182. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

607/2020 EBAZPENA, uztailaren 17koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita farmazien zerbitzua mantentzeko dirulaguntzen deialdia, farmazia jarduketa bereziko osasun eskualde oinarrizkoetan dauden farmaziei zuzendurik. DDBN identifikazioa: 512388.

Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legearen 14.1 artikuluan, interes publikoko osasun establezimendu pribatutzat hartzen dira farmaziak.

Arau horren 27.1.c) artikuluan farmazia jarduketa bereziko osasun eskualde oinarrizkoak ezartzen dira, eta xedatzen da haietan jendearentzako farmazia bat, gutxienez, izan beharko dela 1.400 biztanleko.

Gaur egun, farmazia horietako batzuk desagertzeko arriskuan daude. Hori gertatuko balitz, ukitutako herrietan hutsune bat sortuko litzateke farmazia laguntzaren arloan, eta osasun zerbitzuak jasotzeko lurralde-ekitatearen printzipioa kolokan geldituko litzateke.

Hortaz, interes publikokoa da eremu geografiko isolatu eta barreiatu horietan farmaziak mantentzea, farmazia laguntzako zerbitzua ematen baitute toki horietan.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuragai izanen dituzte, eta segurtatuko dira publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak.

Ikusirik Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmaziako zuzendariordeak deialdiaren gainean egindako proposamena eta txosten juridikoa (biak espedientean jaso dira), non azaltzen baita deialdia onestea egokia eta interes publikokoa dela, eta, orobat, deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, Osasun Departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna izanik, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluak, irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuen 15.2 artikuluari dagokionez, eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Farmazien zerbitzua mantentzeko dirulaguntzen deialdia onestea, farmazia jarduketa bereziko osasun eskualde oinarrizkoetan dauden farmaziei zuzendurik. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean daude.

2. 80.000 euroko gastua baimentzea, 2020ko gastu-aurrekontuko “Farmaziako prestazioak” izeneko 540005 52831 4809 313100 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Osasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuari, Farmazia Zuzendariordetzari eta Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuari.

5. Interesdunei ohartarazten zaie ezen ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezaketela, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluko 3. apartatuari jarraikiz.

Iruñean, 2020ko uztailaren 17an.–Zuzendari kudeatzailea ez dagoenez, eta irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuarekin bat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Ospitaleguneko kudeatzailea, Alfredo Martínez Larrea.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, farmazia jarduketa bereziko osasun eskualde oinarrizkoetan dauden farmazien zerbitzua mantentzeko dirulaguntzen deialdiarenak

1. Laguntzen xedea eta helburua.

1. Farmazia jarduketa bereziko osasun eskualde oinarrizkoetan dauden farmazien zerbitzua manten dadin laguntzea, osasun prestazio honi dagokionez lurralde-ekitatea bermatze aldera.

2. Laguntza hauen xedea da farmazien funtzionamendu gastuak estaltzea eta oporraldietan eta/edo guardia aldietan farmazialarien ordezkoen kontratazioak baimentzea, farmazialari titularrek aukera izan dezaten haien lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzeko.

2. Onuradunen betebeharrak.

Farmazien titularrek jasotzen ahalko dituzte laguntzak, baldintza hauek betetzen badituzte:

1) Farmazia jarduketa bereziko osasun eskualde oinarrizkoetan egotea, Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legeari jarraikiz.

2) Udalerriko farmazia bakarra izatea.

3) Urtean 200.000 eurotik beherako fakturazioa izatea, Nafarroako Foru Ogasuneko datuen arabera.

4) Frogatzea zerga arloko betebeharrak egunean dituela, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak dituela. Eskaera aurkezteak berekin dakar baimena ematea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari ogasun publikoan informazioa bildu dezan, jakiteko ea eskatzaileak betebehar horiek bete dituen.

3. Eskaerak nola, non eta noiz aurkeztu.

1. II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera baloratuko dira laguntzetarako eskaerak.

2. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta handik hilabetera bukatuko.

3. Eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako tokietan aurkez daitezke.

4. Eskaerak ez baditu betetzen behar diren baldintzak, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio okerrak gehienez hamar eguneko epean zuzen ditzala.

5. Laguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

4. Prozedura instruitu eta ebazteko organo eskudunak eta ebazpena emateko gehieneko epea.

1. Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia Zuzendariordetzak eginen du.

2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak du ebazteko eskumena. Hasieran ebazpen bat emanen du, dirulaguntzak emateko edo ukatzeko, eta, behar bada, hileroko ordainketen ebazpenak, gero.

3. Laguntzen eskaerak tramitatzeko eskumena duen organoaren erregistroan eskaera sartzen denetik hura ebazteko dagoen hiru hilabeteko gehieneko epea igaro ondoren, interesdunek ezetsitzat jotzen ahalko dituzte beren eskaerak, ezertan galarazi gabe administrazioak berariaz ebatzi beharra izatea.

5. Laguntzen zenbatekoa.

1. Dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat hartuko dira farmazian sortzen diren funtzionamendu gastuak, honako hauek, hain zuzen:

a) Lokaletako gastu orokorrak:

Atal honetan sartzen dira farmazien lokaletako berezko gastutzat jotzen direnak (garbiketa, argindarra, ura, berokuntza, etab.).

Gastuak zehazteko, lokalaren metro karratuen araberako hileko zenbateko bat kalkulatuko da, eta horretarako kontuan hartuko da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak osasun kontsultategien funtzionamendu gastuak finantzatzeko Nafarroako udalei esleitzen dien diru-zenbatekoa (metro karratua/urtea kontuan harturik finkatzen dena), hain zuzen, II-A motako moduluari dagokiona. Horren ondorioetarako, udalei laguntza horiek emateko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen azkeneko ebazpenaren modulua hartuko da kontuan, hots, dirulaguntza hauek emateko ebazpena onetsi aurretik finkatzen den azkenekoa.

b) Langile gastuak:

Atal honetan sartzen dira oporraldietan eta/edo guardia aldietan farmazialari ordezkoak kontratatzeko egiten diren gastuak. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 4.000 eurokoa izanen da kontzeptu honengatik, onuradun bakoitzeko.

2. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 8.000 eurokoa da urteko, onuradun bakoitzeko.

3. Guztirako zenbatekoa ez bada aski eskaera guztiei erantzuteko, onuradun guztien artean hainbanatuko da.

6. Onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen dituzte.

2. Halaber, egiaztatu ahal izateko laguntzak beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide ekonomiko batzuekin bateragarriak diren, horiek dirulaguntza honen ondoren lortzen badira, onuradunek horien berri eman beharko diote Farmazia Zuzendariordetzari ahalik eta epe laburrenean, horiek lortu direla jakiten denetik.

7. Dirulaguntza ematea.

Laguntzak emateko edo ukatzeko, norgehiagokako prozedura erabiliko da, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emanen du horretarako ebazpena.

8. Dirulaguntzaren ordainketa eta gastuen justifikazioa.

1. Egindako gastua justifikatzeko (langileen ordainsariak eta Gizarte Segurantzako enpresa-kuota), hilero, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Faktura, diruz lagungarriak diren kontzeptuak agertzen dituena.

–Farmazian kontratatutako langileen Gizarte Segurantzako TC orrien eta nominen kopiak.

2. Funtzionamendu gastuak estaltzeko ordainketa hilero eginen da. Kontrataziokoak estaltzeko ordainketa, berriz, hura frogatzeko agiriak aurkeztu ondoan.

9. Laguntza itzultzea.

Ez badira betetzen dirulaguntza ematearekin batera ezarritako baldintzak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako gainerako arrazoiak gertatzen badira, edo ez badira betetzen deialdi honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean berariaz adierazten diren betebeharrak, galduko da kobratu gabe dauden diru kopuruak jasotzeko eskubidea, eta, hala denean, jasotako diru kopurua osorik edo zati batean itzuli beharra ere bai, gehi legezko interesak, laguntza ordaindu den egunetik itzulketari buruzko ebazpena ematen den egunera arte sortutakoak.

10. Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntzen onuradunak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

11. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntza emateko ebazpena Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko da.

12. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

13. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

ERANSKINAK

II. eranskina.–Eskaera.

III. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzaren onuradun izateko debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2007836