182. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

57/2020 EBAZPENA, uztailaren 23koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, bertan behera uzten duena industria segurtasunaren arloko lanbide gaikuntza eta txartel profesionalak lortzeko probetan izena emateko hirugarren epea, 2020ko irailaren 1etik 15era bitarte irekitzea aurreikusita zegoena.

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak abenduaren 13an emandako 71/2019 Ebazpenaren bidez, industria segurtasunaren arloko lanbide gaikuntza eta txartel profesionalak lortzeko proben deialdia egin zen 2020. urterako.

Ebazpenaren I. eranskinean, izena emateko hiru epe ezarri ziren:

–Izena emateko lehenengo epea: urtarrilaren 20tik 31ra arte: azterketak 2020ko otsailaren 20an egin ziren.

–Izena emateko bigarren epea: martxoaren 1etik 15era. Izena emateko epea bukatu da. Azterketak ez dira oraindik egin.

–Izena emateko hirugarren epea: irailaren 1etik 15era.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko, eta horren ondorioz, administrazio epeak eten ziren. Hori dela eta, bigarren epean izena eman zuten izangai onartuek ezin izan dute azterketa egin.

Ministroen Kontseiluak 2020ko apirilaren 18an hartutako Erabakiaren bidez, Normaltasun Berrirako Trantsizio Plana zehaztu zen, non protokoloak, jardunbide egokien kodeak eta segurtasunaren eta osasun publikoaren arloko prozedurak ezarri ziren.

Administrazio epeen etenaldia ekainaren 1ean indarrik gabe utzi bazen ere, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari ezinezkoa gertatzen zaio azterketak egitea; izan ere, ez dauka gela aski izena eman duten 129 pertsonaren segurtasuna eta osasun publikoa bermatu ahal izateko.

Horregatik proposatu du bertan behera uztea izena emateko hirugarren epea, 2020ko irailaren 1etik 15era arte irekitzea aurreikusita zegoena.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Bertan behera uztea industria segurtasunaren arloko lanbide gaikuntza eta txartel profesionalak lortzeko probetan izena emateko hirugarren epea, 2020ko irailaren 1etik 15era bitarte irekitzea aurreikusita zegoena.

2. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko uztailaren 23an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F2008100