180. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OROTZ-BETELU

Ordenantza, Herri-lurretako produktu naturalen aprobetxamendua arautzen duena. Behin betiko onespena

Orotz-Beteluko Udalak, 2020ko maiatzaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Orotz-Beteluko Udalaren herri-lurretako produktu naturalen aprobetxamendua arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa.

Hasierako onespenaren erabakia 2020ko 131. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 16an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Orotz-Betelun, 2020ko uztailaren 29an.–Alkatea, Javier Larrea Reta.

ORDENANTZA, OROTZ-BETELUKO UDALAREN HERRI-LURRETAKO PRODUKTU NATURALEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUENA

Azken urteetan, produktu naturalen bilketak, eta bereziki onddo eta zizenak, bilakaera izan du: tradizioz herriko bizilagunek bakarrik egiten zuten aprobetxamendua izatetik pasa da gure herriarekin batere loturarik ez duten kanpotarrendako eskari handiko jarduera izatera. Ondorioz, momentu batzuetan ibilgailuak nolanahi eta neurririk gabe ibili dira pistetatik eta, halaber, produktu naturalen bilketan abusuzko praktikak atzeman dira. Beraz, beharrezkoa da produktu naturalen aprobetxamendua arautzea eta bestelako neurri batzuk hartzea, hala nola pistak ixtea produktu horiek eta pistak berak babesteko, batez ere herritarren mesedetan, haiei baitagokie, beste inori baino lehen, horien erabilera eta gozamena, herri-lurretako beste aprobetxamendu guztiena bezala.

Produktu naturaltzat jotzen dira naturak berez sortzen dituen guztiak, besteak beste: zizak, onddoak, ezkurrak, gaztainak, hurrak, intxaurrak, marrubiak, sendabelarrak, basaranak, sagarrak (patxaka) etab.

Produktu naturalen aprobetxamendua bat etortzeko eta bateragarri egiteko harekin nahas daitezkeen herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuekin, bereziki ehizarena baloratu da, biak nagusiki egiten diren garaiagatik, eta biak erabilera eremu beretan egiteagatik. Horri dagokionez, eremu batzuk produktu naturalen aprobetxamendutik salbuetsirik egonen dira, halako egun batzuetan eta behar bezala seinalaturik, bertan ehiza larriko uxaldiak egiten ari badira. Halaber, eremu berean ehiza xehea eta produktu naturalen bilketa aldi berean suertatzen badira, lehentasuna izanen du ehiza xeheak, baldin eta bi jarduerak aldi berean gauzatzea arriskutsua bada, eta horixe ohartaraziko dio ehiztariak produktu naturalak biltzen ari denari.

Udalak urteko eta eguneko txartelak, eta herrikoei dagozkienak eginen ditu. Udaletxean bertan jaso ahalko dira jendea hartzeko ordutegian (asteazkenetan eta hilabeteko lehen ostiraletan, 8:00etatik 15:00etara).

1.–Aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedea da Orotz-Beteluko hermendiko produktu naturalen bilketa arautzea.

2.–Baimena izan beharra.

Orotz-Beteluko udalerrian herri-lurretako produktuen aprobetxamendua eginen da bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta gai hau arautzen duten udal ordenantzetan xedatuarekin.

3.–Baimenak ematea.

Arau orokorra da debekatuta dagoela produktu naturalak biltzea, Orotz-Beteluko Udalaren baimenik gabe. Bilketa egiteko baimenak txartel sistema baten bidez luzatuko dira; sistema horrek baimena ematen du kategoria bakoitzaren arabera halako kupo batzuk biltzeko.

Txartelak Orotz-Beteluko Udaleko bulegoetan eskura daitezke. Haietan titularraren datu pertsonalak, kupo baimenduak eta indarraldia agertuko dira.

Urteko txartelak titularrek eskaturik berrituko dira, urte bakoitzeko urtarriletik aurrera.

Bilketa egiten denean txartela aldean eduki beharko da, baita identifikazio agiriren bat ere, eta erakutsi eginen zaie bai agintari eskudunei bai Orotz-Beteluko Udalak xede horretarako jartzen dituen pertsonei, eskatuz gero. Hemezortzi urtetik beherako biltzaileek ez dute bilketa txartelik hartu beharrik izanen; hala ere, produktu naturalak biltzeko txartela duen heldu batekin joan beharko dira, hura izanen baita erantzulea.

Txartelak izendunak, pertsonalak eta besterenezinak izanen dira.

Txartelekin batean, ordenantza honen kopia emanen zaie titularrei.

Ikuskapena Orotz-Beteluko Udalaren herri-lurretan egiten bada, ulertuko da biltzailearen eskuetan dauden produktu natural guztiak Orotz-Beteluko udalerrian bildu direla.

Orotz-Beteluko Udalak mugatu ahalko du txartelen kopurua, biltzaile sobera etortzeak arriskuan jartzen badu aprobetxamenduaren iraunkortasuna. Gisa berean, biltzaileak eremuka banatu ahalko dira, are txartelen salmenta ukatu ere.

4.–Baimen motak eta tarifak.

4.1.–Baimen arruntak:

–Eguneko txartela:

Gehienez 10 kg produktu natural bildu ahalko dira, aprobetxamenduaren xede diren espezietakoak. Egun baterako baimenaren zenbatekoa: 10 euro.

–Urteko txartela:

Gehienez 10 kg produktu natural bildu ahalko dira, egunero, aprobetxamenduaren xede diren espezietakoak; urteko egun guztietarako balio du: 60 euro.

Urteko txartel baten kopia egiteagatik 10 euroko tarifa osagarria ordaindu beharko da, kopiaren kudeaketagatik.

4.2.–Baimen bereziak:

–Erroldatutako bizilagunendako txartelak: doakoa, urteko egun guztietarako balio du, eta egunean guztira 10 kilo produktu natural bildu ahalko dira. Txartelak balioko du erroldatzearen baldintza betetzen den bitartean.

–Urteko txartela, honako hauendako: herriarekin lotura duten pertsonak, edo gaur egun bigarren gradura arteko familia harremanak dituztenak, eta Orotz-Beteluko udalerrian etxebizitza baten jabe direnak edo bertan etxebizitza errentan hartua duten titularrak: 10 euro, urteko egun guztietarako balio du, eta egunean guztira 10 kilo produktu natural bildu ahalko dira. Urtebeterako edo zenbait urtetarako egin ahalko dira, eta % 20 merkeago izanen da 5 urterako edo gehiagorako egiten bada.

5.–Ibilgailuen sarrera.

Bilketa guneetara joateko ibilgailuetan txartelak aurreko panelean egon beharko du, kontrola eta jarraipena egin ahal izateko.

Produktu naturalak biltzeko ahalmena ematen duten txartelek berekin dakarte ibilgailua pistetan sartzeko baimena, produktuak biltzeko ezartzen diren datetan soilik eta, nolanahi ere, errespetatu beharko da pista horietan sartzea aldi baterako edo modu iraunkorrean mugatzen duen edozein seinale. Pistetan sartzeko mugapen horretatik kanpo gelditzen dira Orotz-Beteluko udalerrian erroldaturik dauden pertsonak eta, herriarekin duten loturagatik edo familia harremanengatik, itxiturak zabaltzeko giltzak, etxeetan banatu direnak, erabil ditzaketenak.

Pistak, beti itxita daudenak:

–Koronako pista (Olaldea).

–Gurutzeko pista (Olaldea).

–Aradengo pista (Olaldea).

Ez da baimentzen inolaz ere ibilgailuak aparkatzea larreetan, nekazaritzako laboreetan edo basoberritzeetan, edo beste ibilgailuei pistan barna ibiltzea eragozten zaien tokietan.

6.–Bilketarako berariazko arauak.

1. Debeku da bilketa gauez egitea, eguzkia ezkutatu baino ordubete lehenagotik eguzkia irten ondoren ordubete pasatu arte.

2. Debeku da lurraren estratu humiferoa hondatu dezaketen arrasteluak eta bestelako tresnak erabiltzea.

3. Saskiak erabiliko dira eta ez plastikozko poltsak.

4. Errespetatu eginen dira zahartuta, hautsita edo bestelakotuta dauden aleak eta biltzekoak ez direnak.

5. Orokorrean, ezin dira bildu 4 cm-ko diametroko txapela edo txikiagoa duten perretxikoak eta/edo onddoak. Marasmius oreades (Marasmio jangarria), Cantharellus cinereus (Saltsa-perretxiko aranusaina), Cantharellus cibarius (Ziza horia) perretxikoen kasuan, ezin izanen dira bildu txapelaren diametroa 2 cm-koa edo txikiagoa denean.

6. Debeku da arras adarrak moztea edo landareak eta sasiak erauztea baiak, basaranak etab. eskuratzeko.

7. Une oro errespetatuko da azienda, eta atakak eta itxiturak erabili ondotik itxi egin beharko dira.

8. Erabat debekatua dago mendian edozein motatako zaborra edo hondakina botatzea. Zaborra edo hondakinak poltsetan bildu eta herri hurbilenean botako dira, dagokion zaborrontzian.

7.–Funtsen xedea.

Txartelen salmentatik lortzen den diru guztia Orotz-Beteluko Udalaren herri-lurren kudeaketarako erabiliko da.

8.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza honetan xedatua betetzen ez duten egintza edo jarduketa guztiak arau-haustetzat joko dira.

Arau-hausteek isuna izanen dute zehapen; hura 300,00 eurokoa izanen da gehienez ere, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera. Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa. Zehapenek bilketa eta/edo beste inora sartzea baimentzen duen txartelik gabe gelditzea ekarriko dute, bost urteko eperako, zehapena erabakitzen duen ebazpenaz geroztik.

Ordenantza honetan ezarritako zehapenek ez dute baztertzen beste zehapen batzuk ezarri ahal izatea indarra duen legeria ez betetzeagatik.

Iragarkiaren kodea: L2008469