180. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko abuztuaren 1ean hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela honako proiektu honetako lanek ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea, nahitaez desjabetzeko: “N-121-A Iruñea-Behobia errepidea 2+1 motako bide bihurtzea, 5+550 KParen (Ezkabako tuneletako biribilgunea) eta 10+500 KParen (Olabeko zeharbidea) artean”.

Lurralde Kohesiorako kontseilariaren ekainaren 1eko 26/2020 Foru Aginduaren bidez (2020ko 131. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 16koa), proiektu hau jendaurrean jarri zen: “N-121-A Iruñea-Behobia errepidea 2+1 motako bide bihurtzea, 5+550 KParen (Ezkabako tuneletako biribilgunea) eta 10+500 KParen (Olabeko zeharbidea) artean”.

Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak adierazi du ezen N-121-A errepide arrunta dela eta interes orokorreko errepide gisa dagoela sartuta Nafarroako Errepideen Katalogoan. Haren funtzionamendua eta bide segurtasuna hobetzeko asmoz, erabaki da 2+1 motako errepide bihurtzea. Planteaturiko diseinuan, ez da aukerarik egonen kontrako noranzko erreia erabiliz aurreratzeko, eta bidegurutzeetan baizik ezin izanen da ezkerretara biratu. Hortaz, egokiena da obrak lehenbailehen hastea eta, beraz, behar diren lurrak eskuratzeko tramiteak azkartzearren, beharrezkoa da presako deklaratzea ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa; hori guztia, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren babesean.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presako deklaratzea honako proiektu honetako lanek ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea, nahitaez desjabetzeko: “N-121-A Iruñea-Behobia errepidea 2+1 motako bide bihurtzea, 5+550 KParen (Ezkabako tuneletako biribilgunea) eta 10+500 KParen (Olabeko zeharbidea) artean”.

2. 406.083,48 euroko gastua kalkulatu da ukitutako ondasun eta eskubideak eskuratzeko, eta ordainduko da 2020ko gastu aurrekontuko “N-121-A errepidea 2+1 motako bide bihurtzeko jarduketak” izeneko 220002 22100 6010 453211 partidaren kargura.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik beretik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Erabaki hau igortzea Azterlan eta Proiektuen Zerbitzura, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta departamentu horretako Kontu-hartzailetza delegatura.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 1ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2008635