberna berezien eta ikuskizunetarako kafetegien lizentzia duten establezimenduen kasuan, jardun ahalko dute irekitzeko ordu orokorretik (13:00ak) goizeko 01:00a arte, foru lege-dekretu honen 3. artikuluan ezarritako baldintzetan.

3. Establezimendu horiek udal baimen bereziak baldin badituzte irekitzeko ordua aurreratzeko –bat etorriz ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra ezarri zuen irailaren 23ko 201/2002 Foru Dekretuaren 6.2 c) artikuluan xedatutakoarekin–, toki entitateak baimendutako ordutegian eta baldintzetan jardun ahal izanen dute, foru dekretu honen 3. artikuluko okupazio-baldintzen arabera.

3. artikulua. Tabernen, kafetegien, jatetxeen eta terrazen jarduera duten establezimenduak ixteko ordutegia mugatzea.

1. Tabernen, kafetegien, jatetxeen eta terrazen jarduera duten establezimenduek 1,5 metroko distantzia bermatu beharko dute barrako zerbitzuan. Era berean, gutxieneko distantzia hori bera bermatuko da mahaien edo mahai-multzoen artean, eta 10 lagun biltzen ahalko dira gehienez mahai edo mahai-multzo bakoitzeko. Erabiltzen diren mahaiek edo mahai-multzoek egokiak beharko dute izan, kontuan harturik zenbat pertsona izanen diren, bermatzeko pertsonen arteko segurtasun-tartea errespetatzen dela.

2. Artikulu honetan aipatutako establezimenduak 1:00ean itxiko dira beranduenez, establezimendua husteko lanak barne, eta ezin izanen da bezero berririk onartu 00:00etatik aurrera.

4. artikulua. Josteta aretoak, ziberzentroak, bingo aretoak, joko aretoak eta kirol aretoak.

Josteta aretoak, ziberzentroak, bingo aretoak, joko aretoak eta kirol aretoak 1:00ean itxiko dira beranduenez, establezimendua husteko lanak barne, eta ezin izanen da bezero berririk onartu 00:00etatik aurrera.

5. artikulua. Elkarte gastronomikoen eta peñen jarduera mugatzea.

Ezin izanen dira erabili elkarte gastronomikoak eta peñak 1:00etik aurrera, establezimendua husteko lanak barne.

6. artikulua. Baimenik gabeko alkohol kontsumoa bide publikoan.

1. Debekatuta daude alkohola kontsumitzeko bizikidetza topaketak eta aisialdiko ospakizunak (“kale-zurruta” eta antzekoak) bide publikoan, parkeetan eta plaza publikoetan eta jendea dabilen beste toki batzuetan.

2. Segurtasun indar eta kidegoek kontrolatuko dute artikulu honetako 1. apartatuan ezarritako debekua, eta dagozkion zehapenak ezartzen ahalko dira, aplikatzekoa den araudi indardunaren arabera.

II. TITULUA

Ohiz kanpoko neurriak egoitzak diren zentro soziosanitarioen arloan

7. artikulua. PCR proba diagnostikoak egitea egoitza soziosanitarioetan.

Egoitza soziosanitarioetan, adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen eremuetan, PCR probak eginen zaizkie egoiliar berri guztiei, 72 ordu lehenago gehienez. Era berean, PCRak eginen zaizkie 14 egunetik gorako baimenetatik eta oporraldietatik itzultzen diren langile guztiei, bai eta lanean hasten diren langile berri guztiei ere.

8. artikulua. Egoitza soziosanitarioetan bizi diren pertsonen bisitak eta irteerak.

1. Adinekoen eta desgaitasunen bat duten pertsonen zentro soziosanitarioetan bizi diren pertsonak bisitatzeko, pertsona bakarra sartuko da egoiliar bakoitzeko, prebentzio neurri zorrotzenak betez eta gehienez ere ordubetez egunean. Bermatuko da egoiliarrei egunean zehar egiten zaizkien bisitak mailakatuta izanen direla.

2. Artikulu honetako 1. apartatuan xedatutakoa salbuetsiko da egoiliarrak bizitzaren azken prozesuan daudenean.

3. Ahalik eta gehien mugatuko dira adinekoen eta desgaitasunen bat dutenen zentro soziosanitarioetan bizi direnen irteerak.

III. TITULUA

Ohiz kanpoko neurriak jendetza biltzen duten ekitaldi eta jardueretan

9. artikulua. Baimena jendetza biltzen duten ekitaldietarako.

1. Jendetza biltzen duten ekitaldiak egitea aurreikusten bada, ezinbestekoa izanen da Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak aldez aurretik arriskuen ebaluazioa egitea, Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluaren Osasun Publikoko Batzordearen irizpideei jarraikiz.

2. Ebaluazio hori egin ondoren, organo eskudunak baimenduko du, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak nahitaezko txosten loteslea egin ondoren.

IV. TITULUA

Ohiz kanpoko neurriak osasun arloan

10. artikulua. PCR bidezko baheketak berariazko taldeetan.

Agerraldi epidemikoa izanez gero, osasun agintariek baheketak eginen dituzte PCR proben bidez arriskuan dauden eta egon daitezkeen taldeetan, hala nola zentro soziosanitarioetako egoiliarren artean, transmisio komunitarioa duten auzoetan, ikastetxeetan, kaltetutako etxebizitza-blokeetan, kolektibo kalteberetan eta osasun agintaritzak egokitzat jotzen dituen guztietan.

11. artikulua. Tabakoaren eta parekoen kontsumoa.

Debekatuta dago bide publikoan edo aire zabalean erretzea, baldin eta ezin bada gorde 2 metroko gutxieneko tartea pertsonen artean. Muga hori bera aplikatuko da tabakoa arnasteko beste edozein gailu, ur-pipak, pipak edo antzekoak erabiltzeko.

V. TITULUA

Neurri bereziak langileriaren arloan

12. artikulua. Aparteko orduak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura dauden langileek, dedikazio esklusiboko osagarria esleituta duen oinarrizko lanpostu bat betetzen badute eta aparteko zerbitzuak egin badituzte COVID-19 koronabirusaren osasun krisia dela-eta, aparteko ordu gisa konpentsatu ahal izanen dituzte, haiei aplikatu beharreko araudiaren arabera.

2. Egindako aparteko orduen diru konpentsazioa bidezkoa den kasuetan, aparteko orduak egin diren departamentu edo erakunde autonomo bakoitzak horien justifikazio-txostena eta zerrenda zehatza bidaliko dizkio Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari, eta horiek ordaintzeko aginduko da Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emandako foru aginduaren bidez.

3. Konpentsazio hori bateraezina izanen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileentzat ezarritako COVID-19 produktibitate-osagarri bereziarekin.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Eraginkortasuna.

I. titulutik IV.era bitarte ezarritako neurriak indarrean egonen dira egoera epidemiologikoaren arabera, harik eta berariaz indarrik gabe uzten diren arte.

Bigarren xedapen gehigarria.–Osasun agintarientzako gaikuntza, osasunaren eta osasun publikoaren araudiarekin bat.

Gaikuntza ematen zaie Osasun Departamentuko titularrari eta Osasun Zuzendaritza Nagusiko titularrari behar diren aldi baterako neurri osagarriak har ditzaten lokalizatuak dauden agerraldien hedapena saihesteko. Neurri horiek, betiere, proportzionalak izanen dira, eta ezinbestekoa den denboran aplikatzekoak.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Bere horretan mantentzen dira Osasuneko zuzendari nagusiak abuztuaren 5ean emandako 598/2020 Ebazpenaren ondorioak, zeinaren bidez prebentzio neurri batzuk ezarri baitziren gaueko aisialdiaren esparruan, indarra izan zezaten Nafarroako Foru Komunitate guztiko herrietako festak izanen liratekeen aldian, salbu eta diskoteken eta dantzalekuen lizentzia duten establezimenduen jarduerarako, itxita egonen baitira, eta 1. c) punturako, Nafarroako Foru Komunitate osoan oro har debekatzen baita.

Laugarren xedapen gehigarria.–Balio erantsiaren gaineko zergaren tasa, aplikatu beharrekoa COVID-19aren ondorioei aurre egiteko beharrezkoak diren ondasunen entregetan, inportazioetan eta Europar Batasunaren barruko eskurapenetan.

Ondorioak izanik 2020ko apirilaren 23tik aurrera, eta indarraldia, berriz, 2020ko urriaren 31ra arte, balio erantsiaren gaineko zergaren %0ko tasa aplikatuko da foru lege-dekretu honen eranskinean zehaztutako ondasunen entregetan, inportazioetan eta Europar Batasunaren barruko eskurapenetan, baldin eta hartzaileak eskubide publikoko entitateak, klinikak edo ospitaleak badira, edo izaera sozialeko entitate pribatuak, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 17.3 artikuluak aipatzen dituenak. Eragiketa horiek, fakturetan, eragiketa salbuetsi gisa dokumentatuko dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe uzten dira uztailaren 22ko 7/2020 Foru Lege-dekretuaren I. titulua eta xedapen gehigarriak (foru lege-dekretu horren bidez ohiz kanpoko prebentzio neurri batzuk hartu ziren COVID-19 koronarabirusaren osasun krisiari aurre egiteko, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren), bai eta foru lege-dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak ere.

Azken xedapenetako lehena.– Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina aldatzea.

Aldatu egiten da apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 35.I.B).26 artikuluaren hirugarren paragrafoa, eta honela geratzen da idatzita:

Mailaz mailako kuota hori aplikatzetik salbuetsita gelditzen dira, orobat, hipoteka mailegu eta kredituen luzamenduak eta hipoteka bermerik gabeko errentamenduen, maileguen, leasingeko eta rentingeko luzamenduak formalizatzeko eskriturak, turismoaren sektorearentzako luzamendu hipotekarioa aplikatzearen ondorioz gertatzen direnean (uztailaren 3ko 25/2020 Errege Lege-dekretuaren 3. artikulutik 9.era bitartekoetan arautua; errege lege-dekretu horren bidez presako neurriak hartu ziren erreaktibazio ekonomikoari eta enpleguari laguntzeko), eta salgaien garraio publikoaren eta autobuseko bidaiarien garraio diskrezionalaren sektorearentzako luzamendua aplikatzearen ondorioz gertatzen direnean (uztailaren 7ko 26/2020 Errege Lege-dekretuaren 18. artikulutik 23.era bitartekoetan arautua; horren bidez erreaktibazio ekonomikorako neurriak hartu ziren, COVID-19ak garraioaren eta etxebizitzen arloan izandako eraginari aurre egiteko).

Azken xedapenetako bigarrena.–Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru lege-dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dezan, bat etorriz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21.bis artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoarekin.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege-dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 17an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

ERANSKINA

Laugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren ondasunen zerrenda

PRODUKTUAREN IZENA

ONDASUNAREN/PRODUKTUAREN DESKRIPZIOA

NC KODEA

1

Gailu medikoak.

Zainketa intentsibo eta azpi-intentsiboetarako arnasgailuak.

ex 9019 20 00

Haizagailuak (arnasketa artifizialerako tresnak).

Fluxu bereizleak.

ex 9019 20 00

ex 9019 20

Oxigenoterapiarako beste tresna batzuk, oxigeno dendak barne.

ex 9019 20 00

Gorputzaz kanpoko mintz bidezko oxigenazioa.

ex 9019 20 00

2

Monitoreak.

Parametro anitzeko monitoreak, eramangarriak barne.

ex 8528 52 91

ex 8528 52 99

ex 8528 59 00

ex 8528 52 10

3

Ponpak.

–Kanpo nutriziorako ponpa peristaltikoak

–Sendagaien infusiorako ponpak

–Hurrupatze ponpak.

ex 9018 90 50

ex 9018 90 84

ex 8413 81 00

Xurgatze zundak.

ex 9018 90 50

4

Hodiak.

Hodi endotrakealak.

ex 9018 90 60

ex 9019 20 00

Hodi esterilak.

ex 3917 21 10

a ex 3917 39 00

5

Kaskoak.

Aireztapen mekaniko ez-inbaditzailerako CPAP/NIV kaskoak.

ex 9019 20 00

6

Aireztapen ez-inbaditzailerako maskarak (NIV).

Aurpegi osoko maskarak eta maskara orononasalak, aireztapen ez-inbaditzailerako.

ex 9019 20 00

7

Hurrupatze sistemak/makinak

Hurrupatze sistemak.

ex 9019 20 00

Hurrupatze elektrikoko makinak.

ex 9019 20 00

ex 8543 70 90

8

Hezegailuak.

Hezegailuak.

ex 8415

ex 8509 80 00

ex 8479 89 97

9

Laringoskopioak.

Laringoskopioak.

ex 9018 90 20

10

Hornigai mediko suntsikorrak.

–Intubazio kitak.

–Aiztur laparoskopikoak.

ex 9018 90

Xiringak, orratzarekin edo gabe.

ex 9018 31

Metalezko orratz tubularrak eta josturetarako orratzak.

ex 9018 32

Orratzak, kateterrak eta kanulak.

ex 9018 39

Sarbide baskularrerako kitak.

ex 9018 90 84

11

Monitorizazio estazioak - Pazienteak monitorizatzeko tresnak - Elektrodiagnostikorako tresnak.

Monitorizaziorako estazio zentralak, zainketa intentsiboetarako.

Pultsu oximetroak.

ex 9018 90

ex 9018 19

–Pazienteak monitorizatzeko gailuak.

–Elektrodiagnostikorako tresnak.

ex 9018 19 10

ex 9018 19 90

12

Ultrasoinu bidezko eskaner eramangarria.

Ultrasoinu bidezko eskaner eramangarria.

ex 9018 12 00

13

Elektrokardiografoak.

Elektrokardiografoak.

ex 9018 11 00

14

Ordenagailu bidezko tomografiarako sistemak/eskanerrak.

Ordenagailu bidezko tomografiarako sistemak.

ex 9022 12,

ex 9022 14 00

15

Maskarak.

–Aurpegiko maskarak, oihalezkoak, iragazki aldagarririk edo pieza mekanikorik gabekoak, barne direla maskara kirurgikoak eta ehundu gabeko ehun-materialez fabrikaturiko aurpegiko maskarak, erabili eta botatzekoak.

–Aurpegiko maskarak, FFP2 eta FFP3 motakoak.

ex 6307 90 10

ex 6307 90 98

Paperezko maskara kirurgikoak.

ex 4818 90 10

ex 4818 90 90

Gas maskarak, agente biologikoen aurka babesteko iragazki aldagarriak edo pieza mekanikoak dituztenak. Hemen sartzen dira begiak ere babesten dituzten maskarak edo aurpegiko ezkutuak.

ex 9020 00 00

16

Eskularruak.

Plastikozko eskularruak.

ex 3926 20 00

Gomazko eskularru kirurgikoak.

4015 11 00

Gomazko beste eskularru batzuk.

ex 4015 19 00

Puntuzko eskularruak, plastikoz edo gomaz estaliak edo inpregnatuak.

ex 6116 10

Ehunezko eskularruak, puntuzkoak ez direnak.

ex 6216 00

17

Aurpegirako babesak.

–Aurpegirako babesak, erabili eta botatzekoak nahiz berrerabilgarriak

–Aurpegirako babesak, plastikozkoak (begiena baino azalera handiagoa estaltzen dutenak).

ex 3926 20 00

ex 3926 90 97

18

Betaurrekoak.

Babeserako betaurreko handiak eta txikiak (googleak).

ex 9004 90 10

ex 9004 90 90

19

Lan jantziak.

Mantal iragazgaitzak - askotariko motak - tamaina desberdinak.

Erabilera kirurgiko/medikorako babes jantziak, feltrozkoak edo ehundu gabeko oihalezkoak, barne daudela inpregnatuak, estalkidunak, gaineztatuak edo laminatuak (56.02 edo 56.03 partidetako ehunak).

Erabilera anitzeko arropa (barne daudela eskularruak, mitoiak eta eskuzorroak), goma bulkanizatuzkoa.

ex 4015 90 00

Jantziak.

ex 3926 20 00

Arropa eta osagarriak.

ex 4818 50 00

Puntuzko ehunez egindako jantziak, 5903, 5906 edo 5907 partidetakoak.

ex 6113 00 10

ex 6113 00 90

Puntuzko ehunez egindako beste jantzi batzuk.

6114

Erabilera kirurgiko/medikorako jantziak, feltrozkoak edo ehundu gabeko oihalezkoak, izan nahiz ez inpregnatuak, estalkidunak, gaineztatuak edo laminatuak (56.02 edo 56.03 partidetako ehunak). Barne daude ehundu gabeko materialezko jantziak («spun-bonded»).

ex 6210 10

Babeserako beste jantzi batzuk, kautxuztaturiko ehunez eginikoak, edo inpregnatuak, estalkidunak, gaineztatuak edo laminatuak (59.03, 59.06 edo 59.07 partidetako ehunak).

ex 6210 20

ex 6210 30

ex 6210 40

ex 6210 50

20

Oinetakoen estalkiak/galtzak.

Oinetakoen estalkiak/galtzak.

ex 3926 90 97

ex 4818 90

ex 6307 90 98

21

Txanoak.

Txano puntadunak.

ex 6505 00 30

Txanoak eta bururako beste babesgarri batzuk, eta edozein materialezko sareak.

ex 6505 00 90

Bestelako txanoak eta bururako babesgarriak, forratuak/estuak nahiz ez.

ex 6506

22

Termometroak.

Likidodun termometroak, zuzenean irakurtzekoak.

Barne daude termometro kliniko estandarrak, beira barnean merkurioa dutenak.

ex 9025 11 20

ex 9025 11 80

Termometro digitalak, edo termometro infragorriak, neurketa kopetan egitekoak.

ex 9025 19 00

23

Eskuak garbitzeko xaboia.

Xaboiak eta eskuak garbitzeko prestakinak eta produktu organiko tentsioaktiboak (apain-mahaiko xaboia).

ex 3401 11 00

ex 3401 19 00

Xaboia eta produktu organiko tentsioaktiboak.

Xaboia beste forma batzuetan.

ex 3401 20 10

ex 3401 20 90

Agente organiko tentsioaktiboak (xaboiaz bestelakoak) - Katioi-agenteak.

ex 3402 12

Produktu eta prestakin organiko tentsioaktiboak azala garbitzeko, likidoak edo krema gisakoak eta txikizkako salmentarako prestatuak, xaboidunak edo ez.

ex 3401 30 00

24

Eskuen desinfektatzailearen banagailuak, paretan jartzekoak.

Eskuen desinfektatzailearen banagailuak, paretan jartzekoak.

ex 8479 89 97

25

Disoluzio hidroalkoholikoa litrotan.

2207 10: desnaturalizatu gabe, alkohol etilikoa bolumenaren %80 edo gehiago denean.

ex 2207 10 00

2207 20: desnaturalizatua, kontzentrazioa edozein dela ere.

ex 2207 20 00

2208 90: desnaturalizatu gabe, alkohol etilikoa bolumenaren %80 baino gutxiago denean.

ex 2208 90 91

ex 2208 90 99

26

Hidrogeno peroxidoa, %3an, litrotan.

Hidrogeno peroxidoa, prestakin desinfektatzaileetan gaineratua gainazalak garbitzeko.

Hidrogeno peroxidoa, urearekin solidotua edo ez.

ex 2847 00 00

Hidrogeno peroxidoa, ontziratu gabe.

Eskuen desinfektatzailea.

ex 3808 94

Beste prestakin desinfektatzaile batzuk.

27

Larrialdiko garraiorako tresnak.

Desgaitasuna duten pertsonentzako garraioa (gurpil-aulkiak).

ex 8713

Ohatilak eta orgatxoak, ospitale edo klinika barnean pazienteak eramateko.

ex 9402 90 00

28

ARN erauzgailuak.

ARN erauzgailuak.

9027 80

29

COVID-19aren probak egiteko kitak / Proba diagnostikoetan erabilitako tresnak eta gailuak.

–Koronabirusaren proba diagnostikoa egiteko kitak.

–Diagnostikorako erreaktiboak, erreakzio immunologikoetan oinarrituak.

–Isipuen ekipoak eta birusa garraiatzeko bitartekoak.

ex 3002 13 00

ex 3002 14 00

ex 3002 15 00

ex 3002 90 90

ex 3821 00

Diagnostikorako erreaktiboak, polimerasaren kate-erreakzioan (PCR) oinarrituak (azido nukleikoaren proba).

ex 3822 00 00

In vitro diagnostikorako laborategi klinikoetan erabiltzen diren tresnak.

ex 9027 80 80

Laginak hartzeko kitak.

ex 9018 90

ex 9027 80

30

Isipuak.

Guata, gaza, bendak, kotoi-txotxak eta antzeko artikuluak.

ex 3005 90 10

ex 3005 90 99

31

Kanpaina-ospitaleak jartzeko materiala.

Ospitaleetako oheak.

ex 9402 90 00

Karpak/kanpadendak.

ex 6306 22 00,

ex 6306 29 00

Karpak/plastikozko kanpadendak.

ex 3926 90 97

32

Sendagaiak.

–Hidrogeno peroxidoa, sendagai gisa aurkeztua.

–Parazetamola.

–Hidroklorokina/klorokina.

–Lopinavir/Ritonavir-Remdesivir.

–Tocilizumab.

–Ruxolitinib.

ex 3003 90 00

ex 3004 90 00

ex 2924 29 70

ex 2933 49 90

ex 3003 60 00

ex 3004 60 00

ex 2933 59 95

ex 2934 10 00

ex 2934 99 90

ex 3002 13 00

ex 3002 14 00

ex 3002 15 00

ex 2933 59 95

33

Esterilizatzaile medikoak, kirurgikoak edo laborategikoak.

Esterilizatzaile medikoak, kirurgikoak edo laborategikoak.

ex 8419 20 00

ex 8419 90 15

34

1-propanola (alkohol propilikoa) eta 2-propanola (alkohol isopropilikoa).

1-propanola (alkohol propilikoa) eta 2-propanola (alkohol isopropilikoa).

ex 2905 12 00

35

Eterrak, eter-alkoholak, eter fenolak, eter-alkohol-fenolak, alkohol peroxidoak, bestelako peroxidoak, zetona peroxidoak.

Eterrak, eter-alkoholak, eter fenolak, eter-alkohol-fenolak, alkohol peroxidoak, bestelako peroxidoak, zetona peroxidoak.

ex 2909

36

Azido formikoa.

Azido formikoa (eta gatz eratorriak).

ex 2915 11 00

ex 2915 12 00

37

Azido salizilikoa.

Azido salizilikoa eta gatz eratorriak.

ex 2918 21 00

38

Behin erabiltzeko oihalak, 5603 partidako ehunez eginak, prozedura kirurgikoetan erabiltzen diren horietakoak.

Behin erabiltzeko oihalak, 5603 partidako ehunez eginak, prozedura kirurgikoetan erabiltzen diren horietakoak.

6307 90 92

39

Ehundu gabeko oihalak, izan inpregnatuak, estaliak, gaineztatuak edo laminatuak nahiz ez.

Ehundu gabeko oihalak, izan inpregnatuak, estaliak, gaineztatuak edo laminatuak nahiz ez.

ex 5603 11 10

a

ex 5603 94 90

40

Erabilera kirurgikoa, medikoa edo higienikoa duten artikuluak, txikizkako salmentakoak ez direnak.

Paperezko ohe-estalkiak.

ex 4818 90

41

Laborategiko beirateria, edo higienikoa edo farmazeutikoa.

Laborategiko beirateria, edo higienikoa edo farmazeutikoa, kalibraturik eta graduaturik egon nahiz ez.

ex 7017 10 00

ex 7017 20 00

ex 7017 90 00

42

Fluximetroa, Thorpe hodiko fluxu-neurgailua oxigenoa emateko, 0-15 L/min.

Thorpe hodiko fluxu-neurgailuak osagai hauek dauzka: sarrera- eta irteera-atakak, erregulagailua, balbula eta neurketa-hodi koniko gardena. Hainbat gas medikoren iturriekin konektatzeko balio du, hala nola sistema zentralizatu batekin, zilindroekin (bonbonak), kontzentragailuekin edo konpresoreekin. Fluximetro (fluxu-neurgailu) arruntaren bertsioak (absolutua, konpentsatu gabea) eta presio konpentsatukoa, fluxu-maila espezifikoetarako egokiak.

ex 9026 80 20

ex 9026 80 80

ex 9026 10 21

ex 9026 10 81

43

CO2aren detektagailu kolorimetrikoa, arnasa botatzekoa.

Haurren eta helduen hodi endotrakealarekin bateragarria den tamaina. Behin bakarrik erabiltzekoa.

ex 9027 80

44

X izpien filma edo plakak.

Laua, sentsibilizatua eta inpresionatu gabea.

ex 3701 10 00

Biribilkietan.

Sentsibilizatua eta inpresionatu gabea.

ex 3702 10 00

Iragarkiaren kodea: F2009333