182. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

92E/2020 EBAZPENA, uztailaren 21ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez iraungitzat deklaratzen baita Fiteroko udal-mugartean Los Rincones eguzki instalazio fotovoltaikorako espedientea, Tudela Solar SLk eskatuta ireki zena.

2019ko ekainaren 20an, aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena emateko eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, 2019ko irailaren 30ean jakinarazitako idatzi baten bidez, Ingurumen Ebaluazioaren Bulegoak eskatu zion sustatzaileari bidal zezala tramitaziorako beharrezkoa zen dokumentazio osagarria.

Ondoren, 2019ko abenduaren 11n, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak egindako errekerimendu bat eta Herri-lurren Atalaren txostena igorri zitzaizkion sustatzaileari, erantzuna eskatuz.

Bi errekerimendu horietan, berariaz ohartarazi zen ezen, eskatutako dokumentazioa hiru hilabeteko epean igorri ezean, eskaera iraungitzat emanen zela, eta horrek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 95. artikuluan jasotako baldintzak eta ondorioak ekarriko zituela.

Emandako epea aspaldi bukatu zenez egindako errekerimenduak bete gabe, espedientean dauden txostenak ikusita, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Iraungitzat deklaratzea Fiteroko udal-mugartean Los Rincones eguzki instalazio fotovoltaikorako espedientea, Tudela Solar SLk eskatuta ireki zena, eta espedientea artxibatzea.

Adieraztea ezen, etorkizunean eguzki instalazio fotovoltaiko hori gauzatu nahiko balitz, beste espediente bat ireki beharko litzatekeela, 93/2006 Foru Dekretuan ezarritako moduan. Foru dekretu horren bidez Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zen.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Fiteroko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tuterako Koordinazio Unitatera) eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko uztailaren 21ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2008055