180. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZUBIETA

Zubietako hilerria erabiltzeko eta bertako zerbitzuak hartzeko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza

1. artikulua.

Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26. artikuluetan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. eta 29. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza Zubietako Udalari dagozkio, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dituzten legezko eskumenak. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan, eta 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri dira ordenantza honetan arautzen diren prezio publiko eta tasak.

2. artikulua.

Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilerria zaindu, garbitu eta egokitzea. Hala ere, norbanakoen betebeharra izanen da hilobiaren eremua, edo kolunbarioaren aurrealdea, mantendu eta zaintzea, behar bezala segur, xahu eta apain egon daitezen.

c) Tarifei, hilotzak eramateari eta barne araubideari dagokien guztia.

d) Hilobi, kolunbarioen, lur eta hezurtegien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

e) Eskubideak eta tasak ezartzea eta kobratzea.

f) Hilotzak ehortzi, atera eta lekuz aldatzeko baimenak ematea.

g) Erregelamendu hau betetzen dela begiratzea eta, hala ez bada, zehatzea.

3. artikulua.

Hilerriko bisitariek hildakoak errespetatuko dituzte eta, horretarako, ez da onartuko esparruaren seriotasuna zuzenean edo zeharka hondatzen duen edo hilobiak profanatzea, suntsitzea edo donaustea dakarren inolako ekintzarik. Organo edo agintaritza eskudunari egin diren ustezko arau-hausteen berri emanen zaio.

4. artikulua.

Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko, zerbitzuarekin zerikusirik ez duten pertsonek hilobiak edo haien gainean uzten diren gauzak ebatsi edo narriatzen badituzte.

5. artikulua.

Udalaren Osoko Bilkurari dagokio kontzesioa ematea eta panteoiak eta hilobiak erabiltzeko ehorzketa eskubidearen iraungipena adieraztea. Gainerakoetan, hilobien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidearen kontzesioa, eskualdaketa eta iraungipena Alkatetzaren edo eskuordetutako organoaren ebazpenaren bidez onetsiko dira.

6. artikulua. Kalteak.

Hilerriko esparruaren zaintza egingo du Zubietako Udalak, baina Udalak ez du bere gain hartzen errauts-kutxatilari edota plakari hirugarrenek egindako lapurreta edo kalteen erantzukizunik. Era berean, ez du bere gain hartzen naturak (haizatze bortitzak...) eragindako kalteen erantzukizunik.

7. artikulua. Ordenantzaren interpretazioa.

Alkateak eskumena izango du honako ordenantza hau aplikatu eta garatzeko beharrezkoak diren arauak emateko, eta baita ere ordenantzaren interpretazioan sortu litezkeen zalantzak erabakitzeko.

Ehorzketa eskubidea. Hilobien kontzesioa

8. artikulua.

Lurreko hilobien eta panteoien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidea kontzesio edo emakida ekintzaren bidez sortuko da. Horretarako, ordenantza fiskalean ezarritako tasak ordaindu beharko dira.

Kontzesioa bi modutan esleituko da, Nafarroako Toki Araubidearen 6/1990 Legearen 127. artikuluaren arabera, enkantearen edo esleipen zuzenaren bidez. Esleipen zuzena bakarrik eskatzaile kopurua eskaintza kopurua baino txikiagoa denean erabiliko da, beste kasuetan enkantea izanen da emakida esleitzeko prozedura. Lehenengo kasuan, esleipendunak ordenantzetan paratzen den tasa ordaindu beharko du. Enkante prozedura erabiltzen denean, ordenantzetan arautzen den tasa hasierako prezioa izanen da.

Ez da lurzati gehiagorik emanen panteoiak eraikitzeko.

Hilobi zein panteoietan gorpuak gordetzeko eskubidea honako pertsona hauek izanen dute: Udalerrian erroldatu edota Udalerrian sortuak direnak. Beste edozein eskaera, ebazpen bidez erabakiko da, betiere eskatzailearen Udalerriarekiko lotura irizpide bezala kontuan izango delarik.

9. artikulua.

Lurreko hilobiak erabiltzeko emakidak 99 urterako izanen dira, eta era jarraituan luza daitezke hasierako emakidak irauten duen denbora berdinean, 99 urte; gehienez ere bi luzapen izaten ahalko dira. Udalak luzapena onetsiko du, tasa ordaindu ondoren.

Luzapena onartu ahal izateko, eskatzaileak, emakida bukatu baino hilabete bat lehenago emakida luzatzeko eskaera aurkeztu beharko du Zubietako Udalean. Udalaren erantzunik egon ezean, luzapena onartu dela ulertuko da.

10. artikulua.

Ez da inoiz-inola epemugarik gabeko kontzesiorik emanen.

Hilobiak eraikitzea, mantentzea eta zaintzea

11. artikulua.

Hilerriaren esparruaren barnean edozein obra egiteko, horiek egiteko kontratatzen diren enpresek honako arau hauek bete beharko dituzte:

a) Harria, marmola, metalak edo bertzelakoak prestatzeko lanak ezin izanen dira esparruaren barnean egin.

b) Eraikuntzako materialen prestalana hautatzen diren tokietan egin beharko da, kasu bakoitzean beharrezkoa den babesarekin.

c) Materialak, tresnak, lurra edo ura igarobidea eragozten ez duten lekuetan utziko dira.

d) Ondoko hilobi edo landareei kalterik ez egiteko moduan paratuko dira aldamioak, hesiak edo eraikuntzarako behar den bertze edozein tresna lagungarri. Pertsonak eta ondasunak babesteko beharrezko neurriak beteko dira, eta obrak eskatu eta egiten dituztenek obrak egitearen ondorioz sor daitezkeen kalteak beren gain hartuko dituztela ulertuko da.

e) Obra bukatutakoan, tokia garbitu egin beharko dute eta handik eraman obra-hondakinak, puskak edo materialen hondarrak; baldintza hori bete ezean, ez zaio alta emanen hilobiari.

12. artikulua.

Norberak eraikitako hilobiak konpontzeko eta zaintzeko obrak eta Udalak eraikitako hilobietan apaingarriak jartzea eskubideen titularren kontura eginen dira.

13. artikulua.

Hilarrietako hilartitzak, oroigarriak, ezaugarriak eta ikurrak edozein hizkuntzatan jar daitezke, eta behar bezalako begirunea agertu beharko dute. Hirugarrenen eskubideen aurka jo dezaketen idazkunen erantzukizuna titularrarena izanen da.

14. artikulua.

Eskubideen titularrek edo haien baimena duten bertze pertsona batzuek zaindu eta garbituko dituzte hilobiak. Hilobia garbitu ondoren, lore arrastoak eta bertzelako objektu erabiltezinak norberak erretiratu beharko ditu.

15. artikulua.

1. Ezin izanen da hilerrira sartu edo handik atera hilobien zerbitzurako gairik, Udalaren baimenik gabe.

2. Hilobietan instalatzen diren hilarriak eta obra artistikoak ehorzketa eskubidearen titularrak kentzen ahalko ditu kontzesioa amaitutakoan, objektu nagusiari kalterik egin gabe bereizten ahal badira.

Hilobiak

16. artikulua.

Udalak 99 urte urterako ematen du hobi orokorrerako eskubidea, gorpua ehorzten denetik hasita.

17. artikulua.

Hobi orokorreko hilobi guztiek 2 m²-ko azalera izanen dute, eta gutxienez ere metro bat sakonduko da. Hobi orokorrak errenkada batean irekiko dira, zuzen-zuzen, eta hilobien artean gutxienez 50 zentimetroko tartea utziko da.

Hobi orokorretan, hurrenkerari jarraikiz eginen dira ehorzketak, tartean hobi hutsik utzi gabe.

Hau betetzea ezinezkoa balitz, udalaren esku gelditzen da hobi orokor berriak irekitzeko kokapenen zehaztapena.

18. artikulua.

Lurreko hilobietan hilarriak jar daitezke, hildakoaren izena, heriotz eguna eta gorpua identifikatzeko beste edozein gauza daramatzatela, eta horregatik ez da kanonik ordaindu behar. Hilarriek edo gurutzeek honako neurri hauek ez dituzte gaindituko:

0,50 m-ko zabalera × 0,15 cm-ko hondoa × 40 cm ko garaiera.

Debeku da hilerriko paretetan edozein mota eta tamainatako plakarik jartzea.

19. artikulua.

Aldi baterako kontzesio epea amaitu eta gero, gorpuzkiak hobitik atera eta hezurtegi orokorrera eramanen dira, non eta senideek ez duten lekualdatzea erabaki.

20. artikulua.

Hilobiak xahu eta apain edukitzea titularren betebeharra da.

Hobitik ateratzea, berrehorztea eta lekualdatzea

21. artikulua.

Hileta-osasunaren erregelamendua onartzen duen 297/2001 Foru Dekretuaren arabera zuzenduko dira hilerrian burutzen diren ehortze, hobitik ateratze, edota gorpu edo gizaki hondakinen lekualdatzeak.

22. artikulua.

Epaileak agindu ezean, ezin izanen da hilotzik hobitik atera, heriotzatik bost urte iragan arte, ehorzketa zerraldo arruntean edo lekualdaketarako zerraldoan egin den kontuan hartu gabe.

Lurreko hilobietan egindako ehorzketei dagokienez, heriotza, Hilotzen gaineko Osasunari buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuaren 4. artikuluaren I. taldean adierazitako arrazoiengatik gertatzen bada, bortz urteko epea iragan beharko da hilobia irekitzeko edo, osasun teknikarien iritziz, hilotzaren gai organikoa erabat deskonposatzeko behar den epe luzeagoa iragan arte.

Kolunbarioak

23. artikulua. Kontzeptua.

Erraustutako hilotzaren edo gorpuzkinen errauts-kutxatila gordetzeko lekuari esaten zaio kolunbario.

24. artikulua. Helburua.

Honako pertsona hauen errautsak gorde ahal izango dira: Udalerrian erroldatu edota Udalerrian sortuak direnenak. Beste edozein eskaera, ebazpen bidez erabakiko da, betiere eskatzailearen Udalerriarekiko lotura irizpide bezala kontuan izango delarik.

25. artikulua. Eskariak.

Kolunbarioaren eskatzaileak pertsona fisikoa izan behar du.

Udalak eskaria aztertu ondoren dagokion erabakia hartuko du. Erabakia aldekoa bada, udal-tasa ordaintzearen baldintzari lotuta egonen da.

Udalak eskaria onartu eta aldeko erabakiaren berri eman ondoren, gehienez hamabost eguneko epean gorde beharko da errauts-kutxatila kolunbarioan. Hala egiten ez bada, bestelako tramiterik gabe, eskatzaileak emakidari uko egin diola ulertuko du Udalak.

Aldeko erabakiak emakidadunaren izena eta abizenak, kolunbario-zenbakia eta emakidaren data eta epea jaso beharko ditu, gutxienez.

Emakida jaso ostean, interesdunak errauts-kutxatila gordeko du dagokion kolunbarioan.

Ezingo da inolaz ere kolunbarioko aterik ireki emakida-epea amaitu arte. Emakidadunak errauts-kutxatila aldez aurretik erretiratu nahi badu edo errauts-kutxatila berria sartu, eskaria aurkeztu beharko dio Udalari, eta horrek onartu ondoren, emakida bukatutzat hartuko da edo errauts-kutxatila berria sartu ahalko da.

26. artikulua. Emakida-epea.

Kolunbario-unitatea erabiltzeko epea (behin behineko emakida) lauretan hogei eta hemeretzi urtekoa izango da, baimenaren jakinarazpena egiten den egunetik aurrera.

Interesdunari dagozkion arrazoiak medio epea amaitu aurretik etengo balitz emakida, pertsona horri ez zaio ordaindutako zenbatekoa bueltatuko, ez osorik ez zatirik, ez baitu horretarako eskubiderik izango.

Emakida-epea amaitu eta hilabetera inork ez badu errauts-kutxatila jasotzeko eskatu, Udalak hezurtoki komunera eramango du.

Emakida-epea, bitan luzatu ahal izango da, epe hori amaitu baino hilabete lehenago, gutxienez, eskaria egin eta une horretan indarrean den tasa ordainduz gero.

Udalak eskaria aztertu ondoren dagokion erabakia hartuko du. Udalak emakidaepea luzatzea ukatu dezake baldin eta hurrengo urteetako beharrei erantzuteko beste toki ez dagoela uste badu.

27. artikulua. Tasak.

Kolunbarioa erabili ahal izateko, Hilerriko Zerbitzu Publikoak eskaini edo Jarduera Administratiboak burutzeagatiko Tasak arautzen dituen Ordenantza fiskalaren eranskinean urtero xedatzen den tasa ordaindu beharko da.

28. artikulua. Errauts-kutxatilak gordetzeko era.

Errauts-kutxatilak modu antolatuan gordeko dira kolunbarioetan, hau da, ezkerretik eskuinera eta goitik behera. Beraz, ezingo da hurrengo ilarako kolunbariorik erabili aurrekoa erabat beteta egon arte. Hala ere, kolunbarioa eraiki eta hasierako esleipenean, eskatzaile guztien artean kolunbarioen zenbakia ez da hurrenez hurren ezarriko eskaeraren ordenaren arabera, baizik eta zozketa bidez.

Emakida luzatzen denean, errautsak dauden lekuan mantenduko dira emakida amaitu arte.

29. artikulua. Kolunbarioen erregistroa.

Udalak kolunbarioen erregistroa izango du, eta bertan eskatzailearen izena eta abizenak, erraustuaren izena eta abizenak, kolunbario zenbakia, emakida data eta epea jasoko dira, gutxienez.

30. artikulua. Kolunbarioen ezaugarriak eta apaingarriak.

Inskripzio elementuak denak berdinak izango dira. Osagai honen kostua eskatzailearen gain joango da. Era berean gauzatzeko unean, Udalak baimendutako hornitzaileekin, izan behar diren hartuemanak ere.

Osagaia egin ondoren, eskatzaileak berak jartzeko ardura izango du, guzti hau emakidaren ebazpena jaso eta gehienez bi hilabeteko epean.

Plaka horretan hildakoaren izena eta abizenak edo ezizena azalduko dira, eta horrekin batera heriotzaren data edo jaiotza eta heriotza-datak, eskatzaileak eskaria egitean aurkeztutakoaren arabera.

Apaingarrien inguruan, ordenantza hauek zehazten ez dutenari buruz, Osoko Bilkurak izanen du eskatzaileek aurreikusitako apaingarriak, hilerriaren morfologia eta ohiturak errespetatzen dituzten edo ez ebaztea.

Xedapen gehigarria

297/2001 Foru Dekretuak eta indarrean dagoen beste edozein legek ordezkatu eta arautuko dute ordenantza hauetan aurreikusten ez den guztia.

GEHIGARRIA

Ordenantza fiskalak

1. artikulua. Zerga-egitatea.

Udal tasa honen zerga-egitatea, hilobiak zein kolunbarioak erabiltzeko emakidaren eskubidea da.

2. artikulua. Subjektu pasiboa.

Tasa honen subjektu pasiboa emakidaren eskatzailea izanen da, bai hilobien bai kolunbarioen kasuan.

3. artikulua. Salbuespenak eta hobari fiskalak.

Ez da tasa honetarako ez salbuespenik ez hobari fiskalarik aurreikusten.

4. artikulua. Kuota.

Tasa honen bi kuota egonen dira, lehenengoa hilobien emakidaren kuota izanen da, eta bigarrena kolunbarioena.

Hilobien kuota 0 eurokoa da, hilobi bakoitzerako eta emakida bakoitzerako (edo luzapen bakoitzerako).

Kolunbarioen tasa, kolunbarioak eraikitzearen osotarako kostuari (eraikitze jarduerei, jarduera administratibo guztien kostuak gehituz) eraikitako kolunbario guztien kopuruarengatik zatituz lortzen den kolunbarioko kostua izanen da.

–(Adib: 20 kolunbario eraikitzea 100euro kostatu izan balitz, tasaren kuota 5 eurokoa izango litzateke).

5. artikulua. Sortu epea.

Tasa hauek sortuko dira, emakidaren eskaerari aldeko ebazpena ematen zaion momentuan.

Aldeko ebazpena jaso eta hilabetera, tasa ordaintzeko borondatezko epea bukatuko da. Kasu honetan Udalak emakida bertan behera uzteko edota tasa kobratzeko nahitaezko betearazpen prozesuari hasiera emateko erabakitzeko eskubidea gordetzen du bere gain.

Hala ere, salbuespen bat badago non ez den tasaren % 100a ordaintzeko betebeharra sortuko emakidaren ebazpena jasotzen den momentu berdinean. Izan ere, kolunbarioa eraiki aurretik, emakidak eskatzeko aukera zabalduko zaio herriari. Emakida eskatzen dutenek, emakidaren aldeko ebazpena jaso ondoren, tasaren % 50a ordaindu beharko dute. Tasaren beste % 50a, obra bukatzearekin batera ordaindu beharko da. Kolunbarioa eraiki ondoren, aurreko bi paragrafoetan zehazturiko sortu uneak eta ordainketa epeak erabiliko dira tasen ordainketak arautzeko.

Iragarkiaren kodea: L2007861