180. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTZIBAR

Aldaketa, Ikasketetarako laguntzak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Artzibarko Udalak, 2020ko urtarrilaren 28ko osoko bilkuran erabaki zuen hasiera batean onestea Ikasketetarako laguntzak arautzen dituen ordenantzaren 6.b) artikuluaren aldaketa.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, aitzinetik iragarkia 2020ko 42. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, martxoaren 2an, eta udal honen iragarki oholean paratuta. Jendaurreko epea inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iragan denez, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsia gelditu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz. Jarraian, argitara ematen da aipatutako ordenantzaren behin betiko testua, 6.b) artikuluan egindako aldaketa barne:

Artzibarren, 2020ko uztailaren 21ean.–Alkatea, Carlos Oroz Torrea.

UDAL ORDENANTZA, IKASKETETARAKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

I.–Xedapen orokorrak.

1. artikulua. Helburua eta definizioa.

Ordenantza honen helburua da dirulaguntzak arautzea, Artzibarko bizilagunei erraztasunak emateko, ikasketak egin ditzaten instalazio eta bitarteko egokiagoak dituzten ondoko udalerrietako bizilagunen baldintza berdinetan.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza hau aplikatuko zaio Artzibarko udal mugapean erroldaturik egon eta bertan bizi den orori, ikasketa arautuak egiten ari bada ikastetxe publiko zein pribaturen batean.

3. artikulua. Eskatzaileen betebeharrak.

Laguntzen eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Artzibarko udal mugapean erroldaturik egon eta bertan bizitzea gutxienez urtebete lehenagotik.

–Familia unitate osoa egiaz udalerrian bizitzea gutxienez urtean bederatzi hilabetez (salbuesten dira, kasu honetan, ikasketak, soldadutza edo ordezko gizarte zerbitzuak eta eritasuna direla-eta izaten diren nahitaezko absentziak).

–Udalak ezarririk dituen zerga guztien ordainketa eguneraturik izan beharko dute familia unitateko kide guztiek.

–Matrikulatua egotea 6. artikuluan jasotzen diren ikasketetako batean eta eskola saioen % 75era bertaratu izana justifikatzea.

–Ordenantza honen 7. artikuluan ezarritako errenta mugak ez gainditzea.

4. artikulua. Frogagiriak.

a) Laguntzarako eskaera, behar bezala betea, I. eranskineko ereduaren araberakoa (eta II. eranskinekoaren araberakoa, beharrezkoa bada). Ikasle bat baino gehiago dituen familia unitateak eskabide bat aurkeztu beharko du ikasle bakoitzeko.

b) Eskatzailearen nortasuna frogatzen duen agiriaren fotokopia.

c) Bukatu den azken ikasturtearen matrikularen fotokopia eta ikasmaila gainditu izanaren frogagiria, edo gehienez ere 2 edo 3 irakasgai gainditzeko gelditzen direla frogatzen duen agiria, kasua bada.

d) Laguntza eskatzen den urtearen aurreko ekitaldiko errenta aitorpenaren fotokopia. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin beharrik ez bada, laguntza eskatzen den urtearen aurreko ekitaldiko errenta edo jasotako diru-sarreren zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, familiak eskaera egiten den urtearen aurrekoan izan dituen diru-sarrerak kalkulatzeko.

5. artikulua. Eskaerak nola, non eta noiz aurkeztu.

Eskaera Artzibarko Udaleko erregistroan aurkeztuko da, 4. artikuluan zehaztutako dokumentazio osagarriarekin batera, irailaren 1etik urriaren 15era bitartean.

6. artikulua. Zein ikasketa motarako ematen diren laguntzak.

a) Haur Hezkuntza: 100,00 euroko gehieneko kopuru finkoa esleitu da ikasle eta ikasmaila bakoitzeko.

b) Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 200,00 euroko gehieneko kopuru finkoa esleitu da ikasle eta ikasmaila bakoitzeko. Ikasmaila gainditu dela frogatu beharko da, bat edo bi irakasgai gainditzeko gelditzen badira, laguntzaren kopurua 100,00 eurokoa izanen da gehienez ere, eta hiru irakasgai edo gehiago gainditzeko gelditzen badira, ez da dirulaguntzarako eskubiderik izanen.

c) Batxilergoa, prestakuntza zikloak (erdi mailakoa edo goi mailakoa) eta Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programak (HLKP): 400,00 euroko gehieneko kopuru finkoa esleitu da ikasle eta ikasmaila bakoitzeko. Ikasmaila osoa gainditu dela frogatu beharko da, bat edo bi irakasgai gainditzeko gelditzen badira, laguntzaren kopurua 200,00 eurokoa izanen da gehienez ere, eta hiru irakasgai edo gehiago gainditzeko gelditzen badira, ez da dirulaguntzarako eskubiderik izanen.

Zenbateko horretan sartzen da garraiorako laguntza, hortaz, ikastetxera egiten den eguneroko joan-etorria justifikatu beharko da, II. eranskineko ereduaren araberako adierazpena aurkeztuta. Ikastetxera egunero egiten den joan-etorria justifikatzen ez bada, ez da garraiorako laguntzarik jasoko; horrenbestez, dagokion kopuruaren % 50 murriztuko da.

d) Unibertsitate ikasketak:

500,00 euroko gehieneko kopuru finkoa esleitu da ikasle eta ikasmaila bakoitzeko, gehienez ere 4 urtez. Ikasmaila osoa (1. eta 2. seihilekoak) gainditu dela frogatu beharko da, eta gainditzeko gehienez ere hiru irakasgai gelditzen badira, laguntzaren kopurua 300,00 eurokoa izanen da gehienez ere, eta urte osoko (1. eta 2. seihilekoak) zenbaketan lau irakasgai edo gehiago gainditzeko gelditzen badira, ez da dirulaguntzarako eskubiderik izanen.

Zenbateko horretan sartzen da garraiorako laguntza, hortaz, ikastetxera egiten den eguneroko joan-etorria justifikatu beharko da, II. eranskineko ereduaren araberako adierazpena aurkeztuta. Ikastetxera egunero egiten den joan-etorria justifikatzen ez bada, ez da garraiorako laguntzarik jasoko; horrenbestez, dagokion kopuruaren % 50 murriztuko da.

Udalak espediente bat irekiko du laguntza eskatzen duen unibertsitateko ikasle bakoitzeko, eta hartan honako hauek jasoko dira:

–Hautatu den karrera eta zein unibertsitatetan eginen den.

–Zenbat urte kalkulatzen den karrera egiteko.

–Egin beharreko kreditu kopurua.

–Matrikularen kopia.

Karrera bukatu gabe beste karrera bat egitera pasatuz gero, laguntza jasotzeko eskubidea galduko da aurreko karreran diruz lagundutako urte kopuru berean.

Lehen karrera bat egiteko Artzibarko Udalaren laguntza jaso dutenek, hura bukatu eta bigarren karrera bat egin nahi badute, ez dute beste laguntza baterako eskubiderik izanen.

Era berean, ez da laguntzarik emanen goi mailako ikasketak egiteko, hala nola masterrak, doktoretzak, graduondoko titulu berekiak, etab.

7. artikulua: Dirulaguntza kalkulatzeko baremoa:

7.1) Aurreko artikuluan ezarritako gehieneko laguntzak emanen dira familia errentaren mailarekin lotutako honako ehuneko hauen arabera:

PER CAPITA ERRENTA* honetarainokoa:

LAGUNTZAREN PORTZENTAJEA GEHIENEKO ZENBATEKOAREN GAINEAN

6.000

% 100

8.000

% 75

10.000

% 50

12.000

% 25

12.001 eurotik gora

0

(*) Per capita errenta: familia unitatearen errenta zati familiako kideen kopurua.

Laguntzaren osagarria:

–18 urtetik beherako 3 kide edo gehiago dituzten familiei dagokien laguntzaren kopurua % 10 handituko zaie.

–Familia unitateko edozein kidek % 33ko edo gehiagoko minusbaliotasun fisiko, psikiko edo zentzumenekoa badu, behar bezala aitortua, dagokien laguntzaren kopurua % 10 handituko zaie.

7. 2) Familiaren osaeraren kontzeptua:

a) Familia unitatea honako kide hauek osatzen dute: adingabearen zaintza eta jagoletza dituzten aita eta ama edo tutoreak, seme eta alaba adingabeak –salbu eta, gurasoen baimena izanda, haiekin bizi ez direnak– eta epai bidez ezgaituta eta guraso-aginte luzatuaren edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak. Familia harreran diren haurrak familia unitateko kidetzat joko dira ondorio guztietarako.

b) Banantze edo dibortzio kasuetan, ez da kontatzeko kidetzat joko adingabekoaren zaintza eta jagoletza ez dituen aita edo ama.

7. 3) Banantze edo dibortzio kasuan:

–Haurraren zaintza eta jagoletza dituen aitaren edo amaren errenta aitorpena edo diru-sarrerak hartuko dira kontuan.

–Oinarri honetako 2. apartatuan xedatutakoaren arabera kalkulatutako diru-sarreretatik, zaintza eta jagoletza ez dituen aitak edo amak seme-alaben mantenurako urtean ordaindutakoa kenduko da, hitzarmen erregulatzaile edo erabaki judizial baten arabera ordaindutakoa baldin bada.

8. artikulua. Salbuespenak.

8.1. Ez zaie laguntzarik emanen ikasmaila errepikatzen ari diren ikasleei, harik eta hura gainditu arte.

9. artikulua. Dokumentazio osagarria.

Udalak laguntza emateko zalantzaren bat duen kasuetan, eskaerarekin loturik egokitzat jotzen dituen agiri guztiak eskatzen ahalko ditu. Interesdunak ez baditu agiri horiek aurkezten laguntza deuseztatuko da.

10. artikulua. Aurrekontua.

Udalak, urteko aurrekontuan diru-esleipen nahikoa badago, eskubidez dagokion gehieneko kopurua ordainduko du, eta nahikoa ez badago, hainbanaketa eginen du behar den epean eta moduan aurkeztu diren eta laguntzak jasotzeko eskubidea duten eskabide guztien artean.

Ordenantza honen 6. artikuluan ezarritako gehieneko laguntzak urtero eguneratzen ahalko dira osoko bilkuran.

11. artikulua. Interpretazioa.

Baldintza hauetan ezarri ez den gainerakoan, bai eta haien interpretazioan sor daitezkeen zalantzei dagokienez ere, Artzibarko Udalak xedatutakoari jarraituko zaio.

Xedapen iragankorra.–Ordenantza hori 2018-2019 ikasturtean eta ondokoetan aplikatuko da.

I. ERANSKINA

Ikasketetarako laguntzetarako eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Adierazpena, ikastetxera egunero egiten den joan-etorriarena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2007938