180. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko uztailaren 15ean hartua, zeinaren bidez aldatzen baitira Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako fundazioaren eraketa akta, fundazio erabaki zenbait eta estatutuak, zeinak onetsi baitziren Nafarroako Gobernuak 2019ko urtarrilaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez (erabaki horren bidez eratu zen fundazioa, eta haren estatutuak onetsi ziren).

Nafarroako Gobernuak 2019ko urtarrilaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez, onetsi ziren “Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako fundazioa” izeneko fundazio publikoaren eraketa eta hura arautzen duten estatutuak.

2019ko martxoaren 21ean, notario aurrean eratu zen “Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako fundazioa”.

Nafarroako Gobernuak 2019ko apirilaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, onetsi zen “Gizain Fundazioa” izatea fundazio horren euskarazko izena, eta haren estatutuak aldatu ziren.

Nafarroako Gobernuak 2019ko abenduaren 11n harturiko Erabakiaren bidez, aitortzen da ezen “Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako fundazioa-Gizain Fundazioa” entitate instrumentala dela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat.

Fundazioaren patronatuak, 2020ko ekainaren 26an egin bilkuran, onetsi zuen aldaketak egitea eraketa aktan eta fundazio erabakietan, hasierako zuzkidura handitzeko xedez. Halaber, bilkura horretan, patronatuak erabaki zuen estatutuetan zenbait aldaketa egitea, honako hauei dagokienez: fundazioaren helbidea, zuzendari kudeatzailearen kudeaketa- eta ordezkaritza-eginkizunak, errenten eta diru-sarreren erabilera eta kontuak aurkezteko prozedura.

Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Aldatzea fundazioaren eraketa aktaren edukia, honela:

Bigarren klausula aldatzen da (“Fundazioaren zuzkidura”), eta testu hau izanen du:

“Tresna honen bidez eratzen den fundazioak berrehun eta hamar mila euroko (210.000 euro) zuzkidura jaso du Nafarroako Gobernutik. Zenbateko hori eman zaio fundazioaren patronatuak 2020ko ekainaren 26an hartutako Erabakiaren bidez, hartan erabaki baita fundazio-zuzkidura handitzea, estatutuen 36.1 artikuluan ezarritakoarekin bat.

2. Fundazio erabakiak aldatzea, honela:

“Fundazio erabakien” A apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“A.–Bertaratuek egintza honen bidez erabakitzen dute fundazioaren lehenbiziko patronatua eratzea, aho batez onartzen dute hala egin dela, ondorio guztietarako; eta erabaki hauek hartu dituzte aho batez:

Bertaratuek onartzen dute fundazioaren patronatuko kide izendatuak izatea, estatutuen 14. artikuluan ezarritakoarekin bat, hitzematen dute ongi eta fideltasunez beteko dutela beren eginkizuna, eta deklaratzen dute ez dutela inolako bateraezintasun legalik.”

“Fundazio erabakien” B apartatuaren lehenbiziko epigrafea aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“Izendatuek egintza hau jotzen dute fundazioaren lehenbiziko patronatuaren bilkura berezitzat, aho batez onartzen dute hala egin dela, ondorio guztietarako, eta erabaki hauek hartzen dituzte, aho batez:

Estatutuen 30. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, erabakitzen dute Pedro Ardaiz Labairu jauna izendatzea fundazioko zuzendari kudeatzaile, eta hark kargua onartzen du eta konpromisoa hartzen du hura ongi eta fideltasunez betetzeko; halaber, adierazten du ez duela inolako bateraezintasun legalik.”

3. Fundazioaren estatutuak aldatzea, honela:

4. artikuluko lehen paragrafoa aldatzen da (“Helbidea”), eta testu hau izanen du:

“Fundazioaren egoitza Errotazar kalean dago, 9 zenbakian (behea), Iruñeko udal mugartean. PK: 31014.”

Aldatzen da 19. artikuluko bat a) apartatua (“Patronatuko buruaren eginkizunak”), eta testu hau izanen du:

“1.–Hona hemen patronatuko buruari dagozkion eginkizunak:

Fundazioaren ordezkari izatea epaiketetan eta horietatik kanpo, patronatuak ordezkaritza beste kide bati esleitu ez badio, eta, orobat, fundazioko zuzendari kudeatzailearen ordezkari izatea”

Aldatzen da 30. artikuluko 4.j apartatua (“Fundazioko zuzendari kudeatzailearen izendapena eta eskumenak”), eta testu hau izanen du:

“j) Kudeaketari eta ordezkaritzari dagokienez patronatuak esleitzen dizkion eginkizunak, botere orokorrak edo bereziak emanda.”

Aldatzen da 36. artikuluko bat apartatua (“Errenten eta diru-sarreren erabilera”), eta testu hau izanen du:

“1.–Ondare zuzkidura gisa egindako ekarpenak alde batera utzita, fundazioak eskuratzen duen kontabilitate emaitzaren % 70, gutxienez, fundazioaren xedeak lortzeari lotuta egonen da. Gainerakoak fundazioaren zuzkidura edo erreserbak handituko ditu, administrazio gastuen kenkaria egin ondoan.”

Aldatzen da 39. artikuluko seigarren apartatua (“Aurrekontuak egitea, kontuak ematea, eta jardueren memoria soziala”), eta testu hau izanen du:

“6.–Urteko kontuak sei hilabeteko epean aurkeztuko dira, ekitaldia bukatzen denetik hasita, Nafarroako Foru Ogasunean eta Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan, patronatuak horiek onetsi eta hurrengo hamar egun baliodunetan. Horiekin batera aurkeztuko dira auditoretza txostena eta aurrekontuaren likidazioa, salbu eta egoeraren balantzea eta emaitzen kontua; izan ere, azken horiek aurkeztuko dira sozietateen gaineko zergaren aitorpenean. Aurkeztutako agirietan dagoen informaziorako sarbidea lotuko zaio arlo hori erregulatzen duen araudiari.”

4. Ahalmena ematea Eskubide Sozialetako kontseilari Carmen Maeztu Villafranca andreari, eskritura publikoan jaso ditzan estatutuetan, eraketa aktan eta fundazio erabakietan egindako aldaketak eta beharrezkoak diren izapide guztiak.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behin aldaketak eskritura publikoan jaso ondoren.

Iruñean, 2020ko uztailaren 15ean.–Bigarren lehendakariordea, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2008659