181. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 14a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

39/2020 FORU AGINDUA, abuztuaren 13koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez prebentzio neurriak hartzen baitira Tuterako udalerrian (Nafarroa) COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

2020ko ekainaren 20an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuaren erabaki bat, 2020ko ekainaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratzen duena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen dituena, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Erabaki horren xedea zen prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzea COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta, orobat, gerta daitezkeen agerraldiak prebenitzeko, behin Nafarroako Foru Komunitatean 3. fasea gaindituta eta alarma egoerak indarra galdu ondoren.

Aipatutako erabakiaren 5. puntuan xedatzen denez, bertan ezarritako prebentzio neurrien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginen da, unean uneko epidemiologia eta osasun egoerarako egokiak direla bermatzeko.

Erabaki horrek ezartzen du, halaber, Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabakia aplikatzeko beharrezko neurriak hartzen ahalko dituela eta, aplikatzekoa den araudiaren arabera, eta bilakaera epidemiologikoa ikusirik, erabaki horretan ezarritakoen neurri gehigarri, osagarri edo murriztaileak ezartzen ahalko dituela, beharrezkoak badira.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak Nafarroako egoera epidemiologikoaz egin duen txostenaren arabera, Tuterako (Nafarroa) egoera epidemiologikoa ikusirik, komeni da bertan hartzea berariazko neurri batzuk, foru agindu honetan zehazten direnak, kutsatze gehiago ekiditeko, Nafarroako herritarren osasun publikoa arriskuan jar dezaketelako.

Txosten horren arabera, metatutako intzidentzia tasak gora egin du Tuteran azken aste honetan, 95 kasu baieztatu baitira. Horrek esan nahi du azken zazpi egunetan metatutako intzidentzia tasa 2,6koa dela 1.000 biztanleko. Metatutako intzidentzia tasa hori askoz handiagoa da Tuteran Nafarroako gainerako udalerrietan baino. Kutsatutakoen batez besteko adina 33 urte da, eta kasuen %67 sintomatikoak dira. Azkenik, txostenean adierazi da Tuteran izan diren agerraldi gehienak arlo sozialean eta familiarrean gertatu direla. Beraz, bidezkoa da zenbait prebentzio neurri ezartzea arlo sozial horietan, orain arte arlo horretan izan diren kutsatzeak ekiditeko eta prebenitzeko.

Foru agindu honetan adierazitako neurriak Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, lehen artikuluan xedatzen baitu osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, lege horretan aurreikusitako neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan adierazten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta ezertan ukatu gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa ukatu gabe; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Azkenik, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.6 artikuluaren bigarren paragrafoan ezartzen da administrazioarekiko auzien epaitegiei dagokiela judizialki baimentzea edo berrestea osasun agintariek osasun publikoari begira presakotzat eta beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak, neurri horiek askatasuna edo oinarrizko beste eskubide batzuk kentzen edo mugatzen dituzten kasuetan.

Edonola ere, hemen ezartzen diren neurriak ebaluatu eginen dira aurrerago, gehienez ere hamabost egun naturaleko epean foru agindu hau argitaratzen denetik.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz, udal agintari eskudunei kontsulta egin ondoren,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Tuterako udalerrirako (Nafarroa) prebentzio neurri hauek hartzea, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaera dela eta:

1) Aldatzen da Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren 3. puntua (“Edukierak eta berariazko prebentzio neurriak sektoreen arabera”) lurralde eremu horretan, eta hauek izanen dira aurrerantzean:

1.1. Gurtza egiteko tokiak.

Gurtza egiteko tokietan okupazioak ezin izanen du gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamar.

1.2. Ezkontza zeremoniak eta beste ospakizun sozial, erlijioso edo zibil batzuk.

Gurtza egiteko tokietan egiten badira bete beharko dituzte foru agindu honetan toki horietarako ezartzen diren edukierak.

Ezkontza zeremoniak eta beste ospakizun sozial, erlijioso edo zibil batzuk edozein eratako instalazio publiko zein pribatutan egiten ahalko dira, berdin atari zabalean zen toki itxietan. Atari zabalean egiten direnean 75 pertsona elkartzen ahalko dira gehienez ere, eta toki itxietan, 35.

Zeremonietan eta ospakizunetan bete beharko dira osasun agintaritzek ezarritako higiene eta prebentzio neurriak, distantzia sozialari, maskara erabiltzeari eta eskuak garbitzeari buruzkoak.

2) Beilatokiak.

Beilatokiek bete behar dituzte Nafarroako Gobernuaren ekainaren 19ko Erabakiaren 3.3 puntuan xedatutakoa, non ezarri baita baimendutako gehieneko edukieraren %50ekoa izanen dela edukiera, beharrezko babes neurriak mantenduta. Erabaki horren bidez deklaratu zen Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartu zela eta eman ziren COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

3) Elkarte gastronomikoak eta peñak.

Elkarte gastronomikoek eta peñek bete behar dituzte Nafarroako Gobernuaren ekainaren 19ko Erabakiaren 3.30 puntuan xedatutakoa, non ezarri baita baimendutako gehieneko edukieraren ehuneko hirurogeita bostekoa izanen dela edukiera, eta taldeak 25 pertsonakoak izan daitezkeela, gehienez ere. Erabaki horren bidez deklaratu zen Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartu zela eta eman ziren COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

4) Bilera sozialak eremu pribatuan.

Gomendatzen da bilera sozial pribatuetan ez daitezela elkartu 10 pertsona baino gehiago, baldin eta elkarrekin bizi diren pertsonak ez badira. Horrelakoetan, bete beharko dira osasun agintaritzek COVID-19a prebenitzeko asmoz ezarritako segurtasun eta higiene neurriak.

5) Gomendio orokorrak.

Tuterako Udalari gomendatzen zaio eman ditzala, bere eskumenen eremuan eta Tuterako egoera epidemiologikoa kontuan izanik, birusa transmititzeko arriskuak murrizteko egokiak diren argibideak, jende pilaketengatik arriskutsuak izan daitezkeen egoerei dagokienez (haurrei eta gazteei zuzendutako aisialdiko jarduerak, haurtzaindegiak, parkeak, taldean erabiltzen diren kiroldegiak, adinekoentzako eta desgaitasuna dutenentzako egoitzak eta eguneko zentroak, eta COVID-19a kutsatzeko arriskutsuak izan daitezkeen udal ekipamendu publiko guztiak).

Bigarrena.–Neurri horietako batzuek mugatzen dituzte Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartu zuen Erabakian adierazitako horiek, baina erabaki hori osotara aplikatzekoa da arautzen dituen gainerako neurriei dagokienez, foru agindu honetan xedatutakoaren kontrakoa ez den guztian, horrek ukatu gabe izaera orokorrarekin beste xedapen batzuk ematea, aplikagarriak izanen direnak.

Hirugarrena.–Neurri hauen gaineko jarraipen eta ebaluazio etengabea eginen da eta, betiere, hamabost egun naturaleko epean gehienez ere, egoera epidemiologikoaren bilakaerarekin bat datozela ziurtatzeko; horren arabera, beraz, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Laugarrena.–Foru agindu hau igortzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, dagokion administrazioarekiko auzien epaitegian berrespen judiziala lortzeko tramita dezan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Tuterako Udalera eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Bosgarrena.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 13an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2009203